medidas encontradas

Jaitsierak

Open Data

.csv

GIZARTE ESKUBIDEAK

Euskadiko gizarteren errealitatea Estatuko gainerakoaren bestelakoa da, zalantzarik gabe. Premisa horretatik abiatuta, autokonplazentzia ez da izango Elkarrekin Podemosen jarrera. INEren azken inkestaren arabera, bizi baldintzekin loturiko indizeek okerrera egin dute 2008tik. Krisia hasi zenetik, pobrezia arriskuan diren euskal biztanleen kopuruak gora egin du 8 puntu, 2015. urtean % 17,5era iritsita. Estatuko ehunekoarekiko 11 puntu beherago dago arrisku hori, bai, baina kezkagarria izaten jarraitzen du, eta gure betebeharra da hori murriztea. Bestalde, pobrezia latzaren indizea % 4tik gorakoa da eta krisiaren hasierakoaren bikoitza. Ordu gutxiko enplegua hirukoiztu egin da krisia hasi zenetik, eta 2015ean % 14,3 izatera iritsi zen. Bestalde, Euskadiko familien % 10ek dio “zailtasun handiak” dituztela hilabete amaierara iristeko. Hala, argi dago ongizateak nabarmen egin duela behera EAJrekin, eta, are gehiago, arriskuan diren pertsonen % 17,5 horren egoerari aurre egin behar diogu nahitaez, pobrezia jasaten ari diren pertsonek eginiko eta horiei guztiei zuzendutako politikekin.

1

Gizarteratzeko eskubidea

Gizarte politiken arloko Eusko Jaurlaritzaren eskumen nagusia, bakarra ez bada ere, legeak egitea dela jakinda, garrantzitsutzat jotzen dugu zer testuingurutan gabiltzan deskribatzea, horren gainean egingo baititugu gure proposamenak. Euskal Autonomia Erkideagoko (EAE) gizarte zerbitzuen euskal sistemaren gainean abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, agintzen du. Legearen abiapuntua da gizarte eskubidetarako sarbidea autonomia erkidegoko herritar guztien eskubide subjektiboa dela, eta hortaz, “Ongizate Estatuaren egiazko zutabe izango litzateke, herritar guztientzako erantzukizun publikoko sistema gisa eratuta”. Baina errealitatea da, praktikan, ez dela zutabe hori. Abiapuntu horren gainean, 2008an onarturiko legeak ez du arauzko garapenik izan 2015era arte, alegia, 7 urte geroagora arte. Hori horrela izanik, 2016. urtea aldaketaz josita egon da EAEko gizarte zerbitzuen panoramari dagokionez; izan ere, haien funtzionamendua eta egitura errotik aldatuko da, eta horregatik da zaila proposamen global bat egitea oraindik proposamen bat besterik ez den sistema bat hobetzeko. Adierazitako araudiaren barruan, sistemak lehen mailako gizarte zerbitzuen sail edo katalogo bat du (biztanleria guztiarentzako sarbide unibertsala), eta bigarren mailakoen beste bat (arazoaren eta/edo bete beharreko eskabideen araberakoa). Bigarren mailako zerbitzuetarako sarbidea izateko, aldez aurretik, pertsonaren gizarte bazterkeria mailaren eta/edo mendetasun mailaren balorazio bat egin behar da (eskaeraren arabera). Amaierako helburua, indarreko legediaren esparruan, gizarte bazterkeria zein mendetasuna baloratzeko kontzeptu komun batean oinarritzea da. Neurri horien aplikazioa, praktikan, desorekak eragiten ari da lurraldeetan, eta kaosa gizarte zerbitzuen kudeaketan, aurreikuspenean eta horniduran bertan parte hartzen duten eragile guztientzat eta, bereziki, sistemaren onuradunentzat. Sistemaren zerbitzuak eta baliabideak izaera tekniko, teknologiko eta ekonomikoko prestazioetan banatzen dira. Gizarte zerbitzuetako edozein eskuratzeko, oinarrizko Udaleko Gizarte Zerbitzuen bitartez eskatu behar da. Dena dela, badira zuzeneko sarbidea duten zerbait zerbitzu larrialdi egoeretarako; horiek ere zehaztuta daude araudian (indarkeria matxistako kasuak, gizarte larrialdiak, eta abar), baita salbuespenak ere, zuzenean bigarren mailako zerbitzuetatik eginiko sarbideetarako. Prestazio ekonomikoak pertsonen autonomia lortzera zuzenduriko sistemaren elementuak dira, eta teknikoen eta teknologikoen osagarri (ez ordezko). Hainbat mota daude, baina sinplifikatu egingo ditugu, honako puntu hauen bidez: Gizarte laguntza informala eskaintzen duten pertsonei laguntzera eta konpentsatzera zuzenduriko prestazio ekonomikoak. Prestazio indibidualak dira, prestazio teknologikoak erosteko laguntza teknikoetarako sarbidea errazteko, baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako sarbide eza estaltzera zuzenduriko zerbitzu pertsonaletarako sarbidea ere. Herritarren gizarteratzea eta/edo autonomia erraztera zuzenduriko prestazio ekonomikoak. Aurrekontua egotearen araberako prestazioak: gizarte larrialdiko laguntzak, hau da, prestazio puntual eta finalistak, kontzeptu jakin batzuk estaltzeko. Udal kudeaketako prestazioak dira eta, urtero, aurrekontua agortu egiten da udalerri gehienetan, estali beharreko premia guztiak estaltzea lortu gabe. Eskubide subjektiboko prestazioak: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) izaera periodikoko prestazio ekonomikoa da, eta, esan bezala, eskubide subjektibokoa. Oinarrizko premiekin loturiko gastuei, zein laneratzeko edo gizarteratzeko prozesuetatik eratorritako gastuei aurre egiteko behar adina diru-sarrera ez duten bizikidetza-unitate batean integraturiko pertsonei dago zuzenduta. Prestazio hori inolako diru sarrerarik ez duten pertsonentzat izan daiteke, edo osagarritzat jo daiteke, lanetik edo bestelako prestazio edo laguntzetatik minimo batzuetara iristeko adina lortzen ez duten langile prekarioentzat. Bestalde, EAEko etxebizitzako politika sozialei dagokienez, beste aldaketa une batean gaude; izan ere, duela gutxi onartu zen ekainaren 18ko 3/2015 Legea, etxebizitzari buruzkoa. Adierazitako legeak eskubide subjektibo bilakatu nahi du etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea EAEn bizi diren pertsonentzat. Legeak pertsonen premietara egokituriko etxebizitza baterako sarbidea bermatu nahi du, edo ordezko prestazio ekonomiko bat eskaini, etxebizitzaren prestazioa ezinezkoa den kasuetan. Gaur egun zalantzan dago legeak eskaintzen duen egiazko babes maila; izan ere, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria kendu die, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berrirako sarbiderik eman gabe, egun hori kobratzen duten pertsonei. Etxebizitzarekin loturiko auzietarako aukerak Programako atal espezifikoan jorratuko dira. Aurrekoaz gain, guretzat funtsezkoa da Familiei laguntzeko 2008ko 13/12 Legeari ekarpenak egitea. Lege horren helburua familia politika integral bat lantzeko esparrua eta oinarriak ezartzea zen, baina eskaini zaizkion baliabide ekonomiko urriak direla eta, asmoen adierazpen huts bat besterik ez da izan. Gizarte babeseko gure sistemak pertsonak babestu behar ditu, eta aniztasuna aberastasun gisa jo. Horrekin lotuta, garrantzitsua da ikuspegi zabal bat izatea, inklusiboa, ez dadin inor bazterrean geratu. Arlo horretan, oinarri-oinarrizkoa da pobrezia, genero indarkeria eta familia barruko indarkeria prebenitzea, eta berdintasuna sustatzea. Ez dugu apusturik egingo haurren pobrezia ezabatzeko, pobrezia energetikoa errotik kentzeko edo elikatzeko edo espezieak banatzeko programak indartzeko; izan ere, guretzat, “abizen” horiek aditzera ematen dute pobrezia partzelatuta dagoela eta, hortaz, hari zatika egin dakiokeela aurre, osotasunari erreparatu gabe. Bestalde, gure ustez Euskadin ez da tarteko urratsik eman behar, gure egoera sozialari, ekonomikoari eta legezkoari esker urratsak emateko eta pertsonen duintasunaren alde borrokatzeko eta pobrezia ezabatzeko moduan baikaude. Irmotasunez sinesten dugu egingarria eta bideragarria dela banaketa orekatuago eta bidezkoago bat eginez gero. Aurreko guztiarekin, Elkarrekin Podemos alderdian apustu argia egiten dugu pertsonak erdigune izango dituzten politiken eta arreta zerbitzuen alde, begirada bereziki zuhurra jarrita herritarren diru-sarreren eta ongizatearen bermean, pertsona guztien aukera berdintasunean, eta lana eta zaintzak bateratzeko neurriak erraztuko dituen sistema batean. Gizarteratzeko eskubidearen inguruko lana oinarri hartuta, bereizitako bi ekintza arlotara zuzenduriko neurri sorta bat proposatu nahi dugu, betiere gure gainerako proposamenen ildotik.

2

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema

Ezinbestekotzat jotzen dugu maila instituzional ezberdinen (udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritza) eta gizarte zibilaren artean hausnarketa prozesu parte hartzaile bat egitea, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema behin betiko garatu eta abian jartzeko, herritarren eskubide subjektibo eta berme den aldetik. Prozesu hori gauzatzen den bitartean, erakundeetako eta gizarteko eragile guztien begiradapean, pertsonak bazterrean utziko ez dituen Gizarte Zerbitzuen Lege bat garatzeko, Elkarrekin Podemosetik honako neurri hauek har daitezen proposatzen dugu: Dauden zerbitzuei eusteko konpromisoa Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema garatzeko eta abiarazteko zerbitzu berriek behar adinako bermea eta estaldura ematen dutela egiaztatu bitartean. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren finantzazioa handitzeko konpromisoa, beharrezko erreformek aurrera egiteko oinarrizkotzat jotzen baitugu. Finantzazioaren handitze horrek zuzeneko lotura izango du Elkarrekin Podemosek planteaturiko erreforma ekonomikoekin eta, nolanahi ere, proposamen horrek aldez aurreko urrats bat du: aurreko zerbitzuak ebaluatzea eta eskura dauden baliabideak optimizatzea behar bezalako funtzionamendua bermatzeko. Sarreran azaldutako testuinguruari erreparatuta, autonomia erkidegoko gizarte zerbitzuen funtzionamenduari buruz informazio kanpaina bat egitea proposatzen dugu, pertsonek beren eskubideei buruz dituzten ezagutzak zabaltzeko. Konpromisoa hartzen dugu erreferentzia gisa hartzeko gizarte zerbitzuen euskal legediaren zioen azalpenean jasotakoa, eta prebentzioa maxima gisa hartzeko, gizarte zerbitzuen eskumen maila guztietako esku-hartze eta arretarekin lotuta garatu beharreko neurrietan. Gure ustez zailtasunak agertzen direnean lagundu behar zaie pertsonei, ez beste aukerarik ez dagoenean. Horrekin lotuta, gure apustua gizarte arazoak behatu eta diagnostikatu ditzaketen zerbitzuen garrantzia indartzea izango da, eta beharrezko baliabideak ematea euskal administrazioei gizarte egoera jakin batzuei errepara diezaieten, egoera horiek esku hartu beharreko arazo izan aurretik. Euskadiko biztanle guztien eskubide eta aukera berdintasuna bermatuko dugu gizarte zerbitzuak eskuratzeari dagokionez. Eskumenen egiazko garapena proposatzen dugu, baita funtzionamendu homogeneoa ere hiru lurraldeetan, herritarrek ahalik eta berme handienekin balia ditzaten beren eskubideak. Hala, gure ustez, gizarte zerbitzuen mapa lantzeko aintzat hartu behar dira hiru lurraldeetako gizarte zerbitzu guztiak, eta zerbitzurik ez dagoen lekuetan haiek sortzearen aldeko apustua egin behar da. Hala, administrazioek konpromiso sendoa hartu behar dute dauden zerbitzuak ez kentzeko, pertsonei egiazko beste aukera egokiak eskaini arte, betiere haiekin adostuta. Era berean, udalei eta foru aldundiei laguntza teknikoa emango zaie eta beharrezko finantzaziorako sarbidea erraztu. Bermatu egingo da, beti, bidezko eta ingurumenarekiko eta herrien premiekiko errespetuzkoak izango diren gizarte zerbitzuen egitura bat. Gizarte Zerbitzuen Berrikuntzarako eta Ikerketarako Erakundea sortuko dugu, eta haren helburua gizarte zerbitzuen arloko politika publikoak ebaluatzea eta berrikuntzaren eta hobekuntzaren arloko proposamenak egitea izango da. Unibertsitatearekiko, hirugarren sektorearekiko eta gizarte mugimenduekiko lankidetza estuan jardungo du. Euskadiko gizarte zerbitzuen zerbitzu eta prestazio katalogoa berrikusiko dela bermatuko dugu, eta berrikuspen hori minimoen zerrenda bat egitera bideratuko dugu, betiere bermatuta ez dela atzerapausorik izango egun ematen ari diren baliabideekiko, eta are haiek zabalduta, bidean ez dadin inolako zerbitzutan plaza murrizketarik egon. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako sarbidea izateko legezko bizileku baimena edukitzeko baldintza kentzea sistema horren edozer legeriatik. EAEn bizi diren pertsonek, gure ustez, EAEko zerbitzuak eta baliabideak eskuratzeko aukera izan behar dute, haien egoera juridiko administratiboa edozein dela ere. Gure proposamena da lehen eta bigarren mailako arreta zerbitzuak eskuratu ahal izateko baldintza EAEn bizitzen gutxienez 3 hilabete ematea izan dadila. Udalerrian 3 hilabetetik behera daramatzaten pertsonek larrialdi zerbitzuetara jo beharko dute nahitaez (antzinatasunari edo erroldari erreparatu gabe), betiere haien egoerak hala eskatzen badu, edo bestela informazio, balorazio, orientazio eta diagnostiko zerbitzuetara, bertan zenbat denbora daramaten, non erroldatuta dauden edo lurraldearen barruan non bizi diren gorabehera. Herritarren ongizatea bermatzen duela dioen gizarte zerbitzuen sistema batek ezin die ezikusiarena egin giza eskubideei, eta bere gain hartu behar ditu bere lurraldean sortzen diren arazo guztiak, lehen eta bigarren mailako biztanleak egon daitezen eragin gabe. Gure proposamena da lehen mailako arretako gizarte zerbitzuen eskura (Udaleko Gizarte Zerbitzuak) langile kualifikatu gehiago jar daitezela, gizarte zerbitzuen legeak udal mailan ematen dituen eskumen berriak garatu ahal izateko, hala gainezka egin dezaten ekidin eta arreta egokia bermatzeko. Gure proposamena da Eusko Jaurlaritzak behar bezala gara dezala legedia, eta pertsonen eskubide subjektiboak baliatzea ahalbidetzeko behar adinako langile kopurua egon dadin sustatu eta berma dezala. Proposatzen dugu, halaber, Gizarte Zerbitzuen Berrikuntzarako eta Ikerketarako Erakundearen funtzioetako bat langileentzako prestakuntza espezializatua eta birziklatze profesionala ematea izan dadila. Herritarrek Eusko Jaurlaritzaren aurrean apelazioak egiteko organo baten presazko sorrera sustatuko dugu, haren bitartez erreklamazioak egin, informazioa eskatu eta kontsultak egin daitezen EAEko gizarte zerbitzuetarako sarbideari eta kudeaketari buruz. Organo horrekiko harremana Zuzenean zerbitzuaren bidez izango da, eta bertan pertsonak erdigunean jarriko dituen eta herritarrek eskubide subjektiboak behar bezala baliatzen dituztela bermatuko duen behar adina langile espezifiko eta kualifikatu egongo dira. Erakundeen eta gizarte zibilaren arteko parte hartze eta elkarrizketa organoak sortuko ditugu, elkarrizketa zibileko mahaietatik harago joango direnak; izan ere informazio organoak besterik ez dira horiek gaur egun. Gizarte zerbitzuak arautzeko legediaren funtzionamendua eta jarduna baloratzeko espazioak sortuko ditugu, baita zerbitzuen funtzionamendua eta Eusko Jaurlaritzako sail eskuduna gainbegiratzeko ere, zerbitzu berriak proposatu eta sortzeko gaitasuna izango duena, edo herritarrei behar adina berme eskaintzeko moduan funtzionatzen ari ez direnak aldatzekoa. Era berean, gerta liteke parte hartze organo horiek Gizarte Zerbitzuen zorroarekin eta maparekin loturiko proposamenak egitea, eta haien ebaluazioan eta aldaketan parte hartzea, beharrezko izanez gero. Sistemaren pertsona onuradunaren, udaleko gizarte zerbitzuen eta zerbitzu espezializatuen artean adosturiko sistema bat sortzea proposatzen dugu, kasuaren koordinatzailearen figura onuradunek aukeraturiko eta onarturiko pertsona bat izan dadin, bakoitzaren ibilbidearen eta errealitatearen arabera, eta, hortaz, ez dadin erakundeak inposaturiko figura bat izan. Beti izango da administrazioko funtzionarioen artean hautatzeko aukera, ulertzen baitugu kasuaren koordinazioak zerbitzu publiko baten babesa izan behar duela. Informazio, balorazio, orientazio eta diagnostiko zerbitzuen sorrera bermatuko dugu, baita gizarte larrialdiei aurre egitekoena ere, mapan esleitzen den lurraldearen araberako banaketan, 24 orduko arretarekin eta langile kualifikatuekin, baita beharrezko baliabideekin eta gizarte larrialdien konponbideari aurre egiteko behar adinako eskumenekin ere, pertsonei konponbide integralak eskainita. Artatu beharreko gizarte larrialdiko egoeren artean, arreta berezia jarriko zaie premia larrikoei: etxegabetzeak, indarkeria matxista, eta abar. Gizarte bazterkeria baloratzeko egungo tresna berrikustea, baita hiru lurralde historikoetan balorazioa egiteko modua ere, betiere bermatuta pertsonen premiei erantzuten zaiela eta tresna hori sortzeko unean aintzat hartu ez ziren gizarte eragileen gomendioak jasota, berrikusita eta txertatzea baloratuta. Puntu hau abian jartzeak berekin ekarriko luke, adibidez, gizarte bazterkeriako egoeraren balorazioa egiteko aukera izateko erroldan gutxienez urtebeteko antzinatasuna eta legezko bizileku baimen eraginkorra izateari buruz Bizkaian dagoen baldintza ezabatzea (18/2008 legearen mende dagoena). Gure ustez ez du inolako izateko arrazoirik etxerik gabeko egoeran den pertsona batek, eta hortaz, erroldan sartu gabeko pertsona batek, erroldan sartuta egon arte itxaron behar izatea bere egoeraren balorazioa egiteko aukera izateko, non eta begi bistakoa denean gizarte bazterkeria egoeran dela. Era berean, bazterkeria egoeraren balorazioa berrikusteko sistema bat proposatzen dugu, kanpoko berrikusketa independentean oinarriturikoa, baldin eta pertsonak ez badaude ados eginiko balorazioaren emaitzarekin. Gizarte zerbitzu publikoetako giza baliabideak eta baliabide materialak egiazko eskaerari egokitzea. Gizarte zerbitzuak kanpora ateratzearekin, haien murrizketarekin eta ezkutuko pribatizazioarekin pixkanaka eta etenik gabe amaitzeko, administrazio publikoek urtean behin jakinaraziko dute zer gizarte zerbitzu hartu dituzten beren gain erakunde pribatuek. Administrazio publikoak ez daudenean gizarte zerbitzuak emateko moduan, haien kalitateari eta eskuragarritasunari eutsita, orduan bakarrik planteatuko dugu kanpora ateratzea. Kasu horietan, lehentasuna emango zaio lankidetzako ekonomiako, ekonomia sozialeko eta guztien onerako ekonomiako erakundeekin adosteari eta hitzarmenak egiteari. Ildo horretatik, apustu egiten dugu berariazko araudi bat sortzearen alde, administrazioak beste enpresa batzuekin hitzarmen, itun edo azpikontratazio bidez bideraturiko zerbitzuetako arazoak administrazio publikoen inplikazioarekin, beharrezko baliabideekin eta konpromisoarekin konpon daitezen; bereziki, arazo horiek zerbitzuak ematen dituzten langileei eragiten dietenean. Araudi horretan, nolanahi ere, eskaintza ekonomikoak ez du inoiz amaierako puntuazioaren % 40 gaindituko. Hitzartu, itundu eta azpikontrataturiko zerbitzuak kontrolatzeko, ebaluatzeko eta jarraipena egiteko legedian aurreikusitako organoak indartzea, lehentasuna eman dakion gizarte zerbitzuak ematen dituzten enpresetan irabazi asmorik ez egoteari. Gizarte klausulen eta kontratazio publikoaren aldeko apustua, gizarte balioa sortzeko tresnak diren aldetik. Gizarte klausulak egiaz bete daitezen bultzatuko dugu lehiaketa publikoetan sartzeko; hala nola, enplegua sortzeko konpromisoa, tokiko garapena, kohesio soziala eta gizarte erantzukizun korporatiboa. Enpresa horietako asko kontratazio publikoko sisteman sar daitezen oztopatzen duten eragozpen eta diskriminazio egoerak ezabatuko ditugu, eta kontratazio publikoari buruzko araudiaren pean ez dauden, baina Europako zuzentarauetan jasota dauden, baimen edo lizentzia sistemak bultzatuko ditugu gizarte zerbitzu publikoen edo irabazi asmorik gabeko erakundeen kargurakoen kudeaketa egin dezaten. Era berean, mugatu egingo ditugu beren kargura dituzten langileei indarreko hitzarmen kolektiboak aplikatzen ez dizkieten enpresekiko kontratuak, itunak eta haientzako diru-laguntzak. Baliabideak jarriko ditugu zerbitzu publiko edo administrazio publikoak itundutako zerbitzu guztiak gainbegiratu, kontrolatu eta ebalua daitezen, xede horretarako sorturiko erakunde publiko baten aldetik. Organoak sortuko ditugu kasuen inter edo intra sistema koordinazioa egokia eta eraginkorra izango dela bermatzeko, baita arreta integrala eta pertsonengan zentratua ere bermatzeko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren aldetik. Hala, erakunde arteko koordinazio organoak sortuko dira eta beste sistema batzuekiko aurreikusitako koordinazio mekanismoak indartuko dira; esaterako, hezkuntzarekin eta osasunarekin. Gainera, gizarte eragileen presentzia izango da adierazitakoek eskatzen dutenean eta, betiere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren onuradunei eragiten dieten erreforma sakon bat egin nahi denean. Sistema horiek zaindu behar dute administrazio publikoaren eta arreta sistema publikoen arteko informazio trukea egokia eta eraginkorra dela, ibilbideetan parte hartzen duten eragileei, protagonistari berari edo haren senideei –baldin eta ezin badute modu autonomoan egin– eta gaian espezialistak diren beste gizarte eragileei dagokienez. Organo horiek sortzearen helburua sistema desberdinen onuradun askok jasan behar izaten duten bumeran eragina saihestea da. Gizarte zerbitzu guztien koordainketa ezabatzea. Arartekoaren gomendioak Eusko Jaurlaritzak nahitaez bete beharreko jarraibide izatera igarotzea lortzeko beharrezko diren lege erreformak abiaraztea, eta gainerako erakundeentzat ere nahitaez betetzeko neurri izatera iristeko behar diren neurri teknikoak bultzatzea eta babestea, herritarrak, haien arazoak eta eskubideak erdigunean jarrita, eta erakundeak herritarren zerbitzura direla bermatuta.

3

Gizarteratzeko politikak

Egungo Euskadiko gobernuak erabiltzen duen familia kontzeptua birplanteatzea familia eredu berrien errealitatea txertatuta, eta beharrezko guztia egitea dagokion neurri guztiek pertsona horiek ere barnean har ditzaten, haien eskura izan daitezen eta haiei egoki dakizkien lortzeko, pertsonen intimitatea eta duintasuna errespetatuta. Haurren eta Nerabeen Behatokiaren lana bultzatzea. Aurrera egin nahi dugu diagnostiko oso eta zehatz bat landu ahal izateko Euskadiko haurren eta nerabeen egoerari buruz, hala politika eta neurri egokiak artikulatu ahal izateko. Diagnostiko horretan, ezinbestekotzat jotzen dugu banakaturiko jarraipen estatistikoko adierazleak txertatzea kolektibo ikusezinenak ikusgarri egiten laguntzeko, eta Haurren eta Nerabeen Behatokiari bultzada handiagoa ematea, haren eskumenak areagotuta eta zerbitzu berriak ezarrita (umeen nutrizioari buruzko azterketa espezifikoak, ikastetxeetan haurtzaroko eta nerabezaroko elikadura ereduen segimendua eta ebaluazioa). Apustu egiten dugu erkidego mailan haurrei eragiten dieten arazo nagusiekin loturiko estatistikak eta txostenak egitearen alde, hala Euskadiko haurren egiazko egoera sakon ezagutzeko. Horretaz gain, sustatzen diren legezko neurri guztiei dagokienez haiek neskato eta mutikoen bizitzan duten eraginari buruzko txostenak egitea, ingurumen eragina eta genero eragina aztertzen den modu berean. Organo hori bera arduratuko da pobreziaren segimendua egiteko eta hark haurrengan duen eragina neurtzeko zein desorekaren dimentsio anitzei buruzko adierazle zehatzak ezartzeaz. Haurren arazoen prebentzioan eta haien ongizatearen sustapenean zentraturiko politikak ezartzea, pobreziaren belaunaldi arteko transmisioa eteteko helburuz. Haurrak babesteko gizarte eredua berrikustea. Beren kargura dituzten haurrengatik familiei ematen zaien prestazio ekonomikoa berrikustea. Arauzko xedapen guztietan haurren gaineko inpaktuari buruzko txosten bat egiteko betebeharra txertatzea, izaera loteslearekin (adingabearen babes juridikoari buruzko legeak ezartzen duenari jarraiki), genero eraginaren txostenaren antzera. Haurrekin eta nerabeekin loturiko politiketara bideraturiko baliabide ekonomikoei eustea edo haiek areagotzea, aukera berdintasuna eta diskriminazio eza bermatzeko. Gizartea familia tipologia desberdinei buruz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak egitea. Eusko Legebiltzarrean Haurrei eta Nerabeei buruzko Batzordea sortzea. Urrakortasun edo gizarte bazterkeria egoera prebenitzera bideraturiko lana egingo dela bermatzea, eta ez egoera horiek konpontzean zentratua. Prestazio ekonomikoak eten diren kasuetan, edo baldintzak betetzen ez badira edo ondasun edo zerbitzu baten gaineko onura eten den kasuetan, gizarte zerbitzuen laguntza eta balorazioa egin dadin bultzatzea, betiere lehentasuna emanik adingabeen ongizateari.

Lana eta bizitza pertsonala bateratzeko politikak bultzatzea. Beren kargura adingabeak dituzten pertsonek baliabideak eta zerbitzuak eskuratzeko erraztasuna izan dezaten nahi dugu, arreta berezia jarrita bi gurasoak langabezian dituzten familiengan. Gizartea berdintasunaren eta gurasoen baterako erantzukizunaren alde sentsibilizatzeko kanpainak bultzatzea. Zerga pizgarriak ezartzea lana eta familia bizitza uztartzearen alde egiteko malgutasuna sustatzeko neurri eraginkorrak hartzen dituzten enpresentzat. Hezkuntza sistemaren ikuspegi inklusiboa indartzea, 0 eta 3 urte arteko kalitatezko eta doako hezkuntza publikoaren unibertsalizaziorantz aurrera eginez. Eskolaren laguntza eta bekak bermatzea haiek behar dituzten ikasleentzat eta, oro har, haurrek eta nerabeek zerbitzu eta baliabide horietarako sarbidea izateko garaian aukera berak izatea oztopatzen duen edozer eragozpen ezabatzea. Haurren aurkako indarkeria antzemateko eta haren aurrean babesteko babes sistemek dituzten mekanismoak indartzea, haurren aurkako indarkeriaren aurkako estrategia integral baten barruan. Estrategian hainbat sistemak parte hartuko dute eta arreta berezia jarriko zaio hezkuntzari. Indarkeria matxistaren pean diren adingabeei babesa eta laguntza emateko zerbitzu espezializatuak ezartzea, haien segurtasuna bermatze aldera. Euskadin familia bitartekaritza bultzatzea, egun dauden zerbitzu publikoen estaldura zabalduta. Haurrek parte hartzeko organo egonkorrak garatzea, eta haurren eta nerabeen elkarte ehuna sustatzea. Euskadiko elkargune sarearen funtzionamendua balioestea, baita haren eskaria eta, hala badagokio, hura zabaldu edo aldatzeko aukera ere, herritarrek parte hartzeko mekanismoak aintzat hartuta. Lehen eta bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuetako talde psikosozialak (diziplina anitzekoak) arautzea eta zabaltzea. Indarkeria matxista eta familia barruko indarkeria prebenitzeko programak sustatzea, diziplina anitzeko taldeak egongo direla bermatuta. Tutoretza publiko pean diren haurrak eta nerabeak adoptatzeko eta babesteko legedia eta prozedurak berrikustea, lehentasuna emanik beti haien ongizateari eta haientzako osasungarria den ingurune batekiko hurbiltasunari, baita adopzio prozesuetan zein haurren eta nerabeen arrisku eta babesgabezia egoeretan halakorik behar duten familiekin harremanetan egotea eta babesa eskaintzea ere. Pobreziaren Aurka Borrokatzeko Plan bat ezartzea, egun dauden diru-sarrerak bermatzeko politiketatik harago joango dena eta pertsonen ongizatearen aldeko apustua egingo duena ikuspegi integral batetik, eta pertsonak erdigunean kokatuko dituena, lehentasuna emanik prebentzioari, eta ez konpontzeari. Familien gasa eta elektrizitatea eskuratzeko aukera bermatuko duen araudi bat ezartzea, betiere haietako kideen errentaren arabera. Enpresa hornitzaileen aurrean bitarteko izatea fakturak ez ordaintzeak eragindako argi eta gas mozketekin amaitzeko, baldin eta horiek pertsonen egoera ekonomikoarekin lotuta badaude eta ohiko etxebizitza bada. Euskadiko energia kooperatibekin ados jartzeko aukera aztertzea, Euskadin bizi diren pertsonek hornidura bermatuta izateko eskubidea bermatzeko, betiere ingurumen ikuspegia ahaztu gabe. Ura eskuratzeko aukera eta eskubidea bermatzea guztioi, giza eskubide oinarrizkoa den aldetik. Ura hornitzen duten enpresek hornidura eten dezaten debekatzea pertsonen egoera sozioekonomikoarekin loturiko egoeretan gertaturiko ez ordainketen kasuan, eta, betiere, ohiko etxebizitzaz ari bagara. Bizitzeko ezinbesteko kontsumoaren adierazle bat ezartzea, eta beherapen progresiboak aplikatzea errenta txikiak dituzten etxeetan. Baliabide espezifikoak sortzea urrakortasun bereziko egoeran diren gazteen lehen helduaroko urteetarako, prebentzio tresna gisa. Diru sarrerak bermatzeko sistema erreformatzea (ikus diru sarrerak bermatuta izateko eskubidea). Gorroto Delituen Behatoki bat sortzea, Euskadin gertatzen diren bazterkeria egoeren azterketa egokia egingo dela bermatuta, eta egoera horiek errotik kentzen lagunduta. Biztanleek erroldan izena emateko aukera dutela bermatzea, eskubideak baliatzeko aukera izateko lehen urrats gisa. Erroldarako sarbidea erraztuko zaie Euskadin bizi direnei, eta prozesu horretan, etxe gabe dauden pertsonen erregistroa bermatuko duten prozedurak abiaraziko direla bermatuko da. Horrekin lotuta, ezinbestekoa izango da, EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin batera erroldan sartzeko, berritzeko eta erroldatuta egoten jarraitzeko irizpideak berrikustea, eskubideak bermatzera zuzenduriko kultura arteko ikuspegi batekin. Aurreko puntua martxan jarriz gero beharrezkoa izango ez bada ere, apustu egiten dugu erroldako antzinatasun irizpidea ezabatzearen alde, gizarte bazterkeria baloratzeko aukera baliatzeari dagokionez, baita gizarte bazterkeria jasateko arriskuan edo egoera horretan diren pertsonek arreta eta babes baliabide espezifikoetarako sarrera izateko aukerari dagokionez ere. Euskal estrategia bat sortzea 5 urtetan etxegabezia errotik kentzeko Euskadin, horretarako gizarte berrikuntzako neurriak baliatuta etxebizitza eskuratzeko garaian; esaterako husingfirst delakoa edo beste tresna batzuk, bideragarritasunaren eta egokitasunaren arabera eta, dena dela, beti gizarte zibilaren, gizarte entitate eta erakundeen, eta eraginpeko pertsonen arteko koordinazio esparru batean. Euskal gizartea etxerik ez duten pertsonen eskubideei buruz sentsibilizatzeko estrategia bat garatzea eta abiaraztea. Etxebide – Etxebizitzaren Euskal Zerbitzurako sarbidea bermatzea gizarte bazterkeria jasateko arriskuan diren edo egoera horretan diren pertsonei eta, zehazkiago, etxegabezia egoeran edo egungo baremoen arabera bizitzeko baliabiderik gabe direnei.

Euskadiko baliabide eta zerbitzu publiko guztietarako sarbidea bermatuko diegu gizarte bazterkeria egoera larrian diren pertsonei. Zerbitzu horiek ikuspegi berezia izango dute, baita kolektiboaren premia eta berezitasunei egokituriko zerbitzu eta baliabideak ere. Pixkanaka lan mundu normalizatura egokitzeko beharrezko tresnak eta trebeziak eskuratzea erraztuko duten enplegu programa egokituak jartzea abian, betiere, pertsona erdigune izanik. Laneratze enpresak sustatzea, baita kontratazio publikoetan obren eta zerbitzuengatik lehiatzeko aukera emango dieten gizarte klausulak txertatzea ere, pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko tresna gisa. Gizarte larrialdiko laguntzetarako sarbidea bermatzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin pareka daitekeen eskubide subjektibo gisa, eta kualifikazio egokia duten profesionalek baliozkoturiko larrialdi egoera horiei helduta, eta ez balorazio subjektibo edo arbitrario bati, edo aurrekontu gabeziari erreparatuta. Gizarte zerbitzuetako funtsetarako sarbidea izateko administrazio publikoekiko zorrik ez izatearen baldintza ezabatzea, baldin eta ordaintzeko ezintasunak eragin baditu zor horiek. Gizarte larrialdiko laguntzak funts edo eskubide bahituezin bilakatzea, eta mota horretako edozer prestazioren gaineko bahiturak edo kobratzeak geldiaraztea. Era berean, ñabardura bat egin nahi dugu ordaintzeko ezintasunari buruz. Ordaintzeko ezintasunaz ari garenean aditzera eman nahi dugu arlo horretako zerbitzu eskudunak balorazio bat egin behar duela ordainketa ez egitera eraman duten arrazoiei buruz, eta, ahal dela, pertsonen baliabideetara egokituriko itzulketa plan bat egingo da.

HEZKUNTZARAKO ESKUBIDEA

Elkarrekin Podemos gizartea eraldatzeko tresna bat da, eta politika jendeari itzultzea da bere nortasunaren ikur nagusietako bat. Horrekin lotuta, pertsonak protagonistatzat joko dituen hezkuntza sistema bat behar dugu, haurrak etorkizunean herritar kritiko, aktibo eta parte hartzaile izatea bultzatuko duena. Nolanahi ere, buru belarri sartuta gaude krisi eta akidura seinale argiak ageri dituen eta zaharkitzetik ateratzeko goitik beherako eraldaketa behar duela begi bistakoa den hezkuntza sistema global batean. Krisi global eta aldaketa prozesu horretan sartuta dago gure euskal hezkuntza sistema ere. Euskadi errealitate sozial eta politiko bat da, berezko ezaugarriak ditu, eta horregatik behar ditu jarduteko neurri espezifikoak.

Hezkuntza arloko oinarrizko eta inspirazio printzipioak: Hezkuntza publikoa Euskal Hezkuntza Sistemaren ardatz gisa. Hezkuntza zerbitzu publikoa da guretzat, eta haren amaierako bermatzailea, estatua. Hezkuntza guztien ongirako zerbitzua da, eta ez du egon behar eskaintza-eskariaren legearen mende. Euskal Hezkuntza Sistemaren ardatz izango den hezkuntza publikoaren alde egiten dugu. Hezkuntza berdintasunezkoa eta ekitatiboa. Kalitatezko hezkuntza publikoa. Egia da azken urteetan aurrera egin dugula hezkuntza sistema ekitatiboago baterantz, baina hezkuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetu beharra dago dauden desorekak konpentsatu ahal izateko. Hezkuntza publiko integrala. Pertsona bakoitzaren dimentsio eta adimen anitzak aintzat hartuko dituen hezkuntza bat. Horrek ez du esan nahi erlijioari eta haren dimentsio desberdinei erreparatuko ez zaienik, baina erlijioen irakaskuntza konfesionala eskola publikoetatik atera beharra dago. Hezkuntza publiko parte hartzailea eta batera sortua. Hezkuntza komunitatearen zati diren eragile guztien inplikazioa izango duen hezkuntza baten alde egiten dugu (familiak, irakasleak, adituak, ikasleak eta abar). Hezkuntza publiko berritzailea. Hezkuntza berritzailea eta XXI. mendeko premiei egokiturikoa, bai maila metodologikoan, bai antolakuntza mailan. Horrek esan nahi du gizarte ekitate handiagoa bultzatuko duten ikaskuntzaren ingurune eta ikuspegi berriei erreparatu behar diegula. Hezkuntza publiko inklusiboa. Guztiontzako eskola. Elkarrekin Podemoseko kideok aberastasun iturri gisa ikusten dugu aniztasuna, eta ez gatazka edo arazo gisa.

Honako premisa hauek ditugu abiapuntu: Euskal hezkuntza sistemak nolabaiteko ospea du Estatuan, Estatuko batez bestekoaren gainetik –eta batzuetan Europakoaren gainetik– dauden zenbait adierazle baitaude gure lurraldean. Horien artean dira DBHko eskola arrakastari buruzko tasak, eskola uzten dutenen kopuru txikiak, 30 eta 34 urte arteko biztanleen goi mailako prestakuntza, edo eskolatze garaiaren hedapena Haur Hezkuntzan. Lanbide Heziketak ere ospe handia du. Aurreko guztia hein batean egia bada ere, itzal handia egiten diguten hainbat alderdi ere badaude, hezkuntza sistemari buruz gure klase politikoak duen autokonplazentziarako joera zalantzan jartzen dutenak. Ikasle bakoitzeko inbertsio mailak –hezkuntzari eskainitako BPGaren zati txikia gorabehera– hezkuntzako gastu horren eraginkortasunari buruz galde egitera behartzen gaitu. Diagnostikoa egiteko ebaluazioaren emaitzek aditzera ematen digute emaitzak geratuta daudela, edo behera egin dutela, adibidez, euskarari buruzko konpetentzian. Nazioarteko ebaluazioek itzultzen diguten irudia ekitate maila onargarriak dituen sistema batena da, baina kalitatean hobetzeko tarte handia duena aurretik. Bi saretan banatuta egotea osagarritasun ideia gisa saltzen digute, baina, egiaz, segregazioa dago, eta zenbait ikastetxetan marjinalitate izatera ere iristen da. Izan ere, dagoeneko 1991. urtean ghetto bilakatzeko egoera larrian ziren 84 ikastetxe identifikatu zituen Arartekoak. LOGSEren berregituratzea amaitu zenetik, mende honetako lehen hamabost urteetan, nolabaiteko lozorroan eta konformismoan sartu da euskal sistema, eta ezinbestekoa da hortik ateratzea. Horretarako gauza bakarra behar da, politika eta gizartea ulertzeko gure moduarekin konektatuta egongo den birsorkuntza prozesu bati ekin eta eustea, honako hauek izanik ardatz nagusiak: ekitatea, parte hartzea eta berrikuntza. Ekitateak bilatzen du hezkuntza arloan ez birsortzea gizarte desorekako espiralak, baizik eta politika kementsua praktikatzea, hezkuntza konpentsazioaren eta justiziaren zerbitzura jartzeko. Euskadi hezkuntza pribatuari diru-laguntza gehien ematen dion Europako lurraldeetako bat da. Belgikan, esaterako, lehen hezkuntzako eta DBHko ikasleen % 57 itunpeko ikastetxe pribatuetan biltzen da. Euskadiren kasuan ikasleen % 50 dago egoera horretan. Ikasle kopuru handi bat itunpeko ikastetxe pribatuetan duen hirugarren herrialdea Espainia da, % 28arekin. Egoera horrek errentaren araberako gizarte segregazioa eragiten du, eta segregazio hori lan eremura igarotzen da, baita pertsonen garapenerako aukeren eremura ere, aukera berdintasuna hautsita. Egoera hori aldatzen ez den bitartean, eskolak gizarteko desorekak iraunarazten jarraituko du. Parte hartzearen bitartez hitza eman nahi diegu hezkuntza arloan protagonista direnei (irakasleak, ikasleak, familiak, ikastetxeak...). Ezinbestekoa da adostasun zabalak eraikitzea komunitatearen barruan, parte hartze oinarri handi batekin. Horrek isla izan behar du metodologietan, lehentasuna emanik ikaskuntza interaktibo eta dialogikoei. Hezkuntza erakundeen geldialdi larriko une honetan, irauli egin behar dugu gure eskola sistema eta berrikuntza pedagogikoa eta teknologia digitalen eta Interneten erabilera sustatu, baita eleaniztasuna ere, hezkuntzaren ikuskera berri baten barruan. Ekitate-inklusio, parte hartze eta berrikuntzako ardatz horien inguruan bilduko dira arlo bakoitzeko neurriak: hezkuntza sistema, ikastetxea, irakasleak, ikasleak eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak.

4

Eskola ekitatiboa

Hona hemen ardatz honetako helburuak lortzeko aintzat hartuko ditugun neurri eta alderdietako batzuk: Hezkuntzari zuzendutako BPGaren ehunekoa % 0,5 handitzea, lehentasuna emanik ingurune kaltetuagoetako ikastetxeen gastuei, sare publikoko instalazioen eskaerak asetzeari eta 0 urtetik 2 urterako eskaintza publikoa zabaltzeari. Doakotasuna bermatzea eta “borondatezko kuota” deritzenen kobrantza galaraztea, Legeak hitzarmenak ezartzeko eskatzen dituen gainerako baldintzak bermatuta. Hezkuntzako hitzarmenak aniztasuna onartzeko gutxieneko konpromiso batzuekin lotzea. Ikastetxe guztiak ahalegin partekatu eta ekitatibo bat egitera behartuko dituzten mekanismoak ezartzea, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eskaini beharreko arretari dagokionez. Ikastetxe bakoitzari ikasle horren behereneko eta goragoko maila bat ezartzea. Esku hartze globaleko proiektuak egitea ingurune kaltetuetako ikastetxeentzat, komunitatetik bertatik sortutako proiektuetan oinarrituta. Ikastetxe horiei zuzendutako aparteko baliabideen zuzkidura handitzea. Euskal eskola publikoari buruzko legeak eskaintzen dituen mekanismoak aprobetxatzea eta garatzea, plazak ikastetxetik bertatik zehazteko, baita ikastetxeei beren proiektuak garatzen lagunduko dieten beste neurri batzuk ere. Matrikulatzeko udaletako bulego bakarrak sustatzea, familiek behar duten informazioa eskaintzeko eta ikasleak hautatzeko prozesu informalak saihesteko. Hezkuntza plangintzako premiei erantzuten ez dieten ikastetxeetako hitzarmenak berrikustea, aukera berdintasuna sustatzeko eta ikastetxe publiko gehiago eta hobeak sortzeko. Hezkuntza eskaintza planifikatzea, hezkuntza publikoan izena emateko eskaerarik artatu gabe gera ez dadin. Eskolatze batzordeen funtzionamendua berrikustea, eta esleitzen dituen ikasleen kontrola eta jarraipena egitea. Titulartasun publikoko ikastetxe kopurua handitzea, Haur Hezkuntzako (0-3 urte) eskolatze premia guztiak estali arte. Baliabide gehiago eskaintzea zailtasunak antzemateari eta haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako eskola porrota prebenitzeari. Irakasle/ikasle ratioak eta/edo irakasle/talde ratioak optimizatzea, ikasketa prozesuan kalitate eta ekitate handiagoa bermatzeko, batez ere irakaskuntza berezietan edo konpetentziatan oinarriturikoetan. Guraso bakarreko familiaren kategoria talde berezi gisa txertatzea, jantokietarako eta hezkuntza materiala erosteko bekak eskuratzeko aukerak areagotzeko. Hezkuntza afektibo sexualeko edukiak sortzea Irakasle eta Pedagogia graduetako ikasketa planetan, baita irakasleak prestatzeko masterrean ere. Liburutegi publikoak hetenormatibotasun eza errespetuzko eta bazterkeriarik gabeko ikuspegi batetik jorratzen duten liburuz, filmez eta bestelako materialez hornitzea. Irakaskuntza artistikoak: irakaskuntza artistikoetako irakasleen lan baldintzei buruzko UDALHITZeko aplikazioa berrikustea: urteko lan orduak, eskola orduak murriztea eskolaz kanpoko orduen mesedetan, musika eskolentzako lan poltsa komuna sendotzea, hainbat eskolak irakasle ibiltariak partekatzeko aukera, eta erretiroa hartzeko baldintzak berrikustea. Helduen Hezkuntza (HHE): HHEn lana balioestea: Ez dira bigarren mailako hezkuntzako titulua ateratzeko eta ikasleak Lanbide Heziketan sartzeko ikastetxeak soilik, helduentzako prestakuntza ere eskaintzen dute. Helduen Hezkuntza (HHE): HHEn lana aintzatestea etengabeko prestakuntzaren zati diren aldetik, hau da, biziarteko hezkuntza.

