Urteak dira Euskadiko herritarrek gizarte askotariko eta abegikorra osatzen dutela, non pertsona guztiok dugun tokia eta zer emana

14 iraila, 2016

Oroimenak gogorarazten digu 90eko hamarkadan pertsona ugarik ireki zizkietela euren etxeetako ateak Balkanetako gerratik ihesi zetozen errefuxiatuei, haien bizitzak salbatzeko asmoz. Gaur egun, II. Mundu Gerraz gero lotsazko Europaren ateetara errefuxiatu gehien datozen krisialdi garaian, ikus dezakegu nola ugariak diren kalera ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK oihukatzera ateratzen diren pertsonak. Egunero-egunero bizikidetza eraikitzeko hamaika ekimen egiten dira, nola hemen, hala mugetan (agian, hain ikusgarriak ez direnak).

Era berean, ikus dezakegu nola beste eragile politiko batzuk euskal gizartearen gehiengoaren jarrerarekin bat ez datorren mezu bat zabaltzen ari diren euren diskurtso, ekimen eta kanpainetan. Intolerantziaren eta beldurraren mezua da. Eta adi egon behar dugu, lanbroa bezalaxe pixkana-pixkana bustitzen eta guztion arteko bizikidetza arriskuan jartzen ari baita. Elkarrekin Podemosen geldiarazi egin nahi dugu lanbro hori. Pertsona guztiei zuzendutako politika inklusiboen bidez aterki sendo bat eman nahi diegu herritarrei, elkartasunik ezaren aurka borrokatu ahal izateko.

Aniztasuna aberastasun gisa kudeatzea funtsezko erronka da gu guztiontzat, eta ildo horretatik, Elkarrekin Podemosetik hainbat ekimen aurkeztuko ditugu, euskal herritar guztiek, hemen bizi diren herritar guztiek, oinarrizko eskubideak izan ditzaten. Pertsona horiek ere inklusibo deitzen diogun gizarte honen parte baitira, eta horrenbestez, ezinezkoa zaigu eurek gabe ezer eraikitzea.


Tinixara Guanche

Bizkaiko hautagaia