Txirotasunak eta bazterketak ere generoa dute

17 iraila, 2016

Espainiako estatuan bezalaxe, Euskadin milaka pertsona bizi dira gizarte bazterketa egoeran; sistema kroniko bat da. Beste autonomia erkidegoekin alderatuta, hobeto gaudela ohartzearekin etsitzea konformismoaren tranpan erortzea da. Goazen lan tinko egitera txirotasuna eta gizarte bazterketa desagertu arte; ezta pertsona bat ere egoera honetan.

Eusko Jaurlaritzako “kudeatzaile trebeak” oporretan pasa omen dira legealdi osoa; zortzi urte igaro dira Gizarte Zerbitzuei buruzko, abenduaren 5eko, 12/2008 Legea abian jartzeko. Horrek ondorio kaotikoak ekarri ditu bai kudeaketan, baita gizarte zerbitzuetan lan egiten duten eragileentzat ere, baina bereziki gogorra izan da beharrean daudenentzat. Gure apustuak ikuspegi integrala du: komunitatearen garapenerako eta gizarte inklusiborako estrategia eraginkorrak ezarri behar ditugu eta, nola ez, genero ikuspegia kontuan hartu behar dugu.

Izan ere, arlo honetan ere emakumea da ahulena eta, beraz, gizarte bazterketarako arrisku bereziki altua dugu. Datu soil bat: pobrezia arriskuan dauden pertsonen artean, %80 baino gehiago emakumezkoak dira. Txirotasunak emakumearen aurpegia du eta hori oso kezkagarria da. Emakumezkook bazterketarako faktore erabakigarriak pairatzen ditugu: enplegua (eskuratze garaian eta bere kalitatea), soldata baxuagoak, etxebizitza, hezkuntza, osasuna, senideen zaintzaren erantzukizuna, familiako arduretan banaketa ezberdina… eta, tamalez, horrek guztiak hiltzen gaituen bortizkeri matxista sufritzeko arriskua areagotzen du. Horregatik guztiagatik, gizarte bazterketa murrizteko politikak diseinatzeko garaian, generoaren ikuspegia nahitaezkoa da. Hasieratik, ezberdintasunerako faktore horiek kontuan hartzen ez badira, hartuko diren neurriak ez dira eraginkorrak izango emakumezkoarentzat.

Eukene Arana
Bizkaiko hautagaia