5

Eskola parte hartzailea

Hona hemen ardatz hau eraikitzeko helburua lortzeko aintzat hartuko ditugun neurri eta alderdietako batzuk: Hezkuntzaren organigraman hezkuntza mota guztiak txertatzea (0tik 6 urtera, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa, unibertsitatea, helduen hezkuntza, kontserbatorioak, musika eta dantza eskolak, hizkuntza eskola ofizialak, euskaltegi publikoak, akademiak, eskolaz kanpoko jarduerak ikastetxeetan, udalekuak, kanpalekuak eta denbora libreko eta aisiako hainbat talde…). Ikasgelak inguruneari irekitzea bultzatu nahi dugu, baita familiekiko hartu emanak eta komunitate osoarentzako hezkuntzako prestakuntzak ere. Ikastetxeei hainbat baliabide eta tresna eman nahi dizkiegu autonomia eta malgutasun handiagoa izan dezaten; esaterako: Eskola Kontseiluen protagonismoa indartzea eta, oro har, eskola komunitateena, egungo Eskola Kontseiluen Legea (1988) berrituko duen Parte Hartze lege bat garatuta. Eskolako jangelei buruzko araudia berregitea (2000), eskola komunitateek askatasuna izan dezaten catering sistema bat edo elikadura burujabetzan oinarrituriko auto-kudeaketako bat aukeratzeko. EAEko heziketa proiektu berri bat egitea eta horretarako parte hartze prozesu zabala jartzea abian, oinarrizko hezkuntza eragileen esanbidezko inplikazioarekin. Irakaskuntza artistikoak: Musikaren Aholku Batzordea zabaltzea (dantzako eta arte dramatikoko ordezkariak barnean hartzea, baita musika eskoletako ordezkariak ere) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin egiten diren urteko bileren kopurua areagotzea. Lanbide Heziketa (LH): egungo lanaldia egituratzea LHko irakasleek egin beharreko lanak barnean bildu ahal izateko: edukiak transmititzea, langabetuentzako prestakuntza, langileentzako prestakuntza, auto-prestakuntza, familientzako arreta, arreta pertsonalizatua, irakasle berrien tutorizazioa, ikerketak, argitalpenak, kalitatea kudeatzeko sistemen euskarria, eta abar. Lanbide heziketa (LH): Bigarren hezkuntzako irakasleria eta irakasleria teknikoa bateratzea lanbide heziketako zikloetan.

6

Eskola berritzailea

Hona hemen ardatz hau eraikitzeko helburua lortzeko aintzat hartuko ditugun neurri eta alderdietako batzuk: Eskola publikoaren eraikinak eraikitzeko eta hobetzeko plan bat diseinatzea. Ikasleen beharretara egokituriko hezkuntza guneak. Egungo hizkuntza ereduen esparrua gainditzea eta eredu hirueledun baterantz egitea, ikastetxe bakoitzeko hizkuntzako heziketa proiektutik abiatuta, betiere minimo komunak ezarrita eta euskara ardatz izanda. Ingeleseko IRALEa sustatzea irakasleentzat, haien % 35ek ingelesa emateko gaitasuna izan dezaten lortzeko, betiere pixkanaka. Ikastetxeetako berrikuntza proiektuak sinplifikatzea eta bateratzea eta, oro har, administrazioaren eskakizun guztiak. Hezkuntza proiektu formalean proiektu berritzaileak txerta daitezen bultzatzea eta erraztea, eta proiektuok ikusgarri egitea. Adierazitako proiektuak irakasteko metodologia berrien garapena jorratuko dute, hezkuntza esparru ez formaletan eta informaletan. Lehentasuna ematea metodologia parte hartzaileei buruzko heziketa programei, teknologia berrietan oinarriturikoak barne, eta ikastetxeen sareak eta haien arteko esperientzien trukeak sustatzea. Ikastetxeetako konpetentzia digitala aztertzea eta hobetzea helburu duten berrikuntza planak diseinatzea, irakasleen, ikasleen eta ikastetxearen beraren konpetentzia digitala garatzea sustatzeko helburuz. Hezkuntzako Aholkulari Teknologikoaren figura sortzea, irakasleei eta hezkuntza komunitate osoari laguntza emateko profesional gisa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin loturiko alderdi guztietan. Hain burokratikoa izango ez den Hezkuntzako Ikuskaritza sustatzea, ikastetxeetako barneko ebaluazio eta hobekuntza prozesuetan gehiago lagunduko duena. Egiazko praktika aldi eraginkorrak egitea. Hezkuntzako premia bereziei buruzko araudia berritzea eta eguneratzea, onartu ziren urtetik (1998) eta urteen poderioz sortzen joan diren disfuntzioak saihesteko. Ikastetxeetako zuzendariek lidergo pedagogikoa garatu ahal izateko haientzako prestakuntza, tresnak eta gaitasun exekutiboak erraztea. Lehen hezkuntzako ikastetxe guztietan administrazioko langileak jartzea. Irakaskuntza artistikoak: musika eskoletan, kontserbatorio profesionaletan eta Musikenen ematen diren irakasgaiak gizartearen premietara egokitzea: pixkanaka musika estilo desberdinak txertatzen joatea (folka, popa, jazza…) eta Euskadirako irakasleen prestakuntzari arreta handiagoa jartzea. Lanbide Heziketa (LH): profesionalizaziorantz joko duen irakaskuntza bati aurre egitea ahalbidetuko duen LHko campus bat sortzea, betiere enpresekin harreman estuan eta ikerketa eta berrikuntza barne hartuta, eta proiektuak garatuta. Lanbide Heziketa (LH): irakasleek materialak, metodologiak eta jardunbide egokiak sortu eta argitara ditzaten erraztea, betiere ikasleek konpetentziak eskuratuko dituztela bermatzen badute: ikasgela birtualak, online prestakuntza, teknologia berritzaileetarako sarbidea. Lanbide Heziketa (LH): LHko ikastetxeek IKTen, jangelaren, altzarien, makinen eta antzekoen kontratazioak beren kasa kudea ditzaten ahalbidetzea.

7

Unibertsitateak eta Ikerketa

Jakintza sortzea eta transmititzea ezinbestekoa da gizarte baten hazkunde ekonomikorako eta garapen politiko eta sozialerako. Elkarrekin Podemosetik kalitatezko ikerketa, garapen eta berrikuntza (I+G+b) proiektuak bultzatu nahi ditugu Euskadin, eta horregatik gaude guztiontzako unibertsitatearen alde, Euskadiko unibertsitateetako irakasleak eta ikertzaileak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak behar bezala artatuko dituen unibertsitate baten alde. Hona hemen guretzat garrantzitsuak diren eta Eusko Jaurlaritzaren babes sendoa behar duten zenbait neurri: Euskadiko unibertsitateetako ikertzaileek zuzenduriko ikerketa proiektuen finantzazioa sustatzea, garrantzi berezia emanik taldeen nazioartekotzeari, unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetzari, eta kalitatezko ikerketak burutu ahal izateko beharrezko giza baliabideen eta baliabide materialen iraunkortasunari. Ikerketa proiektu horien zuzendari izango dira, bai bikaintasunezko taldeak, baita ikerketa estrategikoko ildo berriak ireki ditzaketen ikertzaile gazteak ere.

  1. Ikerketa munduan hasteko Euskadiko Programa bat diseinatu eta abiaraztea, ikasle gazteengan zientziarako bokazioa pizteko eta karrera zientifiko batean has daitezen bultzatzeko. Azken karrera urteetan nabarmendu diren graduko ikasleei zuzenduko zaie, ikerketa lana ezagutzen eta garatzen has daitezen sustatzeko. Lankidetza hitzarmenak ezarriko ditugu bikaintasunezko ikerketa zentroekin eta haietako bakoitzeko langileak izango ditugu. Programa horrek parekidetasuneko eta berdintasuneko irizpide espezifikoak izango ditu, emakumeak ikerketa karreran sar daitezen bultzatzeko. Aldi berean, programa hori lehendik ere badauden edo unibertsitate aurreko ikasketetan helburu berarekin proposatuko ditugun programekin koordinatuko da.
  2. Ikerketako karrera birdefinitzea merituan oinarrituta eta epe luzerakoa izango den aurrerabide profesional bat eskainita. Ezinbestekotzat jotzen dugu karrera akademiko bakarra sortzea unibertsitaterako eta Ikerketa Organismo Publikoetarako, kontratazio, ebaluazio eta meritu akademikoko prozedurak bateratuta. Era berean, egokitzat jotzen dugu laborategietako lana eta I+G+Bren kudeaketa barnean hartuko duen karrera profesional bat sortzea. Soldata eskala, ikerketa karreraren diseinuarekin loturikoa, berrikusi egin behar da etapa bakoitzeko erantzukizunetara egokitzeko, baita Europako batez bestekora egokitzeko ere, eta egun dagoen generoen arteko desoreka arintzeko neurriak txertatu behar dira. Desoreka hori, gainera, gero eta handiagoa da ikerketa karreraren etapek aurrera egin ahala.
  3. Ikerketa eta unibertsitate erakundeetarako sarbidean eta haien kudeaketan gardentasuna dagoela babesteko behatoki bat sortzea, gardentasun faltarekin amaitzeko, bereziki ikerketako erakundeetako edo unibertsitateetako hautaketa eta sarbide prozesuetan. Behatoki horrek adierazitako erakundeek dituzten arazo sistemikoen aurka egin ahalko du; izan ere, arbitrariotasunak eta bidegabekeriak sortzen dituzte irakaskuntzako eta ikerketako karreretarako sarbidean; horien artean, langileen prekarietate egoera. Horretaz gain, behatokiak erakunde horiei buruzko informazio estatistikoa eta ekonomikoa eskainiko die herritarrei, eta haien funtzionamenduaren kalitatea ebaluatzeko aukera emango duen adierazle sorta bat ezarriko du.
  4. Irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek duten prekarietatearekin amaitzea. Irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek 2012tik izandako galeren birjartze tasa berehala eta baldintzarik gabe handitzea. Irakasleen kontratuen % 38 iraupen mugatukoak dira. Hortaz, ezinbestekoa da prekarietate indizeak murrizteko eta aldi baterako kontratuak iraupen mugagabeko eta denbora osoko kontratu bihurtzeko plan bat jorratzea.
  5. Hirurogei urtetik gorako irakasle eta ikertzaile iraunkorren eta funtzionarioen borondatezko erretiro partziala sustatzea % 100eko birjartzearekin, baliabideak eskaini ahal izateko plantillak gaztetzeari, metaturiko esperientzia galdu gabe.
  6. Ikasketarako baliabide ekonomiko gehiago. Graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleentzako Eusko Jaurlaritzaren bekak, baita irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen prestakuntzarako baliabideak ere, 2012ko parametroetara egokitu behar dira. Master ikastaroen matrikularen prezioa murrizteko plan bat ezartzea, hura graduko ikasketen matrikularekin berdintzea lortu arte.
  7. Hirueleduntasunerantz aurrera egitea eta unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen euskalduntzea bultzatzea gradu gehiago eskaini ahal izateko euskaraz eta gaztelaniaz, eta ingeleseko eskaintza ere areagotzea, nazioarteko truke programetako ikasleak erakarri ahal izateko. Euskarazko hizkuntza eskakizunik gabeko irakasle eta ikertzaileen ratioa % 50era iristen ez den departamentuetan profil horretako kontratazioa sustatuko da eta baliabideak handituko dira bertan diren irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek lor dezaten.
  8. Genero desorekak zuzentzeko neurriak. Graduak aukeratzerakoan zein ikerketan, emakumeak oso gutxi dira teknologia arloan, eta zaintzen arlorantz edo sanitariorantz egiten dute. Parekidetasuna bultzatzea ekintza positiboko neurrien bidez, bereziki emakumeak % 40ra iristen ez diren departamentuetan.
  9. Online irakaskuntzaren sustapena ardatz estrategiko gisa txertatzea. Unibertsitateek rol aktiboa izan beharko dute online irakasleen prestakuntzan eta kalitatezko edukien sorkuntzan. Horretaz gain, online irakaskuntzak abantaila asko ditu goi mailako euskarazko ikaskuntzak sustatzeko garaian, hizkuntza gutxitzeak edo sakabanatze geografikoak eragindako arazoentzat konponbideak eskaintzen baititu, Kataluniako Universitat Oberta-ren esperientziak erakutsi bezala. Eredu hori baliatuko duen unibertsitate publiko euskaldunaren bideragarritasuna aztertu beharra dago.
  10. Open Access ekimena betetzea funts publikoekin eginiko ikerketa guztientzat. Zientzia Irekiaren ezarpena sustatzea, baita software askea ere. Funts publikoekin finantzaturiko zientziarako sarbide askea bermatzeko eta Espainiako Gobernuak argitalpen zientifikoetarako sarbide irekia izateko, Budapest Open Access Initiative delakoarekin bat egin dezan proposatzen dugu, baita hura I+G+Bko sistema nazionalean ezartzeko programak martxan jartzea ere. Horretaz gain, pizgarriak emango zaizkie Ikerketa Irekiko proiektuei, hori guztia administrazioan zein ikerketa zientifikoan software askerako trantsizioan lider izateko apustu argiaren esparruan. Era berean, garrantzitsutzat jotzen dugu zientzia-gizartea binomioa eta jakintzaren gizartea sustatzeko lana. Aurrekoarekin lotuta, honakoa proposatzen dugu:
  11. Herritarren Berrikuntza Zentroen jarduera areagotzea; esaterako EHUko Kultura Zientifikoko Katedra. Zentro horiek gizartearen eta zientziaren arteko topagune izango dira udalerrietan, eta udalen eta unibertsitateen laguntza izango dute. Zientziaren hedapenean, gizarte berrikuntzan eta egiazko herritarrentzako zientziaren garapenean, jakin-minaren kulturan eta egiten jakitean zentratuko dira. Era berean, Science Shops delakoak sortzea proposatzen dugu. Aurrekoak, adituekin lankidetzan, ikerketa sustatuko duten unitateak izango dira, betiere herritarren zalantza eta arazo zientifiko zehatzak konpontzen lagunduko duten hitzaldien, proiektuen eta azterlan teknikoen bidez. Bestalde, loturak sortuko ditugu zentro horien, ikastetxeen, unibertsitateen, ikerketa zentroen, enpresa zientifikoen eta gizarte osoaren artean. Eskolek ekoizpen zientifikoko guneetara eginiko bisitak areagotu eta koordinatuko dira, eta ekimen horrekin batera hedapen lana egingo da bisita horiek dakartzaten onura sozialei buruz. Bestetik, dibulgazio jarduerak egingo dira helduen egoitzetan. Azkenik, pentsamendu kritikoa sustatzea proposatzen dugu, bereziki bai gizartean bai zientzia munduan eztabaida handiak eragiten dituzten gaietan; esaterako, pseudozientziak.
  12. Ikerketa publikoaren gardentasuna handituko duen ikerketako online atari bat sortzea. Proiektu eskaintza guztiak, lankidetza hitzarmenak eta mota guztietako deialdiak argitaratzeko balioko du, ikerketa erakunde publikoek eginiko kontratazio eta enplegukoak barne. Atariak I+G+Bko deialdi publiko guztiak bilduko ditu Eusko Jaurlaritzaren eta finantzazio publikoko agentzien artean adostutako eta nahitaez bete beharreko urtean bitan egingo den egutegi batean.
  13. Senior ikertzaileen aldeko apustua. Beharrezkotzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzaren mendeko doktorego ondoko deialdi guztiak areagotzea, ikertzaileen kontratazio mugagabe eta ebaluagarria bultzatzea, ikertzaileak jasotzen dituzten zentroen zerrenda zabaltzea –Ikerketa Organismo Publikoetatik harago– unibertsitateak eta bikaintasuneko beste erakunde publiko batzuk barnean hartuta, haiek ebaluatzeko eredua zehaztea eta ezartzea, eta haiek egindako ikerketen hedapena eta inpaktua hobetzea, ikerketa taldeen nazioartekotzea bultzatuta.
  14. Kultura zientifikorako sarbidea bermatzea, egoera pertsonala, ekonomikoa edo autonomia funtzionalekoa gorabehera. Horretarako neurri zehatzak proposatzen ditugu; esaterako, ikerketa zentro, museo, azoka eta bestelako ekitaldi zientifikoek dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako irisgarritasun planak dituztela ziurtatzea, edozer adineko pertsonentzat ate irekietako jardunaldiak sustatzea ikerketa zentro eta unibertsitate guztietan, hedabide publikoek eduki zehatzak eta egokiak eskaintzen dituztela bermatzea, hala, lotura sendoa ezarrita gizartearen eta komunitate zientifikoaren artean. Gainera, Elkarrekin Podemosek dibulgazio eta eztabaida zientifikoko espazio egokiak sortuko ditu, ikusleen adinei egokituta.
  15. Zientziaren eta Berrikuntzaren aldeko itun bat bultzatzea. Politika zientifikoa eta berrikuntzakoa lehentasunezkotzat jo behar da. Adostasun handia bilatuko da gizarte eragileen artean bai erantzukizunak hartzeko eta etorkizuneko hobekuntzak proposatzeko garaian koordinatuta, adostuta eta aldaketa politikoekiko modu independentean jardun dezaten. Itun hori abian jartzeak berekin ekarriko du Zientziaren eta Berrikuntzaren aldeko Mahai bat sortzea. Enpresekin konpromisoetara heltzea bilatuko da, langileak kontrata ditzaten, epe motzerako onurak eskuratzen saiatu ordez, baita finantza eragileekin ere jarduera zientifikoak garatzeko beharrezko kredituak lortzea erraz dezaten, eta eragile teknologikoekin eta ikerketakoekin, jakintzaren transferentzia sustatzeko. Itun horrek berekin ekarriko du nahitaez ingurumen, ekonomia eta lan jasangarritasunaren azterketak egitea finantzazio publikoa duten proiektuen kasuan, Global Reporting Initiative delakoaren irizpideekin eta erantzukizun sozial korporatiboko klausulekin bat.
  16. Emigratu duen talentu zientifikoa itzul dadin sustatzea. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu balio erantsi handiko sektoreetan lanpostuak sortzeko politikak abiaraztea, zientzialari emigranteei eta atzerriko ikerlariei ikerketa proiektuetan parte hartzeko lan eskaintzak egin diezazkieten sustatzea, eta mugikortasuna eta nazioartekotzea sustatzea, transferentzia teknologikoan eta gizarte berrikuntzan oinarrituriko enpresak diruz laguntzea, eta laguntzak deitzea enpresa eta proiektu zientifikoak, teknologikoak eta transferentzia teknologikokoak sortzeko, emigratu duten ikertzaileei lan eskaintzak eginik.

OSASUNERAKO ESKUBIDEA

Egungo krisi ekonomikoak eta inposatu dizkiguten austeritate neurriek areagotu egin dituzte gizarte desorekak eta osasunarekin loturikoak; horiek guztiak gainditzeko politika ausartak egin behar dira, pertsonen osasuna eta ongizatea helburu nagusitzat izango dituztenak. Era berean, bizi eta lan baldintzen hondatzeak ez dio modu berean eragin gizartea osatzen duten talde guztiei; hala, sektore ahulenak pobretu ditu, eta errentak mantendu edo igo dizkie herrialdeko ekonomiaren barruan egoera onenean diren taldeei. Osasunarekin loturiko desoreka mailak bereziki kezkagarriak dira, eta arriskutsuak gure herrialdeko gizarte kohesiorako. Egoera ezezaguna da hau guretzat, baina are kezkagarriagoa da joera horren egonkortasun gero eta handiagoa. Egungo egoera sozial eta demografikoak aditzera ematen duenez, pertsona gehiago egongo dira urrakortasun egoeran osasunari dagokionez, baita urte gehiago eta baldintza prekarioetan biziko diren adin nagusiko pertsona gehiago ere, zaintza profesional eta sanitarioen premia handiagoekin, eta babes sozialeko premia gehiagorekin. Osasuna eskubide bat dela uste dugu, baita politika publiko guztiekiko zeharkakoa den gai bat ere; hala nola, enplegua, etxebizitza, elikadura, azpiegiturak, hezkuntza, justizia, haurtzaroa, eta abar. Osasuna eskubide gisa eta osasungintza hari laguntzen dion faktore gisa ikustea estuki lotuta dago lortu nahi dugun finantzazio ereduarekin: finantzazio publikoa, zerga progresiboetatik eratorritako ordainketei lehentasuna emango diena, eta zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen patriketatik datozen ordainketa pribatuak, bi aldiz zergapeturikoak, minimizatuko dituena. Era berean, osasuna politika publiko guztien erdigunean jartzeagatiko apustu irmoa egiteko, aintzat hartu dugu politika horietako gehienek osasunaren gizarte determinatzailetakoren baten gainean eragiten dutela (faktore sozioekonomikoak, ingurumena, ingurune bizigarria, eta abar); horiek gizabanakoen osasunaren amaierako emaitza mugatzen dute, eta eragina izaten dute haiek bizi ohitura batzuk ala besteak garatzeko duten gaitasunean. Pertsonek bizitza duina, eta ondorioz, osasun hobea, izan dezatela bermatu ahal izateko lan egingo dugu. Badakigu osasun sistemek egoki funtzionatzeko ezinbestekoa dela haiek honako irizpide hauek jarraitzea: unibertsaltasuna, ekitatea eta solidaritatea, gardentasuna, parte hartzea, eraginkortasuna, integritatea, jardunbide egokiak, etika eta baterako erantzukizuna. Balio horiek guztiak bultzatu nahi ditugu guk, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioekin bat eginik. Horregatik, Zerbitzu publikoen kalitatearekiko eta eskuragarritasunarekiko konpromisoa berritu behar dugu. Osasun estaldura unibertsala proposatzen dugu (hortaz, 16/2012 Dekretua indargabetzea), Euskadin bizi diren pertsonak barnean harturik, baita atzerrira 90 egunez baino gehiagoz atera diren bertako pertsonak ere (gaur egun osasun estaldura unibertsala baliatzeko aukera galtzen dute). Osasun txartel indibiduala (OTI) gure erkidegoan bizi den edozer herritarri eman dakiola proposatzen dugu. Erizainen preskripzioari buruzko 954/2015 Errege Dekretuaren indargabetzea babestuko dugu, ez baitu aintzat hartzen lanbidearen errealitatea. Era berean, eta biztanle immigranteak aukera berdintasunean artatzeko asmoz, osasun zerbitzuetako profesionalei hainbat arlotako prestakuntza eskaintzea planteatu nahi dugu; hala nola, kultura arteko gaitasunen, osasunaren ikuskera ideologikoen, osasunaren prebentzioaren, zaintzen, gorputzaren tratamenduaren eta beste kultura batzuetako intimitateari buruzko ikuskeraren arlokoa, betiere ikuspegi sozioantropologiko batetik. Estaldura sanitario unibertsaletik osasuneko estaldura unibertsalerantz egin nahi dugu, barnean hartuta ez ordaintzeek eragindako hornikuntza gabeziaren aurkako klausulak, etxebizitza izateko eskubidearen garapena, eta abar, gai horiek eragin handia baitute biztanleen osasunean.

8

Osasun Publikoa eta Euskadiko Osasun Zerbitzua

Osakidetza-Euskadiko Osasun Zerbitzuaren finantzazioa hobetuko dugu, Euskadiko BPGaren % 1arekin handituko baitugu, gutxienez, hurrengo legegintzaldian. Osasuna oinarrizko zerbitzu publikoa da guretzat, eta ondorioz, erakundeek babestu eta sustatu egin behar dute, finantzazio egokia eskainita eta gastua modu eraginkorrean kontrolatuta, arreta berezia jarrita kostuagatik eta gizartean duten oihartzunagatik erronka bat diren tratamenduei (C hepatitisa tratatzeko antibiral berriak, esaterako). Legegintzaldi honetan izandako osasun gastuaren beherakadak ez ditu ondorio berak izan osasungintza publikoan eta sektore pribatuan. Egiaztatuta dago azken urteetan osasungintza pribatua hazten ari dela, poliki bai, baina etengabe, eta osasungintza publikoa, aldiz, behera egiten ari dela modu deigarrian, bai finantzazioari dagokionez, bai eskura dituen baliabideei dagokienez, 2010etik izan diren murrizketen ondorioz. Osasungintza publikoaren erantzun faltak bere premiak sektore pribatuan estaltzera eramango ditu horretarako baliabideak dituzten pertsonak. Premia horiek sektore publikoaren deskapitalizazioak, gizarte babes eznahikoak −murrizketen ondorioz− eta defizit publikoak eragin ditu. Bestela esanda, krisia eta mozketak ondorio negatiboak izaten ari dira osasungintza publikoaren jardueran, itxaron zerrendak luzatzen dituzte, Mendetasunari buruz 39/2006 Legearen aurrekontuak eta baliabideak gelditzen, plantillak eta baliabideak murrizten, koordainketak ezartzen (azken finean ordainketa bikoitzeko prozesuak direnak) eta, azkenik, zuzenean eragiten dute behar handienak dituzten pertsonen poltsikoetan. Gogora dezagun Mendetasunaren legeak 1.000.000 pertsonari baino gehiagori eragiten diela, baina, aldiz, familiako zaintzarako prestazio ekonomikoak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen ordu kopuruak % 20 eta % 60 artean murriztu direla, autonomia erkidegoaren arabera. Politika sanitarioaren helburuek zerbitzuaren kalitatea sustatzera eta hari eustera bideratuta egon behar dute, baita osasun sistema publikoa indartzera ere, baliabide publikoak modu eraginkorrean kudeatuta eta zerbitzuen esternalizazioan eta pribatizazioan oinarrituriko beste eredu batzuei aurka eginda. Aurre egingo diegu apirilaren 20ko 16/2012 Errege Dekretuaren ondorioei, hura indargabetzea lortu arte; izan ere, horren bitartez suntsitu zen osasun laguntzaren unibertsalitatea Estatuan. Osasun arloko gastu publikoa Europako batez bestekoaren azpitik dago estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Estatuan enpresa eta ondasun handiei egiten zaien presio fiskala Europako txikienetakoa da. Kalkuluen arabera, zerga iruzurra BPGaren % 25 ingurukoa da, eta oso baliabide gutxi bideratzen dira hura konpontzera. Industria farmazeutikoak gehiegizko eragina du gure kudeatzaile eta profesionalengan, eta, ondorioz, farmako eta teknologia gehiegi agintzen dira. Aurrekoak gastu farmazeutiko handia eragiten du, eta hori nabarmen optimiza daiteke. Pribatizaturiko zerbitzuak publikoak baino garestiagoak dira, eta kalitatearen hondatze nabarmena dakarte. Koordainketek gastu handiagoa ekarri dute, aurrezkia ekarri beharrean, haiek kudeatzea oso garestia baita, aurrezkiaren helburua gainditurik. Lehen mailako arreta ospitalekoa baino erabakitzaileagoa eta merkeagoa da. Ezinbestekoa da autonomoago egingo duen baliabideak ematea. Aurreko alderdiak optimizatzen baditugu kalitatezko eta behar adina finantzaturiko sistema sanitario publikoa izateko behar diren baliabideak edukiko ditugu.

9

Pribatizaturiko zerbitzuak sistema publikora itzultzeko plana

Pribatizaturiko zerbitzuak osasun sistema publikora itzultzeko plan bat jarriko dugu abian, eta kontratuak, penalizazioak eta emakidadunen onurak betetzen direla zorrotz kontrolatuko dugu. Honako proposamen hauek planteatzen ditugu: Sektore pribatuarekiko hitzarmen politikak berrikustea. Egungo hitzarmenen kalitatea balioestea eta ebaluatzea. Bereziki aztertuko dira honakoekiko hitzarmenen egoerak: Tolosaldeko Asunción Klinika eta Donostiako Onkologikoa, eta haiek osasun sektore publikoan sartzeko aukera aztertuko dugu. Era berean, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko ospitale esparruko hitzarmenaren egoera aztertuko dugu. Ospitale eta ospitalez kanpoko zerbitzu guztien esternalizazio guztiak aztertuko ditugu. Haien kausa-eraginkortasuna harremana aztertuko dugu, baina neurri bakoitzaren egokitasuna ere. MUFACE, MUGEJU, ISFAS, Gizarte Segurantzarekiko Enpresa Laguntzaileek eta beste sistema zatikatu batzuek emandako zerbitzu sanitarioen pixkanakako integrazioa osasungintza publikoan. Osasun sistema nazionalaren kudeaketa modu berriak gaitzeari buruzko 15/97 Errege Dekretua indargabetzea. Errege dekretu horretan berariaz dago jasota ospitaleetako unitateak eta zerbitzu klinikoak modu autonomoan pribatizatzeko, bereizteko, hitzartzeko eta abarrerako aukera. Osasun sistema publikoak zuzeneko kudeaketa publikoa besterik ez dezan izan nahi dugu.

10

Osasun sistema publikoaren eta arreta sanitarioaren demokratizazioa

Osasun zerbitzuak herritarrengan zentratuta egon behar dute haien ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala hobetzeko. Hala, herritarrak beren zaintzen protagonista izan behar dira. Horretarako, harremanetan jartzeko, kontsultatzeko eta parte hartzeko teknologia berriak ezarriko dira. Honako proposamen hauek planteatzen ditugu: Herritarrek osasun zentroetan modu zuzenean parte har dezaten sustatzea. Profesionalek osasun sistemako elkarte guztietan parte hartzea. Herritarren, gizarte eragileen eta profesionalen parte hartzea Elkarte Sanitario Integratuetan (ESI). Gardentasun Legea betetzea. Osasun arloko gardentasunak ez die azpiegiturei eta osasun arloko prozesu adierazle eta emaitzei soilik eragiten, gardentasuna erabakiak hartzearekin lotutako politikak eta prozedurak argitaratzearekin ere lotuta dago. Gardentasuna osasungintza pribatuarekin eta itunduarekin eginiko kontratuetan. Osakidetzaren zerbitzuen enpresa mailegatzaileetako kontratu guztien zerrendak argitaratzea, zuzendaritzako karguen soldatekin eta kontraprestazioekin. Hitzarmenen erregistro publikoa. Gobernantza oneko prozesuak ezartzea Osakidetzaren zentro guztietan. Itxaron zerrenden kudeaketa aztertuko dugu prozesu guztietan (kontsultak, IQ eta diagnostikoko prozedurak). Gardentasuna haien kudeaketa prozesuetan. Sistema publikoa blindatuko dugu eta sektore pribatuarekiko bateraezintasunak ezarriko ditugu, gutxienez, kontratu berri guztietan eta osasun zentro publiko guztietako erantzukizuneko karguetan. Adostasunak ezarriko ditugu gizarte eragileekin eta eragile profesionalekin ordezkapenen eta errefortzuen kudeaketan, ezagun diren premiekin bat. Funtzionamenduarekin loturiko kode etiko eta demokratiko bat garatuko dugu Osasun Sailaren jardunetan eta haren mende dauden zentro publiko guztietan. Kodea nahitaez bete beharko da eta gobernu erakunde eta organo guztiei eragingo die, baita berezko profesionalei eta kontratatzen dituzten enpresei eta profesionalei ere. “Ate birakariak” kenduko ditugu osasun sistema publikoan, eta konpromisoz egingo dugu ustelkeriaren aurka.

11

Emakumeentzako arreta. Sexu eta ugalketa osasuna

Sexu eta ugalketa osasunarekin loturiko zerbitzuetarako sarbidea eta arreta hobetuko dugu honako proposamen hauen bidez: Programei eta haien ebidentzia zientifikoari buruzko informazio eskaintza hobetzea (baheketak, aldizkako berrikusketak…). Jakinarazi nori dauden zuzenduta eta nola eskuratu, baita kontrazepziorako sarbide efektiboa ere. Ezinbestekoa da hezkuntzaren eta prebentzioaren premia gehiago azpimarratzea, ikuspegi fisiko, psikologiko eta sozial batekin. Genero indarkeriaren prebentzioari arreta handiagoa jarri behar zaio sexu eta ugalketa osasuneko kontsultetan, konfiantzazko eta segurtasuneko esparru pribilegiatuak izan behar baitute. Emakume nerabe eta gazteei zuzenduriko programa bereziak abiaraztea sustatuko dugu, horiek batira desoreka gehien jasaten dutenak sexu harremanetan: preserbatiboa erabiltzea negoziatzeko ezintasuna, xantaiak edo zalantzazko baimena. Osasun sistema nazionalean abortatzeko eskubidea arautzen duten legeak betetzen direla bermatuko dugu. Era berean, sexu eta ugalketa eskubideekin loturiko unitateak eta zerbitzuak bultzatuko ditugu. Sexu organoen mutilazioarekin eta genero indarkeriarekin loturiko protokoloak betetzen direla bermatuko dugu. Sexu esplotaziorako pertsonen salerosketari buruzko protokolo bat sortuko dugu. Arreta berezia jarriko dugu osasun arloko langileen prestakuntzan, protokolo horiei buruz informatzeko eta abian jartzeko gaitasuna izan dezaten, programa horietan artatzen dituzten pertsonak (bereziki emakume emigranteak eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeak) gizarte aurreiritzi handien xede izan baitira. Emakumeentzako arreta hori osasun zerbitzuetarako sarbide unibertsalaren bidez baino ezin daiteke bermatu, biktimei arreta emateko protokolo horiek xede dituzten pertsonetako asko osasun zerbitzuetarako sarbiderik ez duten giza taldeen artean izaten baitira.

12

Gizartearen desmedikalizazioa

Medikalizazioa saihestu nahi dugu, hain zuzen medikoak ez diren arazoak (eguneroko bizitzako emozioak, portaerak, jarrerak edo egoerak: lotsatia izatea, burusoila, menopausia…) kategoria diagnostiko bihurtzen dituen medikalizazio hori, adierazitako egoera horiek arazo mediko edo psikologiko gisa tratatzen dituena, ez bat ez beste ez badira ere. Farmazia industriak egoera hori bultzatzen du, beharrezkoa ez den farmakoen eta teknologien kontsumoa sustatzen baitu eguneroko bizitzako ohiko egoerak konpontzeko. Osasuna negozio bihurtzeko helburua duen aldaketa kultural bat gertatzen ari da. Osasuna produktu bilakatzen da gizartearen iruditerian: merkatuaren legeen eta marketin estrategien mende dagoen gai pribatu bat. Gora egin du beren burua gaixotzat duten eta tratamendu bat behar dutela uste duten pertsonen kopuruak. Bai biztanleria orokorrari, bai osasun arloko profesionalei sinestarazten zaie gaixo egoteko arriskuak erabat ezabatzeko eta guztia prebenitzeko aukera posible dela, eta hori osasun azterketen eta baheketen bitartez lortzen dela. Ikerketa eta argitalpen zientifikoak manipulatzen dira. Medikamentuen eraginkortasunari edo segurtasunari buruzko datak ezkutatzen dira negozioa ez kolokan jartzeko, nahiz eta pertsonen osasuna arriskuan jarri. Osasunaren arloko profesionalak erosten dira, hainbat pizgarriren bitartez, haien xedeetan lagun dezaten, eta eguneroko bizitza medikalizatzen da, bai gaixotzeko arriskuan eta inoiz ondo senti ez gaitezen. Honako proposamen hauek planteatzen ditugu: Osasunerako hezkuntza sakonago bat, pertsonak bizitzako arazo gehienen aurrean autonomoak izatea ahalbidetuko duena, kanpaina medikalizatzaileekin kritiko egingo dituena eta eguneroko bizitzako egoeren eta ezinegonen erantzuna osasun sistematik kanpo aurkitzeko aukera emango diena. Pedagogia egitea eta medizina muga etiko eta teknikoak dituen zientzia gisa ikus dadin sustatzea, jendeari jakinarazita proba, tratamendu edo interbentzio bakoitzak arrisku bat duela. Lehen mailako arreta komunitarioko taldeek rol pedagogiko garrantzitsua izango dute artatzen dituzten biztanleekiko. Jarduera komunitarioak bultzatuko ditugu osasun zentro guztietan. Osasun arloko profesionalei bitartekoak ematea (behar adinako denbora, babes publikoa, paziente kopuru txikiagoa) beren pazienteekin ezartzen dituzten harremanetan haiek beren osasunari eragiten dieten erabakietan parte har dezatela bultza dezaten, baliabide ez farmakologikoei lehentasuna emanda. Pazienteen autonomia bultzatuko duten antolamendu egiturak sustatzea. Zahartze aktiboko politikak eta programak ezartzea. Paziente ahulen, adinez nagusienen eta gaixotasun kronikoak dituztenen des-poli-medikazioa balioestea. Bestalde, eta osasun sistemako langileek eguneroko bizitza desmedikalizatzeko estrategia horietan parte hartzeari dagokionez, honakoa proposatzen dugu: Farmazia industriako, elikagai industriako eta/edo teknologia medikoaren industriako ordezkarien bisitak saihestea osasun zentro publikoetako langileen laneko orduetan. Industriak babesturiko saioak, hitzaldiak edo tailerrak ezabatzea. Interes gatazkaren derrigorrezko adierazpena prestakuntza zentro publikoetan egiten duten profesionalen aldetik. Interes gatazkaren nahitaezko adierazpena beren kargura osasun sare publikoan erabiltzen diren materialak edo farmakoak aukeratzeko kargua duten profesionalei dagokienez. “Lehen aukerako” gida farmakologiko bat egitea eta haren erabilera sustatzea medikamentuak agintzen dituzten profesionalen artean, tratamendu farmakologikoak homogeneizatzeko, betiere ebidentzia klinikoan eta medikamentuen erabilera arrazionalean oinarrituta.

13

Kronikotasunerantz orientaturiko osasungintza ereduaren aldaketa

Akutuen arretarako egungo ereduak ez du kronikotasunaren fenomenoak planteatzen dizkigun erronkak geure gain hartu ahal izateko aukerarik ematen. Maila globalean gertatu den gaixotasun kronikoen hazkunde azkarrak, eta hurrengo urteetarako aurreikus daitekeen haien bilakaerak, erabat justifikatzen du eredu aldaketa, baldin eta erantzun eraginkor eta iraunkorra eman nahi bazaie gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen premiei eta zahartzeari, horiek baitira sistemaren gainean presio ekonomiko handiena egiten dutenak. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, munduan egunero gertatzen diren heriotzen % 60 prebenitu litezkeen gaixotasun kronikoekin lotuta dago. Osasun sisteman duten inpaktuari dagokionez, gaixotasun kronikoek eragiten dute lehen mailako arretako kontsulten % 80, ospitaleratzeen % 60 eta, guztira, osasun arloko gastuaren % 72. Horretaz gain, kalkuluen arabera, gaixotasun kronikoen prebalentziaren gorakada da egungo osasun arloko gastuaren gorakadaren bi herenen erantzule. Gaixotasun kroniko bat baino gehiago duten pazienteen kostuak sei aldiz handiagoak dira bakarra dutenen aldean. Proposatzen dugu: Gaixotasun kronikoak dituzten pazienteak identifikatzea eta estratifikatzea. Protokolo espezifikoak definitzea. Kasuen kudeatzailearen figura bultzatzea, eta erizainen rola nabarmen indartzea. Urrutiko jarraipen eta monitorizazio sistemak garatzea. Pazientearen autonomia sustatzea, eta inplikazio handiagoa izatea bere gaixotasunaren tratamenduan eta jarraipenean. Osasun sistemarekiko komunikazio kanalak biderkatuko ditugu, eta herritarren eta pazienteen eskura jarriko ditugu hainbat, osasun zerbitzuetarako sarbidea eta unibertsaltasuna hobetuta. Ospitale laguntza eta egonaldi ertain eta luzea berrantolatzea funtsezkoa da. Horrek berekin dakar pazienteak zentro mota bakoitzari behar bezala eta bakoitzaren premien arabera esleitzeko modu egokia zehatz-mehatz ezartzeko premia. Sarritan ezinbestekoa izaten da, hainbat arrazoi direla medio, etxez etxeko zaintzak eman ezin zaizkien arazo kronikoak eta zaintza premia handiak dituzten pertsonei laguntza asistentziala ematea. Kasu horietan, ezinbestekoa da erakunde publikoek mota horretako zaintzak babestea. Gure komunitatean ohe mota horren defizit handia dago. Ezinbestekoa da batik bat publikoak diren bitarteko zaintzen edo azpiakutuen edo egonaldi ertainekoen zerbitzuetan eskuragarri dauden oheen kopurua areagotzea eta ospitale monografikoak eta/edo mistoak proposatzeko aukera, eskualde sanitarioetako akutuen oheen ondoan. Lehen Mailako Arreta (LMA) bultzatzea osasun sistemaren ardatz gisa. Behar adina finantzatzea osasun arloko LMA, langileak eta bitartekoak jarrita, eta biztanleen premiei aurre egingo dieten diziplina anitzeko taldeak ahalbidetuta. Taldeei kudeaketa autonomia handiagoa ematea, baita erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa ere, hala herritarren osasun arazoen % 80 konpondu ahalko baitira. LMAri behar adina giza baliabide ematea. Lehenik eta behin, mozketen aurreko plantillak berreskuratuta, eta, ondoren, profesional bakoitzeko biztanle ratioetan gehieneko mugak jarrita; horretarako ezinbestean izan beharko dira kontuan pertsonen adina, osasun egoera eta egoera ekonomikoa (oro har, familia medikuen eta erizainen kasuan ez lirateke 1500 pertsona baino gehiago izan behar, eta 1000 pediatren kasuan). Profilak eta funtzioak birdefinitzea, eta osasun arloko langileak administrazio lanetatik aske uztea, pazienteak artatzeko behar adina denbora dutela bermatuta. LMAk diagnostiko baliabideetarako sarbidea izan dezan erraztea. Protokoloak eta koordinazioa partekatzea arreta espezializatuarekin. LMArako aurrekontuak nabarmen areagotzea osasun arloko aurrekontuaren % 25 inguru izatera irits daitezen. Gehienez 48 orduko itxaron denbora ezartzea kontsulta jasotzeko, eta itxaron ezin dezaketen osasun arazoak egunean bertan artatuko direla bermatzea, ordutegia zabalduta, goizez eta arratsaldez, hala ezarrita ez dagoen lekuetan. Komunitateko jarduerak eta osasuna sustatzekoak bultzatzea (ikus “gizartearen desmedikalizazioa” gorago) osasun zentro guztietan, eta arretari izaera integrala eta diziplina anitzekoa ematea, erabakiak hartzeko duen gaitasuna areagotzeko. Psikologoak sartzea, baita aho-hortzetako higienistak ere emakumeen programetan, haurdun diren emakumeen aho-hortzetako osasuna kontrolatzeko, baita beste paziente kroniko batzuentzako ere; fisioterapeutak eta errehabilitazio komunitarioko unitateak jartzea halakorik ez dagoen lekuetan; podologoak jartzea 65 urtetik gorakoentzat, eta arreta behar duten gaixotasun kronikoez arduratzea.

14

Osasun mentalaren arretarako eredu komunitarioa osasun sistema publikoan

Osasun sistema publikoan integraturiko osasun mentalaren alde egingo dugu lan; horren bitartez pazienteen autonomia bultzatzeko, haiei arreta egokia eskainita, irizpide teknikoetan oinarrituriko zerbitzuekin, ez ideologizatuak, laguntzaren jarraitutasuna bermatuta, eguneroko bizitzatik hurbil dauden tratamenduekin, ospitaleratzea murriztuta. Estigmatizazioaren aurkako borrokari hainbat ikuspegitatik heldu behar zaio, erakundeek eta gizarteak bultzaturiko ekintzekin, eraginpeko pertsonak eta beren familiak aintzat hartuta. Eredu komunitarioan arreta eskaintzeko gailuak berriz orientatu behar dira, espazio soziosanitarioa garatuta eta erakundeen, profesionalen eta herritarren inplikazioa lortuta gaixotasunaren eta gaixoen aurrean. Giza eskubideen garapen eraginkorra ezinbestekoa da osasun mentaleko arazoak diagnostikatu zaizkien pertsonei dagokienez. Pazienteei eta haien familiei zuzenduriko estigmen aurkako politika guztiak garatzea. Haien askatasuna, hizkuntza, kultura, etnia, autonomia eta nortasuna errespetatzea egoitzetan barneratze, tratamendu eta errehabilitazio psikosozialeko prozesuetan.

Biztanleen egiazko premiak artatuko dituzten osasun mentaleko politika integratuak garatuko ditugu. Honako hau proposatzen dugu:

Lurralde bakoitzeko lehentasunak kontuan izango dituzten osasun mentaleko politikak, premia sozialen arabera, behar adinako finantzazioa izango dutenak baita beste arlo batzuekiko koordinazioa ere; bereziki gizarte zerbitzuak, hezkuntza, enplegua eta etxebizitza. Erreforma psikiatrikora zuzenduriko politikak, gizarte planteamenduak berreskuratuta ospitaleetan, farmakoetan eta miaketarako gehiegizko probetan zentraturikoen aurrean. Arlo asistentzialetan bai pazienteak bai familiak pozik gera daitezela, baita profesionalak ere, lehen mailako arretari garrantzi handia emanda. Honakoei garrantzi estrategikoa emango dioten politikak: osasun mentalaren sustapena, gaixotasun mentalen prebentzioa, pazienteak eta desgaitu psikikoak gizarte ingurunean txertatzea, eta osasun mentaleko adierazleak hobetuko dituzten informazio, ikerketa eta ebaluazio sistemak garatzea.

Finantzazio espezifikoa duen osasun mentaleko plan baten alde egingo dugu. Osasun mentalari esleituriko aurrekontuak urriak dira, ez baita lehentasun bat agenda politikoan, beste arlo jakin batzuekin alderatuta (adibidez droga-mendekotasuna, bere garaian, edo interes politikoa piztea lortu duen farmazia gastua). Honako hau proposatzen dugu: Egoera bereziki ahulean egon arren, behar adinako arreta jasotzen ez duten biztanle arloak edo taldeak eranstea: haurrak, nerabeak, zaharrak, adimen atzeratasuna duten pertsonak eta buruko nahasmendu larriak dituztenak, presoak eta bazterturiko beste sektore batzuk. Osasun mentalarekin loturiko ahanztura kronikoa saihestea. Zerbitzuek gobernuaren inbertsio handiago eta egokiago bat jasotzearen aldeko apustua egitea, eskakizun berriak aintzat hartuta, batez ere errehabilitazioari, ikerketa independenteari, kalitatezko prestakuntzari eta laguntza programen ebaluazioari dagokienez. Gizartearen premiei egokituko zaizkien osasun mentalaren arloko profesionalak kontratatzea. Osasun mentaleko profesionalen falta eztabaidagai izan da azken urteetan. Kantitatea biztanleen osasun premien araberakoa da, baita lortu nahi dugun eta lor dezakegun praktika profesionalaren baitakoa ere. Osasun mentaleko zerbitzu baten aktibo garrantzitsua da, eta garrantzitsua da haien kopurua, motibazioa, prestakuntza eta gaitasuna. AEN-Osasun Mentalaren Behatokiaren arabera, Euskadiko osasun mentaleko profesionalen tasa gainerako erkidegoetakoa baino handiagoa da, baina 2011n 48 psikologo gehiago behar ziren bertako helduentzako osasun mentaleko zentroetan, eta horiei haurrak eta gazteak artatzeko zentroetan, hirugarren sektorean eta lehen mailako arretako zentroetan behar direnak erantsi behar zaizkie. Bide batez, azken horietan, ez dago halakorik. Euskadiren defizita nabarmena da garapen ekonomiko bera duten Europako beste herrialde batzuekin alderatuta erizaintza, psikologia eta gizarte lanaren arloko profesionalei dagokienez, baita hirugarren sektorean integraturiko gizarte hezitzaileei dagokienez ere.

15

Antolakuntza eta kudeaketa mailako proposamenak

Administrazio publikoarekiko independentea izango den batzorde iraunkor bat sortzea egungo egoera balioesteko, etorkizuneko garapenean aholkatzeko eta erreforma psikiatrikoaren aldaketak ebaluatzeko. Zerbitzu sozio-sanitarioen mapa autonomikoa sortzea, lehen mailako arreta zerbitzuen eta etxeko ospitaleratzearen bitartez bideraturiko etxez etxeko arreta aintzat hartuko duen gizarte integrazioko plan espezifiko batekin. Osasun mentala koordinatzeko eta sustatzeko agentzia bat sortzea lurralde historiko bakoitzean, edo, gutxienez bat EAE osorako, laguntza psikosozialeko sareek indartuko dutena, eta familien eta gaixoen elkarteentzako baliabide gehiago eskainiko dituena, betiere estigma errotik kentzea bilatuta. 2010eko Osasun Mentaleko EAEko Estrategian proposaturiko ildoak eta helburuak aurrera eramatea berehala gauzatu beharreko zerbait izan beharko litzateke, 2010-2012 urteetarako zeuden lehentasunak ez baitira oraindik konpondu. Osakidetzak kalitatezko osasun mentaleko arreta eskaintzea egingarria da, baldin eta egun dauden baliabideak optimizatzen badira, eta senideek eta eraginpekoek egunerokoan bizitzan dituzten gabeziak minimizatzen badira.

16

Droga-mendekotasunen arreta

Drogen erabilerarekin loturiko alderdiak aztertzea, haien irismena balioestea eta hainbat esku-hartze estrategiaren bidez erantzunak ematea Interpretazio Eredu izenarekin ezagutzen dena jarraituz egin ohi da; horiek drogen arloan eragina duen elementu bakoitzari ematen diogun lehentasunaren arabera taldekatzen dira: pertsona, substantzia edo testuingurua. Azterketa epidemiologikoak eta biztanleei eginiko inkestek mugak dituzte substantzia horien kontsumoaren prebalentzia kalkulatzeko orduan, gizartean bazterkeria jasaten duten kontsumitzaile sektoreetara heltzea zaila izan baitaiteke; hala, estimazioen zehaztasuna txikiagoa da prebalentzia hori asko jaisten denean. Era berean, mendekotasun motaren arabera desberdina da gizartearen ikuspegia; hala, zenbait portaera legitimatuta daude, ohitura gisa ikusten baitira: alkohola, erosketa konpultsiboak, sare sozialak, eta abar. Arrisku eta babes faktoreek bizitzako etapa desberdinetan izan dezakete eragina haurrengan eta nerabeengan, helduengan eta zaharrengan, gizon eta emakumeengan, Etapa bakoitzean prebentziozko esku hartzeen bidez alda daitezkeen arriskuak daude. Arrisku eta babes faktoreak ezagutzea ezinbestekoa da mendetasunak prebenitzeko eta pertsonen premietara egokituriko esku-hartze programak garatzeko, ezaugarri positiboak indartzeko lan eginik. Urrakortasun eta gizarte bazterkeria jasateko arrisku testuinguruak aztertu beharreko oinarrizko ardatz bat dira, bereziki migrazio esperientzietan eta etxerik gabeko pertsonen kasuan. Urrakortasun organikoa eta psikologikoa ez ezik, badago garrantzi bera duen urrakortasun soziolkulturala ere. Bestalde, genero ikuspegiak ere laguntzen digu emakumeek eginiko drogen erabilera aztertzeko garaian. Horri buruzko azterketa kritikoa egin behar dugu gizonek klinikan, ikerketan eta prebentzioan eginiko lanaren “paradigma ikusezina” ikusi ahal izateko. Patologia duala fenomeno konplexua da, bi gaixotasun biltzen baititu: mendetasuna eta buruko nahasmendua, eta gainera, estigmaren gaiekin egiten dugulako topo: mendetasuna duen pertsona drogak hartzea aukeratu zuen norbait da, bere erabakien mende ez dagoen gaixo mentalarekin kontrajarrita. Osasungintzako sareak diziplina anitzeko talde bat behar du, osasun arloko profesionalak dituen eredu bio-psiko-sozialari jarraiki (psikiatrak, bestelako medikuak, psikologoak, gaixoak, gizarte langileak, gizarte hezitzaileak, terapeuta okupazionalak, laguntzaileak, jagoleak eta segurtasuneko langileak) eta horiek guztiek prestakuntza behar dute, bai psikiatriaren arlokoa, bai mendetasunei buruzkoa. Lehen mailako arreta, kasua antzeman eta abusua vs mendetasuna bereizten duen diagnostikoa egiten duen Sarera sartzeko atea da; bertan esku-hartze laburra egiten da kontsumo problematikoaren, mendetasun arinaren eta prebentzioaren kasuan. Arreta espezializatuak espezializazioa eskaintzen du (mendetasuna eta psikiatria), baita hainbat intentsitatetako kanpoko euspena ere (anbulatorioa, erresidentzia eta ospitalea). Droga mendetasunen kasuan, eta azken hamarkadetan metaturiko esperientziatik abiatuta, ziurtasun argiak ditugu egungo politikarekiko desberdina izango den politika baten oinarriak ezartzen lagun dezaketen gogoetak egin eta irizpideak emateko: Drogak eta haien erabilerak eta kontsumoak gizateriaren zati garrantzitsu bat dira. Ezin ditugu drogak erabat suntsitu. Drogak ez dira kaltegarriak berez (kantitatearen, erabileraren, kontsumitzen duenaren egoera pertsonalaren, kontsumoaren testuinguruaren eta abarren mende dago). Drogak erabiltzeak ez du esan nahi ezinbestean arazoak izango ditugunik, zenbait kontsumo biztanleen sektore batentzat arriskutsuak izan baitaitezke ere (ez bakarrik gazteentzat). Gure ohitura sozialak, kulturalak eta ekonomikoak kontsumoaren gizartean kokatzen dira; bertan, estimulu asko bideratzen dira mota guztietako produktuak kontsumitzeko premia sortzera, ez bakarrik alkohola, tabakoa, kafea edo farmakoak bezalako drogak. Gizarte kontsumista honen testuinguruan, debekatzeko politikak drogei EZ esatea inposatu nahi digu, baina inposaketa hori ez dago droga guztiei zuzenduta, baizik eta egun berrikuste fasean diren nazioarteko hitzarmenetan jasotako estupefaziente zerrendan bildutako substantzietara bakarrik. Egungo egoera, ditugun datuen arabera, argigarria da: Politika debekatzailea gorabehera, eta ingurune itxi eta zainduetan egon arren, substantziak kontsumitu nahi dituzten pertsonek kontsumitzea lortzen dute. Legezko debekuak ez du lortzen drogen kontsumoa murriztea eta, are gutxiago, desagerraraztea. Osasunarekin, alderdi sozialarekin, ekonomikoarekin, politikoarekin eta abarrekin loturiko politika debekatzailearen albo-ondorioak kontsumoa bera baino askoz ere suntsitzaileagoak dira. Gaur egun ilegaltzat jotako zenbait substantziaren erabileran arrisku pertsonal nagusiak lege sistematik eta penaletik datoz, osasunaren gaineko arriskuetatik edo erabiltzeko moduetatik baino gehiago. Droga toxiko, estupefaziente edo substantzia psikotropiko izeneko substantziekiko nazioarteko kontrol debekatzailea ez da estatikoa, prozesu jarraitu bat baizik, azken hamarkadako legegintzako aldaketetan egiaztatu bezala. Drogen arloko politikak giza eskubideen errespetuan eta zuzenbidezko estatuaren berezko eskubide eta askatasunen sakontzean oinarritu behar dira. Kontsumoarekin loturiko arriskuak eta kalteak murrizteak izan beharko luke “droga politika” bera.

Honako hau proposatzen dugu: Lurralde bakoitzak mendetasunak edo substantzien gehiegizko kontsumoak eragindako biztanleen premiak artatzeko behar adina egitura eta errehabilitazioko programa terapeutiko dituen ebaluatzea, soziosanitarioak eta hezkuntzakoak barne. Prebentziozko tratamenduak zein psikoterapeutikoak, farmakologikoak eta integralak egituratzea, kaltea murriztera zuzendurikoak barne, egungo eskaeraren tamainari egokituta. Mendetasunen alorrean, kontsumo ereduetan eta substantzietan gertaturiko aldaketak oso ohikoak dira, eta osasun arloko profesionalek etengabeko prestakuntza izan behar dute eskaerari ahalik eta modurik egokienean aurre egin ahal izateko. Premiazkoa da ebidentzian oinarrituriko programak garatzea droga-mendetasunentzat, eta diagnostiko duala lurralde bakoitzeko ESIetako lehen mailako arretan eta arreta espezializatuan. Abian jartzea, lehentasunez, kolektibo bakoitzarentzako eta substantzia bakoitzarentzako programa/ekintza espezifikoak, eta ebidentzia enpirikoan eta ebaluaturiko subjektuetan oinarrituriko programak/ekintzak, haien eraginkortasuna ezagutzeko asmoz. Osasunaren eta prebentzioaren alde irmo egitea. Hezkuntza, haurtzaroa, aisia eta denbora librea, gazteria, familia eta abar barnean hartuko dituzten sektore arteko neurri sorta baten alde egiten dugu, osasunean eragina duten politika publiko guztiak bateratzeko lana eginik. Apirilaren 7ko 1/2016 Legeak, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoak, adierazten duenez, osasuna sustatzeak eta mendetasunak prebenitzeak berekin dakar hainbat neurri onartzea familiaren, komunitatearen, hezkuntzaren, lan mundu eta mundu judizialaren, eta espetxeen arloan, hedabideetan, arrisku egoeretan diren adin txikiko pertsonekin eta gazteekin, kirolean eta aisialdian. Ekiteko neurriak garatzea zaintza instituzionaleko eredu integralen barruan, horien bitartez, osasun arloko profesionalen osasun fisikoaren eta mentalaren hondatzea (burn-out sindromea) modu goiztiarrean identifikatu ahal izateko, eta hobetzeko estrategiak abian jarri ahal izateko. Euskadiko Osasun Mentalari eta Mendetasunei buruzko Aholku Batzordea eta haren lan batzordeak berreskuratzea, lanbide arloetako eta gizarte arloetako hainbat pertsonak Gobernuak arlo horretan eginiko proposamenak, hartutako neurriak eta gauzaturiko ekintzak babes ditzaten. Egungo testuinguruan, kontsumoaren penalizazio hutsetik harekin loturiko arriskuen murrizketara irekitzen ari den drogei buruzko nazioarteko politikan paradigma aldaketa gertatzen ari den honetan, ezinbestekotzat jotzen dugu egiazko parte hartze kanal eraginkorrak garatzea, gizarte zibileko elkarteek eta, bereziki, politika horien eraginpeko pertsonek, berdintasun eta errespetu baldintzetan parte hartu ahal izan dezaten, auziari buruz duten esperientziaz eta jakintzaz hitz eginik. Ildo horretan, kontsumoarekin loturiko arriskuak eta kalteak murriztea gure autonomia erkidegoko mendekotasun politika izan dadin proposatzen dugu. Horretarako, politika horren baitan lurralde historiko guztietan gauzatzen diren programak eta ekintzak ebaluatuko ditugu. Era berean, ezinbestekoa izango da jardunbide egokien gidak egitea mendetasunen arloan egiten diren esku-hartzeen alderdi etikoei eta legezkoei buruz, bereziki pazientearen borondatearen aurkakoak badira, eta askatasuna murrizten duen edozer neurriren aurrean (borondatearen aurkako tratamenduak eta ospitaleratzeak, adostasuna, datu klinikoen konfidentzialtasuna, joan-etorriak, eta abar); haietan aintzat hartuko dira Bioetika Batzordearen gomendioak, baita sektore anitzeko lantalde espezifikoenak ere.

17

Heriotza duin baterako eskubidearen alde, zaintza aringarrien plan bat sustatuko dugu

Ardatz nagusia lehen mailako arretako zerbitzuen sarea izango da, eta familia medikua eta erizaina izango dira arreta prozesuaren ardatzak, etxeko ospitaleratze zerbitzuen eta zerbitzu aringarrien babesarekin. Gaur egun osasunaren zientziek, bizitzaren eta heriotzaren ezagutzak eta gizakion portaeren etikak, eta zehazkiago, osasun arloko profesionalenak, behar adina garatu dira eta aukera dago bizitza amaitzeko garaian pazienteei gehiago laguntzeko. Hala, ezinbestekoa da Euskadin Zaintza Aringarrien Plan bat garatzea. Zenbait jardun pazientearen etxean, ospitale orokorretan eta azpiakutuen ospitaleetan gauzatzea aurreikusi beharko luke planak. Lehen mailako arretako taldeen eta etxeko ospitaleratze zerbitzuen lana indartzea izan beharko litzateke, hala ere, plan horren elementu nagusia. Gure ustez ezinbestekoa da suizidio lagundu deiturikoaren eta eutanasiaren gaiarekin lotuta egun bizi dugun zehaztugabetasun juridiko eta etikotik ateratzea. Zigor Kodearen 143. artikulua indargabetzea eskatzen dugu; izan ere, 6 urtera arteko espetxe zigorrak ezartzen ditu bizitzen jarraitu nahi ez duen norbaiti laguntzen dioten pertsonentzat.

18

Arreta soziosanitarioa

Arreta soziosanitarioak barnean hartzen du, beren osasun egoera, mendetasun egoera edo maila, edo gizarte bazterkeria arriskua dakarren gizarte arazoa dela eta, aldibereko arreta sanitario eta soziala behar duten pertsonei emandako zaintzen multzoa. Arreta hori, aldiberekoa ez ezik, koordinatua, egonkorra, eta arretaren globaltasun eta jarraitutasun printzipioari egokitua izango da, gainera. Arreta soziosanitarioak bi sektoretako egituren eta zerbitzuen parte hartzea behar du: sanitarioa eta soziala. Euskadin, arreta soziosanitarioaz arduratzen diren erakundeak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, Osakidetza, foru aldundiak, udalak eta, tarteka eta premien arabera, Hezkuntza eta Justizia sailak edo beste batzuk dira. Sektore horien parte hartzea kudeatzeko hainbat eredu badaude ere (sektoreen integrazioa, sektore berri bat sortzea…), gaur egun eta gure testuinguruan aukeraturiko eredua zerbitzuen koordinazioarena da. Eredu horren oinarria zera da, premia soziosanitarioen arreta modu jarraitu eta koordinatuan eman dadila, baina gehiago azpimarratu behar da integrazioaren, lankidetzaren eta osagarritasunaren garrantzia esku hartze maila guztietan, bai profesionalen artean, bai erakunde sanitario eta sozialen artean. Hori dela eta, honako hauek dira, gure ustez, eremu publikotik eman beharreko arreta soziosanitarioaren helburuak: Erakunde sanitarioek eta sozialek koordinatuta jarduten dutela bermatzea, baita arazo sanitarioak (gaixotasun kronikoak / endekapenezkoak / konplexuak) eta sozialak (mendetasun funtzional eta sozialeko egoerak) direla eta ahulezia egoeran diren pertsona guztiak (unibertsaltasuna) barnean hartzen dituztela ere, pertsona horiek bi erakundeen aldibereko presentzia behar dutenean, betiere modu egokian eta eraginkortasuneko irizpideei jarraiki eta haiei ahalik eta arreta onena emateko helburuz (kalitate irizpideak). Pertsonen premietan zentraturiko baliabide eta zerbitzu egoki eta eraginkorrak bermatzea, baita zerbitzu berriak planifikatzea ere biztanle interesdunengan antzemandako premietan oinarrituta, eta biztanleria orokorraren aldaketa sozial, epidemiologiko eta sozioekonomikoen eskaeraren arabera. Ahulezia soziosanitarioko egoeran diren pertsonentzat ahalik eta bizi kalitate onena helburu izango duten osasun eta gizarte politika sustatzea, prebentziozko ikuspegi batekin mendetasunari eta osasunaren konplikazioei dagokienez. Biztanleriaren zahartzeak eta mendetasunaren eta gaixotasun kronikoen areagotzeak galdera asko eginarazten digu biztanleria zahartu batek eskatzen dituen zaintzei buruz; izan ere, bertan hainbat arazok egiten dute topo, bai arazo sozialak bai osasun arlokoak, eta bien arteko harreman hori gero eta konplexuagoa da, eta horregatik da beharrezkoa ondo koordinaturiko zaintza osagarrien jarraitutasuna. Hiru gertakizun nagusi horiek (zahartzea, mendetasuna, kronizitatea) berebiziko erronkak dakartzate krisi ekonomikoak osasun publikoa eta unibertsala funtsezko eskubide diren gure Gizarte Ongizateko sistema modu arriskutsuan pitzatu eta hondatu duen testuinguru honetan. Erronka horien artean da autonomia sustatzeko eta mendetasuna prebenitzeko sistema egoki bat garatzea, sendatzeaz arduratzen den arreta sanitarioko eredu tradizionala birbideratu eta osasunaren kontzeptu holistikoa (biopsikosoziala) barneratzen duen beste baterantz egitea, zaintzari garrantzia ematen diona eta ezinbestekotzat jotzen duena arlo sanitarioaren eta sozialaren arteko koordinazioa eta integrazioa. Proposatzen dugu: Osasun arazoen, mendetasunekoen eta autonomia pertsonalerako eta egoera sozialerako babesaren arteko elkar loturak pertsona jakin batzuen bizi kalitatea mugatzen duenean, eremu soziosanitarioa haien premiei modu integral eta eraginkorrean erantzuteko gai den sistema antolatu eta integratu gisa ikustea. Hortaz, ezinbestekoa da bi sistemaren koordinazio hutsetik harago joango den baliabide sanitarioak eta sozialak finantzatzeko, kudeatzeko eta banatzeko sistema bat diseinatzea. Arreta soziosanitarioa eta diziplina anitzekoa behar izan dezakeen biztanleria aintzat hartzea: mendetasuna eta desgaitasuna duten pertsonak; gaixotasun kronikoak eta/edo endekapenezko gaixotasun progresiboak fase aurreratuen dituztenak; gaixotasun arraroak dituztenak; egoera aringarri/terminalean direnak; patologia duala duten pertsonak; gizarte bazterkeria jasateko arriskuan edo babesgabezia egoeran diren osasun ahulekoak eta/edo arriskuzkoak; premia bereziak dituzten haurrak; arrisku psikosozialean diren pertsonak hainbat motatako gertakizun traumatikoen ondorioz (sozialak, ekonomikoak, eta abar), adibidez estres egoeran diren zaintzaileak; etxegabeturiko pertsonak; genero indarkeriaren biktimak edo LGBTIQ+ kolektibokoak. Aurrera egiten jarraitzea baliabide eta zerbitzu soziosanitarioen diseinuan, diziplina anitzeko talde funtzionalak dituen lehen mailako arreta soziosanitarioko eredu batetik abiatuta, non lehen arretako talde sanitarioak eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako gizarte langileenak “kasuen kudeatzaileen” figurak izango dituzten, baita jardunbide protokoloak eta koordinazio baliabide egokiak ere, bestelako maila asistentzialekin, ospitaleetatik hasita komunitatean integratutakoetara arte. Figura profesional berriak txertatzea lehen mailako arretako diziplina anitzeko taldeetan; bereziki psikologia klinikoko profesionalak eta fisioterapeutak. Arriskuzko biztanleen artean arreta psikosozialeko programa espezifikoak jartzea abian, baita errehabilitazio funtzionaleko programak ere mendetasuna/desgaitasuna izateko arriskua duten kolektiboetan. Aho-hortzetako osasuna sustatzera eta prebenitzera zuzenduriko prestazio odontologikoa arriskuzko biztanleen artean, eta kolektibo horiei zuzenduriko prestazioak areagotzea. Geriatraren figura sartzea espezialisten kontsultetan, arreta berezia jarrita paziente psikogeriatrikoei, eta espezialitate geriatrikoko erizaina loturazko figura izan dadila komunitatean bizi den mendeko biztanleria geriatrikoarentzat. Sistema informatikoan integraturiko balorazio tresna pisikosozialak izatea, historia bakar batean eguneratuta eduki dadin informazio kliniko eta sozial guztia, beharrezko baliabideak, zaintzaren aldeko familiaren euskarria eta finantzazio mekanismoak. Lehen mailako arretatik eginiko esku-hartzea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek emandako etxeko laguntzarekin koordinatuta egongo den etxeko arreta soziosanitarioa garatzea. Plan Soziosanitarioa, Kronizitatea Artatzeko Plana eta Mendetasunaren Legea betetzen direla bermatzea. Bazterkeria egoerekiko, mendetasunarekiko, desgaitasunarekiko eta deserrotzearekiko bereziki ahulak diren kolektiboei zuzenduriko zerbitzuak eta programak/ekintzak diseina eta ezar daitezen bultzatzea; hala nola, patologia duala duten pertsonak (nahasmendu mentala eta mendetasuna); nahasmendu mentala eta portaeraren nahasmendua duten adingabeak, eta aldi berean toxikoak kontsumi ditzaketenak; genero indarkeriaren biktima diren emakumeak; tratu txarrak jasotzen dituzten adineko pertsonak; integrazio arazoez gain arazo sanitario larriak dituzten immigranteak; etxegabezia egoeran diren eta patologia larriak dituzten pertsonak, aldi berean toxikoak kontsumi ditzaketenak; hiesa edo GIB+ duten pertsonak, eta abar. Toxikomaniak dituzten pertsonak errehabilitatzera eta gizarteratzera zuzenduriko zerbitzuak/programak/ekintzak diseina eta ezar daitezen sustatzea, hainbat aukera eskainita, bai egoitza erregimenetan, bai komunitarioetan edo eguneko zentroetan. Buruko gaixotasun larriak dituzten haurrei eta gazteei zuzenduriko zerbitzuak/programak/ekintzak diseina eta ezar daitezen sustatzea, haiei errehabilitazio programak eskaintzeko asmoz (psikosoziala, eskolako integrazioa...), betiere haien heltze prozesuan eta gizarteratze eta eskolako integratze prozesuan hobekuntzak izatea bultzatuko dutenak.

19

Laneko osasuna

Prebentzioa, erantzukizuna eta parte hartzea. Lan arloko istripuen prebentzioan eta arriskuen murrizketan ezinbestekoa da enplegatzaileen erantzukizuna beren ardurapean dituzten langileen osasuna zaintzeari dagokionez, baita langileen parte hartzea ere haien segurtasunerako ezarritako neurrietan; azken hori berariaz sustatu behar da haien eskura ahalik eta informazio kopuru handiena jarrita. Proposamenak: Laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen mutualitateen eta lehen mailako arretako zerbitzuen eta Osakidetzaren arteko koordinazioa sustatuko dugu. OSALANek laneko arriskuen prebentzioarekin loturiko alderdi guztiak koordinatu, gainbegiratu eta kontrola ditzan sustatuko dugu. OSALAN Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailera eramatea proposatuko dugu, Osakidetzaren osasun zentroekiko koordinazioaren eraginkortasuna areagotzeko helburuz. Enpresa guztietan eta ekoizpenaren sektore guztietan Laneko Arriskuen Mapa egitea sustatuko dugu, bertan langileek eta beren ordezkari sindikalek parte hartzea bultzatuta. Gaixotasun profesionalen erregistroa hobetuko dugu: erregistratzen ez denak, ez du existitzen eta ez da prebenitzen. Gaixotasun profesionalak jakinarazteko eta erregistratzeko sistemak ez du egon behar kaltea konpontzera behartuta dauden erakunde beren mende. Amiantotik eta substantzia kimikoetatik eratorritako patologiek, minbizia profesionalak, nahasmendu muskulu-eskeletikoek, jatorri psikosozialeko gaixotasunek, eta abarrek lantokietan horiek eragiteko gai diren arriskuak ebaluatzea eta prebenitzea eskatzen diete enpresei. Administrazioek ahalegin handiagoa egin behar dute azpierregistroekin eta haiek eragiten dituzten kalteekin amaitzeko. Enpresen arteko lankidetza sustatuko dugu patologia jakin batzuekin bateragarriak diren lanpostuen katalogo bat egin dezaten, hala arrisku batzuen aurrean sentikortasun berezia duten langileak birkokatu ahal izateko. Sentsibilizazio Zentraleko Sindromeari (SZS) dagokionez: errekonozimendu praktikoa sustatuko dugu ikuspegi asistentzialetik, baita laguntza eta tratamendu mediko egokia jasotzeko aukera ere, Sentsibilizazio Zentraleko Sindromean (SZS) bildutako gaixotasun guztientzat: sentsibilitate kimiko anitzak, entzefalomielitis mialgikoa, neke kronikoko sindromea, fibromialgia, hipersentiberatasun elektromagnetikoa. SZS duten pertsonek immunologiaren eta ingurumen medikuntzaren alorreko aditu espezialistak eta pediatrak dituzten unitate espezialistetarako sarbidea izango dute.

ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDEA

Etxebizitza izateko eskubidea, hain zuzen, pertsonek bizitza duina izango dutela bermatzeko oinarrizko eskubidea da. Alabaina, argi ikusi da gizarte eskubide honen unibertsalizazioan aurrerapausorik ez emateaz gainera, atzerapausoak izan direla. Hala, argi dago etxebizitzaren egoera gizarte ongizatearen mailaren adierazle ona dela. Etxebizitzak eskubide bat izan beharrean negozio izaten jarraitzen du, nahiz eta aurten EAEko Etxebizitza Legea onartu. Etxebizitza espekulazio iturri izan da, modu lazgarrian, gainera. Eta espekulazio hori dugu krisialdi ekonomiko honen errudun nagusia; izan ere, higiezinen burbuilak izan duen “zulatu” entzutetsuak ondorio mingarriak izan ditu herritarrentzat. Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Estatistika Organoak etxebizitza premiei eta eskariei buruz 2015ean egindako inkestaren arabera, EAEko etxebizitza politika publikoen paradigma aldatzeko premia dagoela ondorioztatu da: 2015ean handitu egin zen sarrera berekiak izanda lehenengo etxebizitza eskuratzeko beharra zuten pertsonen kopurua, baina bostetik bakarrak baino ez zuen uste etxebizitza eskuratzeko behar adina diru sarrera bazuenik. Eta 104.176 pertsonak zuten lehenengo etxebizitza eskuratzeko premia, emantzipaziorako premia adieraziagatik inkesta egiteko unean inolako errentarik edo diru sarrera berekirik ez zutenak aintzat hartuz gero (31.340 pertsona). 104.176 pertsona horiek, hain zuzen, gurasoekin edo tutoreekin bizi diren 18 urtetik 44 urtera arteko 281.082 pertsonen % 37,1 dira. Ehuneko hori % 14,3ra murrizten da, baldin eta 18 urtetik 44 urtera arteko EAEko herritar guztiak kontuan hartzen badira. Horietatik 72.836k badute diru sarrera edo errenta berekirik etxebizitza eskuratzeko prozesua finantzatzeko. 2013. urtearekin alderatuta, kopuru hori % 11,5 handitu da. Genero faktoreari dagokionez, diru sarrera eta errenta berekiak dituzten herritarren artean, emantzipatzeko premia handiagoa sumatzen da 18 urtetik 44ra arteko emakumeengan gizonezkoengan baino (% 48,4 eta % 45,9, hurrenez hurren). Euskal etxebizitzaren merkatuaren errealitateari buruzko beste mota bateko datuak aztertuz, ikus dezakegu Euskadin eraikitako ehun etxebizitzetatik zortzi hutsik daudela, eta erdiak gizarte alokairura bidera litezkeela; alegia, ia 36.000 etxebizitza egon litezke alokagai. Bada beste datu garrantzitsu bat: eraberritzeko premia duten etxebizitzak 58.000 dira; eraikuntza berririk egin gabe banakako esku-hartzeren bat behar dutenak, berriz, orotara, ia 95.000. Bestalde, Euskadin 625 hipoteka betearazte izan ziren 2015ean. Horietako 300 etxebizitzenak ziren, gehienak erabilitakoak (291). Nahiz eta datuak, berriz ere, estatuko beste autonomia erkidego batzuetakoak baino hobeak izan, Euskadin ere gora egin zuten hipoteka betearazteak (% 14,8; 176 izatetik 202 izatera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera). Egoera hori ikusita, Elkarrekin Podemosen proposatzen dugun etxebizitza politikaren abiaburua izango da errotik onartzea etxebizitza herritar orori bermatu beharreko eskubidea dela; baina, betiere, 3/2015 Legearen planteamendutik harago joanez, hark albo batera uzten baititu pertsona zaurgarrienak.

Hala, hainbat neurri proposatzen ditugu lan helburuekin zerikusia duten honako ildo hauetan:

20

Pertsonen zerbitzura dauden etxebizitza politikak

Alokairuan dauden etxebizitzen sistema publiko irisgarri bat sortzea bultzatuko dugu (etxebizitzaren kostuak ez du inola ere gaindituko diru sarreren % 30); sistema eraginkor eta berme-emailea izango da. Gaur egungo Etxebizitza Legea berrituko dugu, pertsona guztiek izan dezaten egiazki etxebizitza eskuratzeko eskubidea. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legea berrituko dugu, behar dugun sistema sortzeko oinarrizko plataforma izan dadin. Babes ofizialeko etxebizitzen politika bat diseinatuko dugu, soil-soilik alokairura bideratzeko. Iruditzen zaigu salmentak atera egin behar duela babes ofizialaren mailatik, baldin eta pertsonen premiak aseko dituen etxebizitza jasangarrirako politika diseinatuko bada. Gaizki zaindutako orube eta eraikinen erabilera abian jartzeko prozedura sustatuko dugu politikoki, orubeen eta hondarren erregistroa eginez, eta mantentzeko eta eraberritzeko betebeharra etengabe gauzatu gabe daukatenen kasuan, desjabetze eta enkante prozedurak gauzatuz. Alokairuan dauden etxebizitzen kooperatiben eta jabetza erabilerarako utzita daudenen politikak sustatuko ditugu. Hirigintzari dagokionez zaurgarrienak diren auzoak goitik behera eraberri daitezen sustatuko dugu. Etxebizitza babestuak eskuratzeari dagokionez, familia gurasobakarrei alokairurako laguntzen onuradun izateko lehentasuna emango diegu modu espezifikoan.

21

Larrialdietarako neurriak

Etxebideren erreforma gauzatzea, etxebizitzari begira dagoen gizarte larrialdia geldiarazteko eta pertsonei estaldura emateko. Administrazioen arteko koordinazio sare bat eraikitzea, etxebizitzaren arloan eskumenak dituztenek estrategia bateratu bati jarrai diezaioten eta helburu garbiak izan ditzaten, bai eta koordinazio bideak ere, zerbitzuen eskaintzan eraginkortasun handiagoa izateko. EAEko etxebizitza hutsen errolda bat osatzea, etxebizitza hutsen kontzeptuari buruzko irizpideak bateratuz eta arestian aipatutako administrazioen arteko koordinazioa sustatuz, eta baita arlo horretan proposatutako eta autonomia erkidegoaren eskumenekoak diren neurrien defentsa aktiboa eginez ere. Salmenta publikoko erregimenean erabilgarri dauden etxebizitzak alokairuko etxebizitza bihurtzea. Etxebizitza hutsak mugitzeko neurriak abian jartzea, indarrean dagoen araudiari eta eskumenen erregimenari erreparatuta. Etxebizitzak berritzeko prestazioei buruzko informazioa ugaltzea, sinplifikatzea eta gehiago hedatzea; nola elementu komunena, hala partikularrena. Etxebizitza eta lurzoruen ondare publikoa besterentzeko abian jarritako prozesu guztiak geldiaraztea. Kaleratzeak geldiarazteko neurriak sustatzea; bereziki, titulartasun publikoko etxebizitzetan. Zerbitzu publikoen bitartez, gelako aukeraren bermea ematea, ordaindu ezinagatik euren etxebizitza uztera derrigortuta dauden pertsonentzat. Etxebiden sartzeko irizpideak berrikustea, etxebizitza premiak dituzten pertsona guztien sarbidea bermatzeko, bakoitzaren bizi-baliabideak eta egoera administratiboa zeinahi delarik ere. Euskadiko Etxebizitza Legean jasotako Etxebizitza izateko Prestazio Ekonomikorako eskubidearen unibertsaltasuna eta egikaritze eraginkorra bermatuko dugu, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko baldintzak parekatuz eta beharrezkoa duten pertsonek eskuratuko dutela bermatuz. Kasu guztietan, prestazio ekonomikoen gainetik lehentasuna emango diegu etxebizitza izateko sarbidea bermatuko duten politikei. Etxebide arautzen duen araudia berrikustea, Administrazio Prozedurako Legea eta Arartekoaren gomendioak betetzen direla bermatzeko. Haurrak kaleratzeetatik eta irtenarazteetatik babestea: seme-alaba batetik aurrerako guraso bakarreko familia unitatea bereziki zaurgarritzat jotzea, eta horiei babes handiagoa eskaintzea kaleratzeei aurre egiteko; lehenik eta behin euren hipoteka zorra berregituratzen laguntzea; eta berriz ostatua ematean babesa handitzea zaurgarriak diren haurrei, irtenarazi aurretik gelako aukera duin bat ziurtatuz.

DIRU SARRERAK BERMATZEKO ESKUBIDEA

Euskadin, 1989ko Pobretasunaren Kontrako Osoko Planarekin jaio ziren txirotasunaren aurkako politika publikoak, 70eko hamarkadaren amaierako industria birmoldaketaren ondorioak eteteko asmoz. Esparru zabalago batera bideraturik zeuden, 90eko hamarkadaren hasierako Europar Batasuneko Merkatu Bakarraren ikuspegiaren arabera. 1992. urtean, egiaztatu zen txirotasun poltsa endemikoei aurre egiteko, autonomia erkidegoko aurrekontu arruntetan txertatutako egitura planak behar zirela. Harrezkero, aldakuntzak izan dituzte: GGDtik Oinarrizko Errenta desitxuratura bitarte (gizarte eragileen borrokatik sortua eta Legegintzako Herri Ekimen bihurtutakoa), indarrean dagoen abenduaren 23ko 18/2008 Legera iritsi gara, Diru Sarrerak Bermatzeari eta Gizarteratzeari buruzkoa (DSBE). Txirotasunaren kontrako borroka planen 25 urte horietan, krisialdiak euskal herritarrengan eragindako ondoriorik gogorrenetako batzuk arintzea lortu den arren, ez da lortu oinarrizko arazoa konpontzea; hots, aberastasun banaketaren desoreka konpontzea, eta inola ere ez da izan horretarako irtenbide bat. Eusko Jaurlaritzak pobretasunaren kontra gauzatutako politika guztiek ez dute lortu oinarrizko arazoa konpontzea, eta halaxe erakusten digute zenbakiek. 2015ean, EINeko datuen arabera, euskal herritarren % 17,5 pobrezia arriskuan zeuden, eta pobrezia larriaren indizea % 4tik gorakoa zen. Gainera, euskal etxebizitzen % 10etan baino gehiagotan arazoak zituzten hilabete bukaerara iristeko. Bestalde, prestazioak jasotzen dituzten pertsonen kopuruak gora eta gora egiten du etengabe: dagoeneko DSBEren 65.000 onuradun daude Euskadin, eta 55.000 pertsonak eskatu dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzak. Egoera hori izanik, ikus dezakegu gure datuak beste autonomia erkidego batzuetakoak baino hobeak izanagatik, erronka dakarkigutela. Ez ditugu onartuko adabakiak jartzeko besterik balio ez duten politikak. Oinarrizko eraldaketa bat egin nahi dugu eta, hala, herritar guztien estaldura bermatu. Elkarrekin Podemosen, DSBEri buruz hitz egingo dugu, hura hobetzeko eta beharrezkoa duten herritar guztiek izango dutela bermatzeko, herritar guztientzat baliagarria den proposamen bat sortuz eta abian jarriz: Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta (BGOE). Elkarrekin Podemosen, DSBEren kudeaketa kritikatzeaz gainera, pobretasun politiken ereduari ere egiten diogu kritika, orain artean ez baitu funtzionatu. Ziur gaude, gainera, aberastasuna birbanatzeko elementu gisa ere ez duela funtzionatuko, eta ezinbestekoa da, beraz, paradigma aldaketa bat egitea. Dena den, jakin badakigu pauso bat harago emateko beharrezkoa dugula masa kritikoa egitea. Badakigu funtsezkoa dela pertsonei botere handiagoa ematea euren bizitzari buruz erabakitzeko; besteak beste, herri gisa ditugun premietara hobekien egokituko den gizarte eredua sortzeko eta, betiere, Euskadirentzat nahi dugun etorkizuna diseinatzeko zereginean pertsona guztien parte-hartzea bermatuz. Elkarrekin Podemosen, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentarantz joateko apustua egingo dugu, baldin eta guztiok horretan bat bagatoz. Bide hori egin bitartean, ukaezina da beharrezkoa dela sistema hobetzea eta, horrenbestez, letra larriz idatzitako ESKUBIDEAREN aldeko apustua egingo dugu. Gizarte prestazioak “eskubide bihurtzearen aldeko apustua egingo dugu, sufragio unibertsala ere eskubidea den moduan; izan ere, bozkatzera goazenean inortxok ere ez digu galdetzen gizonak ala emakumeak, homosexualak ala heterosexualak, katolikoak ala musulmanak... garen”. Iruditzen zaigu Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta herritarrei indarra eta askatasuna emango dien behin betiko tresna izan litekeela. Borrokaren bidez lortu nahi dugun gizarte bidezkoago bat eraikitzeko gutxieneko lurzorua izan liteke. Denbora behar dugu ideia hori egia bihurtzeko babesak eta estrategiak lortzeko. Horregatik, ezagutarazi egingo dugu, horri buruz eztabaidatzeko aukera izateko konpromisoa hartuko dugu, hari buruz ikasiko dugu eta, batez ere, gure eskubideak bermatzeko behar ditugun mekanismoei buruzko erabakiak hartuko ditugu. Erabakitzeko eskubidea garrantzitsuak diren beste erabaki ugaritara zabaldu beharrean gaude. Kasu honetan, herri honen bizi-baldintzak bermatzeko eskubidera zabaltzea proposatzen dizuegu. Prozesu hori egikaritu bitartean, euskal herritar ugariren prekarietate egoeraz jabetuta, uste dugu DSBEren kudeaketa negargarria hobetzeko neurriak proposatu behar ditugula, eta eskubide subjektiboa zabaldu egin behar dugula, gaur egun askatasunez eta duintasunez ibiltzeko gutxieneko lurzorurik ez duten pertsona guztiek ere izan dezaten. Jakin badakigu zeinen berritzailea den gure planteamendua, eta jakin badakigu sistema ekonomikoa eraldatzeko premia dagoela. Guk sistema horren erdigunean pertsonak jarri nahi ditugu. Zerga iruzurraren aurkako konpromisozko borrokak era honetako ekimen bat abian jartzea bermatuko luketen diru sarrerak emango lizkiguke. Horregatik, helburu horretarantz joko dugu. Gure lehentasuna euskal gizartea babestea da. Hori lortzeko, lehendik ditugun tresnak baliatuko ditugu, baina hobetuta. Bien bitartean, berme-emaileagoak diren beste batzuk adostu eta sortuko ditugu, gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen jarraitzeko. Beraz, herritarren diru sarrerak bermatzeko lan proposamena puntu hauen arabera garatuko dugu: Elkarrekin Podemosek herritarren artean Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta (BGOE) Euskadin ezartzeko egokitasunaz eta bideragarritasunaz eztabaida bat sustatzeko konpromisoa hartzen du, eta izan daitezela herritarrak erabakitzen dutenak. Berritu dezagun Diru Sarrerak Bermatzeko sistema, honako premisa hauen arabera: Diru sarreren bermea, enplegutik edo gainerako gizarte zerbitzuetatik bereizitako eskubide gisa. Diru sarreren bermea edukitzeko eskubide subjektiboa izatea beharrezkoa duten herritar guztiek. Kudeaketa optimo, garden, eraginkor eta berme-emailea. Administrazioak eta herritarrek elkarrekin partekatutako bilakaera eta kontrola. Hona hemen gure proposamenak:

22

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta

Legegintzaldiko lehenengo urtean, Euskadin Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta lortzeko beharrari buruzko gizarte eztabaida bat pizteko konpromisoa hartuko dugu. Herritar guztiek eztabaidatzea eta proposamenaren berri izateko eskubidea edukitzea nahi genuke, pertsonek eurek adieraz dezaten alde ala kontra dauden. Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentari buruzko eztabaida prozesu hori amaitzean, euskal herritarrei gure autonomia erkidegoan Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta ezartzeari buruz galdetzeko mekanismo batzuk ezarriko ditugu. Hori lortzeko, proposamena aurretiaz landu duten hainbat eragilerekin (nola politikoak, hala gizartekoak) elkargunerako bideak aztertuko ditugu. Proposamena aurretiaz landu ez duten baina prozesuan parte hartzeko interesa duten eragileei ere eztabaidan parte hartzeko aukera emango diegu. Era horretan, eztabaida aberastu egingo da, elkarrekin parte hartzen ari diren sentiberatasun ugariri esker. Sakon aztertuko dugu proposamena abian jarri ahal izateko sistema ekonomikoan beharrezkoa den aldaketa. Prozesu horrek iraun bitartean, bideak aztertuko ditugu eta 3 lurraldeetako Foru Aldundiei beharrezko laguntza tekniko eta finantza laguntza emango diegu, herritarrek hala nahi izanez gero lurralde historiko bakoitzean dagokien Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta ezartzeko bideragarritasuna bultza dezaten.

23

Diru Sarrerak Bermatzeko Sistema aldatzea

Euskal herritarren Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarako (DSBE) eskubide subjektiboa defendatuko dugu, diru sarrerak bermatzeko sistemaren oinarrizko zutabe gisa, eta gure apustua izango da eskubide subjektibo hori egikaritu ahal izatea eta argi definitutako gutxieneko batzuk estalita ez dituzten herritar guztientzako sarbidea bermatzea. Diru sarrerak bermatzeko aukera enplegutik eta gizarte zerbitzuetatik bereiziko dugu; izan ere, pertsonen berme materiala “enplegagarria” izatearen edo/eta gizarte bazterkeriako egoeran edo arriskuan egotearen gainetik dago. DIRU SARRERAK BERMATZEKO EUSKAL SISTEMA bat sortuko dugu, gaur egun Osakidetza, Etxebide edo Lanbide ditugun bezalaxe, bakoitzak dagokiona ardatz hartuta. Hala, kudeaketa optimizatu ahal izango dugu, Eusko Jaurlaritzaren gaur egungo Zuzenean erregistro orokorra baliatuz, administrazio izapide hutsa baita. Beraz, arreta espezifikoa berez dauden baliabideetara bideratuko dugu (Osakidetza, hezkuntza, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, etab). Prestazioari buruzko informazio kanpaina bat egingo dugu, Euskadiko herritarrek informatuta egoteko duten eskubidea bermatuko duena. Datuak Babesteko Lege Organikoa zorrotz beteko dela bermatuko dugu, herritarren datuak esku pribatuetan jartzea saihestuko dugu eta herritarren eskubideak bermatuko ditugu. DSBE jasotzeko aukera indibidualizatuko dugu, adina 18 urtera jaitsiko dugu (baita emantzipatutako adingabeak ere) eta bizikidetza unitatetik kanpo modu independentean urtebete igaro behar izateko baldintza desagerraraziko dugu. Pertsona bakarrek kobratzea nahi genuke. Ez dugu sustatuko emakumeen, gazteen edo mendeko pertsonen menpekotasun ekonomikoa. Horientzat guztientzat familia babesa zigorra bihurtzen da, emantzipatzea galarazten diena eta menpeko izatera kondenatzen dituena. Erroldan 3 urteko antzinatasun baldintza desagerraraziko dugu, eta bakarra jarriko dugu, 2011. urteko erreformaren aurretik zegoen bezala. Horrek esan nahiko luke hemen erroldatuta urtebete baino gehiago daramaten pertsonek hemen egikaritu ahal izango dutela euren herritartasuna eta gainerako herritarrek bezalaxe eskubideak bermatuta izango dituztela. Etxebizitzako 2 prestazioen muga desagerraraziko dugu, eta lan egingo dugu muga hori etxebizitza bakoitzeko baldintzen arabera finkatzeko. Era horretan, administrazio publikoetatik ez dugu bultzatuko ez etxebizitzaren arloko eskubideak urratzea (erroldatzeko aukerarik ez duten pertsonak), ez eta etxebizitzaren prezioa garestitzea ere, EAEkoa baitugu estatuko garestienetako bat. Prestazioen izapideak egiteko beharrezkoa den dokumentazioa murriztu eta erraztuko dugu. Gaur egun Lanbideren araudiak eta eguneroko jardunak estrategia bat baino ez dirudi, pertsonak geureak diren babes sistemetatik kanpo uzten dituena, pertsona guztiak babestu beharrean. Izan ere, lehenengo PSEk eta orain EAJk inposatutako kudeaketarekin Lanbidek eta beste administrazio batzuek ezarritako bide gogorra egin dezaketen pertsonak baino ez dituzte babesten. Pertsonei zigorrak eta arau-hausteak ezartzeko sistema bat garatuko dugu; sistema argi, publiko eta berme-emaile bat. Ezin liteke izan euskal administrazioek existitzen ez diren edo bat ez datozen zigorrak aplikatzea, zigorrak ez mailakatzea, eta pertsonak babesteko sistema bat sistemaren hertsatze elementu bihurtzea. 2010ean aldi baterako aplikatu eta orain arte iraun duen prestazioen % 7ko murrizketa desagerraraziko dugu. Behar ez bezala ordaindutako edo jasotako zenbatekoen kudeaketa sistema bermatuko dugu, pertsonen errealitatera egokitutakoa; eta inola ere ez dugu onartuko gaur egungo sistema, milaka familia prekarietatera daramatzana, sistemak ustez arindu beharko lituzkeen egoeren errealitateari arretarik jarri gabe. Diru sarrerak bermatzeari arreta eskaintzeko bulego guztietan, erregistro profil bat eta informazioa emateko langileak prestatuko ditugu, eta horiek beharrezko gaitasun profesional guztiak izango dituzte. Legedia pertsona guztien onurarako beteko dela bermatuko dugu. Errugabetasun presuntzioa lerro gorri gisa duten babes sistemak kudeatzearen aldeko apustua egingo dugu eta justifikazio argirik gabeko bertan behera uzteak, pertsonen defentsarako aukera egokirik ematen ez dutenak, desagerraraziko ditugu. Protokolo argi eta koordinatu bat sortuko dugu, kudeaketa eta gaitasunak egitura berrira lekualdatzeko. Ez dugu egingo gaitasun lekualdatze lardatsik, 2011. urtean egindakoen parekorik. Izan ere, oraindik ere bada haien ondorioak pairatzen ari denik. Ebaluatzeko eta erabakiak hartzeko espazio bat sortuko dugu. Bertan, araudia sortzeko eta berrikusteko prozesuan parte-hartzea bultzatuko da, gizarte eragileekin modu koordinatuan, kontrastatuan eta elkarrizketaren bidez. Koordinazio egitura eraginkorrak eta tokikoak sortuko ditugu: Lurralde horretako herritarren ezaugarrietara egokitutakoak, Hurbilekoak eta ez hain burokratizatuak; araudiaz gainera, pertsonen errealitateari ere arreta eskainiz, Hainbat sistematan eta sistematatik (gizarte zerbitzuak, emakumea, etxebizitza, osasuna, etab.) pertsonen funtsezko ongizatearen alde lan egingo dutenak.

ENPLEGUA ETA EREDU EKONOMIKOA

Jarduera ekonomikoa garapen ekonomiko jasangarria lortzeko bideratu behar da; betiere, herritarren interesak elitekoak diren pertsona pribilegiatu gutxi batzuen interesen aurretik jarrita. Gure errealitatean, enpleguak geroz eta baldintza prekarioagoak ditu. Behin-behinekotasunean, kontratu prekarioetan, segurtasunik ezean, lan istripuen igoeran, eskubideen urraketan eta horien defentsagatik egindako aldarrikapenaren jazarpenean oinarritutako errealitatea dugu gaur egungoa. Euskadin, % 12,5eko langabezia tasa dugu (BAIren arabera). 25 urtetik beherako pertsonen kasuan, egoera are larriagoa da, kopurua % 36ra igotzen baita. Egia da datu horiek, beste arlo batzuetakoak bezalaxe, ez direla estatuko okerrenak. Alabaina, 2016ko abuztuan ikusi dugu euskal langileek erosteko ahalmena galdu dutela 2012az gero. Eta ezaugarri horri dagokionez, estatuko buru gara. Gizarte eredu bidezko, jasangarri eta ekitatiboan, enplegua izaten jarraituko dugu, baina enplegua ez da egongo gainbalioak sortzearekin lotuta, baizik eta premiak asetzearekin eta gizarteari begira jasangarriak diren zereginak banatzearekin lotuta. Geure buruari galdetu behar diogu ea zer premia diren pertsona guztiek aseta eduki beharrekoak, zer ekoizpen eredu garbik eman diezaiekeen erantzuna premia horiei, zer enplegu diren gizarte mailan nahi ditugunak eta enplegu hori zenbana eta nola banatu behar den, bizitza ardatz hartzen duten gizarte bidezkotasunaren irizpideetan oinarrituta. Hori guztia, nola ez, industria sektore handien, lehen sektorekoen eta zerbitzuen eraldaketarekin loturik egongo da. Enplegu desiragarri berriak sortu beharko dira giltzarriak diren hainbat sektoretan, bizitza jasangarria izan dadin. Horregatik guztiagatik, iruditzen zaigu enplegua zutabe garrantzitsua izango dela eredu horren sorkuntzan; baina ez zeinahi enplegu. Elkarrekin Podemosen lanpostuen eta aberastasunaren banaketaren aldeko apustua egingo dugu. Eta banaketa horretan, enplegu duina eta jasangarria sortuko dugu, ekoizpen lana baino gehiago pertsonak jarriko dituena erdigunean. Elkarrekin Podemosetik mito bati egingo diogu aurre; zehazki, jasangarritasuna aurrerabide ekonomikoaren bizkar baino lor ezin daitekeela dioen mitoari. Gaur egun badaude oinarrizko froga batzuk, ekonomien «ekologizazioak» aberastasuna eta lan aukerak sortzea galarazten ez duela diotenak; aitzitik, helburu horiek betetzeko eta krisialditik ateratzeko modu jasangarri bakarra dela diotenak.

25

Enplegu politika

Ezaugarri hauek izango dituen enplegu politika baten aldeko apustua egingo dugu: Pixkanaka aurrera egitea, 35 lanorduko jarduna aplikatzera iritsi arte, soldata murrizketarik gabe. Horixe izango da enplegua sortzeko eta errentak banatzeko neurria, nola sektore publikoan, hala pribatuan, kontratu publikoetako gizarte klausulen bitartez. Kontratu berriak sortzearekin lotutako lanaldi murrizketak sustatuko dituzten politika publikoak txertatzea (txanda kontratuak, etab.). Gobernu zentralari eskatuko diogu Zapateroren eta Raxoiren gobernuek onartutako lan erreformak indargabetzeko eta lan ikuskaritzak ugaltzeko, enpresa gehiegikeriak esesteko asmoz. Berebiziko arreta eskainiko diegu landa eremuei eta kualifikazio txikiko enpleguei, horietan gertatzen baitira gehiegikeria gehienak. Langabeziaren aurkako borroka plana. Horretarako, mendekotasuna, hezkuntza, osasuna, energia berriztagarriak, kooperatibak, garraio publikoa eta pareko sektoreetara bideratutako zerbitzu publikoetan egin beharreko gastua handitu beharko da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea, lan baldintzen negoziazio eskubideak eta hitzartutakoa beteko dela bermatzen dituena, eta gehieneko soldatak arautzen dituena. Osasuna, hezkuntza eta bestelako zerbitzu publikoak indartzea, gaur egun sarraskituta dauden langile taldeak handituz eta, era horretan, kalitate handiagoko zerbitzua, arreta pertsonalizatuagoa eskainiko duena, bermatzea. Kooperatibismoa sustatzea eta langile horiei babesa ematea krisialdian murgilduta dituzten enpresak berreskura eta kudea ditzaten. “Ondasun komunaren ekonomia” izeneko ekimenak babestea. Sindikatuekiko elkarrizketa. Horixe izango da enplegu politiken giltzarria; hala, horien gomendioei jarraitu beharko zaie, nola enpleguaren kalitatea hobetzeko, hala langabeziari aurre egiteko. Ildo horretan, hauxe gure proposamena: Enplegu duinak eskatzen ditugu; alegia, egonkorrak, ziurrak eta eskubidedunak. Horrek ezinbestean dakar politikak hitzartzean eskakizun hori kontuan hartzea, enplegu publikoetan, enplegua pizteko politiketan, zerga politiketan edo administrazioek inbertsioa bultzatzeko eta kontratazioak egiteko lantzen dituzten politiketan. Garrantzitsua da enpresek txanda kontratua erabil dezaten bultzatzea, eta hori belaunaldien arteko elkartasunerako egiazko tresna bat izatea, gazteen alde jokatuz. Hala, erakundetik erretiroa hartzeko adina aurreratzea sustatuko dugu, eta kontratazio finkoko baldintza beretan pertsona gazte bat kontratatzea erretiroa hartu duen pertsonaren tokian. Administrazio publikoek lana banatzeko programak ezartzea bultzatu beharko dute. Langile taldeen tamaina dela tarteko, beharrezko doitzeak egin ditzakete, eta ordainsarien mailari esker, pertsona ugarik eska dezakete lanaldi murriztuetan jardutea edo lan utzialdia egitea. Kontratazio publiko berriak astean 32 orduko lanaldietan finkatu beharko dira. Beharrezkoa da lan eskaintza publikoak indarberritzea eta, horrela, aurre egitea zerbitzuak enpresa pribatuei azpikontratatzeari eta amortizatzeari, non lan prekario eta gaizki ordainduak baitira nagusi. Lan bizitza eta bizitza pertsonala kontziliatzea. 0 urtetik aurrerako haurrentzako eskolen sare publiko bat sortzea, dauden premiak asetzeko. Lan bizitza eta bizitza pertsonala kontziliatzeko zerbitzu publikoak sortzeaz gainera, bestelako neurri batzuk ere bultzatu behar dira; hala nola lan utzialdietarako, murrizketetarako eta ordutegiak malgutzeko baldintzak hobetzeko neurriak. Amatasun eta aitatasun baimena ere handitu egin beharko litzateke.

26

Zerbitzu publikoak bultzatzea, enplegua sortzeko

Gizartearen eskaerei erantzuteko, oinarrizko premiak asetzeko eta aukera berdintasuna sustatzeko ezinbestekoa da zerbitzu publikoak hobetzea eta ugaltzea. Alde batetik, oinarrizko zerbitzu publikoak hobetu behar dira (hezkuntza, osasuna, mendekotasuna...). Horretarako, beharrezko bitarteko materialez hornitu beharko dira, eta langile taldeei biztanleko errentari dagokionez Euskadiren parekoak diren Europako herrialdeen ratioak eman beharko zaizkie. Eta, bestetik, zerbitzu publikoetan enplegu egonkorra bermatzea. Enplegua sortzeko eta herritarrei zerbitzu berriak emateko, baina, beharrezkoa da besteak beste kulturaren, aisialdiaren, ingurumenaren eta energia berriztagarrien arloko eskaerak ere asetzea. Gure aburuz, zerbitzu eta sektore horiek enplegu iturri berriak dira, helburu bikoitz hori lortzen lagunduko dutenak: erabateko enplegua izango duen gizartea izatea, bizi-kalitate onarekin eta gizarte eskubideekin. Horrenbestez, gizarte eragileen laguntzarekin, premia horiek guztiak asetzeko konpromisoa hartzen dugu. Alderdi horri dagokionez, hurbileko zerbitzuen garapenaren aldeko apustu irmoa egingo dugu. Zerbitzu horietako askok zerbitzu publikoen ezaugarriak dituzte (haurtzaindegiak, adinekoen zaintza, tokiko garraioak, tokiko kultur eskaintzak, gizarteratzeko zailtasunak dituzten gazteentzako laguntzak, etab.).

27

Berdintasuna enpleguan

Enplegua sustatzeko bultzatuko dugun politikak lehentasuna emango die enplegu duina lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei. Hala, enplegu planak programa espezifikoak landuko ditu honako kolektibo hauentzat: emakumeak, gazteak, iraupen luzeko langabeak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, etorkinak eta baztertuak izateko arriskuan dauden bestelako kolektibo batzuk. Berdintasunaren helburuak lotura izan behar du bizimoduetan, gizartearen parte-hartzean, aisialdian... eragina duten faktoreekin. Horregatik, ezinbestekoa da gizarteari hainbat zerbitzu ematea (hala nola haurrentzako eskolak), lanorduetan malgutasuna izatea (lan bizitza eta bizitza pertsonala kontziliatzeko), eta kontratazioaren arloan neurri espezifiko batzuk zehaztea. Enplegu planetan plan espezifiko bat ezarriko dugu, genero berdintasunaren aldeko ekintza osotu bat antolatzeko. Plan horretan udalek, erakunde sindikalek eta patronalek parte hartu beharko dute. Norabide horretan doazen neurriak bultzatuko ditugu administrazioetan, eta neurri horiek hitzarmen kolektiboetan txertatzen lagunduko dugu. Emakumeek ordezkaritza txikia duten sektoreetan kontratazioa bultzatzeko bideak zabaltzeko eta indartzeko lan egingo dugu, bai eta Berdintasunerako Lan Ikuskaritzaren irudia ezartzeko ere. Tokiko erakundeetan eta gizarte eragileetan Berdintasun Eragileak sortzen lagunduko dugu, eta enpresetan etengabeko prestakuntza bermatzea sustatuko dugu, bai eta lan merkatuan hasi nahi duten emakumeen lanerako prestakuntza bermatzen ere.

28

Dibertsitate funtzionala

Krisi egoeretan, enplegua are gehiago zailtzen da zenbait kolektiborentzat. Elkarrekin Podemos koalizioak ahalegina egin behar du lan merkatuan lehendik dagoen bazterkeria areagotu ez dadin. Horregatik, pertsona horien enplegua sustatu behar dugu, hainbat ekintzaren bitartez: Indarrean dagoen legeria betetzeko eskatzea, administrazioan eta enpresa pribatuetan lanpostuen ehuneko bat gordetzeari dagokionez. Baldintza hori ezinbestekoa izango da kontratu publikoak, diru laguntzak eta zerga onurak izateko. Egoeraren balantze sektoriala egitea, bigarren fase batean erreserba kupoak handitzeko eskatu ahal izateko. Euskal Enplegu Zerbitzuan funtzionamendu espezifikorako behar adina bitarteko egokitzea, pertsona horiek prestatzeko eta enpresetan txertatzeko. Administrazioetan: lanpostuak behar bezala katalogatzen direla ikuskatzea, dibertsitate funtzional mota bakoitzarentzat egokienak zein diren ebaluatzeko. Hautapen prozesuetan kupoak bermatzea. Probak egokitzea eta hautapena egin behar duten epaimahaien kualifikazioa egokia dela zaintzea. Zentro Okupazionalei eta Enplegu Zentro Bereziei jarraipena egitea, babesa ematea eta horiek arautzea, lan merkatu arrunterako zubi izan daitezen, hala egiteko moduan dauden pertsonekin, eta ez daitezen izan gaizki ordaindutako lanbideak. Etengabeko prestakuntzarako plan espezifikoak bermatzea hainbat lanpostutan diharduten pertsona ezindurentzat. Lanpostuak egokiak direla eskatzea eta hala dela gainbegiratzea, segurtasuna zein higienea eta istripuen prebentzioa ziurtatzeko.

29

Gazteen enplegua

Hauek dira gazteen lan egoeraren ezaugarri nagusiak: prekarietate handia, jarduera tasa txikia zein langabezia tasa handia, eta eskuratutako prestakuntzaren eta diharduten lanpostuen kualifikazioaren arteko deskonexioa. Beharrezkoa da gazteengan eragina izango duten neurri orokorrak sustatzea, bai eta I+G+B arloan inbertsio handiagoa egitea, kontratazioan iruzurra esestea, lan eskubideei buruzko informazio gehiago ematea eta hitzarmen kolektiboetan gazteek toki handiagoa izan dezaten bultzatzea ere. Modu espezifikoagoan, Elkarrekin Podemosetik proposatzen dugu txanda kontratua indartzea belaunaldien arteko elkartasun tresna gisa eta, hartara, gazteen enplegua ugaritzea eta hobetzea. Funts publiko bat sortuko dugu, kreditu bigunak bermatzeko eta errazteko eta autoenplegua nahi duten edo kooperatibak eratu nahi dituzten gazteei aholkularitza emateko. Gazteen nekazaritza ustiategiak babestuko ditugu diru laguntzekin, kredituekin eta lur lagapenekin. Gazteen Enplegurako Plan Bereziak sustatuko ditugu Euskadiko langabezia indize handieneko eremuetan. Lanaldia eta ikasketak bateratzeko kontratuak sustatuko ditugu eta, batez ere, azken horiek bermatuko ditugu. Enpresetan prestakuntza praktikak egiteko programak babestuko ditugu, administrazioaren, erakunde sindikalen eta patronalen ikuskaritzapean, enplegu ezkutuak izan ez daitezen. Prestakuntza arautuan, gizarte eta lan arloko gaiei buruzko moduluak indartuko ditugu, eta gizarte eragileek bertan parte har dezaten bultzatuko dugu.

30

Azpikontratazioa murriztea

Ikusten ari gara enpresek, laneko kostuak murrizteko asmoz, geroz eta joera handiagoa dutela euren jarduerak enplegu prekarioagoak dituzten beste konpainia batzuei azpikontratatzeko. Enpresa dinamika horri jarraitu diote administrazio publikoek ere herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuetako batzuk emateko, eta horrek arrisku gehigarria dauka: zerbitzuen kalitateak okerrera egitea, hain justu. Elkarrekin Podemos koaliziotik aldarrikatuko dugu euskal administrazio publiko guztietan azpikontratazioa murriztea. Euskadiko administrazio publikoetako azpikontratazioa maila bakarrera mugatzea babestuko dugu.

31

Lan ezbeharren aurka borrokatzea

Lan munduak ezbehar kopuru handiak eta osasun kalte ikaragarriak ekarri ohi ditu, eta hori ez genuke onartu behar. Prekarietatea eta kontratuen txandakatzea dira hori gertatzeko arrazoi nagusiak, bai eta enpresaburu eta administrazio publikoek prebentzio kudeaketaren arloan izaten duten gabezia ere. Lana antolatzeko modu berriek ere badute eraginik. Izan ere, lehentasuna izaten dute malgutasunak (eta ez osasunak), kontratuen eta azpikontratuen arteko prebentzioan dagoen deskoordinazioak, ordezkari sindikalek prebentzioaren arloan parte hartzeari edo haiei kontsultatzeari uko egiteak eta baliabide gabeziak. Lan arloan, ezin dugu kalitatezko enpleguaz hitz egin kontratuen egonkortasunean osasunaren babesa ere txertatu ezean. Ildo horretatik, hauxe proposatzen dugu: Administrazioak prebentziorako duen aurrekontua nabarmen handitzea, Osalanen plangintzan, jarraipenean eta kudeaketan parte-hartzea eta hiruko hitzarmena sustatzea. Osakidetzako sendagileek duten ezgai agirien eta senda agirien kontrola Mutualitateetara eramateari uko egitea, Osakidetzan gera daitezen. Lehen mailako arretako sendagileak prestatzea lanbide jatorria duten gaixotasunak hautemateko, eta lekualdatzean orientazioa eskaintzea, GSINen gertakizunak aldatzeko. Onkologia Unitateek amiantoaren, bentzenoaren eta binilo kloruroaren eraginezko gaixotasunen lanbide jatorria senitartekoei eta Osalani jakinarazteko modua ezartzea. Prebentzio zerbitzuek minbizi-eragiletzat erregistratutako lanpostuetako langile guztiei zaintza mediko postokupazionala ematea. Lan Saileko administrazioak “bere kabuz” esku hartzea hildakoak izan diren istripuetan eta istripu larrietan, segurtasun neurririk egon ezean zigorrak eta prestazio emendatzeak eskatuz, eta Fiskaltzara lekualdatzea (zigor zantzuak egonez gero, baita pertsonatuz ere). Ezbehar kopuru handiak dituzten enpresa eta sektoreetara ere zabaltzea laneko arriskuen prebentzioari buruzko administrazioaren ikuskaritza lanak. Gizarte eragileekin hitzartutako hainbat urtetarako programak sustatzea, lan arloan dauden droga menpekotasunezko arazoei aurrea hartzeko eta tratamendua emateko. Laneko arriskuen prebentzio planen jarraipena eta ikuskaritza lana sustatzea. Sindikatuekin eta patronalekin hitzarmenak egitea, Laneko Ikuskaritzaren eta Osalanen ekintzak ugaltzeko eta beharrezko baliabideak emateko.

32

Energia, jasangarritasuna eta lurralde antolamendua

Giza komunitateak naturaren parte dira. Bertako ekosistemetan txertatzen dira, eta horietatik eskuratzen dituzte euren premiak asetzeko beharrezkoak dituzten baliabide guztiak; esan nahi baita, horixe da euskal gizarteak naturarekiko oreka eta harmonia bilatu behar dituen espazio fisiko eta ekologikoa. Bizitza ulertzeko moduan aldaketa sakon bat egitea dakar horrek: beharrezkoa da naturarekiko interkonexio eta elkarrekiko mendekotasun sentimendu handiagoa izatea, bai eta bertan bizi diren gainerako izaki bizidunekiko ere. Gure hauteskunde programan, bizitzaren ikuspegiaren aldaketa horrek aldatu egiten du, halaber, lurraldearen erabilerari, kutsaduraren aurkako borrokari, biodibertsitateari, naturaguneei edo animaliei ematen diegun tratuari begira dugun ikuspegia. Gure gizartea jasangarria izango den egoera honelakotzat daukagu: giza premiak asetzeko baliabideen kontsumoak ez du gainditu behar ekosistemen berrezartze gaitasuna, eta are gehiago, sistema horretan ekonomiaren funtzionamenduak, ahal duen heinean, sistema naturalek jarduten duten moduaren antzekoa izan beharko du. Hori posible izateko, beharrezkoa da gaur egungo kontsumo mailak nabarmen murriztea, bai eta gure lurraldearen baliabide berekietara behar bezala egokitzea ere. Horregatik, Jasangarritasunaren Euskal Behatoki bat sortuko dugu, jasangarritasuna modu global, erreal, egiazko eta independente batean aztertzeko asmoz. Ingurumen aldaketa orokor bat bultzatzen ari gara, eta hori sakonetik aldatzen ari da orain arte ezagutu izan dugun biosfera. Biodibertsitatearen galera, klima aldaketa antropogenikoa, oinarrizko lehengai batzuk agortzea eta nitrogeno zikloaren alterazioa ditugu, besteak beste, dagoeneko urratzen ari garen mugetako batzuk. Gure ekonomia planetaren mugen barnean garatzeak duen garrantziaz zenbat eta lehenago jabetu —muga batzuk dagoeneko gainditu ditugu—, orduan eta lehenago hasiko gara oraingo eredua eredu jasangarriago, ekitatiboago eta demokratikoago bihurtzen. Aldaketa horretan aurrera egin gabe igarotzen dugun minutu bakoitzeko, orduan eta zailagoa, gogorragoa eta garestiagoa egingo zaigu aldaketa. Giza ekonomia bideragarria izango da, hain zuzen, ekonomia gai bada ekosistemek antolatzeko erabiltzen dituzten parametroekin funtzionatzeko. Hala, irizpide hauei erantzun beharko die: Materialen eta uraren zikloak itxi, eta energia zein material kontsumoa murriztea. Energia hornidura ingurumen inpaktu txikia duten iturri berriztagarrietatik etor dadila lortzea. Ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko distantziak murriztea. Ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko oreka ezarri eta bermatuko duten mekanismoak berreskuratzea. Badaude ildo horretan garatutako teoriak eta praktikak (esaterako, ekonomia ekologikoa edo ekonomia berdea), eredu ekonomiko jasangarrien bideragarritasuna frogatzen dutenak. Elkarrekin Podemosek honako irizpide hauek txertatuko ditu bere ekintza politikoan, eta gauza komunen defentsan lan egingo du, gizarte justizian, demokrazia parte-hartzailean eta ekonomia jasangarrian oinarritutako eredu baten aldeko apustua eginez (eredu horrek, aldi berean, enplegu aukerak sortuko ditu): Gure energia eredutik energia berriztagarrietarako aldaketa. Mugikortasun jasangarria (motorrik gabeko garraioa eta garraio publikoa). Etxebizitzak energia aurrezpenerako eta bioeraikuntzako irizpideen arabera eraberritzea. Biodibertsitatea babestea eta lehengoratzea. Nekazaritza ekologikoa eta turismo jasangarria.

33

Energia eta klima aldaketa

Klima aldaketa dugu gure gizarteak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat. Nazio Batuetako Klima Aldaketarako Aditu Taldeak urteak daramatza ohartarazten giza jardueraren ondorioz Berotegi Efektuko Gasen igorpenak ugaltzen ari direla eta, beraz, nabarmen ari dela igotzen planetako batez besteko tenperatura. Adituen arabera, berotze orokor horrek muturreko klima aldaketa ekarriko du, eta horren ondorioz, fenomeno klimatiko bortitz gehiago izango dira (ekaitzak, lehorteak, uholdeak...), itsas maila igo egingo da, biodibertsitatea galduko dugu, krisialdi humanitario zein ekonomikoak izango ditugu, eta iheslari klimatikoen kopurua ugaldu egingo da, elikagai eta ur gabezia izango dutelako. CO2 dugu berotegi efektuko gasen artean igorpen handienekoa. Erregai fosilak erretzean sortzen da, batez ere; nahiz eta sortzen den bestelako industria eta ekoizpen prozesu ugaritan ere. Halere, ezin ditugu begi bistatik galdu bestelako gas batzuk: metanoa (abeltzaintza intentsiboarekin eta gas naturalaren erauzketarekin erlazio handia duena), nitrogeno oxidoak (Diesel motorren erabilerarekin harremana dutenak), ongarri kimikoak edo gas fluordunak (esaterako, HFC; nahiz eta urriagoak izan CO2-k baino 5.000-10.000 aldiz eragin handiagoa dutenak eta atmosferan dozenaka mila urte irauten dutenak). COP21 Goi Bileraren ondorioz berriki sinatutako Parisko Hitzarmenak proposatzen du berotegi efektuko gasen igorpenak murriztea, tenperatura 2 ºC igo ez dadin (eta ahal bada, 1,5 ºC) industriaurreko mailekin alderatuta. Horretarako, herrialde sinatzaileei eskatu zaie geroz eta zorrotzagoak diren igorpen murrizketak egiteko konpromisoa hartzeko. Europar Batasunak (EB), zehazki, bere berotegi efektuko gasak 1990eko mailekin alderatuta % 40 murrizteko konpromisoa hartu du 2030. urterako. EBk hartutako konpromisoa, beraz, datozen urteotan bete beharreko gutxienekotzat ulertu behar da. Hala, 2050. urterako ia karbonorik gabeko ekonomia izango dugu, eta igorpen maila gutxienez % 80 jaitsiko da 1990. urtearekin alderatuta. Gainera, konpromiso hori maila guztietan onartu beharko da. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere helburu horiek betetzera eta are gainditzera ere behartuta egongo gara. Euskadin, 2013. urteko datuak aztertuz, ikus dezakegu berotegi efektuko gasen igorpenen % 91k harremana dutela energiaren erabilerarekin; % 4k, nekazaritzarekin; eta % 5ek hondakinen kudeaketarekin. Energia erabilerak zatituz, % 35 energia transformazioari dagokio; % 22, industriari; % 28, garraioari; eta % 7, bizitegi eta zerbitzuen sektoreari. 1990. urteaz gero, garraioak bikoiztu egin ditu bere igorpenak; bizitegi sektoreak, berriz, % 50 ugaldu ditu. Industriak, aldiz, erdira murriztu ditu, eta nekazaritzak, heren bat. Horrenbestez, guztizko igorpenen kopurua % 10 jaitsi da 1990. urteaz gero. Datu hori estatuko batez besteko datua baino handiagoa da, baina oraindik ere urrun dago EBn erregistratutako joeratik. Beraz, presakoa da klima aldaketaren aurkako ekintza lege bat ezartzea, datorren hamarkadan EBren konpromisoak bete eta are gainditzen lagunduko diguna. Hala, karbono gutxiko ekonomiaranzko beharrezko trantsizioan eta igorpenen murrizketan erreferente izango da Euskadi. Gainera, berotegi efektuko gasen igorpenean energiaren erabilerak duen pisu handia dela tarteko, ezinbestekoa da Energia Trantsiziorako Plan bati heltzea EAEn. Plan horrek helburu hauek bete beharko ditu: klima aldaketa geldiaraztea, energia pobretasuna amaitzea eta Euskadiren energia mendekotasuna murriztea. Gainera, Energia Trantsiziorako Plan horrek eredu berri baterako aldaketa bideratu beharko du. Eredu berri hori, hain justu, herritarren esku banatuta dagoen energia berriztagarrien demokratizazioan, eraginkortasunean eta aurrezpenean oinarritutakoa izango da. Era berean, beharrezkoa da energia eskuratzeko dagoen desorekari begira ere jardutea, gure gizartean errotuta dagoen arazo hori baztertzeko. Horrenbestez, alerta sistema bat ezarri beharko da, energia edo ur horniduran egin beharreko zeinahi mozketaren berri emateko gizarte zerbitzuei. Elkartasunezko gizarte bonoak ezarriko dira, bizikidetza unitateko errenten arabera etxebizitzetara gas, elektrizitate eta ur hornidura iritsiko dela bermatzeko. Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza lanak egingo ditu enpresa hornitzaileen aurrean, bizikidetza unitateen egoera ekonomikoaren ondorioz ez ordaintzeagatik etxebizitzetan hornidura etenak saihesteko. Bizikidetza nukleoko gutxieneko bizi-kontsumo bat ezarriko da, jende guztiak izan dezan baliabide energetikoa izateko aukera.

34

Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Legea

Klima aldaketak gure gizartearentzat dakarren erronka handiak ezinbestean behar du erakunde autonomikoen maila goreneko erantzun bat. Klima aldaketa arintzeak eta horretara egokitzeak gure helburu nagusia izan behar du. Horregatik, Elkarrekin Podemosetik proposatzen dugu Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Lege bat garatzea, karbono gutxiko ekonomia baterantz joateko bidea ezarriko duena eta berotegi efektuko gasen igorpena bizkor murriztuko duena. 2015eko ekainean, Klima Aldaketarako Estrategia 2050 onartu zuten, 500 milioi euroko hornidurarekin. Elkarrekin Podemosen uste dugu klima aldaketaren aurkako borrokak maila handiagoko lege esparru bat eskatzen duela, finkatutako helburuak derrigorrez bete daitezen. Horrenbestez, iruditzen zaigu Lege horren helburuak izan behar duela urteko CO2 igorpenak 1.1. milioi tona murriztea. Horrek esan nahi du 2020. urteko igorpenek 1990ekoak baino % 35 gutxiago izan behar dutela. Era berean, berotegi efektuko gasak 2030erako % 65 eta 2050erako % 95 murrizteko gidalerroak ezarriko ditu, eta era horretan, Klima Aldaketaren aurkako EAEko estrategia EBkoarekin parekatuko da 2020rako, eta hurrengo hamarkadetan harago joango da. Berotegi efektuko gasen igorpenen murrizketarik handiena, hain zuzen, oraintxe aurkeztuko dugun Energia Trantsiziorako Planetik etorriko da, energiaren sektorea baita igorpenen % 90 baino gehiagoren eragilea. Halere, ekonomiako gainerako sektoreek ere murriztu egin beharko dituzte euren igorpenak. Proposatzen denaren pareko karbono gutxiko ekonomia bat izateko, ezinbestekoa da ekonomia zirkular baterantz jotzea, non fluxu materialak zein energia fluxuak lurraldean bertan itxiko diren, euren inportazioa murriztuz. Horren ondorioz, nazioarteko garraioa saihesten denez, kontsumitutako ondasunen karbono eta energia aztarna txikiagoa izango da. Era horretan, hurbileko kontsumoa, ibilbide txikikoa, sustatzeko asmoa dugu; eta lehen sektoreari dagokionez, hurbileko nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren sektore estentsiboaren aldeko apustua egin nahi dugu, horrek berotegi efektuko gasen igorpenen tasa txikiagoa izatea ekarriko baitu, bai eta erregai fosilekiko mendekotasuna txikiagoa izatea ere. Azken batean, gure lurraldearen Aztarna Ekologikoa murriztearen aldeko apustua egingo dugu. Urtean behin, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu ekonomikoak aurkeztean, karbono aurrekontu bat ere txertatuko da. Bertan, sektore publikoaren zein pribatuaren igorpenak ebaluatuko dira, eta murrizketa konpromisoetan izandako aurrerapausoak egiaztatuko dira. Sektore publikoari dagokionez, igorpen mugak derrigor bete beharko dira; sektore pribatuaren kasuan, berriz, desbideratze nabarmenak sumatuz gero, igorpenak murriztea bultzatzeko laguntza eta neurri espezifikoak aztertu beharko dira. Gainera, ekosistemak lehengoratzeko plan bati heldu behar diogu, klima aldaketara hobeto egokitzeko. Gure autonomia erkidegoan izango den eraginik handiena itsaso mailaren igoeraren ondoriozkoa izango da. Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Legearen baitan, kostaldeko ekosistemak lehengoratzeko plan bat ezarriko da, kostaldean izaten diren ekaitzen eragina murriztu ahal izateko. Kostaldeetan itsas padurak edo duna sistemak lehengoratzeak asko murritz ditzake ekaitzen ondoriozko galera ekonomikoak.

35

Energia Trantsiziorako Plana

Erabilera energetikoek EAEko berotegi efektuko gasen igorpenean duten pisu handia aintzat hartuta, lehentasunezkoa da arlo horretan jardutea, klima aldaketari aurre egin ahal izateko. Horrenbestez, beharrezkoa da Energia Trantsiziorako Plan bat garatzea, gaur egun energiaren sektoreari eragiten dioten arazoei aurre egingo diena; hala nola kanpoaldearekiko eta erregai fosilekiko mendekotasun handiari, oinarrizko ondasun baten (energia) gehiegizko kostuari eta pertsona ugarik berori eskuratzeko duten zailtasunari, bai eta energiaren oligopolioak egiten duen gehiegizko kontrolari ere. Energia Trantsiziorako Plan honek energia eredu berri baterako aldaketarako oinarriak ezarri behar ditu. Eredu hori, berriz, aurrezpenean, energia eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan (herritarren esku eta banatuta daudenak) oinarritutakoa izango da. Energia ereduaren aldaketa gidatzea izango da helburua, epe luzerako ikuspegiarekin. Hartara, erregai fosilekiko eta kanpoko energiarekiko mendekotasunetik bertako energia autoaskitasunerako jauzia egin behar dugu. Autoaskitasun hori energia berriztagarriek eta energia eraginkortasunak emango digute, eta hori behar-beharrezkoa da, nola ingurumen arrazoiak direla tarteko, hala arrazoi ekonomiko eta sozialak direla tarteko. Klima aldaketaren aurka borrokatzeko funtsezko tresna da, eta aldi berean, enplegu berdea eta garapen teknologikoa sortzeko iturri, bai eta premiazkoa ere hornidura segurtasun handiagoa lortzeko. Politika energetikoak beste politika batzuen erdiguneko bektorea izan behar du; esaterako, garraioarena, kontsumoarena edo nekazaritzarena berarena. Hala, ez da lortuko soilik energia eraginkortasuna, baizik eta baita energia kontsumoaren egiazko murrizketa ere.

EAEko hasierako errealitatea abiapuntu hartuta, plan honek gutxieneko helburuak ezarriko ditu gure autonomia erkidegorako energia berriztagarrien ekarpenarekin eta aurrezpen mailekin lotuta. Zehazki, urtean 125 ktep murrizteko helburua ezartzen da; alegia, 2014ko[1] mailekin alderatuta, % 10eko energia murrizketa eta 2020rako energia berriztagarrien % 20ko ekarpena. Hori guztia batik bat autokontsumoan eta sakabanatutako instalazio txikietan oinarrituta. Era berean, honako hauek lortzeko oinarriak ezarriko ditu planak: 2014. urtearekin alderatuta, energia kontsumoan % 25eko murrizketa eta energia berriztagarrien ekarpena % 50ekoa izatea 2030erako; eta 2014arekin alderatuta, energia kontsumoaren % 35eko murrizketa eta energia berriztagarrien ekarpena % 100ekoa izango duen energia sistema bat izatea 2050erako. Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) funtzionamenduan berrazterketa orokor bat egitea sustatuko dugu, eta huraxe izango da Plan honen eragile bultzatzaile nagusia. Horretarako, erakundean erreforma bat egitea proposatzen dugu, bere zeregina plan honen helburuak betetzera bideratzeko. Gainera, itxi egingo da Euskadiko Hidrokarburoen Elkartea, hidrokarburoen bilaketa Trantsizio Planaren helburuetatik kanpo geratuko baita.

36

Mugikortasun jasangarria eta azpiegiturak

Kezkatzekoa da zer nolako gorakada izan duten energiaren kontsumoak eta garraioen sektorearekin lotutako isuriek. Ibilgailuen kopurua % 70 handitu da 1990etik, eta horiei dagokie energiaren kontsumoaren % 35. Ondorioz, garraioari lotutako gas isuriak bikoiztu egin dira. Hortaz, beharrezkoa da mugimenduari eta irisgarritasunari buruzko hausnarketa bat egitea erkidegoan. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua abiarazteko, bestelako lurralde eta hiri eredu bat ezarri beharra dago, oinarrizko bi alderdi dituena: joan-etorrietan distantzia laburragoak egin behar dira (horrek mugitzeko beharra murriztuko luke) eta kontsumorako zirkuituek tokian tokikoak izan behar dute nagusiki, soilik horrela sustatu ahal izango baitira motorrik gabeko joan-etorriak (oinez eta bizikletaz eginak). Mugikortasun sistema bat jasangarria eta bideragarria izango da, baldin eta motorrik gabeko garraioan oinarritzen bada; gainerako proposamen guztiak (garraio publikoaren elektrifikatzea; trena, metroa, bizikleta, autobusa eta tranbia lotzeko plataforma intermodalak) ideia nagusi horren osagarriak dira. Euskadin, pertsonak zein salgaiak errepidez garraiatzen dira, ia osotasunean, eta modalitate horrek sortzen ditu garraioari lotutako berotegi efektuko gasen isuri guztien % 85. Horrek berekin dakar gure lurraldeak izatea lurzoruaren artifizializazio maila handienetakoa Europan. Bestalde, jendeak lanera joateko, erosketak egiteko eta aisialdiko jarduerak gauzatzeko egiten ditu ohiko joan-etorrien % 80 (% 36, % 25 eta % 24, hurrenez hurren). Jarduera horietarako ibilgailu pribatua erabiltzen da nagusiki. Gure mugikortasun sistema ez da batere jasangarria, eta haren ondorio kaltegarriak murrizteko, honako neurri hauek hartu behar dira: Aintzat hartuta gure erkidegoko biztanleen % 80k kilometro bat baino gehiago egin behar dutela lanera joateko, 2020. urtea baino lehen herrialdeko industrialde guztiek hiri barruko edo hiriarteko autobus zerbitzua eskaini beharko dute ordutegi egokietan. Horrez gainera, ezinbestekoa da 50 langiletik gora dituzten enpresek mugikortasun plan bat abian jartzea; plan horrek barne hartuko ditu zenbait neurri, hala nola telelana, laneko ordutegien arrazionalizazioa, enpresako autobusa edo auto partekatuaren erabilera, eta hura ezartzeko gehieneko epea 5 urtekoa izango da. Herri Dirubideen Euskal Kontseilutik lan egingo dugu, neurri horien kostua gastu kengarria izan dadin Sozietateen gaineko Zergan.
Garrantzitsua da, halaber, euskal hiriburu eta hiri nagusietako garraio publikoa sustatu eta hobetzea, baita hiriartekoa ere, eta horretarako mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu erabatekoa egin behar da. Ildo horretan, Elkarrekin Podemosetik beharrezkoak diren hitzarmen instituzional guztiak bultzatuko ditugu, garraio sare guztiak (hiriko eta hiriarteko autobusa, BRT, tranbia, aldiriko trena, metroa/topoa, bizikleten mailegua) behin betiko elkartzeko, txartel bakarra ezarriz eta garraiobide bakoitzaren lineak zein zerbitzuak eta ordutegiak berriro finkatuz, zerbitzua arrazionalizatzeko (prezioa, konektagarritasuna eta intermodalitatea). Edonola ere, ezinbestekotzat jotzen dugu garraioen politika berraztertzea, eta erakundeen artean hitzarmen bat egitea, zerbitzua eskaintzeko euskal geografia osoan barrena sakabanatuta dauden biztanlegune txikiei.
Hiri sarri, trinko eta konplexuaren eredua babesten dugu, hainbat erabilerako hiria, hurbileko merkataritza eta motorrik gabeko joan-etorriak bultzatuko dituena. Aztertu egingo dugu ea bideragarria den txikizkako salgaiak banatu eta entregatzeko plataformak (Kooperatiba MiniLogistikoak) sustatuko dituen oinarrizko araudi bat ezartzea, hiriguneetan ibilgailu komertzial gutxiago sar daitezen. Era berean, behar-beharrezko ondasunak merkaturatzeko zirkuitu laburren alde gaude, eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabilera zabaldu nahi dugu herritarren artean eta administrazioan, irisgarritasunari eta komunikazioari eusteko, baina beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuz. Automobil pribatuen parkearen murrizketa diruz laguntzeko asmoa dugu, hainbat zerbitzu osagarri sustatuta, hala nola automobilak mailegatzeko eta partekatzeko (“car sharing”) ekimenak (publikoak edo pribatuak). Bestalde, luzamendua aginduko dugu proiektatuta edo eraikitze fasean dauden garraio azpiegitura handientzat. Pasaiako portua handitzea baztertzen dugu, ondorio larriak izango bailituzke itsasoko ekosistemetan eta Jaizkibelgo kostan, zeinak duen Garrantzi Komunitarioko Gune (GKG) izendapena Natura 2000 Sarearen baitan. Era berean, etorkizunean Bilboko portua handitzea ere baztertzen dugu. Euskal aireportuak handitzea ere ez dugu aurreikusten; gehienez ere, egun dauden azpiegiturak optimizatuko dituen erabilera osagarria babestuko dugu. Kontra egingo diogu, bereziki, Hondarribiko aireportua handitzeari, Txingudiko hezegunean kaltea eragingo lukeelako eta hurbileko auzoetako herritarrek zarata handiagoa jasan beharko luketelako. AHTren Euskadiko zatiari dagokion proiektuaren kanpo auditoretza egingo dugu, epeak eta ibilbidea aztertzeko. Bien bitartean, proiektua atzeratuko dugu, eta azterketa independente bat aginduko dugu, ikusteko ea bideragarria den hura trenbide sare misto bihurtzea, ibilbideko hiri ertainetan zerbitzua emateaz gain egungo azpiegitura logistikoak (Bilboko eta Pasaiako portuak, Jundiz eta Arasurreko plataformak) Kantauriar itsasoko ertzarekin, Frantziako mugarekin eta Mesetarekin lotuko dituen sare misto, alegia. Ildo horretan, Hegoaldeko Tren Saihesbidearen berrantolamendua proposatuko dugu Bilboko metropoli eremuan.
Aitzitik, aldiriko trenen sarea bultzatuko dugu, bide bakarreko tarteak zabaltzea eta sare guztiak oso-osorik elektrifikatzea sustatuz. Donostialdeko Metroaren kasuan, aurka egingo diogu Eusko Jaurlaritzak handitze proiektua finantzatzeari, proiektuaren kostua neurrigabea baita, gizarteari ekarriko dion onura mugatua kontuan hartuta. Gure aburuz, bada Donostiako mugikortasun beharrak asetzeko beste modurik, merkeagoa eta metroa bezain jasangarria; hortaz, beste aukera batzuk sortzeko lan egingo dugu.

37

Lurralde antolamendua eta hirigintza

Euskal herritarrok bizitoki dugun lurraldea oso antropizatua dago; biztanle dentsitate handia du, eta garapen industrial oso indartsua. Aldagai horien ondorioz, aztertu egin behar dugu nola antolatu dugun lurraldea orain arte eta zer lurralde eredu sustatu behar dugun hemendik aurrera, denboran zehar gizarte eta ingurumen jasangarritasuneko irizpideak hartuta iraungo duen gizartea bermatzeko. Lurralde antolamenduan kontzeptu berriak sartu behar dira, hala nola natura eta kultura ondarearen babesa, mugikortasun jasangarria, biodibertsitatea, gizarte kohesio, ekoizpen eta kontsumoko zirkuitu laburrak edo ekonomia berdea, tokikoa eta soziala; hortaz, gaurdaino garatu dugun eredua zaharkituta dago. Vitoria-Gasteizen, Donostialdean eta Bilboaldeko metropoli eremuan bizi dira euskal herritarren % 70. Hirigune horietako bizigarritasun baldintzetan eragina dute kutsadurak, espazio publikoaren kalitaterik ezak eta mugikortasun motordunaren eztandak, eta faktore horiek murriztu egiten dute bertako biztanleen bizi kalitatea. Elkarrekin Podemosek hiri ereduaren hobekuntza nabarmena proposatzen du. Eredu berriak hiri trinkoa, mistoa eta erabilera anitzekoa du oinarritzat, bizikidetzako eta aniztasuneko espazioa izango dena, nagusiki. Ingurune hiritarreko eredu horretan, bizitza ingurumen eta giza kalitate handiko espazioetan garatzen da, non ahalik eta gehien murriztu den garraio motordunaren beharra eta garraio publikoak lehentasuna duen ibilgailu pribatuekiko. Hala bada, bizitegi eremuak pertsonen neurrira egindako guneak dira, ez autoen neurrira egindakoak, eta bertan motorrik gabeko garraioek dute nagusitasuna. Hirigintza jendearen zerbitzura dago, eta ez da ez finantzaketa modu bat, ezta enpresek onurak lortzeko bide bat ere. Hiri eredu horren xedea da materia eta energia ziklo autonomoak sustatzea, ur, energia eta materialen eskaria murriztea, hondakinen berrerabilera eta birziklatzea erraztea, eraikinen birgaitzea eta eraginkortasun energetikoa sustatzea, etab. Ezinbestekoa da gizabanakoen bizi kalitatearen gaineko eragin kaltegarriak ezabatuta dituzten espazio publiko handiagoak sortzea, aukera emango dutenak hurbileko ekosistemak sartzeko, hiriko baratze ekologikoak ipiniz, korridore berdeak ezarriz edo kokaleku dituzten jatorrizko ekosistemen zati bat mantenduz, besteak beste. Hori lortzeko, beharrezkoak iruditzen zaizkigu neurri hauek: Lurraldearen berezko egiturarekin, biodibertsitatearekin eta ingurumeneko ondasun nahiz zerbitzuak hornitzeko beharrezkoak diren prozesu ekologikoekin bateragarria den antolamendua sustatzea. Egiazko prozesu partizipatibo bat egitea, informazio gehiago eskainiz LAGei buruz eta, ondorioz, haien tresnei buruz (LPP, LPS), prozesu horren helburu nagusia lurzoruaren artifizializazioa ahalik eta gehien murriztea izanik. Lurralde Antolamenduko Gidalerroen Berrikusketan gizarte eta ingurumen jasangarritasuneko irizpideak sartzea, Parisen egindako Klimaren Goi Bileran adostutako helburuak betetzeko, natura eta kultura ondarea babeste aldera eta gizarte kohesionatua, anitza eta integratzailea sustatze aldera. Zaharkituta geratu diren Lurralde Plan Partzialak berrikustea eta pixkanaka Lurralde Antolamenduko Gidalerroetara egokitzea. EAEn klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko Lurralde Plan Sektoriala garatzea. Energia Eolikoaren Plana Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial bilakatzea. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialeko kartografia eta erabilera matrizea berraztertzea. Lurraldea antolatzeko politikaren orientazioa berritzea, arrazionaltasun eta jasangarritasun irizpideak aintzat hartuta, erabat ezinbestekoak diren hazkuntza urbanistikoak eta azpiegiturak bakarrik barne har ditzan. Legeetan beharrezko aldaketak sustatzea, lursailak hiri erabileretarako birkalifikatu behar direnean lehentasuna eman diezaioten jada narriatuta dauden lurzoruak edo bizitegi nahiz industria erabilera zaharkituak dituzten lurzoruak leheneratzeari eta birsortzeari, antropizatu gabeko landa lurrak hartu aurretik. Ingurune naturala kutsaduratik babesteko edo haren balioen narriadura ekiditeko dagozkien erantzukizunei erantzun diezaietela eskatzea lursailen jabeei. Lezo-Gaintxurizketako intermodala eraikitzeko proiektuaren aurka gaude. Eta Pasaiako eta Bilboko portuetarako lehorreko portu bakarra nahi dugu, Jundizen kokatua.

38

Biodibertsitatea eta naturaguneak

Azken bi hamarkadetan, EAEko natura eta landa eremu zabaletan azpiegitura handi ugari eraiki dira, haiek bizitegi eremu edo jarduera ekonomikoetarako eremu bilakatzeko. Naturako baliabideak urbanizatzeko eta ustiatzeko joera horren ondorioz, lurraldea zatikatuta geratu da, eta ekosistemetan barrerak sortzeaz gain, sistema natural asko eta asko desegin dira (horietako batzuk ingurumen balio handikoak), bai barnealdean, bai itsasbazterrean. Aurrekaririk gabeko biodibertsitate galera gertatzen ari da Euskadin eta planeta osoan, eta horren arrazoiak honako hauek dira: lurraldearen zatikatzea; habitat naturalen galera lurraldearen antropizazioagatik; espezie inbaditzaileen agerpena eta ugaritzea; baliabideen gehiegizko ustiapena; kutsadura, eta klima aldaketa. Elkarrekin Podemosen argi dugu biodibertsitatearen galera geldiaraztea beharrezkoa dela etorkizuneko belaunaldiei bizitzeko moduko planeta bat bermatu ahal izateko. Lurraldearen eta natura ondarearen babesari modu integralean heldu behar zaio, naturaguneak elkartuz eta natura erakusleihotzat hartzeari utziz. Galera hori geldiarazi eta ondarea kontserbatzeko, neurri hauek proposatzen ditugu: Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan ageri diren espezieentzat falta diren kudeaketa plan guztiak onartzea bultzatuko dugu, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2014 Legegintzako Dekretuak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, Natura 2000 Sareko Gune aitortuak kudeatzeko neurriak abiaraztea sustatuko dugu, gune horiek kudeaketa dokumentu bat baitute, non jasota dauden helburuak, gidalerroak, arauak eta jarduteko neurriak. Kudeaketa neurriak sustatzeko, beraz, lankidetza ekonomiko eta teknikorako hitzarmenak sinatuko ditugu hiru lurralde historikoetako foru aldundiekin, jarduteko neurriak lehenestean herrialde osoko biodibertsitatea har dezaten kontuan. Irmotasunez babestuko ditugu biodibertsitatearen babesa, haren balioaren nabarmentzea eta sustapena, baita kontserbazioa ere, ekonomikoki jasangarria eta sozialki bidezkoa izango den garapenaren oinarri gisa. Horretarako, beharrezkoa da biodibertsitatea kontserbatzeak eta hobetzeak herritar guztientzat dakartzan kostuak eta onurak aztertzea eta politika sektorial guztiak konprometituko dituen esparru finantzario bat definitzea, bermatuta gera daitezen biodibertsitatea babestu eta mantentzeko beharrezko funtsak.
Ikerkuntzari dagokionez benetan eraginkorrak izango diren inbertsioak esleituko dizkiogu Naturagune Babestuen Euskal Sareari. Biodibertsitaterako eta naturagune babestuetarako gastu eta inbertsio publiko zein pribatuen kontabilitate sistema bat ezarriko dugu, horien eraginaren eta eraginkortasunaren jarraipena eta ebaluazioa gardentasunez gauzatu ahal izateko. Biodibertsitatean eragin kaltegarriak dituzten jarduerak eta proiektuak identifikatuko ditugu, eta diru laguntza publikoak kenduko dizkiegu; naturagune babestuei kalterik egiten ez diotela adierazten duen ziurtagiri bat ezarriko dugu proiektu guztietarako, eta arreta berezia eskainiko diegu baliabide publikoekin finantzatutakoei. Naturagune babestuen kudeaketa hitzartua edo kontratuzkoa egiteko aliantza modu berrien ezarpena eta garapena sustatuko dugu. Natura 2000 Sarea naturagune babestuen sare eredu gisa modu aktiboan garatzearen aldeko apustu irmoa egingo dugu, eta bertako kudeaketaren eta helburuen betetze mailaren jarraipen eraginkor eta eragingarrirako sistema bat ezarriko dugu. Natura 2000 Sarearen egungo diseinua aztertuko dugu, bertan jasota gera daitezen balio naturala izanik kanpoan geratu diren guneak, eta sarean ordezkapen eskasa duten habitaten azalera handituko dugu, itsasgune babestuekin osatuz; hartara, sarearen egonkortasun ekologikoa eta funtzionala hobetuko da. Aiako Harria Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua handituko dugu, zonifikazioa egokituz Añarbeko Baso Erreserba ezartzeko, eta dagozkion antolakuntzako zein kudeaketako dokumentuak egokituko ditugu horretarako. “Gasteizko mendiak” izeneko gunearen NBAP idaztean lekuaren ezaugarriak eta planaren eragina jasoko duten pertsonen iritzia aintzat hartzea sustatuko dugu. ONDARE HISTORIKO ARTISTIKOA, ETNOGRAFIKOA ETA KULTURALA kudeatzeko eredua aldatuko dugu, berme eta balio handiagoa emateko. Eusko Legebiltzarrak Abinagako Kolonia urgentziaz Babesturiko Multzo Kultural izendatzeko eskatu zuen erabaki batean, eta erabaki hori betetzea eskatuko dugu. Natura 2000 Sarearen kudeaketa zuzena sustatuko dugu, eta lurralde koherentzia, osotasuna eta konektibotasun ekologikoa emango dizkiogu, haren egitura eta funtzionaltasuna mantenduz; horretarako, EAEko Korridore Ekologikoen Sarea aztertuko dugu, eta legezko babesaz hornituko dugu, naturaguneak ez daitezen hartu sakabanatuta dauden uhartetzat, korridore ekologikoen bidez elkartutako piezatzat baizik. Korridoreek, hortaz, paisaiaren zatikatzea ekidin, espezieen mugikortasuna ahalbidetu eta populazioen isolamendu genetikoa murriztuko dute. EAEko biodibertsitatearen osagaien kontserbazio egoerari jarraipena egiteko programa hobetuko dugu, adierazle objektiboak, argiak, fidagarriak eta egiaztagarriak erabiliz, eraginkorragoa izan dadin. EAEko espezie inbaditzaileen aurkako ekintza plan bat onartu eta abiaraziko dugu. Bertan, espezie exotiko inbaditzaileen prebentzioa, kontrola eta deuseztatzea landuko ditugu, eta jasota egongo da espezie exotiko inbaditzaileak salerosteko eta maskota gisa izateko debekua, baita helburu industrialetarako hazteko debekua ere. Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskal Katalogoa prestatuko dugu. Neurri irmoak hartuko ditugu ingurumenaren aurkako erasoen kontra, eta zehapen eraginkorrak eta disuasiokoak ezarriko ditugu Natura 2000 Sareko guneetan, Hezeguneen Plan Sektorialean jasotakoetan, parke naturaletan eta biotopo babestuetan. Natura 2000 Sareko guneen babes eta/edo erregulazio dokumentu guztien onarpena berraztertuko dugu, kudeaketarako programa espezifikoekin, eta urteroko aurrekontuak esleituko dizkiegu, alde batera utzirik interes ekonomiko pribatuak. Ingurumen arloko arazoen konponbideei buruzko ikerkuntza zientifikoa eta teknikoa sustatuko dugu. Basoen kudeatzaileak, basoetako hainbat teknikek biodibertsitatean dituzten ondorioak eta basoetako proiektu baimenduen bertatik bertarako exekuzioak kontrolatzeko eta ebaluatzeko sistema bat ezarriko dugu, ingurumen arloko organo independente batetik. Biodibertsitatearen berrezarpena sustatuko dugu, Euskadin falta diren ekosistemen oinarrizko funtzio ekologikoak leheneratuz, hala nola harraparitza naturala edo hazi eta/edo fruituen sakabanaketa; horretarako, erabateko babesa emango diegu prozesu horietan funtsezkoak diren espezie basatiei, haragijale handi eta txikiei eta biodibertsitateko beste osagai batzuei (otsoak, turdidoak, azeriak, etab.), besteak beste. Bidezko partaidetza sustatuko dugu biodibertsitatearen kontserbazioak sortzen dituen kostuetan zein onuretan, eta naturagune babestuetan inbertsio publikoa eta pribatua bultzatuko dugu, garapen sozioekonomikoa suspertzeko eta tokiko komunitateek biodibertsitatetik eratorritako onuretan bidezko partaidetza dutela bermatzeko. Etiketa bereizgarri baten sorrera sustatuko dugu, gune babestuetan eta biodibertsitatearentzat onuragarriak diren praktiken bidez egindako produktuak merkaturatzen laguntzeko eta kudeaketa irizpide mesedegarriak aplikatzen dituzten zerbitzu enpresei babesa emateko. Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuen organo kudeatzaileek (foru aldundiak) espazio horien kudeaketa planak bete ditzatela eskatuko dugu, eta gidalerroetan zein estrategietan ezarritako beharrezko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak jar ditzatela. Bereziki arduratuko gara plan horiek betetzen direla kontrolatzeaz, baita beharrezko bitarteko ekonomiko zein pertsonalak ipini eta helburuak lortzen ari direla kontrolatzeaz ere. Gure aburuz, gune horiek eginkizun garrantzitsua dute ingurumeneko ondasun eta zerbitzuen hornitzaile gisa, eta funtzio hori zabaldu eta indartu egin behar da, gune horien kudeaketa egiturak egokituz eta modernizatuz. Naturagune babestuetan lur gaineko meatzaritza egitearen aurka gaude. Lehen sektoreen partaidetza funtsezkoa da kontserbaziorako estrategiak prestatzeko garaian; hortaz, topaguneak sortu behar dira, non haiek lurraldearen kontserbazioan duten zereginari merezi duen balioa emango zaion eta naturaguneak zein dibertsitatea babesteko guztion interesari mesede egingo dioten politikak landuko diren, hala nola lagapenak, lurraldea zaintzeko politikak, diru laguntzak edo titulartasun pribatuko lurraldeetan esku hartzea ahalbidetuko duten beste kudeaketa tresna batzuk. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrek eta Lurralde Antolamenduko Planek Euskadiko Paisaia Apartekoen Katalogoko kokalekuak garapen urbanistikotik babes ditzaten zainduko dugu; gauza bera egingo dugu Natura 2000 Sareko eremuetatik kanpo dauden korridore ekologikoekin eta interes komunitarioko habitatekin. EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordea (EAELAB) arautzen duen erregelamendua aldatzea proposatuko dugu, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritzaren txostenak lotesleak izan daitezen ematen zaizkion eskumenei dagokienez. Uraren kudeaketa jasangarriaren mesedetan eta biodibertsitatea nahiz paisaia babesteko, ez dugu baimenduko golf zelairik ura faktore mugatzailea den eremuetan edo nekazaritza balio edo balio natural handia duten eremuetan. Esate baterako, Arabako Errioxan golf zelaiak eraikitzeko proiektuak (Bastida, Guardia). Euskal Ondare Naturalaren eta Biodibertsitatearen Lege berria onartuko dugu, bat etorriko dena gizartearen eskaerekin eta legezko betebeharrekin; barne hartuko ditu ingurumeneko erantzukizunari buruzko arauak, biodibertsitatean eragindako kalteak ordaintzeko neurriak eta osotasun ekologikoaren leheneratzea. Garatu eta aplikatu egingo dira 26/2007 Legea, urriaren 23koa, ingurumen erantzukizunari buruzkoa, eta 2004/35/CE Zuzentaraua, ingurumeneko kalteak prebenitzeko eta konpontzeko ingurumen erantzukizunari buruzkoa. Erakunde eta/edo sistema informatiko bakarra sortuko da, gainerako herri administrazioekin modu koordinatuan planifikatu eta exekutatzeko biodibertsitatearen eta naturaguneen babesarekin lotutako jarduerak. Helburua da EAEko jarduera guztiak planifikatzeko, exekutatzeko, monitorizatzeko eta ebaluatzeko aukera emango duen tresna bat sortzea, argi eta garbi zehaztuz zer jarduera dagozkion administrazio bakoitzari eta zenbateko finantzaketa behar den horretarako. Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroa “Madariaga Dorretxea” sustatuko dugu, gaur egun “naturaren interpretazio zentroa” besterik ez dena, Euskadin biodibertsitatearen gaineko ezagutza hobetzeaz arduratuko den koordinazio zentroa izan dadin, eskura dauden datu bankuak zentralizatuz eta oraindik ezagutzen ez diren talde taxonomiko guztien katalogazioan aurrerapausoak eginez. Landareen biodibertsitatea babesteko, flora mikroerreserben sorrera sustatuko dugu, baita haien jarraipena eta kontrol erreala ere. Ornogabeak ezagutzera bideratutako azterlanak babestuko ditugu, erabat ezezagunak baitira euskal lurraldean; halaber, biodibertsitatearen ezagutzan gutxien garatuta dauden arloetara bideraturako lanak babestuko ditugu. Anfibioen babes eta kontserbaziorako proiektuak bultzatuko ditugu, animalia klase hori baita arrisku handien duenetako bat. Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan sartuko dugu otsoa, "desagertzeko arriskuan" kategorian. Helburutzat biodibertsitatearen kontserbazioa eta ingurumenaren babesa duten GKEei lagunduko diegu, baita lurraldea zaintzen dihardutenei ere. Gaur egun prestaketa fasean den EAEko 2030erako Biodibertsitate Estrategia onartzea sustatuko dugu, eta asmo handiko helburuak ezarriko ditugu, biodibertsitatearen galera modu eraginkorrean eta benetan geldiaraztea ahalbidetuko digutenak eta naturaren kontserbazioan diharduten eragile guztiak giza baliabidez eta baliabide ekonomikoz hornitzeko aukera emango digutenak. Uribe-Kostako biotopo babestuaren aitorpena berraktibatuko dugu. Ibaiertzak eta ubideak zein arroak leheneratzea sustatuko dugu, naturagune babestuen arteko loturan lehen mailako korridore ekologikoak eta biodibertsitate eremuak diren aldetik. Ibaiak eta errekak ekosistema bizi gisa hartzea bultzatuko dugu, eta haien dragatzea edo garbiketa debekatzea, irizpide ekologikorik aintzat hartu ezean. Ildo horretan, Ibaiak Leheneratzeko Euskal Plana idaztea proposatzen dugu, eta beharrezko bitarteko finantzarioak jartzea hura abiarazteko. Ibaiak leheneratzeko jada gauzatu diren proiektuen jarraipena egituratuko dugu, baita aipatutako plan horretatik eratorritakoena ere. Jaizkibel-Ulia itsas eremua babestuko dugu, Natura 2000 Sarean sartuta eta Euskal Kostaldeko Geoparkea Jaizkibel-Ulia osora zabalduta, bertako geoformak, arroilak eta itsaspeko zuloak barne harturik. Debekatu egingo dugu hegazti migratzaileen hazkuntzarako, mudarako, negu-pasarako eta atsedenerako eremuak asaldatzea, baita eremu horietan ehizatzea ere. Foru aldundiei proposatuko diegu espezie migratzaileen ehizaldia gehienez ere urtarrilaren 31n ixtea, urtero-urtero. Errepide, autobia eta bestelako zirkulazio bideetan basa faunarentzako igarobide naturalizatuak sortzea sustatuko dugu, lurraldearen iragazkortasuna errazteko eta harrapatzeak ekiditeko. Pestiziden gehiegizko erabilera kaltegarriari bestelako konponbide ekologikoak bilatzen saiatuko gara; izan ere, pestizidak horrela erabilita ornogabe ugari hil eta basalandare ugari hondatzen dira, bai laboreentzat kaltegarriak direnak, bai bestelakoak.

39

Ura

Euskadin baliabide ugaria eta eskuragarria dugu ura. Alabaina, itxura hori ez dator bat errealitatearekin: klima aldaketaren ondorioek prezipitazioen denbora eta tokiaren araberako banaketa aldaraz dezake, eta ur geza gordetzeko dugun gaitasuna mugatua da. Gainera, hainbat eskualdetan eta arabar urtegien eraginpeko eremuetan egiten den nekazaritza eta abeltzaintza jarduera intentsiboa, Arabako urtegi eta akuiferoen inguruan azpiegiturak eraikitzea (industriaguneak, AHT, Urbina-Maltzaga autobidea) eta gure lurpeko gas baliabideak ustiatzeko mehatxua (“frackinga”) etengabeko zemaia dira dauzkagun ur erreserbentzat. Nahiz eta azken urteotan biztanleko ur kontsumoa % 15 murriztu den Euskadin (batez ere, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpenak nabarmen egin duelako behera), egoera horrek atzera buelta izan lezake etorkizunean, eta ur ondasun mugatuaren gaineko presioa areagotu liteke. Irtenbidea bilatzeko, dauzkagun baliabideak neurriz kudeatu behar ditugu, eta aurrezpena sustatzeko eta horri buruz sentiberatzeko kanpainekin jarraitu beharko dugu (eskaeraren kudeaketa). Horretaz gainera, Nueva Cultura del Agua Fundaziotik (Uraren Kultura Berria) eratorritako gidalerroei jarraituz, honako hauek proposatzen ditugu Elkarrekin Podemosetik: Nekazaritza eta abeltzaintza erabileretarako ur hornidura modernizatzea. Horretarako, kanalizazio eta ureztatze sistema eraginkorrak ezartzeko eskatuko dugu, bai eta kontsumoak eta uraren jatorria kontrolatzeko sistemak ezartzeko ere (legez kanpoko zundaketak, putzuak eta azaleko biltzeak bertan behera uztea). Akuiferoen gaineko kontrol zorrotza egiten jarraituko dugu, agortu ez daitezen. Horretarako, hainbat klima egoeratan eta urteko hainbat garaitan daukaten hornidura ahalmena ebaluatzeko egindako azterketa hidrogeologikoetan oinarritutako ustiapen planak egingo ditugu. Arabako akuiferoen kasuan, lurpean egon daitezkeen gas baliabideen zeinahi motatako ustiapena debekatuko dugu, bai eta akuiferoetako uraren kalitateari eragin diezaiokeen zeinahi jarduera ere. Uraren Euskal Agentziaren (URA) kanonak pixkanaka handitzea, harik eta 2020rako uraren ziklo osoaren kostuak goitik behera ispilatuko dituen amaierako prezio erreala izan arte. Partzuergo guztiei pixkanakako prezio eskala bat ezar dezaten eskatuko diegu: gizartearentzat lehenengo tartea eta, ondoren, pixkanaka geroz eta prezio handiagoak, biztanleko kontsumoaren arabera. Arrazoi ekologikoak direla tarteko edo/eta kutsatutako sedimentuak iraultzeko arriskua dagoenean, estuarioak eta itsasadarrak dragatzeari uko egitea. Ondasun eta pertsonentzako arriskua areagotzen ez den bitartean eta gizartearen eta hirigintzaren ikuspegitik onargarria den heinean, ibai bideen eraikuntzak, hormak eta uharridiak desagerraraztearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, erriberak irizpide ekologikoen arabera lehengoratzea sustatuz. 2020rako hondakin ur guztiak arazten bukatzea bultzatuko dugu, ibaietara edo itsasora isuri aurretik. Zehazki, oraindik tratamendu plantarik ez duten arroetan; hots, Urdaibai, Aiaraldea, Arabako lautada, Arabako Errioxa, Karrantza, Lea eskualdea eta biztanleria nukleo txikiagoetan. Horretarako, aurrekontuetan, saneamendu proiektuak behin betiko egikaritzeari emango diogu lehentasuna (asko eta asko dagoeneko idatzita daude) eta, era horretan, Uraren Esparru Zuzentarauaren eskakizunak beteko dira. Zuzentarau horren helburua da, berez, baliabide hidrikoen plangintza zuzena egitea eta 2015erako ur ekosistemak egoera onean egotea. Dagoeneko berandu gabiltza, ordea. Arlo guztietan uraren aurrezpenari eta erabilera zuzenari buruz sentiberatzeko eta mekanismo aurreztaileak instalatzea bultzatzeko kanpainak ugalduko ditugu. Plan Estrategiko bat egingo dugu, URAk udal proiektuak eta eskualdekoak kofinantza ditzan, banaketa sareak berritzeko (galerak murrizteko asmoz) eta saneamendu sare bereizleak ezartzeko, arazte planten kudeaketa kostuak eta uraren amaierako prezioa murrizteko helburuarekin euri urak bildu eta hondakin urekin batera araztea saihesteko. Sare bereizle horietan bildutako euri ura nabarmenak ez diren hiri erabileretarako bideratzea (ureztatzea, garbiketa, etab.). Ura ondasun publikotzat jotzen duen eta uraren kudeaketa publikoa defendatzen duen Europako ekimena bultzatzea eta defendatzea, eta ez soilik ingurumen arrazoiak direla tarteko, baizik eta baita gizarte arrazoiengatik ere.

40

Ingurumen Hezkuntza

Hezkuntza dugu Elkarrekin Podemosetik sustatu nahi dugun eredu aldaketa lortzeko oinarria. Beste alderdi batzuek ez ezik, jasangarritasunean oinarritutako hezkuntzak, biodibertsitateak eta ondare naturalaren babesak ere herritarren kontzientzia sortzen lagunduko digute, etorkizuneko belaunaldiak babestu eta horiei lurralde osasungarri eta bizigarri bat ziurtatuko diena. Euskal hezkuntzako curriculumean jasangarritasuna modu erabakigarrian eta zeharkakoan txertatzeaz gainera, honako neurri hauek ere sustatuko ditugu: Tokiko Agenda 21en garapena sustatzea EAEko udalerri guztietan eta jarraipen eraginkor bat egitea. Euskadiko Biodibertsitate Zentroa sustatzea ingurumen hezkuntzan eta sentiberatzean, erreferente gisa. Finantzaketa ildo espezifikoak ezartzea, euskal gizarte ehunak ingurumen hezkuntzan oinarritutako jarduerak gauza ditzan Naturagune Babestuetan eta lurraldeko gainerako tokietan. Udalekin lankidetzan, ingurumen gaietan sentiberatzeko programak sustatuko ditugu, euskal familien aztarna ekologikoa murrizteko; hala nola Etxebizitza Berdeak programa. Hezkuntza eta kontzientziazio kanpainak egingo ditugu: klima aldaketari eta haren jatorriari zein ondorioei buruzkoa; biodibertsitatearen kontserbazioaren garrantziari buruzkoa, zaharkitzapen programatua eta hondakinen sorrera murrizteko; eta kontsumo arduratsuari eta hurbilekoari buruzkoa, kontsumo etikoari, lehengaien merkataritzari eta haurren eskulanari buruzko kontzientzia harrarazteko.

41

Animaliei buruzko politikak

Animaliak izaki sentibera eta independenteak direla jakinik, eta ez gizakiaren interesak asebetetzera mugatzen diren objektu hutsak, animaliak baliatzen dituzten jarduera ludikoetara edo kirol jardueretara bideratutako diru publikoaren erabilera, kontratazio publikoak, laguntzak edo diru laguntzak desagerraraziko ditugu (zirkuak, zoologikoak, idi probak, asto lasterketak, zaldi lasterketak, erbi-txakur lasterketak...). Eta funts horiek basa fauna berreskuratzeko eta abandonatutako animaliak jasotzeko zentroetan izaten dituzten gastuak ordaintzera bideratuko dira. Gainera: Animaliak Babesteko 6/1993 Legea aldatzea proposatuko dugu, jendeak animaliei begira duen errespetuzko sentsibilitate geroz eta handiagoa aintzat hartuz, eta Legeari animaliaren babes orokorraren ikuspegia gehituz, ez dezan izan gaur egungo zeharkako ikuspegia, soilik higiene eta osasun ikuspegitik edukitzen baitira animaliak. Lege berriak aurreikusi beharko du debekatuta dagoela diru publikoa tauromakiara edo animalien erabilera dakarren beste zeinahi ekintzatara bideratzea: ikuskizunak, zirkuak, filmaketak, publizitate jarduerak, kultur jarduerak edo erlijiozkoak, animalien arteko borrokak edo beste zeinahi jarduera, baldin eta kaltea, sufrimendua, degradazioa, parodiak, isekak edo tratamendu antinaturalak eragiten badizkiete edo ikusten ari diren pertsonen sentikortasunari min ematen badiote. EITBn animaliekin egindako ikuskizunak emateko edo sustatzeko joera etetea defendatzen dugu. Administrazio publikoan “animalien defendatzailea” irudia sortuko dugu.

42

Ekonomia, zerga politika eta produkzio eredua

Zeinahi gizarteren eraikuntzaren giltza da ekonomia. Erronka zail baten aurrean gaude egun Euskadin: gure ekonomia merkatu globalaren barruan kudeatzea. Izan ere, erabaki politikoak eta ekonomikoak hartzen diren guneak han eta hemen banatuak dira munduan zehar, eta merkatuko interesguneak etengabe ari dira lekuz aldatzen. Ekonomia arautzen duten legeek kapital handien interesak babesten dituzte eta, horrenbestez, nazioarteko merkatuko gorabeheren mendean gerta liteke gurea bezalako ekonomia txiki bat. Eta halaxe gertatzen ari da. Gainera, berealdiko eragina dute, esan gabe doa, gorabehera horiek gure bizitzan, lana/langabezia dinamikaren bitartez adibidez. Egoera horretan, guztiz murrizturik ageri zaigu Ongizate Estatua, orain arte bideratu diren politiken ondorioz. Eskubideak, erosteko ahalmena eta bizi kalitatea galdu ditugu, inondik ere, krisi urte hauetan. Egungo egoera dela eta, ikuspegi berri baten ildotik heldu behar zaio euskal ekonomiari, gure etorkizuna jokoan dagoen presente bihurri hau egokiro, merkatu globalaren eta EBren eragina ahantzi gabe, aztertuko badugu. Ikuspegi horren oinarrian dago belaunaldiarteko korronte sendo bat, arazoen egiazko sorburuaren gaineko kontzientziaz jabetu dena eta politikan etika eta gardentasuna bilatzen dituena.

43

Zerga politika

Egungo zerga eredua injustua da alderdi sozialean eta gainera ez du eraginik ekonomian, Euskadiko zerbitzuen eta jardueren finantzazioa ziurtatzeko aski ez den aldetik. Kotizazio sozialik gabe, 28koen EBren batez bestekoa baino BPGren % 6 apalagoa da euskal presio fiskala. Europako beste herrialdeenaren antzeko presio fiskala bideratuz gero, 4.000 milioi euro gehiago lortuko lirateke eta, murrizketa sozialak saihesteaz gainera, baliabideak ere edukiko genituzke produkzio eta garapen eredu berriaren aldeko inbertsioak egiteko. Beharrezkoa da zuzentasunean oinarrituriko erreforma fiskala, hau da, zergak aberastasunaren arabera modu progresiboan biltzea. Areago Euskadin, gure autonomia fiskalak aukera ematen baitigu zergen bilketa Estatuko gainerakoengandik bereiz bideratzeko. Zerga biltzeko araudia harmonizatzeko gaitasunaren jabe da gaurgero Eusko Legebiltzarra, ez du horretarako instituzio-arkitektura (LHL) aldatu behar, eta badu, gainera, baliabideak emendatzeen bitartez lortzeko aukera. Ondoren zehaztuko diren hainbat esparrutan jardun beharra dago erreforma honi begira. Erreforma fiskalaren beharra arnasten da euskal gizartean, alderdi politikoetan, unibertsitateetan, gizarte mugimenduetan, sindikatuetan eta herritarren artean, ezinbestekoa baita urrats hori Euskadi justuago, zuzenago eta iraunkorrago baterako urratsak egingo baditugu. Sistema injustua sortu du euskal zerga bilketa ereduak, eta handiak dira hartan iruzur mailak. Egungo eredu honek, bilketa arazo larriak ditu gainera, epe labur-ertainean konpondu beharreko arazoak inolaz ere, gizarte zerbitzuetako murrizketak baititugu haien zuzeneko ondorioak. Krisi garai honetan, galera handiak erakarri dizkiete murrizketa horiek langile klaseei bizi kalitatean. Oinarritzat hartu dugun txosten batek (EAEko zerga erreforma baterako oinarriak, Eusko Jaurlaritzak UPV-EHUko Ekonomia Departamentuari eskatua eta izen handiko lan-talde batek aurkeztua) xehe-xehe azaldu du pertsona fisiko eta enpresentzat aintzat harturiko kenketa eta hobari askoren izaera batere ez dela soziala eta bai, ordea, erregresiboa praktikan. Horrez gainera, diseinuan eta kudeaketan injustutzat jo du txosten horrek euskal zerga sistema, eta iruzur fiskalerako bidea errazten duela ere gaineratu du. Bestalde, argi eta garbi ohartarazi du aintzat hartua duen prestazio sistema epe ertainean biderik gabe gertatuko dela. Neurri sozialen bitartez handiagotu behar dugu bilketa, iruzur fiskalaren aurka borrokatu, administrazioan alferrikako gastuak hauteman eta baztertu, eta birbanaketarako politikak hobetu. Erabaki ekonomikoetan gardentasuna eta gizarte oreka eskatzen ditu inolaz ere etorkizunak, Euskadi berria eraikiko badugu. Elkarrekin Podemosek gizarte etikan eta egun erregresiboak diren zergen egiazko izaera progresiboan oinarrituriko ekonomia fiskalaren aldeko apustu egiten du argi eta garbi, jendearengandik hurbilago eta interes pribatuen eta krisi ekonomiko globalen atzaparretatik gero eta askeago jardungo duen euskal ekonomia justuagoa sortzeko. Jakin nahi duenak jakin dezan, guztiz azpimarra beharra dago, bestalde, zergen arloko eskumenak Foru Aldundien esku daudela neurri handian, eta haiekin batera lan egiteko konpromisoa hartu dugula, proposamen ekonomiko hauek gauzatu ahal izateko.

44

Zerga sistema berria

Apalenetakoa da Euskadiko presio fiskala 28en Europar Batasuneko herrialde guztien artean. ELA sindikatuak 2016ko martxoan aurkeztu zuen Euskal Herriko fiskalitateari eta aurrekontuei buruzko txostenaren arabera, 2012. urtean, 28en EBren batez besteko presio fiskalari eutsi izan baliete, gure administrazioek 7.578,9 milioi euro gehiago bilduko zituzketen, hau da, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 68. EHUk Eusko Jaurlaritzari erreforma fiskalari buruz prestatu zion txostenaren arabera, presio fiskala zuzeneko zergetan (PFEZ, Sozietateen Zerga, Ondarea eta Oinordetzak eta Dohaintzak) areagoturik ez dira soldatapeko lanaren, enpleguaren eta aurrezkiaren gaineko sustagarriak modu esanguratsuan ahultzen, ez da enpresen lekualdatzea sustatzen, ez da lehiakortasuna galarazten, gure ingurukoak askoz presio fiskal handiagoko estatuak direlako. Izan ere, arrazoi fiskalak direla medio emigratzeak ekonomia eta pertsona kostu oso handiak dakarzkie ia beti enpresei. Elkarrekin Podemosek oso diagnostiko argia egin du arlo sozialean, eta egiazko progresibitaterantz joko du bultzatu nahi duen aldaketak. Hona hemen gure proposamenak zertan diren:

Sozietateen zerga Sozietateen zerga ez da dagoeneko bilketa-zerga bat, enpresek benetan ordaintzen dituzten karga-tasak % 15etik beherakoak direlako. Izan ere, kenketa eta salbuespen sorta ezin zabalago baten araberako aukerak baliatzen dituzte enpresek arlo honetan guztian, eta oso baliabide murritzak dituzte Zerga Agentziek iruzurrari aurre egiteko. Zerga honek estatuko fiskoari egiten dion ekarria BPGren % 1,5eko eskasa baizik ez da, nahikoa ez inondik ere. Zeharo gaitzesten ditugu inbertsiogile handien edota sozietateen (kenketak lortzeko sorturiko fundazioak) gaineko zergak murrizteko sortu diren tresnak. Berehalako helburua behar du izan zerga honen BPGren araberako ekarria bikoiztea. Horrexegatik, honako proposamen hauek egiten ditugu:

Zerga sistemaren kontrola zailtzeaz gainera, benetako karga-tasak (benetan ordaindu beharrekoa) karga-tasa nominalen (jatorrizko zerga) erditik beherako mailan uzten laguntzen dituzten zerga kenketa erregresiboak kendu edo aldatu. Karga-tasa berriak progresiboki ezarri, egungo % 24-28tik % 28-32ra igaroz. Kode etikoen eta iraunkortasunaren aldeko arrazoien araberako kenketa sozialen ezarpena aztertu. Atzerriko balioak edo inbertsio funtsak baliatzen dituzten enpresa, kooperatiba eta abarren erregimen bereziak bertan behera utzi edo aldatu. Beharreko legeria indarrean jarri, familia ondare handiei zerga ordaindu beharraz salbuesteko aukera ematen dieten holdingen sorrera eragozteko. Enpresa pertsonabakarren sorrera galarazi, haien helburua bada zerga gutxiago ordaintzea, hau da, ez PFEZren bitartez baizik eta Sozietateen Zergaren arabera. Ekonomia publikoak merkatuan eduki behar duen parte hartzea aztertu.

PFEZ Progresibitatea PFEZko tauletan, zergaren araberako karga-tasetan eta tarteetan bideratu, errenta apalenen kasuetan apalduz eta errenta ertain-altuetan eta altuetan goratuz. Aldiro berrikusiko dira zerga-oinarri gorenak. Kenketa erregresiboenak bertan behera utzi eta kenketa etiko batzuen ezarpena aztertu, ekonomia sozialeko enpresen jarduera bultzatzeko. Autonomoen erregimenean modulu sistema kendu. Lanaren errentak (lan eginez irabazten dena) eta kapitalaren errentak (finantza-produktu, inbertsio, funts eta abarrez irabazten dena) maila berean ezarri. Kapitalaren errenten kasuan, karga-tasa gorenak % 20-22 bitartekoak badira ere, % 45en ingurukoak dira lanaren errenten kasuan. Halatan, egozpen sistema bera zuzenduko da, zergapetze aldaketa zuzentzeko. Pertsona eta familiei bideratu beharreko kenketak berriro diseinatu, herritar guztiak onuradun izan daitezen, errenta apalenak kanpoan utzi gabe, orain egiten den bezala. Dietak soldataren zatitzat hartzeko eta salbuespenetatik kanpo uzteko bideak eragotzi. Pentsio plan pribatuetako kenketak bertan behera utzi edo hein handian murriztu (400 milioi euro 2010ean), eta pentsio sistema publikoaren alde lan egin. Etxebizitza erosteko sustagarriak aldatu (kasu sozialak) Errenta irregularren (diru-sarrera bereziak) gaineko salbuespenak sakon aldatu, hala tarteetan nola ezarri beharreko oinarri gorenari dagokionean. Inbertsioen eta, jarduera ekonomikoaren hasieran, inbertsioari begira kreditu erakundeetan bideraturiko gordailuen arabera bideratzen diren kenketak murriztu edo bertan behera utzi. Lana sortzeagatik bideratzen diren kenketak berrikusi. Salbuetsitako errentak, hala nola norberaren etxebizitzaren gainbalioa, atzerrian lorturiko etekinak, zorizko joko batzuk, eta abar, berrikusi.

Oinordetzak eta dohaintzak Oinordetza handiek pribilegiozko tratua jasotzen dute foru lurraldeetan, % 1,5eko karga-tasa baizik ez duten aldetik. Ezezaguna da jokabide hori zerga administrazio askotan; izan ere, gurasoengandik seme-alabengana eskualdaturiko fortuna handiek % 20 ordaintzen dute Alemanian, % 36,5 Andaluzian, % 40 AEBn eta % 45 Frantzian. Zerga hau berrikustea proposatzen dugu, horrenbestez, inguruko herrialdeetakoaren mailakoa izan dadin.

Ondarearen gaineko Zerga Zerga honen araberako diru-bilketa oso apala da egun eta, beraz, orain arte bezala egingo dugu lan Foru Aldundietako Batzarkide Taldeetan, horren gora dauden minimo salbuetsiak apaltzeko eta haiei aplikatu beharreko karga-tasak goratzeko.

Iruzur fiskala borrokatu Iruzurra da euskal zerga sistemak daukan osagai gaiztoenetako bat. Iraindu egiten du izugarriro bilketa sistema eta zilegitasuna kentzen die modu lazgarrian zerga erakundeei. 3.700 milioi euroko iruzurraren berri eman digu txosten batek (“Ezkutuko Ekonomia eta Zerga Iruzurra Euskadin”, Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUri agindua). Horien artean, 2.000 milioi dagozkie Euskal Administrazioek kudeaturiko zergei, 300 Estatuaren zergei eta 1.400 milioi dira Gizarte Segurantzari ordaindu ez zaizkion kotizazioak. Administrazioen eskuetan egon behar luketen, hau da, administrazioek kudeatu beharko luketen kopuru horren zati handi bat berreskuratu behar dugu inolaz ere. Gardentasunak gidatzen duen kode etikoak bultzaturik, iruzurraren eta paradisu fiskalen aurka borrokatzeko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemosek. Proposamenak: Neurriak hartu eta ahalegin guztiak egingo ditugu iruzurra ikuskatzeko eta hautemateko: Ikuskatzaile eta ikusketa kopurua handiagotu. Diru-sailak baliabide pertsonal eta teknikoen hazkundearen arabera handiagotu. Fiskotik kanpoko datu-base hobeak erabili. Gainerako instituzioekin koordinaturik lan egingo duen Zerga Polizia sortu. Soldatatik kanpoko errenta gorenak ikertu eta delitu larrienak lehenetsi. DBEko iruzurraren, baztertuen iruzurraren, aurka dagoeneko erabiltzen ari diren teknikak bideratuko ditu horretarako Zerga Poliziak. Herritarrek zergen arloan jaso beharreko heziketa ikastetxe guztietan sustatu, zergen aurreko kontzientzia herritarrengan errotzeko baliabide gisa. Zigortu, iruzurraren aldeko sustagarriak errotik kentzeko: aldiro berrikusiko dira zigorrak. Laguntzen duena iruzur egiten duena bezain erantzule bihurtu: paradisu fiskalak baliatzen dituenak bezala dauka nork lagundua BEZa ordaindu gabe kontsumitzen duenak. Iruzur Fiskalaren aurkako Behatokia sortu. Administrazioekin batera zainduko du organo independente honek administrazioek harturiko neurrien eta konpromisoen betetze maila. Aldundietan iruzurraren aurkako borroka zertan den azalduko duten urteko txostenen prestaera bultzatu. Saiheste fiskalaren aurkako borroka: fortuna handiei legearen arabera zerga gutxiago ordaintzeko bidea eskaintzen dieten ingeniaritza fiskalaren eta metodoen aurka egingo dugu lan.

EkoFiskalitatea Gure zerga araudian, modu eraginkorragoan nahi dugu ingurumenaren gaineko zerga sistema zabaldu. Elkarrekin Podemosen ikuspegitik, energiaren prezio progresiboki altuagoa bultzatu nahi dugu, zergen bidez, kontsumituriko kopurua oinarritzat harturik eta behar diren salbuespen guztiak kontuan harturik. Bilketan lorturiko diru-emendioa energia berriztagarrien sustapen, ikerketa eta ekoizpenera bideratuko litzateke. Zerga bereziak sortuko ditugu gas kutsatzaileen igorleen edo birritan ezin balia daitezkeen ontzi eta bilgarrien erabiltzaileen jardunari begira, ekoizpen garbia sustatzeko. Halatan, tasa berriak aplikatuko zaizkie zilindro-edukiera handiko ibilgailuei eta hobariak gutxi kutsatzen duten teknologien araberako ibilgailuen erosketari (ibilgailu elektrikoak, hibridoak…). Beren produktuak kode etikorik eta iraunkortasunaren aldeko irizpiderik gabe fabrikatzen dituzten herrialdeetatik eginiko inportazioak zigortzearen alde gaude. Azkenik, murriztu edo kendu egingo dira “merkataritza justua” zigilua daramaten produktuen eta ekoizpen ekologikoaren araberako gaien gaineko zergak, eta sustagarri fiskalak bideratuko dira ekonomia sozial eta solidarioaren alde diharduten enpresentzat.

45

Industria politika

Bizi dugun krisi sistemiko honen ondorioetako bat dugu industria ekoizpenaren moteltze gero eta handiagoa, planeta osoan gertatzen ari dena. Saihestezinak dira haren ondorioak: produkzio-guneen itxiera, produkzioaren lekualdatzea, eskulan merkeagoko lurraldeetan dauden gune berrietara, lan baldintza gero eta eskasagoak eta enpresa ahulenak nazioen gaineko izaera duten industria korporazio handien eskuetan geratzea. Euskadin bizi-bizi ari da prozesu hau guztia bertako ekonomia eta industria sarea kolpatzen, halaxe gertatzen ari da 2008. urtetik. Izan ere, esportazio guztien % 60 inguru eta ondasun eta zerbitzuen ekoizpenetik datorren aberastasun materialaren % 20tik gora hartzen ditu euskal industriak. Horrexegatik behar dugu, luzapenetan ibili gabe, Eusko Jaurlaritzak egun arte bideratu duen industria politika aldatu eta beste bat bultzatu. Hona hemen orain arteko politika zertan oinarritu den: Produktibitatearen hazkundea, ekoizpenerako gaitasuna eta industria guneen tamaina arian-arian handiagotuz. Zera ekarri du dinamika horrek azkenean, ekoizpenerako gaitasun handiegia mundu mailan, industria sektore gehienetan. Industria kostuen gizarteratzea, laneko eta langileen eskubideak murriztuz, laguntza zerbitzuak azpikontratatuz, zerbitzu publikoek lanbide heziketarako kostu guztiak (Lanbide, Gizarte Segurantza, Hezkuntza Saila…) bere gain hartuz.
Kanpoko kapitala euskal industria sarean sartzeko laguntza eta sustapena. Horrenbestez galdu da industria proiektu estrategikoen gaineko kontrola eta lekuz aldatu dira euskal industriaren zati guztiz esanguratsu batzuen erabaki-guneak. Nazioarteratze prozesuak, balio erantsi txikiagoko industria jarduera lekuz aldatua izateko eta, horrenbestez, euskal lurraldean erroturiko enplegua murrizteko diseinatuak. Esportazio jardueraren sostengu baldintzarik gabea. Jarduera hori bereziki orientatu da merkatu ageri berrietarantz (Latinoamerika, Asia), merkatu hurbilagoetan halako egokierarik ez zuen produkzioari begira, eta alde bat utzi da, nolabait, dagoeneko sendotuak diren merkatu lehiakorretan (Europa, Ipar Amerika) produktu berritzaileak plazaratzeko aukera. Egungo krisi ekonomikoak erakutsi digun bezala, maila gero eta txikiagoetara egokitu eta berregituratu beharko da industria ondasunen ekoizpena, ekonomia oparoenak (Japonia, Europa, Ipar Amerika) hazkunde ondoko fase batean sartzen ari direlako, eta ekonomia ageri berri deituetako populazioak (BRICS herrialdeak, Hego Amerika) ez direlako ekonomia garatuek 1970. eta 1980. urteetako hamarkadetan, kontsumo gizartea hedatu zen garaian, zeuzkaten baliabide ekonomikoen jabe. Aitzitik, gizarte horietan oso handiak dira desoreka sozialak eta egundainokoa, halaber, haietan dagoen pobrezia maila; halatan, industria ekoizpena maila globalean bizkortu ahal izatetik urrun, ekonomia garatuek, hau da, orain arte kostu apaleko produktuak hornitu dizkieten herrialdeek, bizi duten krisiaren ondorioak pairatuko dituzte herrialde horiek ere beren baitan. Guztiz premiazkoa da, beraz, euskal industria politika berrorientatzea, zalantzaz beteriko panorama global honen erdian, industria ekoizpena epe luzean oinarri sendoagoz eta iraunkorragoz berrorientatzeko gauza izan dadin. Honako neurri hauek hartuko ditugu horretarako:
Industria kostuak energia fosilen prezioaren gorabehera globaletatik kanpo utzi, industrian energia aurrezteko eta ganoraz baliatzeko plan intentsiboa bultzatuz eta, aldi berean, Euskadin bertako energia berriztagarrien garapena helburu nagusi izango duen energia sistema deszentralizatua Energia Trantsiziorako Planaren bitartez garatuz. Egungo industria ekoizpena balio erantsi handiago batez hornitu, gure produktuetan berrikuntza sustatuz. Produktuak nazioarteratzeko laguntzak mugatu, baldin eta beste herrialde batzuetan egokitu beharreko industria proiektuen hedapenak euskal lurraldeko ekoizpen jardueran ondorio sinergiko iraunkorrak dituela frogatzen bada. Euskadin produkzio guneak itxi dituzten, lan karga arrazoirik gabe Euskaditik kanpoko guneetara eramaten duten edo Administrazioarekin hitzarturiko konpromiso orokorrak betetzen ez dituzten industria proiektuei emaniko laguntza publikoen berreskuratzea bideratuko duen legeria komuna onartu. Egungo industria zorua berreskuratu eta babestu, balio erantsi handiko ekoizpen jarduera berri, garbi, eta eraginkorren eskuetan jarri ahal izateko. Gure lurraldean dauden baliabide berriztagarrien eraldaketarekin loturiko balio kateak zehaztu (basoko baliabideak, papergintza, laborantza eta abeltzaintza, arrantza baliabideen berreskuratzea…). Kimika berdearen gaineko ikerketa gunea abiarazi, arloko enpresak aholka ditzan eta produkzio lerro iraunkorrago eta ekologikoagoen sorkuntza erraztu eta bidera dezan. Artisauen eta manufaktura arloko enpresen ekoizpena sustatu, beren produkzioa euskal lurraldean berregokitu ahal izan dezaten (ehungintza, oinetakoak, altzariak) Sindikatuen eta enpresari erakundeen arteko elkarrizketa sustatu, langileen lan baldintzak txartu gabe, ekoizpen jardueraren malgutasuna bultzatuko duten lan harreman eredu berriak hitzartzeko. Industria enplegua banatzeko bideak esploratu, Gizarte Segurantzako kuotetan hobariak eskainiz. Industriarako laguntza zerbitzu bereziak eskainiko dituzten kooperatibak bultzatu, enpresaren kudeaketa errazteko eta industria arloko zeharkako kostuak murriztu ahal izateko, lan baldintza duinak bermatuko dituzten parametroetan betiere.

46

I+G+b

Elkarrekin Podemosek euskal hauteskundeetan aurkeztuko duen programaren zutabe nagusietako bat da ekonomiaren bizkortzea, enplegua sortzeko. Produkzio eta kontsumo arduratsua aintzat hartuko duen eredu berri baterako bidean orientatu nahi dugu ekonomiaren bizkortzea, osasuna eta segurtasuna sustatuz, eta merkatuan ingurumenaren iraunkortasuna bermatuko duten produktu eta zerbitzu berriak plazaratuz. Funtsezkoa da horretarako enpresa ertain eta txikien gaitasun berritzailea hobetzea. Berrikuntza irmo bultzatuz baizik ez dugu hori guztia lortuko. Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako (I+G+b) politika sendoak inplementatu beharko dira horretarako, ikerketak eta berrikuntzak hezkuntzan duten eragina sustatuz. Halatan, zientzia eta teknologia aurrerapenek bezala, gizarte eta kudeaketa berrikuntzak ere bere pisua eduki behar du hezkuntzan, eta funtsezko osagai gisa eraman behar dira eskola curriculumera ez ezik ikastetxeen antolakuntza eta jarduerara ere. Proposamenak: Berrikusi egingo dugu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak I+G+b sistemaren eragile gisa jokatzen duen papera, haren proiektuek eta zerbitzuek euskal gizartearen premia estrategikoei erantzun diezaieten eta iraunkortasunaren eta gizarte kohesioaren aldeko printzipioen araberakoak izan daitezen. I+G+b sistemarako inbertsio publikoaren eta pribatuaren arteko batura Euskadiko BPGren % 3koa izatea proposatzen dugu. Gizarte aurreratuetan, ezagutzaren sorkuntza, hedapena eta erabilera dira herritarren kultura, ekonomia eta gizarte aurrerapena ekarriko duten funtsezko tresnak. Egiteko horretan, jokoan ditugu geure lehiakortasuna eta geure etorkizuna. I+G+b politikak Eusko Jaurlaritzaren plan estrategikoen arabera orientaturiko helburu zehatz eta neurgarrietara bideratuko dituen egiazko plangintza estrategikoa bultzatuko dugu, baliabideak eta ezagutzaren kudeaketa optimizatu ahal izateko. Krisi une hauetan, funtsezkoa da arlo iraunkorrenei lehentasuna emango dien Estrategia Plana birdefinitzea (enpresa ertain eta txikien, Ikerketa Guneen, Teknologia Parkeen eta Unibertsitatearen arteko sinergiak bultzatuz). Produkzio sistemarekiko lotura hobetu beharra dauka Plan honek, egun ikerketaren emaitzak ezagutarazteko dauden mekanismoak garatuz. Oinarrizko ikerketak une oroz jokatu behar duen paperari eutsiz bideratu behar da hori guztia. Oinarri teknologikoko eta unibertsitate eta ikerketa gune publikoetatik spin-off sorturiko enpresen sorrera sustatuko da. Berrikuntzaren eta enpresen arteko lankidetzaren kultura areagotuko dugu, enpresek I+G+b jardueretan bideratu beharreko parte hartzea hobetuz eta aurre-inkubagailu, inkubagailu eta babespeko enpresa guneen moduko berrikuntza espazioak sortuz. Izaera ekologikoko elikagaien industria, nekazaritza eta abeltzaintza sustatuko dugu, berrikuntzaren eta ezagutzen zabalkunde sendoaren aldeko apustua eginez, jarduera landa eremuan bideratzen duten ikastetxe, enpresa eta autonomoen lana irmoago bultzatzearren. Estrategikoa da energiaren edo, zehazkiago adieraztearren, energia berriztagarrien arloa, produkzio ereduaren eraldaketa sustatzeko eta energia demokratizatzeko. Tratamendu berezia jasoko du energia esparruen eta eraikuntza materialen eta sistemen arteko koordinazioak, eraikinen portaera termikoaren arloan I+G+b sistema sarraraziz, energia berriztagarriak bideratuz eta energia mendekotasuna murriztuz. Zerbitzuen arloan, hazi egin beharra dauka inolaz ere I+G+b sistemak, haren kalitatea bermatu eta garapen teknologikoa bultzatuko badira. Ezinbestez bete beharreko premia da hori, kanpoko merkatuetan lehiakortasunari eutsi ahal izateko. Zientzia jardunaren ezagutza eta zabalkunde programa garatuko dugu, ikertzaileen lanaren erakarria sustatuz. Errealitate hori ikastetxeetara hurbiltzeko programa bat abiaraziko dugu maila guztietan. Genero berdintasunerako politikak bultzatuko dira emakumeek arlo honetan duten parte hartze apalagoa konpentsatzeko. Izan ere, beharreko zientzia eta unibertsitate prestakuntzaren jabe izanagatik, beste lanbide batzuetarako aukera egiten dute emakume ez gutxik, zientzia ezinbestez jaso behar lukeen balio hori gabe utziz. Irmo sustatuko dugu ikerketa jarduera enpresa ertain eta txikietan. Patenteak sustatzeko plana garatuko dugu. Patenteetarako sarbidea erraztuko zaie enpresa ertain, txiki eta guztiz txikiei, tramitazioan beharreko laguntzak emanez. Elkarretara bilduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema bultzatzeko ardura duten erakundeak, eragileak eta azpiegitura eusleak, administrazio eta finantza erredundantziak saihesteko, egungo egituren kudeaketa are eta eraginkorragoa izan dadin. Aholkularitza eta Koordinaziorako Zientzia Batzordea sortuko dugu, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta ikerketa gune publiko eta pribatuen arteko elkarlana segurta dezan. Aldiro-aldiro argitaratuko ditu ikerketa gai nagusien zerrendak. Enpresek teknologiaren arloan dituzten premiei buruzko azterketa zehatzak bideratuko dira. Eragile berritzaileen arteko ezagutza trukea eta haien zerbitzuen erakusketa bultzatuko dira, I+G feriak eta ezagutza eta garapen teknologikoak sortuko dituzten enpresen eta egituren arteko topaketak bideratuz. Enpresa pribatuarekiko lankidetzarekin lotu beharra dago teknologia berrien eta IKT arloetako eskaintza. Hazkunde ekonomikoarekin batean, bereziki sustatuko dute I+G+b politikek zuzentasuna, iraunkortasunaren aldeko printzipioari eutsiz eta kohesioa soziala bultzatuz. Helburuen betetze maila aldiro aztertuko duen ebaluazio eredu zorrotza bideratuko da inolaz ere. I+G+b sistemaren emaitzen ebaluazioa gardena eta desbideratzeen zuzentzailea izango da, eta une oro bultzatuko dira emaitzen transferentzia eta zabalkundea gure erkidegoan.

47

Naturako Baliabideen Kudeaketa

Nekazaritza eta abeltzaintza % 1etik beherako balioa aurkezten digute nekazaritzak eta abeltzaintzak BPGn. Hala eta guztiz ere, funtsezko papera jokatzen dute lurraldearen kudeaketan eta arlo estrategikoa osatzen dute EAEn. Laborantzaren arloan, arazo bat baino gehiagorekin egiten dugu topo EAEn: gero eta lur gehiago erabiltzen da laborantza intentsiborako, segidarik ez dago belaunaldien artean, ongarri eta produktu fitosanitarioen erabilera (kaltegarriak dira horietako asko, hala lurrean lanean ari diren pertsonentzat nola gerokoan lurraren produktuak kontsumituko dituztenentzat) eta lurren erabilera aldaketa, zoru urbanizagarri bihurtzeko. Abeltzaintzaren arloko egoera ere ez da askoz hobeagoa. Genetikoki aldarazitako espezieetatik abiaturik landuriko pentsuen inportazio masiboak (pentsu transgenikoak) eta aziendaren ukuiluratzeak, haren produktibitatea areagotzeko, inolaz ere ez dizkie baserritarrei salmentan halako irabazi nabariak sorrarazi. Aitzitik, are eta larriagoa da urtetik urtera haragi eta esne arloen egoera eta, okerrago dena, ez dago egoera hobetuko den itxaropenik, arlo horretako produkzio gehiena estentsiboa izanagatik ere.
Euskal nekazaritza eta abeltzaintza arloaren egoera horren erantzule handienak dira, inolaz ere, nekazaritza elikagaien industriako eta banaketaren arloko korporazio handiak, bestela jokatuz gero bertako ekonomietan geldituko litzatekeen etekinaren zati handiena daramatelako eta elikagai merkeen inportazio masiboa bultzatzen ari direlako, elikagai horien prezioak jatorrian eta salmenta-tokietan komenentziaren arabera finkatzea beste helbururik ez dutela. Eredu honen aurrean, laborantza eta abeltzaintza ekologikoetarako trantsizioa bultzatu nahi du Elkarrekin Podemosek. Nekazaritza modu berria askotarikoa izango da eta ez horren intentsiboa sargaien arloan, lurra babestuko du eta kalitatezko elikagai osasuntsuak sortzeko gauza izango da, enpleguan intentsiboki jokatuko du eta etekinak bertako ekonomietan gelditzeko aukera emango du. Gure egiten ditugu Elikadura Subiranotasunaren eta beste Nekazaritza Politika Komunaren aldeko mugimendu europarraren proposamenak. Beste neurri askoren artean, honako jokabide hauek bideratzeko konpromiso irmoa hartzen dugu: Bultzatzeaz gainera, beharreko baliabideez hornituko dugu Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Euskadin egiaztaturiko azalera ekologikoen egungo hazkunde erritmoari (% 10ekoa urtean) eusten segi ahal izan diezaion. Merkataritza hurbila eta ekologikoa sustatuko duten zigiluak eta/edo egiaztagiriak bultzatuko ditugu. Inolaz ere aplikatuko dugu EAEko natura gune babestuetan bideraturiko nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoen eta natura balio handiko nekazaritza sistemen eta mendiko abeltzaintza estentsiboaren saritzea sustatzen duen LGP, Landa Garapenerako Programaren markoa, lurralde horien ekologia eta paisaia balioen berme gisa jokatzen duten paper garrantzitsuagatik. Eta galtzear dagoen basa faunako espezieak bizirik irautea ziurtatuko duten bitarteko guztiak bideratuko ditugu aldi berean. Gainera, Euskadiko babesgune eta balio ekologiko handiko aurkintzetan dauden mendi larreen egiaztatze ekologikoa ere bideratu nahi dugu. Nekazaritza eta Ingurumeneko batzorde Iraunkorra sortuko dugu, erabakiak hartzeko ahalmenaz horniturik, ingurumen, biodibertsitate, laborantza, abeltzaintza eta arrantzaren arloetako analisi eta jarduera bateratuei begira, arlo horietako pertsona profesionalen alde. Egungo eredu leungarriaren ordez, prebentzioan oinarrituriko eredua bideratuko dugu. Haren arabera, laguntza publikoak bideratuko dira lurreko lanak babesteko eta azienda egokiro erabili eta zaintzeko. Biodibertsitatearen kontserbazioa hobekien sustatuko duten nekazaritza ereduak eta praktikak bultzatuko ditugu, laborantza jardueraren jarraipena bereziki bultzatuz. Familia nekazaritzaren aldeko apustua egiten dugu, makroesplotazioen aldean. Landa zorua babestuko dugu egun lurraldea antolatzeko dauden tresnen bitartez, eta zorua katalogatu eta, berez duten kalitateagatik eta lurraldearen iraupenean duten garrantziagatik, eutsi beharreko nekazaritza unitateak zehaztuko dituzten inbentarioak osatuko ditugu xede horri begira. Lur banku publikoen moduko tresnak bultzatuko ditugu eta, erretiroa edo aurre-erretiroa hartzeko adinean izanik, egungo minifundismoari aurre egin behar dioten pertsonen lurren transmisioa sustatuko dugu, laborantzan eta abeltzaintzan beste pertsona batzuk has daitezen eta arloa gazte dadin. Nekazariek bete beharreko baldintzen gaineko irizpideak hobetuko ditugu, lurraldearen berezitasunak kontuan harturik eta haien lanak ingurumenean, oro har, eta biodibertsitatean, bereziki, dituen ondorioak zehatz-mehatz balioztatuko dituen jarraipen sistema ezarri. Landa Garapenerako Programa Iraunkorraren tarteko ebaluazioan, biodibertsitatean dituen ondorioen gaineko azterketa xehea bideratuko dugu, eta nekazaritza eta ingurumen arloetako neurriak ere berrikusiko ditugu, biodibertsitatearen gaineko inpaktu negatiboak ezerezteko behar diren aldaketak bideratzeko eta inpaktu positiboak sustatzeko. Ikuspuntu integrala eta funtzioaniztuna bultzatuko dugu baserrien eta nekazaritza guneen kudeaketan, biodibertsitatea kontserbatzeko eta gainerako herritarrei ingurumen zerbitzuak eskaintzeko duten ahalmena bete-betean garatu ahal izan dezaten. EAE “Lurgintza Transgenikorik Gabeko Eremua” den aldetik, modu eraginkorrean hartuko dugu parte beren burua lurgintza transgenikorik gabeko eremutzat jo duten Lurralde Europarren Sarearen ekinbideetan. Prekauzioaren aldeko printzipioari segituz, glifosatoz hornituriko pestizida eta herbiziden erabilerak pertsonen osasunean eta ingurumenean eragiten dituen kalteei buruzko informazioa emateko konpromisoa hartzen dugu. Pestizida eta ongarri ez organikoen erregulazioa eta gai kimiko sintetikoen erabilera errotik kentzea araudi bidez erregulatzeko aukera aztertuko dugu. Euskal abeltzainen sentsibilizazio eta prestakuntza planak bideratu eta gauzatuko ditugu, baserrietan eta abelazkuntzarako guneetan sorturiko minden erabilera eta kudeaketa egokiari begira. Diru-laguntzen bitartez bultzatuko dugu Arabako lurraldean lur biltze prozesuek ukituriko laborantza paisaiak lehengoratzeko. Xede horri begira, zuhaixka-hesiak eta bertako espezieak aldatuko dira berriro, basa faunaren araberako habitatak birsortzeko eta landa paisaia beharreko dibertsitateaz hornitzeko. Laguntzak emango ditugu merkaturatze eta/edo eraldatze kooperatibak sortzeko eta denboran barrena bizirik irauteko, euskal nekazaritzaren produkzioari balio erantsia emateaz gainera, banaketa arloarekin prezioen gaineko negoziazioa erraz dezaketen aldetik. Merkatu hurbila eta produktu ekologikoen kontsumoa garatuko ditugu, bai eta kontsumitzaileen eta ekoizleen artean zuzeneko harremanak bultzatu ere, herri edo eskualdeko merkatu egonkorren bitartez. Zuzeneko salmenta edo beraien inguruan antolaturiko kontsumo taldeen hornikuntza bideratu ahal izango dute haietan bertako ekoizleek. Euskal azienda arrazen eta, era berean, barazki edo landare espezie tradizionalen mantenu eta kontserbazioaren aldeko apustua egiten dugu, landare moten erregistro zehatza bermatuko duten hazi banku publikoen bitartez, nekazaritzan bestelako teknologiaz diharduten korporazioak haietaz jabe ez daitezen. Haien erabilera eta merkaturatzea sustatzea da helburua. Pentsu transgenikoz bazkaturiko aziendatik datozen haragien eta esnekien kasuan, etiketa bereziz aurkezteko eskatuko dugu Euskadin merkaturatuz gero, informazio hori jaso nahi duten pertsonak egun jasaten ari diren iruzurra saihestearren. Labore eta belarren euskal merkatuaren (bere onura eta sustagarri fiskalekin) eta konpost eta materia organikoko bankuaren sorrera bultzatuko dugu, laborantza eta abeltzaintza kooperatibek kalitatezko sargaiak prezio egokietan eskuratzeko modua izan dezaten. Xehe-xehe aztertuko ditugu EAEko HEM, Herri Erabilerako Mendien azienda kargak. Gainkarga duten aldeak ezaguturik eta mendi bakoitzari egokitu beharko litzaiokeen azienda karga orekatua kontuan harturik, Foru Aldundietako Departamenduei eskatuko diegu larreen kudeaketarako planak prestatzeko, gune bakoitzean beharreko azienda kargak egokituz.

Basoen kudeaketa Baso politikaren arloan, lurra, basoa, biodibertsitatea eta paisaiak babestuko dituen basogintza iraunkorra da gure helburua. Hau da, Euskadin azken hamarkada hauetan bideratu dena ez bestelako baso politika proposatzen dugu inolaz ere: Paper industriarako eta balio erantsi apaleko beste erabilera batzuetarako zur merkea eskaintzen duten pinudi eta eukalipto sailak lehenetsitako lekuetan, hazkunde motel eta motel xamarrekoak izanik ere, goi mailako zura eskaintzen duten zuhaitz espezieen mailakako birpopulatzea (haritza, gaztainondoa, gereziondoa, urkia…) sustatzea proposatzen du Elkarrekin Podemosek, lur horien jabeei beharreko diru-laguntzak emanez. Kanpoko espezieak aldatzeko diru-laguntzak, LGP, Landa Garapenerako Programetan egin beharreko berrikusteen bitartez bideratzen direnak, ukatzeko eskatuko dugu EAEn. Basoberritzeak bultzatuko ditugu eremu andeatuetan eta birpopulatzeak bideratuko ditugu 2000 Natura Sareko espazioetan, egun kanpoko espezieek okupaturiko eremuetan bertako espezieak hedaraziz, askoz ere modu eraginkorragoan erantzuten baitiote lurraldeko baldintza ekologikoei. Babes irudi bereziak bultzatuko ditugu HEM, Herri Erabilerako Mendietan baimenduriko erabilerak arautzeko. Arruntean bideratu ohi diren mozketen eta makineria astunaren bidezko landatzeen ordez, metodo ez horren kaltegarriak, bakantzea edo soiltzea adibidez, baliatzen dituen basogintza moduak bultzatuko ditugu. Kontrolak zorroztuko ditugu galtzear dauden espezieen edo baso kudeaketa iraunkorraren egiaztagiria jaso ez duten oihan tropikaletako zuhaitzen zura edo baso biomasa Euskadin sartzea eragozteko, eta zirkuitu laburrak eta bertako zur edo biomasaren erabilera bultzatuko ditugu. Baso ekologiaren arloan ospe eta omena duten guneekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Nekazaritzako Ikerketa Guneekin batera, baso ekologiaren gaineko ikerketa proiektua proposatuko dugu basoberritzeen ziklo biogeokimikoa sakon aztertzeko. Epe luzeko proiektu honen xedea da basoberritzeek lurreko nutrienteetan eta biodibertsitatean egiaz dituzten eraginak ezagutzea.

Itsasoko baliabideak Arrantza politikari dagokionez, garbi dago enplegu iturri garrantzitsua dela altura arrantza flota (Bermeo, Ondarroa, Pasaia). Hala eta guztiz ere, han eta hemen, ozeanoetan barrena, dauden arrantza guneetako espezieen akabatze prozesua areagotzen ari da, ezbairik gabe, ontzi horien jarduna, Kantauri itsasoko itsas ekosistema ahitu eta gero. Aldiz, gure baxurako arrantza flota, intentsiboagoa eskulanari dagokionez eta, printzipioz behinik behin, ez horren kaltegarria itsas ekosistemen aurrean (Mutriku, Orio, Getaria), azkenetan dago, itolarrian, Europar Batasunaren utzikeriaren eta merkatu libreak inposatzen dituen prezioen artean. Elkarrekin Podemosek hautu garbia egingo du ekosistema errespetatzen duen arrantza kudeaketa moduen alde, joak diren espezie eta habitatak babesten laguntzeko, espezie guztien populazioari maila oparoan eutsi ahal izateko, gizarte eta ekonomiaren araberako beharretan modu justu eta arduratsuan jarduteko eta, arrantza gunetik salmenta guneraino, eginiko arrantzen jatorriaren berri zehatza emateko. Horrexegatik da gure uztez funtsezkoa gure baxurako flota babestea, eta egiteko horretan ezinbesteko iruditzen zaigu honako neurri hauek hartzea: Frantziako lurraldeko urekiko mugaren eta Luzuero lurmuturraren Ipar-Hegoaldeko puntuaren arteko 6 miliako kosta zerrenda “Babesturiko Itsasaldetzat” hartu, eta, itsasalde horren barrenean Erreserba Eremu batzuk bereizi. Arrantza mota oro debekatuko lirateke eremu horietan. Babesturiko Itsasalde horri esker, betikoz babestu ahal izango lirateke kostalde osoa eta bertako arrantza guneak, EBko Arrantza Politika Komun berriaren araberako printzipioei jarraiki. Babesturiko Itsasaldean Erreserba Eremutzat hartuko ez liratekeen aldeetan artisau tresnen (amua eta nasak) araberako arrantzarako baizik ez ziren izango, eta arautu ere egingo litzateke tresna xumeekin (sareak) eta ingurasareaz bideratu beharreko arrantza. Debekatuko litzateke arraste arrantza. Aztertu ere egingo dugu arrantza alde horiek mugatzeko eta baimendutako ontzien errolda prestatzeko aukera, arrantza kuotak, aldi bateko ixte neurriak eta zientzialarien gomendioen araberako geldialdi biologikoak (sasoiko debekuak) bideratuz, gure kostaldeko plataforman dauden baliabideen ustiatze arrazionala bermatzeko. Ministerioari eskatuko diogu arestian azalduriko neurriak beraren eskumeneko kosta zerrendara zabaltzeko (6 eta 12 miliaren arteko zerrenda). Enkanteen sistema aldatzeko aukera ere aztertuko dugu, goraka egingo lirateke eskaintzak eta ez beheraka, orain arte ohikoa izan den bezala. Aztertu ere egingo dugu merkatuko espezie nagusietan “aktibazio prezioak” ezartzeko aukera, EBn joan den urtera arte egon ziren bezala, arrantza jardunaren gutxieneko errentagarritasuna ziurtatzen baita haien bitartez. Bestalde, beharreko bitartekoez hornituko ditugu arrantza jarduera ikuskatzeko zerbitzuak, Euskadiko merkatuetan indarrean dagoen araudi europarra betetzen ez duten hirugarren herrialdeen arrainaren sarrera hertsiki kontrolatzeko, horrelako intrusioak gure arrantzaleekiko konkurrentzia bidegabea diren aldetik. Kofradiei laguntza teknikoa emateko sistemak bideratuko dira AZTI-Tecnalia Teknologia Zentroaren bidez, arrantza metodo iraunkorragoak eta hautemate sistema modernoagoak eta selektiboagoak ezartzeko. Kokalekua zehazteko ekipoak, GPR posizionamendu sistemez hornituak, eta haririk gabeko komunikazio moduluak finantzatzeko aukera aztertuko ditugu, arrantzaleek beren produktua sustatzerakoan lagungarri gerta dakizkiekeen datu guztiak jaso ahal izan ditzaten. Bestalde, kontrol zorrotzaren pean egongo da betiere alturako euskal flota, nazioarteko arrantza arauen begiratze arduratsua, arrantza guneen ustiatze iraunkorra eta jardueran hurbiletik ukituriko herrialdeen interes sozioekonomikoen errespetua ziurtatzeko. Gure ustez, honako lan ildo hauek hartu behar dira bereziki aintzat, eta praktikara eraman: Arloan eskumenak dituzten erakundeekin lankidetzan, bereziki gainbegiratuko ditugu lehorrean baztertu beharreko arrainen lehorreratzea, kontaduria eta kontrola; exijitu egingo dugu, orobat, arrantzan guztira atzeman daitezkeen arrain kopuruei, kuotei eta arrain moten erreferentziazko neurriei buruz dauden araudiak egiaz bete daitezela eta eskatu ere egingo diogu Europar Batasunari arrantza tresna suntsitzaileenak (arraste eta jitoko sareak) nazioarte mailan debeka ditzala. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioaren aurrean, Komunitateko Arrantza Politikarako (KAP) eta beste edozein foru garrantzitsuko bilera eta eztabaidetan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere presente egon ahal izateko eskariari eutsiko diogu betiere, behar den lekuan arrantza politika iraunkorraren aldeko hautua defendatu ahal izateko. Zientzia erakunde adituen informazioa baliatuz, berrikusi eta zabalduko dugu mehatxupean dauden espezieen euskal katalogoa, hartan itsas espezieei ere sarrera eginez, katalogoa zabaltzeko. Hartan oinarriturik zehaztu ahal izango dira bandera euskal portuetan duten arrantzontziek espezie horien arrantzan eta atzemate prozesuan bideratu beharreko lana arautuko duten neurriak. Sor-marka edo berezko kalitate eta iraunkortasun etiketa garatuko dugu, itsas produktuak estandar publikoz horniturik, bertako produktuen balioztatzea eta nazioarteratzea sustatzeko eta, ondorioz, arloko etekinak handiagotzeko.
Arlo honetako Europar Zuzentarauei jarraiki, iraunkortasunaren aldeko irizpideen garapena eta inplementazioa bultzatuko ditugu akuikulturaren arloan etorkizunean proposatuko diren proiektuetan, halakorik bada.

48

Hondakinen sorkuntza eta kudeaketa garbia

Gure sistema ekonomikoaren oinarria da kontsumorako ondasun kopuru handiak ekoiztea eta merkaturatzea, berehalakoan gero eta etekin ekonomiko handiagoak eta iraunkorragoak sortzeko xedean, kontuan hartu gabe horretarako behar diren lehengaiak, ura edota energia betiko ez direla kontuan hartu gabe (baliabide gutxiren ahitzea), ekoizpen prozesuak ingurumenean eragiten duen inpaktuari erreparatu nahi izan gabe (industria kutsadura, CO2-aren igorpenak), eta ondasun horietako asko biharko egunean bihurtuko diren hondakinez batere axolatu gabe (zaharkitze programatua, erabilera bakarreko objektuak, birritan erabili ezin diren ontziak). Arestian azaldu dugunaren bestaldera, Elkarrekin Podemosek defendatzen duen ekonomia eta ekoizpen ereduaren arabera, merkaturiko ondasunek pertsonen oinarrizko premiak asetzeko balio behar dute, eta asetze hori ahalik eta baliabide gutxienen kontsumoaren bidez (eraginkortasun materiala eta energetikoa), ahalik eta epe luzeenean (iraunkortasuna) eta ahalik eta hondakin kopuru gutxien sorraraziz (ekoizpen garbia, ekonomia zirkularra) lortu behar da. Ekoizpen prozesuen iraunkortasunari dagokionez, honako jarduera-ardatz hauetan euskarrituko da Elkarrekin Podemosen politika: Ekodiseinua bultzatuko dugu euskal industrian, produktuen bizitza zikloaren azterketa sistematikoak bultzatuz, lehengaien zikloaren itxiera eta jatorri berriztagarriko gaien erabilera sustatuz, eta produktuen iraunkortasuna eta konponketa erraza babestuko dituzten lege proposamenak eginez. Produktuen zaharkitzearen kontrol eta/edo jarraipenerako Legea bultzatuko dugu, berezko eskumenen arteko neurri gisa. Produktu kimiko arriskutsuen ordez kimika berdetik datozen beste batzuk bideratzeko eskaera bultzatuko dugu, neurri hori posible eta bidezkoa den ekoizpen prozesu guztietan, produktu sentiberen (kosmetikoak, higienerako produktuak, haurren jostailuak, elikagaien ontziak,…) diseinuan eta fabrikazioan prekauzioaren printzipioa modu orokorrean bideratuz. Zorrotz aplikatuko dugu prekauzioaren printzipioa ingurumenaren edo izaki bizidunen osasunaren gainean ondorio negatiborik ez dagoela adierazteko ziurtasun osorik ez dagoenean, eskura dauzkagun ezagutzak eta zientziaren esparruan dirauten zalantzak egokiro aintzat harturik. Hondakinei dagokienez, ziur gaude politika egoki batek enplegu eta aberastasun iturri bihur dezakeela arlo hau, lehengaien erabileraren mendekotasuna murrizteko baliatu behar ditugun bitarteko baliotsuak baitira hondakinak. Gure egiten ditugu, gainera, ekonomia zirkularra eta “hondakinik ez” filosofia. Oinarrizko ideia horiekiko koherentzian, honako neurri hauek praktikara eramateko konpromisoa hartzen dugu: Beharreko guztia egingo dugu EAEko Hondakinak 2020rako Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana xehe-xehe bete dadin. Plan horrek arlo horretako araudi europarra jaso du eta, haren arabera, birziklatzearen aurrean, lehentasuna eman zaie egiaz hondakinen murrizteari eta berrerabilerari, hondakinen deuseztatze kontrolatua eta zabortegiratzea ere baztertuz. Bereziki azpimarratuko dugu ekonomia arlo guztietan baliabideen murrizte eta aurrezteari begira egin beharreko kontzientziazio kanpainen garrantzia, hondakinen sorrera murrizteko ahaleginean faktore guztiz garrantzitsua den aldetik.
Hiri hondakinen esparruan, “Hondakinik ez” estrategia, gaikako bilketa jatorrian, kalitatezko konpostajea, tokian tokiko berrerabilera eta homologazio zentroak, birziklatu egin ez daitekeen zatia murrizteko ikerketak, berreskuraturiko materialen homologazioa eta herritar bakoitzeko hondakin kopurua murrizteko sustagarri fiskalak aintzat hartu dituzten udalerriak eta mankomunitateak bultzatuko ditugu. Lankidetzarako mekanismoak bideratuko ditugu Euskadiko banaketa enpresekin, ontzien erabilera ahalik eta murritzena bideratu ahal izateko. Lehentasuna emango diegu hondakinen kudeaketaren esparruan ari diren ekonomia sozialeko enpresa solidarioei, bai eta berreskuraturiko materialen biltze, sailkatze eta merkaturatzearen kudeaketa publikoan ari direnei ere. Berehalakoan debekatuko dugu hondakinen erraustea Lemoa, Arrigorriaga eta Añorgako zementu fabriketan, eta ez dugu Euskadin hiri hondakin solidoen errauste plata berrien eraikuntza bultzatuko (Zubieta). Eusko Jaurlaritzatik, eta dagokion gizarte portzentajearen bidez, Zabalgarbiri buruzko datuak aurkezterakoan gardentasun handiagoa eskatuko dugu, haren bideragarritasuna balioztatu ahal izateko. Zepak hondakin arriskutsuak diren ala ez aztertuko duen ikerketari ekiteko eskatuko dugu, bestalde. Datu horiek guztiak eskuratu ondoren ebaluatu beharko da plantaren bideragarritasuna eta haren erabilerarako aukerak edo haren eraistea. Araudi bat prestatuko dugu konpostaje eta biometanizazio planten ustiapenari begira, merkaturatu eta hainbat arlotan (lorezaintza, eremu andeatuen lehengoratzea, basoko erabilerak, nekazaritza) erabili ahal izango den kalitatezko konposta ekoitzi ahal izan dezaten. Biogaseko planta deszentralizatuen ezarpenaren bideragarritasuna ebaluatuko dugu, azienda kopuru handienak biltzen diren eskualdeetan. Ontzien Gordailu, Itzulera eta Itzulkin Sistemen ezarpena bultzatuko dugu, gainerako gaikako bilketa sistemen osagarri badira. Herritarren parte hartzea bultzatuko dugu Euskadin hiri hondakinen bilketa eta kudeaketaren inguruan gertatuko diren erabaki hartze prozesuetan, norbanakoen kontzientziaziorako eta herritar guztioi, kudeatu beharreko hondakinen sortzaileak garen aldetik, dagokigun erantzukizunaren geure gain hartze kolektiborako tresnak diren aldetik. Hitzarmenak izenpetuko ditugu udal, mankomunitate eta foru erakundeekin, “garbiguneak”, “puntu garbiak” edota “gaikako bilketa guneak” egokitzeko. Halatan, eremu bereziak antolatuko dira etorkizunean berrerabil litezkeen etxeko tresna elektriko, altzari, bolumen handi, arropa eta beste mota askotako objektuak edukitzeko, bilduak diren gune horietako egonaldian kalterik edo hondamenik jasan ez dezaten. Sustatu egingo ditugu etxeko tresna elektrikoak, tresna elektriko eta elektronikoak, mota guztietako objektuak eta lanabesak konponketa tailerren, bigarren eskuko merkatuen edo truke eta dohaintza establezimenduen bitartez berrerabiliak izateko abiaraziko diren ekimen publiko eta pribatu guztiak. Hobetu egingo ditugu legez kanpoko eta/edo kontrolik gabeko zabortegien gaineko kontrolak. Hondakin toxiko eta arriskutsuen kontrol zorrotzagoa bultzatuko dugu, enpresetan, ikuskatze saio gehiago bideratuz eta Eusko Jaurlaritzak “ingurumenaren kalitatearen” arloan duen ikuskatzaile kopurua ahalen arabera emendatuz.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA. POLITIKA FEMINISTAK

49

Emakumeak, aldaketa globalaren eragile

Genero Berdintasunaren arloko alderdi batzuetan aurrerapenak egin badira ere, desberdintasunerako faktore nagusiak ez dira gainditu eta, kasu batzuetan, atzera ere egin dugu haietan: atzerapen horren erakusgarri ditugu, inondik ere, Berdintasunaren aldeko politiketan eta emakumeen lan merkatu dagoeneko guztiz murriztailerako sarbidean zuzeneko eragina duten politika sozialetan (Osasuna, Mendekotasuna, Hezkuntza) bideraturiko murrizketak, eta Abortuaren Legearen erreforma, 18 urtetik beherako emakumeen sexu eta erreprodukzio eskubideak murrizten dituena. Hein handiagoan jasan ohi dituzte emakumeek gizarteak oro har partekatzen dituen arazoak. Horregatik mintzo gara pobreziaren feminizazioaz, emakumeen langabeziaz, jarduera-tasa txikiagoez, prekarietate handiagoaz, eta abarrez. Halarik ere, badira era berean emakume izateak berak dakartzan arazo batzuk, gizarte ordena jakin baten eskutik datozenak. Izan ere, biolentzia mota desberdinak, zuzenekoak, kultura bidezkoak eta egiturazkoak, sorrarazten ditu eredu heteropatriarkalak, eta hilketa matxistak ditugu haien ondorio agerikoena eta jasanezinena. Elkarrekin Podemosek ez ditu Genero Berdintasunean atzerapenik onartuko. Historiako protagonistak dira emakumeak eta gizonak, eta guztiok, emakumeok eta gizonok, izan behar dugu haren protagonista. Emakumeek espazio publikoan parte hartzeko aukera eduki dezaten, ezinbestekoa da espazio pribatuko aferak gizonen eta emakumeen artean modu zuzenean banatzea. Planteamendu horrek gure gizartearen eta hartan jokatzen ditugun rolen eraldaketa sakona eskatzen du inolaz ere; ongi ulertu behar dute gizonek genero pribilegioak dituztela eta haiei uko egin behar dietela, berez dagozkien arren askotan haietarako biderik gabe gertatzen diren eskubideak eduki eta batez ere gauzatu ahal izan ditzaten emakumeek. Feminista da, zalantzarik gabe, ziklo politiko berria eta horrexegatik orientatu dira Elkarrekin Podemosen proposamenak paradigmaren aldaketara. Gure xedea da emakumeak bizitzako esparru guztietan integratzea eta pertsona guztiek integrazio hori aintzat hartzea, aldaketa globalaren egiazko eragilea izango den aldetik. Lilurazko ispilatze autoatsegina bizi dugu Genero Berdintasunaren aurrean, gizartearen zati handi batek lorturiko helburutzat daukan aldetik. Zera da, aldiz, benetako errealitatea, diskriminazioa ekiditeko legeak berak ere ez direla betetzen ari: betetzen ez badira ez dago zigorrik, axolagabekeria handia da, eta ekintza soil-soilik kuantitatiboak baizik ez dira garatzen (nola, ekintza positibo batzuen bitartez, kuota batzuk lortu); beharrezkoak izanagatik ere, ekintza horiek ez dira gizarte justuagoa eta berdinagoa egituratzeko aski. Ezinbestekoa da harago jotzea, desberdintasuna maila guztietan sorrarazten duten bidegabekeriak agerian utziko dituzten neurri kualitatiboei ekitea, haien kausak eta haien ondorioak zertan diren jakiteko. Gertatzen ari dena eta hala gertatzeko dauden arrazoiak ezagututa baizik ez dugu koherentziaz jardun ahal izango. Pentsamendu bitar matxista eta, harekin batean, genero estereotipoak dakartza berekin eredu heteropatriarkalak. Mundua modu bitarrean interpretatzeko modu honek hierarkia eta arau eredu jakin batzuk sorrarazten ditu, eta gizarte talde nagusi menderatzaileek lantzen eta zehazten dituzte eredu horiek, gainerako taldeek, menderatuek, pentsatzen dutena bigarren planoan utziz. Horrenbestez legeztatu da gizarte desberdintasuna. Arrazoi horregatik, adibidez, hartzen da emetasuna negatibotzat, ahultzat, absentziatzat, ukotzat, kontinente iluntzat eta unibertso arra baino gutxiago den zerbaitzat. Planteamendu hauei aurre egin ahal izateko, beharrezkoa da abiaraziko diren politika guztiek ikuspegi feminista edukitzea, eta horretarako pertsona guztiek parte hartu behar dute haien diseinuan eta inplementazioan, gizarte berdinzalea eraikiko bada eta eredu heteropatriarkala hautsiko bada. Horretarako, ezinbestekoa izango da, halaber, emakume guztiak bestelakotasunari erreparatuz kontuan hartzea, eta genero politikak ez bakartzea, baizik eta, haien zeharkako izaera kontuan harturik, gizartean eragina duten arlo guzti-guztietara hedatzea. Horrela jokatuz ziurtatu eta sendotuko da egiazko Berdintasun eraginkorra. Gainera, Elkarrekin Podemosen iritziz guztiz garrantzizkoa da arketipo eta eredu heteropatriarkalen dekonstrukzio prozesu honetan gizonak ere inplikatzea, hartan parte hartzea: beharrezkoa da egungo gizarte ereduari aurre egingo dion paradigma berri bat aintzat hartzea, bestelakotasunean berdintasunerantz aurrerako urratsak egingo baditugu. Laburbildurik, Politika Feministak dira, gure ustez, tresna indartsu eraginkorrenak, haien zeharkako izaerari eutsiz, gure gizartean nagusi diharduen sistema heteropatriarkal menderatzaileari azkena emateko eta emakumeen eta gizonen artean egiazko Berdintasuna lortzeko. Elkarrekin Podemos osatzen dugun emakume eta gizonen egiteko nagusietako bat da, inondik ere, Euskadin pertsonak, genero edota sexu aukera direla medio, jasaten ari diren desberdintasun edo diskriminazio mota guztiei azkena ematea.

50

Eskubide zibilak eta politikoak: Berdintasuna gizarte esparru guztietan

  1. Mugimendu feministekin eta beste gizarte mugimendu batzuekin batera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen berrikustea eta haren gaineko eztabaida bultzatuko ditugu, egungo gizartera egokitu beharra baitauka, aldarrikatu zenetik 12 urte igaro ondoren. Bereziki ekin beharko zaio haren betetzeari, hizkuntza modu lasaiegiak saihestuz adibidez. Ildo horri berari jarraiki, aldaketa proposatuko dugu Legean, diskriminazioa bizitzako esparru guztietatik errotik ateratzeko xedean. Horretarako, zeharkako modu integralean lan egin beharko da esparru horietan guztietan, egungo araudian zehaztu ez diren diskriminazio motei arreta berezia jarriz: adina, bestelakotasun funtzionala, sexu orientabidea, genero identitate alternatiboak, etnia eta gizarte jatorria.
  2. Babes juridiko eta administratiborako tresnak sortuko ditugu, mota guztietako diskriminazio ekintza edo omisioen aurrean defendatu ahal izateko.
  3. Eraso moral, psikologiko eta sexualen hautemate eta esku hartze protokoloak indartu eta bultzatuko ditugu, lan eta hezkuntza esparruetan.
  4. Genero Indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriak arautzen dituen abenduaren 1/2004 Lege Organikoan aldaketa bideratzeko eskatuko dugu (estatu esparrukoa da lege hori), agertzeaz gainera, emakumeen aurkako biolentzia mota hauek guztiak atentatutzat har ditzan. Menderatze harremanen markoaren barruan kokatuko ditu eraso horiek eta ez soil-soilik bikote barruan, egun egiten duen bezala. Biolentzia Matxistak borrokatzea eta, gainera, emakumeak eta haien alabak eta semeak babestea, behar du izan Lege horren xedeak. Elkarrekin Podemosek uste du Abortuaren Legearen erreformak, PPren gobernuak bideratu duenak, 18 urtetik beherako emakumeen sexu eta erreprodukzio eskubideen aurka jotzen duela zuzenean, haien sexu eta erreprodukzio eskubideak murrizten dituelako. Halatan, beharreko bitarteko guztiak baliatuko ditugu Euskaditik erreforma hori bertan behera uzteko eta abortua aske eta dohainik bermatuko duen Legearen alde lan egiteko. Lege berriaren arabera, emakume guztiek edukiko dute beren gorputzaren gainean aske erabakitzeko eskubidea.
51

Emakumeen aurkako biolentzia matxistak: prebentzioa eta errotik kentzea

Haren mota guztiak kontuan harturik, gure gizarteak bizi dituen arazo mingarri iraingarrienetako bat da biolentzia matxista, eta guregandik errotik erauztea da Elkarrekin Podemosen xedea. Ahoa betean arbuiatzen dugu eta, haren aurkako borrokan, zeharkako izaerako neurri integralak abiaraziko ditugu gizarte eta erakunde maila guztietan, gure gizartea kolpatzen eta emakumeen eskubideei, duintasunari eta bizitzari zuzenean erasotzen dien gaitz nardagarri honi azkena emateko. Gizarte Ituna eta Premiazko Plana behar ditugu lehen baino lehen, urtero ehunen bat emakume hiltzen eta milaka emakume mota guztietako eraso matxisten mendean ezartzen dituen biolentzia matxista guregandik errotik erauzteko. Biolentzia matxistaren aurreko prebentzio eta jardunerako politikak sustatu eta beharreko baliabideez hornituko dituen gobernu deliberatua behar du Euskadik, jakinik biolentzia matxistari azkena emateak edozein indar politikoren lehentasun nagusietako bat izan behar duela. Horretarako, bereziki bultzatu behar dira berdintasunean oinarrituriko hezkuntza politikak (koedukazioa), eta beharreko egiturak sortu behar dira, era berean, talde feministek jarduerarako protokoloen diseinuan, inplementazioan eta ebaluazioan zuzenean parte har dezaten. Honez gainera, beharrezkoa da biolentzia matxista jasaten ari diren emakumeei beren osotasun fisikoa bermatzeko eta beren autonomiari eusteko behar dituzten gizarte baliabideak eskuetaratzea, xede horretan arreta osoa eskainiko dien baliabide sare zabala sorturik. Elkarrekin Podemosek argi eta garbi kritikatu du beti emakumeak kasu gutiz gehienetan babesa eta laguntza behar duten biktima gisa agertzea, alde bat utzirik beren eskubideen eta beren autonomiaren alde borrokatzen ari diren subjektu eragileak direna. Horrexegatik uste dugu beharrezkoa dela paradigma hori gainditzea eta arazo larri honi ekiterakoan emakumeak izaki independentetzat hartzea, jasaten ari diren biolentziaren errudun eta erantzule bilakatzen dituen ikuspegia guztiz alboratuz. Gaitz nardagarri honi azkena eman ahal izateko, gizartea aldatzen hasteko oinarriak jarri behar ditugula uste dugu, eta hezkuntza berreraiki behar dugu horretarako, sexualitatearen eta harremanen gaineko mito faltsuak gaindituz, eta familia heteropatriarkalaren eredua hautsiz. Neurriak:

  1. % 15ean handiagotuko dugu biolentzia matxisten aurkako eta haiek gure gizartetik errotik erauzteko borrokarako aurrekontua.
  2. Gizarte Ituna bultzatuko dugu biolentzia matxistaren aurka. Hartan zabalduko dugun eztabaidak aukera emango digu egun indarrean dagoen sistemak egiazko premiei erantzuten ote dien jakiteko, eta sistema bakarra proposatuko dugu, emakumeen aurkako biolentziari erantzungo dion premiazko estrategia lantzerakoan.
  3. Emakumeen Ahalduntze Eskolaren sorrera bultzatuko dugu autonomia mailan.
  4. Berehalako eta epe luzeko arretarako baliabide material eta ekonomikoak zabalduko zaizkie biolentzia jasaniko emakumeei, baliabide horietarako sarbideak erraztuz.
  5. Gelditu gabe egingo dugu lan biolentzia matxistaren hautemate eta prebentzio programak bultzatzeko. Oinarrizko abiapuntua izango da betiere biolentzia sorrarazi duten arazoetara jotzea eta arazo horiek agerian uztea.
  6. Herritarren eta, bereziki, mugimendu feministen eta beste talde batzuen elkartasunean eta parte hartzean oinarrituko dugu ekintza gaitzesgarri hauek geuregandik errotik erauzteko lana eta, beraz, emakume sare informalen sorrera bultzatuko dugu biktimen sostenguari begira.
  7. Biolentzia matxisten biktimei laguntzeko programa integralak bideratuko ditugu. Emakumeak egongo dira haien erdigunean, eta emakumeen berezitasun eta premien arabera egokitu eta sustatuko dira. Aukerak eta alternatibak bermatuko zaizkie emakumeei kasu guztietan, babesa kontrolaren gainetik lehenetsiz eta haien eskubideak eta babesa bermatzeko prozesua epaile-prozesutik bereiziz, eta emakumeek biolentzia girotik aldentzeko unean egin beharreko bidea erraztuz.
  8. Biolentzia matxistaren prebentziorako programa bereziak abiaraziko dira ikastetxeetan, gizarte guneetan eta lantokietan.
  9. Lege Integrala bultzatuko dugu pertsonen trafikoaren aurka, biktimek subjektu eskubidedun diren aldetik jokatu beharreko paper nagusia lehenetsiz, eta estatu, autonomia eta udaletako agintariekin koordinaturik jardungo dugu pertsona horiek babesteko, identifikatzeko eta hautemateko unean.
52

Enplegua eta lana

Sexuaren arabera banaturik ageri zaigu lana gure gizartean: arren rolarekin identifikatu ohi da produkzioa edo ekoizpena, eta emeen rolarekin erreprodukzioa edo ugalketa. Bereizkuntza honek desberdintasuna sorrarazi du emakumeen lan merkaturako sarrera eta haren ondoriozko sustapen ekonomikoa gauzatzerakoan. Ordaindua dena da enplegua eta, ordaindu izan eta ez, pertsona guztiek egiten dutena da lana. Halatan, dikotomia horretatik abiaturik, enplegu gehiago dute gizonek, hau da, ordaindu egiten zaie egindako lana, eta ordaindu gabeko lan gehiago egiten dute emakumeek, eta lan hori hain gordean, lan gisa ageri ezinik, eduki izan da luzaroan non ez baita lantzat ere hartua izaten. Behin eta berriro erakusten ari zaizkigu kopuruen inguruko datuak egoera hobetu baino ari dela larriagotzen, eta gero eta emakume gehiago aurkitzen direla pobrezian. Elkarrekin Podemosek oso garbi du estereotipo sexistak direla lan esparruko desberdintasunaren sorburuetako bat. Ezinbestekoa da, beraz, arlo eme eta/edo arlo arren arteko sasi-bereizkuntza bertan behera uztea. Halatan, lanaren arloko heziketa eta prestakuntza programak abiaraziko ditugu generoaren arabera bereiziriko arlo horiek ezdeusean uzteko, eta egiteko horretan bereziki ekingo diegu ikuspegi horren kultura erroei, egungo errealitatea bihurrikatzen ari diren aldetik. Egiteko politikoaren giltzarria da enpleguaren gaia eta, gure ustez, lehentasuna eman behar dio inolaz ere Elkarrekin Podemosek, arlo askotan eta premia handiz abiarazi beharreko ekintza eta politiken bitartez, emakumeentzat enplegu duina, haren perfilaren eta ez sexuaren araberakoa, bermatuko badugu eta, batez ere, hemendik aurrera pobreziak emakume aurpegirik ez agertzea lortuko badugu. Gure ustez emakumeen ahalduntzearen bitartez baizik ez da gauzatu ahal izango generoaren araberako diskriminazioa ezdeusean utziko duen gizarte eraldaketa, eta emakumeek esparru pribatu eta publiko guztietan eta, bereziki, politikaren eta lan eta gizarte harremanen esparruetan, erabakitzeko eta parte hartzeko gaitasuna dutenean baizik ez da ahalduntze hori benetan eraginkorra izango. Garaia da emakumeak “parte hartzera animatzeko" deiak egitera mugatzen diren diskurtso konformistak gainditzeko, iritsi da emakumeek postu politikoetan eta enpresetako erabakietan modu parekidean parte hartzeko duten eskubidea bermatuko duten planak eta jarduerak abiarazteko ordua. Beharrezkoa da emakumeen ordezkaritza maila baxu horren kausen inguruan sakon eztabaidatzea eta gogoeta egitea. Ezagututa baizik ez ditugu gainditu ahal izango eta, beraz, bada beste alde batera begiratzeari uzteko garaia. Iritsi da, ezinbestekoa delako gaurgero, emakumeek bigarren mailako herritar izateari uzteko garaia. Iritsi zaigu sentsibilizazio hutsean oinarrituriko proposamenetatik aurrera jotzeko ordua. Eta baliabide esanguratsuz hornituriko neurriak inplementatuko ditugu, emakumeen egiazko ahalduntzerako bidea zabaltzeko. Laneko araudi eta legerietan beharreko aldaketak bidera daitezela exijituko dugu, emakumeen eta gizonen arteko egiazko Berdintasunaren eta erantzunkidetasunaren alde, emakumeen “lanaldi bikoitza” deitua eta egun ere indarrean dirauen diskriminazio ekonomikoa saihestearren (izan ere, amore emanez bezala onartzen da egun emakumeek eta gizonek lan berberaren ordainetan soldata berbera ez jasotzea). Proposamenak:

  1. Lanaren sexuaren araberako bereizkuntza erreproduzituko ez duten lan eta prestakuntza programa berriak abiarazi.
  2. Aski ez diren arren, beharrezko tresnak dira Berdintasunerako Planak lan esparruan Berdintasuna lortuko bada. Diskriminazio egoerak ekiditen dituzte eta kristalezko sabaiak ezdeusean uzten, eta bi generoen arteko erantzunkidetasuna eta bizitza pertsonala, eta familia eta lana uztartzeko neurri eraginkorrak eta errealak, abiarazteko aukera ematen dute. Halatan, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Legea betetzera beharturik diren aldetik, enpresa eta erakunde guztiei exijituko zaie Berdintasunerako Planak bideratu, landu eta inplementatzeko eta, benetako Berdintasunaren aldeko bidean, haien kontrol eta ebaluazioari begira beharrezko izango diren mekanismo eragingarriak eta eraginkorrak diseinatuko dituzte.
  3. Nolanahi ere, egun baino baliabide gehiagoz lagundu eta sustatuko da Berdintasunerako Planen inplementazioa 3/2007 Legeak horretara behartu ez dituen enpresa guztietan (enpresa txiki eta ertainetan).
  4. Emakumeen kontratazioaren % 50 bermatuko duten programak sortuko dira. Emakumeen laneratzea bultzatzeko landuko dira programa horiek eta ez da haietan inolako diskriminaziorik bideratuko: adina, arraza, jatorria, genero alternatiboa…
  5. Klausula sozialak zehaztuko dira Euskadiko herri administrazioaren kontratu eta diru-laguntzetarako baldintza pleguetan, emakumeen presentzia ordezkaritza maila apala duten lan arloetan bermatzeko.
  6. Guztiz kontrolatuko dugu emakumeen eta gizonen arteko soldata berdintasun printzipioaren betetzea eta lan egingo dugu soldata arrakala behin betiko ezdeusean uzteko, sorrarazten duten faktore guztiak kontuan harturik.
  7. Politika zehatzak bideratuko ditugu, enpresetako erabaki-organoetan parekotasuna bermatzeko.
  8. Sustapenerako programak abiaraziko ditugu arte, kultura eta ikerketa arloetako emakumeentzat. Berebat egingo dugu arren unibertsoaren esku dauden lan arlo guztietan.
  9. Lan eta ekonomia jardunen adierazleak berraztertuko ditugu, ekonomiaren funtzionamenduari eta lanen banaketari buruzko datuak bizitzaren iraunkortasunaren ikuspegitik eman ditzaten, ordaintzen ez diren lanei ere arreta berezia jarriz.
  10. Eskubide fiskalak bananduko dituen zerga politika bideratuko dugu, bizikidetza eredu batzuk besteren kaltetan sustatzeko aukera biderik gabe gerta dadin eta lanaren sexuaren araberako bereizkuntza bultza ez dezaten.
53

Erantzunkidetasuna eta bizitza pertsonala, familia eta lanaren uztartzea

Kapitalaren metatzea agintzen duen logika sistema kapitalistaren azken helburua den bitartean, paper estrategikoa beteko dute zainketek, pertsona guztiek beharko baitituzte beren bizitzan zehar. Zainketa premiaren eta kapitalaren balioztatze premien logika kontrajarrien aurrean, begien bistakoa da egungo sistemak bigarren logika lehenesten duela –ezinezkoa da biei aldi berean erantzutea–, eta horrenbestez sortu dira bizitza pertsonala, familia eta lana “uztartu” ahal izateko arazoak, zainketa lan gutiz gehienak esparru pribatuan bideratzen direlako eta lan horiek emakumeek gauzatzen dituztelako. Halatan, begien aurretik ezkutatzen dira lan horiek eta, aldi berean, ez zaie duten balio ekonomikoa ematen. Tranpa da egun emakumeentzat bizitza pertsonala, familia eta lanaren arteko uztartzea. Hasieran, lana eta bizitza pertsonala uztartu ahal izateko egituratu zen tresna hura batez ere emakumeek baliatzen duten tresna dugu egun. Izan ere, kontzeptu hori gainditzeko eta erantzunkidetasunerako neurri eraginkorrak hartzeko garaia iritsia da dagoeneko, emakumeak eta gizonak baldintza berdinetan bizi ahal izan daitezen, hala esparru pribatuan nola publikoan. Beharrezkoa da, gure ustez, egun bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko bideratzen ari diren neurriak gainditzea, haien oinarrian baitago emakumeak kolektibo arazotsutzat hartzen dituen aurre-definizioa eta, horren ondorioz, emakumeak dira aintzat hartzen diren ekintzen lehen helburua. Bestalde, “uztartze” horren oinarrian dago, halaber, emakumeak, lana eta familia bizitza batera eraman ahal izateko, laguntza jaso beharreko amak eta langileak direlako ustea. Okerrak eta denboraz kanpokoak iruditzen zaizkigu planteamendu horiek. Zainketaren arduradun nagusi bailiran hartzen dira emakumeak, eta zainketaren arazoa haiena ez beste inorena dela ematen du gainera. Logika horri segituz, beren bizitzan bideratu beharreko aldaketen eta egokitzapenen erantzule bihurtzen dira emakumeak, ez ordea gizonak. Gure iritziz, ezinbestekoa da diskurtso hori aldatzea eta erantzunkidetasunean oinarrituriko irtenbide errealak bilatzea. Premiazkoa da, gure ustez, soldatapekoaren egoera baino areago, lanaren adiera berritzea, ordaintzen ez den arren bizitzaren iraunkortasunerako horren beharrezkoa den zainketa lana agerian utziz eta dagokion balio ekonomikoaz hornituz. Beharrezkoa da bizitzaren iraunkortasunean oinarrituriko erantzukizun soziala sortzea, elkarren mendeko izaki gisa dugun izaera agerian utziz. Premiazkoa da bizitzari eusteko ahalegina posible egiten duten lanen balioa agerian uztea, eta zainketen ardurak birbanatzea, pertsona bizitza, familia eta lana "uztartu" ahal izateko bizi diren tentsioak jendaurrera eramanez eta ez norbanakoaren esfera pribatuan utziz. Horretarako:

  1. Bizikidetza unitateen aldeko politikak bideratuko dira, eredu desberdinak kontuan harturik: hazkuntza, erantzunkidetasuna, lanaren uztartzea eta beste.
  2. Ekintza positiboak bultzatuko dira gizonek lana eta pertsona bizitza uztartzeko neurriak erantzunkidetasunaren arabera har ditzaten.
  3. Akordioak bultzatuko ditugu arloetan amatasun eta aitatasun lizentziak zabal daitezen. Aitatasun lizentzia ezinbestez bete beharko da betiere, eta soldataren % 100 ordainduko da horrelakoetan beti.
  4. Elkarrekin Podemosek lan araudi berri bat abiaraziko du pertsona, bizitza eta lanaren uztartzearen, zuzentasunaren eta erantzunkidetasunaren alde, hartan enpresa mundua ezinbestez inplikaturik eta neurri horiek kudeatzerakoan helburua soil-soilik emakumeak izan ez daitezela zaindurik, horrela jokatuz gero ondorio negatiboak izan baititzakete neurri horiek emakumeen karrera profesionalean eta etorkizuneko prestazioetan.
  5. Etxe eta eskoletan baliabideak eta laguntzak zabaltzeko neurriak hartuko dira, bizitzako lehen urteei begira.
  6. Neurri horietan kontuan hartuko dira, halaber, banandu ondoren bizikidetza unitateak bizi izango dituen bilakaera eta aldaketak, adin txikiko pertsonen zaintza genero berdintasunaren araberako irizpideen arabera gauzatzeari arreta berezia jarriz, eta emakumeen aurkako biolentzia kasuetan bazterketa bideratuz.
  7. Aldatu eta egiaz abiaraziko dugu Elikadura Pentsioen Funtsa, dibortziaturiko bikoteen kasuan.
  8. Amaren bularra hartzeko laguntzak ospitaleetan eta beste gune publiko eta pribatuetan
  9. Lagunduriko ugalketarako sarbidea bermatuko zaie emakume guztiei osasun sistema publikoan.
  10. Elkarrekin Podemosek une oro bultzatuko du bizitzaren iraunkortasunaren aldeko ekonomia baterako igarotzea, ikuspegi feminista batetik.
54

Politika instituzionala: zeharkakotasuna politika publikoetan

Arazo publiko bihurtzen denean, hau da, talde garrantzitsuak ukitzen dituenean eta haren aurrean Estatuaren parte hartzea galde egiten denean, igarotzen da gai bat agenda publikora. Hori gertatzen denean esan dezakegu haren osagai bilakatu dela halako afera. Duela urte batzuk Genero Berdintasunak jendearen artean interes eskasa sorrarazten zuela bagenion ere, argi eta garbi esan dezakegu egun atzera egiteko betarik gabe sartua dela dagoeneko agenda politikoan, etenik ez duen biolentzia matxistaren ekinarengatik batez ere, urtero ehunen bat emakume hiltzen eta milaka emakume mota guztietako eraso matxisten mendean ezartzen dituen aldetik. Premiaz berraztertu beharra dago inolaz ere gai horren inguruko ikuspegi politikoa. Gaia lehentasunen agendan ezartzea lortu du mugimendu feministak eta Estatu arazoen maila berean tratatzeko eskatu dute egun talde politikoek. Elkarrekin Podemosek apustu garbia egin du Berdintasunerako politiken izaera ziklikoa gainditzearen alde, aginte txandan dagoen alderdiaren mendean gelditzen baitira. Agendaren barruan egonagatik ere, bazterrean utzi edo, alderantziz, arreta handiagoz hartu izango dira, agintean dagoen alderdiaren ideologia politikoaren arabera. Ahultasun hori dela kausa, ez gara egungo sistema insolidarioa probokatzen ari diren desberdintasunak errotik erauzteko aukera emango diguten aldaketa sakonerako urratsak egiten ari. Politika horien izaera, nolabait esan, “endemiko” hori ekidin ahal izateko, behar-beharrezkoak dira bizi garen sistema heteropatriarkalean oinarrituriko gizarte androzentrikoaren ordez gizarte justuago eta iraunkorrago bat sortzeko gauza izango diren politika feminista eraginkorrak eta zeharkakoak. Gizarte berri horretan errealitatea izango da Genero Berdintasuna eta ez albiste soil bat, urteroko martxoaren 8an edo azaroaren 25ean iritsiko dena. Horretarako:

  1. Genero Berdintasunerako Saila sortuko dugu, eta talde feministek hartuko dute parte haren diseinuan eta abiarazte prozesuan.
  2. Egiturazko baliabide handiagoz (bitarteko materialak eta ekonomikoak) bultzatuko dugu Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundea, haren urteko aurrekontuan % 10eko emendioa bideratuz, emakumeen eskubideen aldeko lana modu eraginkorrean eta errealitatean oinarritua egin ahal izan dezan, eta Erakunde horrek, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunaren alde lanean ari diren hainbat programaren bitartez, talde desberdinei ematen dieten laguntza berma dadin. Horrenbestez saihestu ahal izango dugu programa horiek ez gauzatzea edo agintean dagoen alderdiaren iritzien araberakoak izatea.
  3. Berdintasunerako eragileen irudia bermatuko dugu Instituzioetan, enpresa publikoetan eta kapital publikoak partea duen enpresetan.
  4. Izaera orokorrez, arian-arian handiagotuko dugu Genero Berdintasunera zuzenduriko aurrekontua, gutxieneko zenbatekoa aurrekontu orokorraren % 1 duen kopurutik abiaturik, eta aurrekontuaren % 1eko kopurua ziurtatuko zaio Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean, haren alde gutxieneko baliabideak bermatzeko.
  5. Instituzioetatik bultzatuko ditugu emakumeen elkarteratzea eta generoaren ikuspegia zainduko dituzten erakundeak, bestelakotasuna ere kontuan harturik.
  6. Emakumeen parte hartze parekidea bermatuko da administrazio eta gobernu maila guztietan, bai eta Administrazioaren menpeko elkarte, enpresa eta erakunde publikoetan ere.
  7. Modu eraginkorrean arautuko dira administrazioaren esparrutik zabalduriko publizitate eta mezu instituzionalak (kapital publikoa duten enpresak ere esparru horretakotzat jorik), balio sexista, matxista edota homofoboen eta emakumeen aurkako genero eta biolentzia estereotipoak sustatzen dituzten mezuen transmisioa ekiditeko.
  8. Emakumeen parte hartzea bermatuko da Eusko Jaurlaritzaren baitan bideratuko diren hirigintza proiektuen plangintzan, ekipamenduen eskariak aintzat har daitezen eta plangintzetan emakumeen genero ikuspegiaren araberako ikuspuntuak eta bizipenak kontuan har daitezen.
  9. Mekanismoak abiaraziko dira gobernu aldaketa garaian aurrez abiaturiko prozesuen iraunkortasuna bermatzeko, baldin eta Genero Berdintasunaren alde eraginkorrak eta gizartean eragingarriak direla frogatu bada.
  10. Emakumeen Euskal Kontseilua abiaraziko dugu berdintasunerako politiken diseinua eta ebaluazioa talde feministek parte hartuko duten parte hartze mekanismoen bitartez gainbegiratzeko.
  11. Emakume immigratuen arretarako jarraipen kanpainak bideratuko dira, generoa eta jatorria direla medio diskriminazio bikoitza jasaten duten aldetik.
  12. Baliabide eta funts publikoetarako bidea eragotziko zaie ideologia matxista, misoginoa, sexista edota homofobikoa duten edo kolektibo horien aurka ekintzaren bat egin duten talde eta erakundeei
  13. Sarrarazi eta aintzat hartuko dira lehiaketa publikoetan parekotasuna eta genero berdintasuna modu eraginkorrean sustatzen dituzten klausulak.
  14. Beren ekitaldietan parekotasuna errespetatzen ez duten jarduerak edo ekimenak inolaz ere ez bultzatzeko edo laguntzeko, eta haietan presente ez egoteko, exijituko zaie erakunde publikoei.
  15. Ikasketa eta ikerketa lerroen sorrera bultzatuko dugu osasun eta generoaren arloan. Osasunean eta eritasunean generoaren bitartekaritza identifikatzera bideraturiko ikerketa lerroak garatuko ditugu horretarako, bai eta osasun sistemara ikerketaren ondorio nagusiak ezagutarazteko mekanismoak ere.
  16. Genero irizpideak aintzat hartuko diren zerga erreforma progresiboaren inplementazioa bultzatuko dugu.
  17. Genero ikuspegia aintzat hartuko duten aurrekontuak bultzatuko ditugu.
55

Diskriminaziorik gabeko hezkuntza

Giza eskubidea da hezkuntza, funtsezko tresna berdintasunaren aldeko lorpenetarako bidean. Zentzu horretan, funtsezko tresna da halaber Koedukazioa, sexu bata bestearen mendean ezarriko duten harremanak ez daitezen heda. Aitzitik, baldintza berdinetan hartu behar dira emakumeen eta gizonen errealitateak eta historia, bestelakotasunetik berdintasunean hezi ahal izateko. Diskriminaziorik gabeko hezkuntzak onura dakarkie neska eta mutilei, eta lagundu egiten du, halaber, emakumeen eta gizonen arteko harreman berdinzaleagoak gorpuzten eta, ondorioz, batzuentzat eta besteentzat mundu justuago bat eraikitzen. Horregatik egiten ditu Elkarrekin Podemosek proposamen hauek:

  1. Mintzaira inklusiboa erabiliz heziko dira neskak eta mutilak hasiera-hasierako urteetatik.
  2. Koedukaziorako Planaren bultzada estrategikoa, 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako plan berezi bat garatuz, heziketa ez sexista baterako lehen urrats gisa.
  3. Hezkuntza curriculumean biolentziaren aurkako eta haren prebentziorako heziketa aintzat hartzeko konpromisoa.
  4. Androzentrismoa eta estereotipo heteropatriarkalak arbuiatuko dira testu liburuetan eta hezkuntza jardueretan, eta haietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuko dira.
  5. Eskolako bizitzako alderdi guztietan bultzatuko da Berdintasuna (pertsonen arteko harremanak, egitura, jolas orduak, kirola, eta abar).
  6. Sexu heziketa afektiboa indartuko da nerabeen artean, haien harremanei eta teknologia berriei garrantzi berezia emanez.
  7. Sexu bestelakotasun afektiboa eta bizikidetza unitate eredu berriak hartuko dira aintzat hezkuntza curriculumean. Elkarrekin Podemos osatzen dugun emakume eta gizonon iritziz, gizarte guztiz demokratiko eta justu ororen egiturazko balioa izan behar du betiere Genero Berdintasunak eta, beraz, euskal marko politiko berriaren oinarrizko zutabea izan dadila exijitzen dugu. Marko politiko berria formula sozial berritzailez hornitu beharra dago eta, emakumeen eta gizonen arteko egiazko Berdintasuna ez ezik pentsamolde aldaketa bideratu eta gauzatu beharra dauka herritarren artean, gizartea egiaz aldatuko bada. Pertsona batek Berdintasunaren alde urrats bat egiten duelarik, aurrera egiten du gizarte osoak. Gizartea aldatzeko eta herritarren zerbitzuan jartzeko tresna gara alderdi politikook, eta bere antolakuntzaren mugen gainetik hedatu beharra dago feminismoa. Horrexegatik saiatuko gara etengabe politikan, ahalduntzearen bidez, gero eta emakume gehiagok parte har dezaten, eta parte hartze horrek berezko agenda politikoa edukiko du betiere, emakumeak lagunduz eta bultzatuz. Emakumeak jardun politiko publikoan ikuste soiletik harago doan zerbait da hau guztia, emakumeen erabaki-organoetan parte hartzea ezinbestekoa eta erabakigarria izatea lortu beharra baitago. Izan ere, funtsezko gizarte eragilea ari da borroka honetan: emakumeen mugimendu feminista. Hari zor dizkiogu neurri handian arlo honetan egin diren aurrerapenak. Berak dira aldaketa honen protagonistak.

HERRITARREN ESKUBIDEAK

56

Bestelakotasun funtzionala

Herritarren zerbitzurako tresna izateko helburuaz sortu da Elkarrekin Podemos, Giza Eskubideen errespetua eta defentsa eguneroko errealitatea izango diren gizarte justuago eta inklusiboago bat eraikitzeko. Bestelakotasun funtzionalaren arloan aurkeztu dugun programak bereziki proposatzen du bestelako funtzionaltasuna duten pertsonak beren bizitzen eta erabakien jabe bihurtuko dituzten politiketan zentratu beharra, pertsona horiek jasaten dituzten estereotipo, hesi eta diskriminazioaren aurkako borroka alboratu gabe. Bestelakotasun funtzionalaren esparruan eztabaidan edo lanean hasteko unean bideratzen diren moduak eta paradigmak aldatzeko premia larria bizi dugu une honetan: Ziklo aldaketa gauzatu ahal izateko, guztiz ulertu eta praktikara eraman beharra dago kolektiboa aspaldidanik galde egiten ari den “gu gabe ezer ere ez guretzat” delakoa. Gizarte zibila eta elkarte mugimenduak urte askoan izan dira kolektibo honen aldarrikapenen aldeko abangoardia. Iritsi da aldarrikapenak eta haien aldeko elkarte sarearen esperientzia aintzat hartzeko unea, esparru guztietan askotariko proposamen positiboak egin ahal izateko. Bestelakotasun funtzionalaren gaineko politikek guztiz bultzatu behar dute eztabaida honen muinean pertsona eta pertsonak bere erabakiak hartzeko duen eskubidea egon daitezela: premiazkoa da kolektiboaren diskriminazioari eta haurtzat hartzeari azkena ematea, eta bestelako funtzionaltasuna duen pertsona bere bizitzaren eta bere erabakien jabe izatean baizik ez da hori erdietsi ahal izango.

Honako printzipio hauek inspiratu dute programa hau:

  1. Pertsona eztabaida guztien erdigunea: Bestelakotasun funtzionalaren arloan bideratu diren politikek bizi kalitatearen paradigma izan dute oinarri nagusitzat, eta haren arabera hartu dira bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen bizi mailaren kalitatea hobetzeko erabakiak. Alabaina, neurri horiek jaso behar zituen kolektiboa kontuan hartu gabe hartu izan dira erabaki horiek orain arte, eta bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen errealitatetik guztiz urrun zeuden erabaki horiek askotan. Bizi kalitatearen paradigmaren bilakaeraren aurrean gertatu gara, aldiz, azkenaldi honetan, eta gizarte zibilak eta bestelakotasun funtzionalaren arloko eskubideen alde lanean ari diren elkarte mugimenduek bultzatu dute aldaketa hori. Bizitza independentearen aldeko mugimenduaren printzipioetan oinarriturik, bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen presentzia handiagoa eskatzen ari dira han eta hemen bestelakotasun funtzionalaren arloko erabakiak hartzen diren guneetan. Bada garaia instituzioek ere eskari horien oihartzunak jaso ditzaten, arlo horretan hartuko diren erabaki guztien erdigunean bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen kolektiboa jarriz.

  2. Gu gabe ezer ere ez guretzat: Elkarrekin Podemosen ustez, erabaki guztien erdigunean egon beharra dauka bestelako funtzionaltasuna duen pertsonak, eta errespetatu eta praktikara eraman behar da guztiz kolektibo horren esakuna: Gu gabe ezer ere ez guretzat. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonek paper eraginkorra jokatu behar dute bestelakotasun funtzionalaren arloko politikaren alderdi guztien gaineko erabakiak hartzerakoan. Zentzu horretan, instituzioek bestelako funtzionaltasuna duten pertsonekiko garatu beharreko lanarekin zer ikusia duen edozein neurri ebaluatu, proposatu eta sustatu ahal izango den eztabaida forua, herri administrazioek eta gizarte zibilak osatua, antolatzea proposatzen dugu.

Horrenbestez, hona hemen gure proposamenak:

  1. Diskriminazio mota ororen aurkako borroka-neurriak garatu.
  2. Bestelakotasunaren errespetu eta arretatik abiaturik, eskubide eta zerbitzuez gozatzeko eskubidea unibertsalizatu, pertsona guztiengana zabal dadin.
  3. Bestelakotasun funtzionalaren arloan herritarren parte hartze organoak bultzatu, interesa duten pertsonak eta/edo elkarteak beren artera biltzeko eta pertsona guztien eskubideen aurkako politikak eragozteko gaitasunez hornituz.

Gizarte babesa:

  1. Euskal Gizarte Zerbitzu Sistemarako sarbidea bermatu, komunikazio eta arkitektura hesiak ezabatuz, eta erakundeen komunikazioan zeinuen hizkuntzaren, irakurketa errazaren eta piktogramaren erabilera bultzatuz.
  2. Instituzio eta erakundean artean politika publiko artikulatuak bermatu, Gizarte Babeserako Euskal Sistemaren barruan pertsonen harrera eta autonomiarako laguntza aintzat har daitezen.
  3. Biolentzia matxistaren biktimei babes neurrietarako sarbidea bermatu, bestelako funtzionaltasuna duten pertsonek behar dituzten mekanismoen egokitzapena bilatuz.
  4. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonek eskubide subjektiboetarako eta zehazkiago, Etxebide, Etxebizitzaren Euskal Sistemarako eta gizarte prestazioetarako sarbidea bermatu. Arreta berezia jarriko diegu bestelakotasun funtzionalaren, mendekotasunaren eta kolektibo honen eskubideen betetzearen gaineko ebaluaziorako eskubideari. Informazio kanpainak bideratuko ditugu zerbitzu publikoez gozatzeko eskubidea eta zerbitzu horien erabilera egokia sustatzeko. Herritar guztienagana zuzenduko badira ere, bereziki azpimarratuko da bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen eskubidea.
  5. Beharreko zereginetan eta behar bezala trebatuko dira langile teknikariak, laboralak nahiz funtzionarioak, bestelako funtzionaltasuna duten pertsonei informazio egokia eman diezaieten.

Enplegua eta lan inklusioa: Enplegu eta lan inklusiorako autonomia plana onartu eta abiaraziko dugu, honako neurri hauetan oinarriturik:

  1. Enplegu babesturako programak ez baizik eta enplegu lagundua lehenesten duten programak bultzatuko dituzten neurriak garatu, kontuan harturik bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen premiak eta lehentasunak.
  2. “Enplegu lagunduan” oinarrituriko laneratze politikak inplementatu, bestelakotasun intelektuala duten pertsonen laneko integraziorako ezinbesteko tresna diren aldetik, ongi kontuan harturik haien lehentasuna eta helburua ohiko enpleguan integratzea direla.
  3. Lan publikorako eskaintzetan, lan guneetarako sarbidea bermatuko duten neurriak garatu, eta bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen kontratazioa eta ohiko lan merkatuan lan guneetarako sarbidea bultzatzeko neurriak hartu.
  4. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsona lan/prestakuntza eskatzaileen premietara egokituriko lan eta prestakuntza eskaintzak egin, LANBIDE, euskal enplegu zerbitzuaren bidez.
  5. EAEko herri administrazioko eta mendeko erakundeetako enplegu publikoaren arloan, bestelako funtzionaltasuna duten pertsonei dagokien gutxieneko enplegu erreserba kuota goratu.
  6. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonei dagokien gutxieneko enplegu erreserba kuota betetzen duten enpresak baizik ez kontratatzeko neurriak hartu.

Hezkuntza:

  1. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonak ohiko inguruneetan eskolatzea lehenetsi, heziketa espazialerako egiturak laguntzarako baliabide bilakatuz eta hezkuntza inklusiboarekin bateratuz. Modu eraginkorrean bermatu da, horrenbestez, haien hezkuntza eskubidea.
  2. Herritar guztiei zabalduriko hezkuntza publikorako sarbide unibertsalaren aldeko inbertsioak egin, bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen hezkuntza ez diskriminatzailea zeharkako gai baten gisa bultzatuz eta euskal hezkuntza sistemako ikastetxe guztietan bereziki landuz. Ikastetxeak baliabide askiz hornitu beharra dakar horrek guztiak: profesionalak, materiala eta beharreko laguntza teknikoak.
  3. Irakasleen prestakuntza eta laguntzarako espezialista gehiago, ikasgelaren barruan jardungo dutenak. Baliabide materialen eta beharreko laguntza teknikoen hornikuntza bermatuko da horretarako.
  4. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen ikastetxe hurbiletarako sarbidea sustatu, haien eskubideak bermatuz. Horrenbestez, ezabatu egingo dira arkitektura hesiak eta inplementatu ere egingo dira bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen hezkuntzarako sarbidea bermatzeko beharko diren laguntza teknikoak.

Osasuna: Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen arreta eta osasun unibertsalerako sarbiderako autonomia plana onartuko da Euskadin:

  1. Arkitektura hesien ezabatzea eta bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen euskal osasun sistemaren araberako zerbitzuetarako sarbidea bermatuko duten laguntza teknikoen inplementazioa eta egokitzapena.
  2. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen informazio orokorrerako eta euskal zerbitzuetako tramite eta arreten gaineko informazio zehatzerako sarbidea bermatu, talde profesionalen prestakuntza bezala beharreko dokumentazioa zeinuen mintzairara edo braillera egokitzea sustatuz.

Justizia:

  1. Justiziarako sarbide eraginkorra bermatu, bestelakotasun funtzionala inolaz ere ez dadin eskubide hori gozatzeko traba izan. Era berean, dohaineko justizia zerbitzuak baliabide ekonomiko askiz hornitzea.
  2. Euskal sistema judizialean parte hartzen duten eragile guztien prestakuntza berezia Bestelakotasun Funtzionalaren arloan (epaileak, magistratuak, fiskalak, abokatuak).
  3. Gizarte zibil antolatuak eskubide berdintasunaren alde bultzatu dituen ekimenak sustatu.

Eskubide politikoak:

  1. Bestelako funtzionaltasunen bat dela medio, laguntza teknikoen eta zeinuen mintzairaren beharra duten pertsonen boto eskubiderako sarbidea erraztuko duten baliabide informatikoak garatu, eskubide hori gauza ahal izan dezaten.
  2. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonen boto eskubidea eta haren gaineko kontzientzia sustatzeko programak garatu, eskubide hori gozatu ahal izan dezaten.
  3. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonei Eusko Legebiltzarra bezalako eta beste instituzio batzuetako gune publikoetarako sarbidea (hala fisikoa nola laguntza teknikoen eta zeinu mintzairen bidezkoa) bermatu.
  4. Lurraldean bizi diren pertsona guztiei kontsulta eta parte hartzeko mekanismoetarako sarbidea bermatu.
57

Migrazioak

Elkarrekin Podemos herritarren zerbitzuko tresna bihurtzeko xedean sortu da, Giza Eskubideen errespetua eta defentsa errealitate bihurtuko duen gizarte justuagoa eta inklusiboagoa sortzeko. Elkarrekin Podemosen iritziz bizilekua (eta ez nazionalitatea) da herritartasunaren oinarria eta, zera proposatzen du, hain zuzen ere, egiazko eskubide berdintasuna, bizikidetza, diskriminazioen aurkako borroka eta Euskadin bizi dugun aberastasun soziokulturalaren balioztatzea migrazioaren arloan aurkeztu duen programaren ardatz nagusiak izatea. Migrazio zikloaren aldaketaren aurrean aurkitzen gara egun, eta arlo honetako ekintza-ardatz nagusiak sakon birpentsatu eta berrirudikatu behar ditugu horrenbestez. Euskadi migrazio eta immigrazio ziklo desberdinetan barrena eraiki da historian zehar. Berezkoa dugu dibertsitatea eta egun egonaldi luzeko populazio atzerritarra eta migrazio balantze orekatua ditugu Euskadin. Errealitate horren aurrean, bizi dugun dibertsitatea positiboki kudeatzeko neurriak proposatu behar ditugu inolaz ere. Gizarte kohesioa hautsi eta gizarte osoaren aurrerapena oztopatu baizik ez dute egiten pertsona migratuak baztertzen eta kriminalizatzen dituzten politikek. Elkarrekin Podemosen ustez, eskubide berdinak eduki behar dituzte pertsona nazionalek eta pertsona migratuek eta xede horretara orientatu behar dira hau da, eskubideak eta normalizazioa hartu behar dituzte helburutzat, migrazioaren arloko politika publikoek. Arrazoi horregatik beragatik, pertsona migratuentzat ez ezik herritar guztientzat dira, halaber, programa honetan proposatu ditugun neurri gehienak, gizarte bizikidetza eta kohesioa bultzatzeko eta gerta litezkeen biktimizazio edota baztertze prozesuak saihesteko. Aurrean dugun hauteskunde ziklo honetan funtsezkoa da administrazioaren aldetik Euskadin bizi diren pertsona guztiei eskainiko zaizkien kalitatezko zerbitzu unibertsaletan oinarrituriko politika, eta irmo eta deliberatuki egin behar dugu apustu praktika horien alde, kontuan hartu gabe pertsonen etnia, jatorria, adina, nortasuna edo ideologia. Gizarte bizitzako esfera guztiekin loturik daude migrazioa eta dibertsitatea, eta guztizko modu integralean ekin behar zaie beraz, ez soil-soilik enpleguan edo integrazioan oinarrituriko neurri partzialen bitartez. Beste gai batzuk, hala nola gizarte, kultura, kirol eta abarretarako politikak, hartu behar dira halaber kontuan, herritar guztien eguneroko bizitzan eta bizikidetza ahalbideratzen duten testuinguruen sorreran duten eragin handiagatik.

Hona hemen programa hau inspiratu duten printzipioak:

  1. Gobernantzaren eraldaketa Azken hamarkada hauetan, aliantza sendoak bideratu dituzte lurralde maila desberdinetako gobernuek ekonomia eta finantza arloarekin, eta elkartze horren ondorioa da demokraziaren eta herri subiranotasunaren eraikuntzan bizi dugun porrot handia, Administrazioak ez baititu herritarrak botere publikoaren jardunean parte hartzaile bihurtu; aitzitik, elite ekonomikoekin (enpresa handiak, finantza taldeak, eta abar) partekatzen ari da botere publikoa. Gertaleku konplexu honetan, ezinbestekoa da gizarte zibilak gobernantzaren aldaketan oso paper garrantzitsua jokatu beharra daukala ulertzea. Funtsezko subjektu politiko, kultural eta ekonomikoa da gizarte zibila, eta ordezkaezina gainera, garapenaren, gizartearen demokratizazioaren eta Giza Eskubideen errespetuaren aldeko bidean aurrera egingo badugu. Elkarrekin Podemosek etengabe egingo du lan demokrazia parte hartzailearen eta herritarren ahalduntzearen alde, eta bide horretan ez du diskriminaziorik onartuko. Zera esan nahi du horrek guztiak kasu honetan, mekanismoak bideratuko ditugula herritarrek politika eta proiektu publikoetan zuzenean parte har dezaten, abiapuntua aurrez zehaztu ondoren gehienaz ere sostengu-emaile soil izatera behartzen dituzten moduak alde bat utzirik.
  2. Politiken osotasuna eta zeharkakotasuna Luze jo du dagoeneko, eta indarrean dirau egun ere, pertsona migratuak modu berezian, gainerako herritarrak ez bezala, hartu beharreko kolektibo berezitzat dauzkan ideiak. Pertsona migratuen arloan bideratu beharreko esku hartzeak, gainera, eskuarki lotu izaten dira gizarte zerbitzuekin, hau da, gizarte hausturarekin eta bazterketarekin. Arrazoi horrexegatik bultzatu nahi ditu Elkarrekin Podemosek pertsona immigratuagan edo migrazioan zentratuko ez diren politikak, eta haien jo-miran egongo dira betiere lurralde edota sektore bateko herritarrak ukitzen dituen arazo zehatz baten jatorria eta ondorioak. Zeharkako izaeraz integratu beharra dago kultura, etnia, erlijio eta bestelako dibertsitateetatik enplegu, etxebizitza, hirigintza, hezkuntza, gazteria, osasun, parte hartze eta beste arlo guztietako politika publikoetan bideratuko den begirada. Ez dugu esan nahi, ordea, pertsona migratuek jasaten dituzten eskubide urratzeen berezitasuna aintzat hartu behar ez denik: urratze horiei auzoen arteko logikatik ekitea proposatzen dugu guk, herri subiranotasunaren jardun erreala ekarriko duen gizarte sare sendoa egituratuz.
  3. Herritartasuna bizikidetza gisa Orain arteko politika, ekonomia eta gizarte ereduak bazterketa, diskriminazioa eta segregazioa ekarri dituen herritartasun prozesu bereizgarri batera eraman gaitu. Migrazioa kudeatzeko modu bereizgarriek gizarte haustura sakona eragin dezakete prozesu baztertzaileen bitartez (gu VS haiek), eta etengo dira horrenbestez herritartasun loturak. Ezinbestekoa da kolektibo desberdinen asimetria ezagutzeko aukera emango diguten estatistikak bideratzea. Alabaina, beharrezkoa da diagnostiko horren ondoren garatuko diren neurriek ez ditzaten gizarte bazterkeria eta kolektiboen estigmatizazioa handiagotu, baizik eta, aitzitik, desberdintasunak murritzaraziko dituzten neurri integralak bultzatu.
  4. Tratu berdintasuna Arestian aipaturiko oinarriak ezin garatuko dira baldin eta abiapuntutik beretik egiazko tratu berdintasunik ez badago. Gertatzen diren desberdintasunak eta haien artean dagoen elkarreragina ezagutzea eta aitortzea da aurreneko urratsa, ondoren tratu berdintasunaren aldeko eta diskriminazio ororen aurkako politika integralak abiaraziko badira.

Halatan, honako proposamen hauek egiten ditugu:

  1. EAEn Migrazioen Zuzendaritza nagusia berrezarri. Haren egitekoa izango da migrazioaren arloko politika publikoak koordinatzea eta zeharkako izaeraz hornitzea, eta gizartea ukitzen duten arlo guztietan (etxebizitza, enplegua, osasuna, hezkuntza…) dibertsitatea kudeatzea.
  2. Arrazismo, xenofobia eta diskriminazio mota ororen aurkako borrokarako neurriak hartu, arrazismo sozialari eta arrazismo instituzionalari berari arreta berezia eskainiz.
  3. Neurri orokorrak eta arauemaileak hartu eta bultzatu, pertsona guztiei eskubide eta zerbitzuetarako sarbidea unibertsalizatzeko eta auzoen arteko sareak eraikitzeko.
  4. Migrazioen inguruan diharduten herritarren parte hartze organoak biziberritu, interesa duten pertsona edo/eta elkarte taldeak integratzeko eta pertsona guztien eskubideen aurka jotzen duten politikak eragozteko gaitasunez hornituz.
  5. Immigrante, gutxiengo etniko eta gizarte bazterketa pairatzen duten taldeen integraziorako programak sortu, eta herritarren artean beren pertsona ezaugarriak (bestelakotasun fisikoa, mentala edo intelektuala duten pertsonak), kultura ingurunea edo testuinguru sozioekonomikoa direla eta, gizartean baztertuak eta marjinatuak izateko arriskua bizi duten pertsonekiko tolerantziaren, kultura dibertsitatearen eta errespetuzko bizikidetzaren aldeko sentsibilizazio eta heziketa politika eraginkorrak bultzatu.
58

Gizarte babesa

  1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako sarbidea bermatu, Sistemaren araberako baliabide eta zerbitzuak baliatu ahal izateko legezko bizileku baimena eduki beharra agintzen duen betekizuna bertan behera utziz, pertsona horien administrazio egoera zein den kontuan hartu gabe.
  2. Instituzioen artean politika publiko artikulatuen existentzia bermatu, pertsona iheslari eta migratuen harrera eta autonomiarako laguntza gauzatzeko. Estatuko arlo honetako politika publikoek eta/edo Gizarte Babeserako Euskal Sistemak arauturiko politika publikoek aintzat hartzen ez dituzten gaiei irtenbidea ematea litzateke proposamen honen helburua.
  3. Biolentzia matxistaren biktimei babes neurrietarako sarbidea bermatu, alde bat utzirik haien administrazio egoera.
  4. Pertsona guztiei eskubide subjektiboetarako eta, zehazkiago, Etxebide - Etxebizitza Euskal Sistemarako sarbidea bermatu, alde bat utzirik haien administrazio egoera. Zentzu horretan, baliogabetu egingo da Etxebide - Etxebizitza Euskal Sistemaren funtzionamenduaren 2012ko agindu arauemailea, egoera irregularrean zeuden pertsonak baztertu zituelako, eta guztiz bermatuko da etxebizitzarako eskubide subjektiboarekin loturiko gizarte prestazioetarako sarbidea. Era berean, arreta berezia jarriko diegu bestelakotasun funtzionalaren eta mendekotasunaren ebaluaziorako sarbideari eta kolektibo horren eskubideen betetzeari, administrazio egoera kontuan hartu gabe bermatzearen alde gaudelako.
  5. Informazio kanpainak bideratu, zerbitzu publikoetarako sarbidea eta haien erabilera egokia sustatzeko. Herritar guztiei zuzenduak izango dira, baina kultura gako desberdinak bideratuko dira bereziki haietan, populazio migratuaren informaziorako sarbidean eskubide berdintasuna bermatzeko.
  6. Langile teknikariak, laboralak nahiz funtzionarioak, kultura arloan gaitu.
  7. Immigranteen informazio eta laguntzarako bulegoak sortu, eta haietan generoaren ikuspegia ere bideratu, gizarte bazterketan jausteko arrisku gehiago baitituzte, oro har, emakume immigranteek.
59

Pertsona helduen enplegua eta prestakuntza

  1. Euskadiko eskumen esparruaren barruan, pertsona migratuen curriculumaren ezagutzea eta haren egiaztapena bermatuko dituen legezko prestakuntza esparrua ezarri, haien jatorrizko lan ibilbidea aintzat hartu eta tituluen eta lanbide esperientziaren egokitzapenari begira trebatze programak bultzatu ahal izateko.
  2. Emigratu nahi duten pertsonentzako informazio eta orientazio programak inplementatu (pertsona nazionalak eta atzerritarrak), bai eta atzerrian jarraipen eta laguntza programak bultzatu ere. EBko eta kanpoko beste herrialde batzuekiko agintari eskudunekin enplegu arloan harremanak eta hitzarmenak bideratu, emigranteen eta beren herrietara itzuli diren pertsonen eskariak aseko dituzten lan eskaintzak lortzeko, hala nahi duten pertsona nazionalek eta atzerritarrek utzitako herrira itzultzeko duten eskubidea bermatuz.
  3. Lan esplotazio egoerak salatzeko aukera bermatuko duen baliabidea garatu, pertsona salatzaileen babesa autonomia erkidegoko esparruan ziurtatuz.
  4. Erregimen bereziko etxeko lanaren kontrol eta jarraipenerako ebaluazio, jarraipen eta salaketa organoa sortu, Euskadiko lan ikuskaritzaren laguntzaz.
  5. Pertsona helduen prestakuntzarako eskaintza bermatu, hala hizkuntzetan (gaztelania eta euskara) nola lanbide gaitasunen arloan. Dohainekoa eta Euskadin bizi diren pertsonen premiei erantzun ahal izateko nahikoa izango da.
  6. Hizkuntza eskola ofizialen funtzionamendua eta beka erregimena arautzen dituzten dekretuak aldatu, eskakizunak betetzen dituzten pertsona egoiliar guztiek bertako pertsonen baldintza berberetan ikasi ahal izan dezaten zentro horietan.
  7. Prestakuntza eta lan bizitza uztartzeko aukera emango duten baliabide eta zerbitzuak bermatu, haurrak edo nerabeak kargupeko dituzten pertsona bakarrak bereziki kontuan hartuz.
60

LGTBIQ+

Arau heterosexualaren bidetik jotzen ez duten pertsonak ezkutatzen dituen gizarte heteropatriarkalean bizi gara. Haien existentzia ezkutuan gordea den arren, dagozkien eskubideez gozatzeko eta genero nortasuna eta sexualitatea hautatu duten moduan bizitzeko eskubidea dute LGTBIQ+ kolektiboek (lesbianak, gay-ak, transexualak, transgeneroak, bisexualak, intersexualak, queer-ak, eta abar), eta inork ere ez du aukera eta eskubide horiek ukatzeko eta ez onartzeko eskubiderik. Genero nortasuna eta orientazio afektibo-sexuala ezin daitezke aske eta edozein motatako biolentzia eta diskriminaziorik gabe bizi ahal izateko oztopo izan. Urratsak egin behar ditugu generoan oinarrituriko botere harreman desberdinak izango ez diren gizarte sistemaren aldeko bidean. Sexuen arteko gutxiagotasun eta mendekotasun kontzeptuetan oinarrituriko jokabide eta praktika estereotiporik gabe aintzat hartuak eta heziak izan nahi dugu, gizartearen garapena eta ongizatea bultzatu nahi ditugu, bai eta bizitzako politika, gizarte, kultura eta beste arlo guztietan baldintza berberetan parte hartu ere, giza eskubide unibertsalez bete-betean gozatuz. Elkarrekin Podemosek ongi daki intergenero pertsona kolektibo bat badagoela, eta instituzioek, medikuntza praktikak eta gizarteak, oro har, kolektibo hori sistematikoki zapaltzen eta ezkutatzen dutela. Horregatik diogu genero nortasun alternatiboak ere legezkoak direla. Genero nortasun alternatiboak dituzten pertsonen, hau da, pertsona ez-zisgeneroen, artean, aintzat hartu beharrak dira pertsona transgeneroak eta genero nortasun ez-bitarrak dituzten pertsonak (ageneroak, bigeneroak, intergeneroak, hirugarren generokoak, eta abar). Pertsona bakoitzak bere genero nortasuna hautatzeko eta sendotzeko askatasuna aldarrikatzen du Elkarrekin Podemosek. Zorigaitzez, gure gizartean diraute betiere Gorroto Delituek eta LGTBIQ+fobiak, eredu heteropatriarkalaren ondorioz. Gero eta pertsona gehiago ausartzen dira salatzera, baina asko dira oraindik haien aurrean beldurrez isiltzen direnak. Amaitu beharra dago egoera hau, errotik erauzi beharrak dira Gorroto Delituak, iruzkin eta txiste laidogarrietatik eta irainetatik hasi eta eraso eta hilketekin buka. Elkarrekin Podemos irmo eta artesirik gabe agertuko da beti edozein homofobia, lesbofobia eta transfobia agerraldiren aurka, eta horrelakoak guregandik betikoz lekutzeko ahaleginean jardungo du beti. Honako neurri hauek proposatzen ditugu LGTBIQ+ kolektiboa gizartearen aurrean agertzeko eta Gorroto Delituei eta LGTBIQ+fobiari azkena emateko:

  1. LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea agerian utziko duten ikerketak eta kanpainak abiarazi. Errealitatea ezaguturik baizik ez ditugu diskriminazioaren aurkako borrokan erabaki egokiak hartuko.
  2. Gizarte esparru guztietan Gorroto Delituen eta LGTBIQ+fobiaren aurkako kanpainak garatu, hezkuntza, kultura, aisia eta kirol esparruei arreta berezia jarriz.
  3. Sexu Orientazioarengatik bideraturiko Diskriminazioaren aurka, Euskal Babes Legea garatu eta Transexualitatearen Euskal Legea guztiz garatu.
  4. Gorroto Delituen biktimen arretarako telefonoa abiarazi, salaketei, kontsultei eta aholkularitzari begira.
  5. Giza Eskubideen errespetua zabaltzea helburua duten proiektuak lagundu, LGTBIQ+ komunitatea legez kanpora dagoen herrialdeetan bereziki.
  6. Adierazpen Instituzionalen irakurketa, hala maiatzaren 17koa (Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna) nola ekainaren 28koa (LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna).
  7. Kolektibo horiekin lan egin, dagozkien gai guztietan jardun dezaten eta beren egoeran eragina duten erabakietan parte har dezaten. Berdindu zerbitzua birmoldatu, genero dibertsitatearen gaineko politiken Aholku Kontseilua bihur dadin. Kontseilu horren egitekoa izango da Eusko Jaurlaritzak arlo horretan bideratuko dituen politika zehatzak diseinatzea.
  8. Genero Nortasunaren gaineko 3/2007 Legearen berrikustea bultzatu, transexualitatearen eta intersexualitatearen despatologizazioari begira.
  9. Dokumentazio ofizialean, edozein sexu orientazio edo genero hauturen aurreko eskakizun, eduki, aipamen eta zeinu diskriminatzaile ezabatu eta baliogabetu.
  10. Euskadiko Segurtasun Indarretan dibertsitate afektibo-sexualari eta bizikidetza unitate mota berriei buruzko prestakuntza prozesua inplementatu, kolektibo horiei arreta hobea bermatuko dien protokoloa ezartzeko. Gorroto Delituen aurkako polizia protokoloa landu.
  11. Pertsonaren generoaren erreferentzia egiten den dokumentu ofizialetan, genero ez-bitarraren laukia ere azaldu.
  12. Beren genero nortasuna edo sexu orientazioa direla eta jasan behar izan duten diskriminazio eta bazterketagatik bizi ziren etxeetatik ihes egin duten pertsona guztiei dohaineko laguntza publikoa eskaini. Beharreko laguntza guztia eman beharko dute administrazioek, hala psikologikoa, nola orientabide juridikoa, harrera etxebizitzak, eta abar.
  13. Ezein erakunde publikok nahiz pribatuk ezin exijituko du inoren genero edo sexu auto-identifikazio edo etiketazio publikoa, datu hori ez bada guztiz beharrezkoa.
  14. Euskal ikastetxe eta hezkuntza guneetako eraso eta biolentzia LGTBQIfobikoaren errealitateari buruzko ikerketak bideratu eta eskoletan bullying homofobikoaren aurka modu eraginkorrean ekingo dion plan integrala artikulatu.
  15. Adopzioan alderdikeriarik eza bermatuko duten arauak bultzatu, adin txikiaren interesa, eta ez pertsona eskatzaileen sexu orientazioa edo genero nortasuna, lehenetsiz beti.

HERRITARREN SEGURTASUNA ETA ASKATASUNA

Elkarrekin Podemosen oinarri politikoen arabera, askatasun publikoen esparruan hartu beharra dago aintzat segurtasunaren gaia. Printzipio horrekiko koherentziaz, Giza Segurtasun kontzeptua hartu dugu oinarrizko erreferentziatzat, kontzeptuak azaldu zenetik aurrera (Nazio Batuen Plana Garapenerako, 1994) bizi izan duen bilakaera (Europar Batasuna: Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta 2030 Agenda) gogoan edukiz.
Giza Segurtasunak bere jomugen artean hartzen ditu, politika publiko integratuen bitartez, egiturazko biolentzia, herritarren segurtasuna, segurtasunaren globalizazioa eta injustizia sozialak. Segurtasuna ez da soil-soilik poliziaren, epaileen edo presondegietako afera, baizik eta komunitate osoarena eta instituzioena, eta elkar osatuko duten gizarte eta segurtasun politikak bideratu behar dira haren arabera, Giza Eskubideak eta norbanakoen eta giza taldeen eskubideak errespetatuz betiere. Definizioz globala den segurtasun mota honen barruan, beste "segurtasun” batzuk ere hartzen dira aintzat, hala nola defentsa edo segurtasun kooperatiboa (kanpo segurtasuna), herritarren segurtasuna eta segurtasun iraunkorra (barne segurtasuna), eta “segurtasunaren gaineko ikerketa kritikoen” proposamenak. Pentsamendua eta ekintza uztartzen dituen dinamika dialektiko batetik abiaturik, gizartea aldatzeko estrategiaren barruan garatuko diren honako ekintza hauek proposatzen ditugu.

61

Ekintzarako estrategia

Giza Segurtasuna eta hari datxezkion eduki modernoenak gure garaiko Euskadiko premietara egokituko dituen estrategia da hau. Kontuan hartu dira hartan ikerketa kritikoen ekarriak, ikuspegi ekologista eta feministak, nazioarteko eragin multilaterala, askatasunen jardun berdinzalea, Euskadiko gizartearen emantzipazioa eta Eusko Jaurlaritzaren praktikaren izate etiko-politikoa. Modu proaktiboan egin ditugu proposamenak, hau da, gizarte hobeago bati begira bila gabiltzan helburuei erantzungo dieten ekimenak planteatuz. Egungoa ez bezalako segurtasuna gustatuko litzaiguke inondik ere, argi eta garbi ikusten ari baikara egun nola iruzurgile handienek ihes egiten duten kontroletik, herri salaketa ahokoaz isilarazten den bitartean. Ahokoa kentzea, edo Euskadiko aplikazioan haren eragina murriztea, bideragarriagoa da egun iruzur fiskalari amaiera emango dioten politika eta bitartekoez hornitzea baino, baina helburu horietarantz abiatu beharra daukagu inolaz ere. Aplikazio praktikoan oinarritzen den estrategia.

62

Giza Segurtasunaren ardatz estrategikoak Euskadin

Plangintza estrategikoaren irizpide komunari jarraitu diogu, segurtasunaren aldeko politika publikoak gidatuko dituzten “ardatzak” zehazterakoan. Hona hemen Elkarrekin Podemosek proposaturiko ardatzak, lau guztira: 1) Segurtasun Partekatua Politika publikoak “herriarentzat” egiten dira, baina “herriarekin”, bai eta segurtasunaren arloan ere. Horrenbestez, herriak ere parte hartu behar du zuzenean arlo horretan. Parte hartze hori, gainera, instituzio barrukoa bezala (Eusko Jaurlaritzan interpelatu beharreko sailekin) instituzioen artekoa ere izango da (inplikaturiko erakunde publiko eta pribatuekin). 2) Segurtasun Integratua Politika publikoen atala da segurtasuna eta haien barruan integratu beharra dago inolaz ere. Edozein gobernu definizioz “kolegiatutan” uler litekeen elkarlan mota horretatik harantz, garbi adierazi behar dugu askatasunen sustapenak eta herritarren erazukizunak (herritarren eskubideak eta betebeharrak) helburu bateratua behar dutela izan Eusko Jaurlaritzaren politiken integrazioari begira. 3) Segurtasun Eraldatzailea Egun dagoena funtsean aldatzeko balio izan behar dute segurtasunerako politikek. Posible da, gure ustez, beste segurtasun mota bat, askatasunean eta gizarte justizian oinarrituriko bizikidetza demokratikoa eskainiko duen segurtasuna. 4) Segurtasun Eraginkorra Lortu nahi diren askotariko helburuak beharreko aurrekontuez hornitu beharrak dira, baina eraginkortasunerako irizpidez eta, hala behar izanez gero, eragingarritasuna lehenetsiz (Genero Biolentziaren aurkako kasuan bezala) kudeatuko dira. Zentzu horretan, oinarrizko egitekoa da egungo polizia zerbitzuen egokitzapena, herritarren zentzu zibikoaren sustapenean ere eragina edukiko duten politika publikoetarako baliabideak eduki ahal izateko.

63

Segurtasun Partekatu, Integratu, Eraldatzaile eta Eraginkor baterako ekintzak

Hona hemen Giza Segurtasunaren printzipioetatik abiaturik aintzat hartu den estrategia zehazten duten ekintza batzuk. Aukera batzuk baizik ez dira hauek, inolaz ere ez har litezkeen neurri guztiak.

64

Segurtasun Partekatuaren arloko ekintzak

  1. Beharreko arau euskarriez eta baliabideez hornitu, segurtasunerako politikak herritarren parte hartzera zabaltzeko.
  2. Euskadiko Segurtasun Publikorako Kontseilua indartu, segurtasunaren arloan antolaturiko gizarte zibilera zabalduz. Era berean, Herritarren Segurtasunaren arloan Tokiko Parte Hartze Kontseiluen ezarpena bultzatu, komunitatera zabalduz.
  3. Segurtasunaren arloko harreman eta politika publikoen gaineko eztabaida foruak sortu, Foru Aldundietan eta EUDEL elkartean batez ere, bai eta sare akademikoan eta gizarte erakundeekin ere.
  4. Elkarrizketa giro irekia eta leiala zehaztu arlo honetan inplikaturiko sindikatuekin, bereziki, baina ez soil-soilik polizia sindikatuekin.
65

Segurtasun Integratuaren arloko ekintzak

  1. Segurtasunarekin zer ikusia duten instituzio eta erakunde guztiekin, lankidetza maila handiagoa inplementatu. Bereziki, egungo batzorde formalak indartuz.
  2. Segurtasun Batzordea Estatuko Gobernuarekin batean dinamizatu, erabakiak hartzeko duen berariazko gaitasunaz gainera, Estatuko gainerako instituzioekin lankidetza leiala gauzatzeko aukera emango duten batzorde teknikoetan hausnarketa eta eztabaidarako gaitasunaz hornituz, gure politikak Europar Batasunean eta beste nazioarteko erakundeetan (Europako Kontseilua, Nazio Batuak, eta abar) koherentziaz integratu ahal izateko. Lehen mailako erreferentziak dira 2030 Agendak eta Garapen Iraunkorrerako Helburuak.
  3. Eusko Jaurlaritza Hiri Segurtasunerako Europar Foruko eta Hiri eta Toki Gobernu Batuen elkarteko kide bihurtu, foru horietan egiten diren proposamen egokiak esperientzia zehatzetan bideratzen saiatu ahal izan dadin (NBE-Habitat, eta abar).
  4. Foru Aldundiekin eta Udalekin “segurtasun kontratuak” sortu, eskumenen arabera dagozkien esparruetan segurtasuna hobetuko duten politika publikoetarako bitartekoak eta baliabideak bidera ditzaten.
  5. Segurtasun enpresa pribatuekin harreman egokiak bideratu, haien kontrola ziurtatuz eta segurtasun publikoa lehenetsiz.
66

Segurtasun Eraldatzailearen arloko ekintzak

  1. Giza Segurtasunerako baldintzak Eusko Jaurlaritzaren politika publikoetara egokitu. “Segurtasunaren Ikuskatzeak” bideratuko dira bereziki, askatasunen garapenari begira, herritarren erantzukizunen jardueraren eta segurtasun publikoan eragina duten injustizia sozialen zuzenketaren aldeko neurriak proposatzeko.
  2. Segurtasunaren arloan Justizia Leheneratzailerako egingo diren proposamenak bideratu, bitartekaritza mailako eskumenak bereziki. Polizia bitartekaritza ere hartuko da haien artean kontuan.
  3. Euskadiko Polizia arautzen duen 4/1992 Legearen 4. artikulua arauetan eta praktikan garatu. Hala dio hitzez hitz: “gizarte ongizatea erdiestea izango da herritarren segurtasunaren orientabidea". Giza Segurtasunaren bideragarritasun eta eraginkortasunaren gaineko eztabaida publikoa sustatuz bideratuko da hori, askatasun publikoen eta Giza Eskubideen defentsa eta babeserako elkarteen parte hartzea ziurtatzen badira batez ere.
67

Segurtasun Eraginkorraren arloko ekintzak

  1. Instituzioen akordioa bultzatu, Euskadin dauden polizia indarren kopurua ratio europarretara egokitzeko. Erabaki honen arabera, Euskadiko Segurtasunerako Plan Nagusiaren bitartez gauzatuko da baliabideen optimizaziorako irizpidea, emaitzak hobetzeko eta bikoizteak ekiditeko.
  2. Segurtasun Saileko zuzendaritzak murriztu eta haien prestazioak hobetu. Zehazkiago: a. Sailburuaren Kabineteko eta Komunikaziorako egungo zuzendaritzak batu eta Sailburuaren Aldeko Zuzendaritza sortu. Kudeaketa Ekonomiko eta Baliabide Orokorretarako zuzendaritza eta Giza Baliabideen zuzendaritza batu eta Baliabideen Kudeaketa Zuzendaritza sortu, segurtasun iraunkorra jomugan. Eutsi egingo zaio Araubide Juridiko eta Zerbitzuetarako zuzendaritzari, baina “hauteskunde prozesuak” kanpo utzirik, Lehendakaritza arduratuko baita horietaz. Batu egingo dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Trafiko zuzendaritzak, arloko planen aplikazioa indartzeko (kontuan harturik bideen segurtasunaren arloan istripu kopurua eta morbilitatea hazi egin direla), plangintzan herritarren parte hartzea zabaltzeko, eta "112" larrialdi telefonoaren kudeaketaren pribatizazioa eragozteko (haren jardun publikoa berrartuz eta hartan ari diren langileen lan baldintzak hobetuz). Bestalde, bere gain hartuko du Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak Joko eta Ikuskizunen zuzendaritza, Euskadiko Segurtasun Publikorako Sistema garatzeko eta Euskal Poliziaren euskalduntze programa zehazteko ardura ere bereganatuz. b. Desagertu egingo da Ertzaintzaren Zuzendaritza. Haren eskumen batzuk (politikoak guztiak) Segurtasun Sailordetzak hartuko ditu bere gain. Aldi berean indartuko da, modu kolegiatuan, Ertzaintzaren Buruzagitza, eta zeinahi alderdikeria saihestuko da hauen hautapenean eta egiteko profesionalean.
  3. Ertzaintzari dagokionez, haren prestazioak hobetuko dituzten ekintzak garatu. Hona hemen: a. Karrera profesional bat (hezkuntzan homologatua) bideratu. Udaltzainak ere hartuko dira hartan aintzat. b. Lanpostuen zerrenda berria prestatu, egun eta etorkizunari begira aurreikusiko diren gorabeheretara egokituz (kopuruaren egokitzapena), eta lanpostuen balioztatze berria bideratuz. c. Polizia agenteak hautatzeko prozesuetan Giza Segurtasunaren aldeko planteamenduen araberako polizia perfilak zehaztu, jendaurrera ahal bezain laster eraman eta ezagutarazteko. d. Polizia Kode Deontologikoa gomendio europar berrietara egokitu, eta polizia agenteen grebarako eskubidearen balizko onarpenari buruzko eztabaida zabaldu. e. Minoi, Foral eta Mikelete sailak osatuko duten ertzainen kopuruak zehaztu, foru eskumenen arabera poliziaren esku hartzea behar luketen arloetako lanak (agintarien eta instalazioen babesa, ingurumena, iruzur fiskala, historia eta arte ondarea, adin txikiak, garraioa, eta abar) gauzatzeko behar liratekeen hainbat baliabidez hornituz, Foru Aldundiekin hitzartuz eta dagokien aurrekontuetarako ekarria ziurtatuz. f. Funtzioan eta erakundean Fiskaltzaren, Epaileen eta Auzitegien mendean jardun beharreko Polizia Judizialaren unitateak agintari eskudunekin zehaztu. Administrazio lotura baizik ez da aurrerantzean geldituko polizia horien eta Segurtasun arloaren arteko harremanetan. Polizia kopuru eta baliabide aski hornituko dira gobernuaren jardueratik kanpoko polizia egiteko horien garapenari begira.
  4. Poliziaren esku hartzearen kanpoko eta barneko kontrol sistemak sortu, Arartekoaren instituzioa arlo horretako eskumen garrantzitsuz bereziki hornituz (arauen aldetik beharreko laguntza emanez eta baliabide aski egokituz); tortura eta tratu txarren aurkako erreferentziazko instituzioa izango da Arartekoa Euskadin.
  5. Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren lana indartu, honako arlo hauetan bereziki: a. Haren eskumenen araberako funtzionarioen euskalduntzea garatuz.
    b. Dokumentazio Digitalerako Gune baten laguntzaz, Giza Segurtasunaren arloko didaktika eta heziketa materialak prestatuz.

Ingurumenean, biodibertsitatean eta animalien babesean eskumenak izango dituen Ertzaintza unitate berezi bat egituratzen ahaleginduko gara gainera.

Proposamen lorgarriak dira, haien bitartez zentzuz beteko da segurtasuna, askatasunen jarduna bultzatuz eta justizia soziala sustatuz.

HIZKUNTZ ESKUBIDEAK

Elkarrekin Podemosek euskal kulturaren ondare eta funtsezko atal gisa hartzen du Euskara, euskaraz askatasun osoz hitz egin ahal izatea eskubide bat da eta aukera egokia komunitatea modu barneratzailean sortzeko eta nahi diren gizarte aldaketak sustatzeko. Uste dugu pertsona guztiok dugula administrazio publikoetan EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan komunikatzeko, harremanak izateko eta erantzunak izateko eskubidea. Garbi daukagu ez dugula herritarren zati bat kanpoan uzten duen hizkuntza politikarik nahi, eta horrexegatik, neurri ekonomiko zehatzak bultzatuko ditugu bi hizkuntza ofizialak ezagutu eta ikasi nahi dituen pertsona orok aukera hori izan dezan, inolako inposiziorik eta baldintzatzailerik gabe. Hori guztia, arrazoi askorengatik, euskaraz ez dakiten pertsonak errespetatuz eta baztertu gabe. Hizkuntzaren normalizazioaren alorrean eman beharreko urrats guztiek irmoak izan behar dute, baina ez intrantsigenteak, gizarte egiaz elebiduna lortu ahal izateko. Euskal gizarte osoaren ondarea da euskara. Kontuan izan behar dugu gaztelaniarekin eta frantsesarekin kontaktuan dagoela euskara eta, urrats handiak egin badira ere, gutxienen hizkuntza eta eremu urrikoa dela oraindik. Horrexegatik, hain zuzen ere, bereziki lagundu eta bultzatu behar dugu. Aukerak eta eskubideak zabalduz bultzatu behar dugu, oztopoak kenduz, gaur hitz egiten ez dutenengana edo ulertzen ez dutenengana hurbiltzeko, trabarik jarri gabe eta inor baztertu gabe, atxikimenduak areagotuz, hizkuntza bizikidetzarako zubiak sortuz (soilik erdaldunak direnei euskal kulturaren eta hizkuntzaren aberastasuna erakutsiz, inposiziorik gabe, hauxe da, euskaraz ez jakitean galtzen ari diren ondarea azalduz: musika, mitologia, literaturgintza eta abar). Euskararen erabileraren aldeko apustua egiten dugu, hala esparru pribatuan nola publikoan (hezkuntza, lan, administrazio, komunikazio, politika eta kultur esparruetan). Edozein pertsonaren oinarrizko eskubidea dela eta Euskadiko ondare immaterialaren barnean dagoela uste dugu. Horrenbestez, funtsezkoa da bi hizkuntzak ezagutzeko bideak eskaintzea. Hori guztia lortzeko, hauxe proposatzen dugu:

  1. Erabileran gaur egun dagoen diglosia egoeraren inguruan sentsibilizatzea, eta horretan oinarrituta Euskararen ikaskuntza eta Euskadiko ondare immaterial gisa duen garrantzia bultzatzea.
  2. Euskara ikastea eta pixkanaka-pixkanaka herritarrek eguneroko bizitzan erabil dezaten bultzatzea, Euskararen Legearen bidez euskaltegietan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan doan ikasteko eskubidea ezarrita, ikaskuntzarekin gutxieneko konpromisoa hartzeko baldintzarekin betiere (mailak gainditzea edo klaseetara erregulartasunez joatea). Euskaltegi publikoen Euskal Legearen biziraupena diruz laguntzea eta bermatzea.
  3. Euskara nahiz gaztelania modu osoan eta egiaz erabil daitezen bultzatzea eskola esparrutik haratago.
  4. Euskarazko kultur ekoizpenaren eta jardueraren beharrei lehentasunez erantzutea, pertsona sortzaileei horretarako beharreko baliabideak eskainiz.
  5. Era askotako jarduerak bultzatzea, norberak kudeatuak eta doanekoak, nahi duten pertsonei Euskaraz erlazionatzeko eta beren hizkuntzan komunikatzeko aukera emateko.
  6. Erakunde Publikoetan euskararen erabilera bultzatzea gaztelaniaren baldintza berdinetan. Edozein pertsona gaztelaniaz bezala euskaraz erantzuna izateko aukera bultzatzea, funtzionarioen artean euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatuz. Horretarako, Euskara gehien erabiltzen den hirietan lehenetsiko dira ahaleginak eta neurriak.
  7. Hizkuntza eskakizunen politika berrikustea enplegu publikoa eskuratzeko baldintza gisa eta pizgarrien bidez bultzatzea langile publikoen euskaraz hitz egiteko gaitasuna areagotzea, eskatutako mailak lanpostuetara egokitzen diren ebaluatuz, eta haien balorazioa meritu gisa euskaraz ez dakitenentzat oztopo gaindiezin bilaka ez dadin haztatuz. Aldian behin azterketak egitea esparru publiko bakoitzean (hezkuntza, lan, administrazio, komunikazio, politika eta kultur esparruetan) euskararen erabilera maila ebaluatzeko, hizkuntza politika birbideratzeko eta haren eraginkortasuna hobetzeko.
    1. hizkuntza eskakizuna (C2) hizkuntza alorrarekin loturiko sektoreetan diharduten profesionalei bakarrik eskatzea.
  8. Euskarazko kultur ekoizpenaren eta jardueraren beharrei lehentasunez erantzutea, pertsona sortzaileei horretarako beharreko baliabideak eskainiz. Pixkanaka-pixkanaka euskara eta gaztelania erabiltzea, behar denean azpitiluekin, ETBren orotariko bi kateetan, elebitasun harmonikoa eta pertsona guztiek bi hizkuntzekin kontaktua izan dezaten bultzatzeko. ETBn zine film ospetsuak, eta lehen mailako fikziozko telesailak eta dokumentalak eta era askotako animazioa euskaraz ematea. 2009. urtetik izan den atzeraldiaren aurrean, proposatzen dugu itzulpengintzan eta bikoizketan inbertsioa handitzea, neurri horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko, 2 milioi euro gutxienez. Galizian eta Katalunian (gaztelaniaz idazten ari gara) beren hizkuntzetan egiten den bikoizketa lan horretarako inbertsioa 3,5 eta 8 milioi eurokoa da, hurrenez hurren.
  9. Erakunde Publikoetan euskararen erabilera bultzatzea gaztelaniaren baldintza berdinetan. Edozein pertsona gaztelaniaz bezala euskaraz erantzuna izateko aukera bultzatzea, funtzionarioen artean euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatuz.
  10. Aldian behin azterketak egitea esparru publiko bakoitzean (hezkuntza, lan, administrazio, komunikazio, politika eta kultur esparruetan) euskararen erabilera maila ebaluatzeko, hizkuntza politika birbideratzeko eta haren eraginkortasuna hobetzeko.
  11. Adin guztietarako euskarazko literatura bultzatzea, gazte literatura barne, gaur egun huraxe baita gutxien garatzen ari dena.
  12. Euskara/gaztelania zinpeko itzultzaileen eta interpreteen habilitazio baldintzak, eta baita beste hizkuntza bikote batzuetan ere, Euskal Herriko Unibertsitateak Itzulpengintza eta Interpretaritza graduatua edo lizentziatua titulazioetarako eskainitako baldintzetara eta kreditu kopurura egokitzea.
  13. Estatuko instituzioei beren nazioaniztun eta eleaniztun errealitatearekin konprometitu daitezen eskatzea, lurralde osoan hizkuntzen ezagutza bultzatuz, hizkuntza eskolen eta unibertsitateen bidez, eta Estatuko hizkuntza eta kultur aniztasuna ezagutzera ematea kultur sarearen eta hezkuntza sistemaren bidez. Euskal esparrutik Hizkuntzen Estatuko Institutu bat bultzatu nahi dugu, sustapen esparru eleaniztuna, estatuko hizkuntza aberastasunarekiko errespetua izateko lan egingo duena, komunitateen artean ikasleen bizikidetza sustatuko duena, kultur errealitate desberdinak ezagutu ahal izateko.
  14. Hirueletasuna irmo bultzatzea, gizarte argi eta garbi elebidunaren (euskara-gaztelania) oinarritik abiatuta. Aurrera egin behar da beste hizkuntza batzuk ezagutzeak dakarren aberastasuna positiboki baloratuko duen kultura sortzeko, kultura jatorrizko bertsioan eskainiz. Gure gazteak nazioarte mailan inolako zailtasunik gabe komunikatzeko hizkuntza izan behar du ingelesak.
  15. Euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza zabal eta ugaria bultzatzea herritar guztientzat.
  16. Pixkanaka-pixkanaka euskara eta gaztelania erabiltzea, behar denean azpitiluekin, ETBren orotariko bi kateetan, elebitasun harmonikoa eta pertsona guztiek bi hizkuntzekin kontaktua izan dezaten bultzatzeko.
  17. ETBn zine film ospetsuak, eta lehen mailako fikziozko telesailak eta dokumentalak eta era askotako animazioa euskaraz ematea.
68

Kultura eta informaziobide publikoak

Gizartea eta bizi garen mundua ulertzeko moduarekin lotzen gaituen praktika, adierazpen, hizkuntza eta ideien multzoa da kultura. Bereizgarrien eta nortasun ezaugarrien multzo bat, geure buruak ezagutzeko eta besteekin bizitzeko eta pentsatzeko modu bat partekatzeko aukera ematen diguna. UNESCOK 1982ko adierazpenean dioen bezala, kulturaren bidez gizakiak adierazi, bere buruaren kontzientzia hartu, bere burua proiektu bukatu gabetzat hartu, norberaren lorpenak zalantzan jarri, etengabe esanahi berriak bilatu, eta bere burua gainditzen duten lanak sortzen ditu. Horrenbestez, hala ulertutako kulturak hedadura politiko handia du, komunitatearen eta elkarbizitzaren eraikuntza bultzatzeko, askotan ikusezina, baina nahitaez aintzat hartu beharrekoa gizarte aldaketa bultzatu nahi badugu. Horregatik, Elkarrekin Podemosek beste kultur eredu bat bultzatu nahi du Euskadirako, kultura bizitzaren erdian jarriko duena. Eredu ez hain paternalista eta merkaturatua, baina bai feministagoa eta herritarrena. Garen horren oinarritik elikatuko den eredua, izan nahiko genukeen horretan proiektatzeko; kultur jarduerak esparru guztietan landuko dituen eredua, alor profesionaletik nahiz amateurretik, sormena eta esperimentazioa bultzatu ahal izateko pentsamendu kritikoa garatzeko, eta emantzipazio esperientzia berri bat, duintasun pertsonal eta kolektiboa, bultzatzeko. Lau zutabetan oinarrituko litzatekeen kultur eredua: Kulturarako eskubidea eta sarbidea, Kultur aniztasuna, Kultur ekosistemaren iraunkortasuna eta Kultura komunikazioa da. Honako hauen aldeko apustua egiten dugu:

  1. Kultur eredu berria, kulturarako eskubidea gure funtsezko eskubide gisa defendatuko duena. ​Oinarrizko eskubidea, eta batik bat, herritar guztien kulturan sarbide unibertsala izateko eskubidea, inplikazio aktiboa izanez, bai ikus-entzule gisa bai kultur sortzaile gisa. Sarbide horrek esan nahi du kultura mailan prestatzeko, sortzeko, erabiltzeko eta kulturaz gozatzeko aukera izan behar dugula, era guztietako oztopoak gaindituz, egiazkoak nahiz sinbolikoak izan, lurralde osoan banatuz. Kultura zerbitzu publiko gisa ulertu behar da, kultur zentro eta liburutegien sare oso batean, eta era guztietako esparru independenteetan (kultur eragileek edo/eta herritarrek kudeatuak) eskaintza anitza izango duena; espazio publikoan, berriz, komunitatearen kultura bizia garatzeko leku nagusia izan behar du, museoetan eta makroekitaldietan kontsumorako, aisialdirako eta turismorako merkaturatu eta ikuskizun bihurtutako produktu izateko kultur joerari buelta emanez, eredu hori nagusitzen ari baita Euskadin.
  2. Kultur eredu berria, kultura guztion ondasun gisa bultzatuko duena eta ez identitate tresna frentista gisa​; Euskadin gero eta gehiago ditugun kultura desberdinak ongi hartuko dituena, identitate arragoa anizkuna osatzen baitute. Aniztasunari, hizkuntza eta mintzaira ugaritasunari, praktikei, adierazpenei eta ohiturei balioa emango dien kultur eredua nahi dugu, kultur aniztasuna eta diziplinartekoa bultzatuko duena, irekiagoa, barneratzaileagoa, elkarrizketara irekia, besteak ulertzeko, hibridatzeko, estatu, Europa eta mundu mailan birpentsatzeko prest egongo dena. Norberari atsegin emateko eta norbere erreferentzia izateko bakarrik ez dena, bere sustraiek ematen dioten zentzutik, ez dadila klixe esentzialista interesatuetan eta estereotipo alderdikarietan ainguratuta gelditu, baizik eta zabal dadila euskal gizartearen aniztasunaren, aberastasunaren eta bizitasunaren fruitu lortuko dugun etorkizunera.
  3. Kultur eredu berria, kultur eragileen ekosistema zainduko duena, kulturaren aniztasuna, oreka eta sormen ehunaren iraunkortasuna ziurtatuz​, lankidetza publiko-pribatuaren esparruan, euskal berrikuntza plana birdefinituz eta arte sormenaren ereduaren aldaketa bultzatuz. Horretan guztian “aukera esparru” gisa identifikatzen direnetako bat dira Kultur eta Sormen Industriak deitutakoak. Ehun aberatsa eta askotarikoa duen ekosistema da, baina oro har oso txikia eta atomizatua, eskasi handiak ditu, erregularizazio eza jasan behar duten mikroenpresekin eta kultur langileekin, maila profesionalean aintzatetsiak ez daudenak, aldizkako lanekin, kanpo-efektuekin, azpikontratazioekin eta abarrekin. Mendekotasun handiegia dute diru-laguntzekiko edo instituzioen lizitazioekiko, gehienetan norgehiagoka prozeduren bidez eta oso burokratizatuak eta batere gardenak ez diren balorazio irizpideen bidez arautzen direnak.
  4. Kultur eredu berria, kultura neurri handi batean komunikazioa eta hezkuntza dela, eta komunikazioa eta hezkuntza kultur aldaketarako funtsezko tresnak direla ulertuko duena. Kulturari eta kultur eragileei zilegitasun eta aintzatespen sozial handiagoa emango dien eredua, komunikabide publikoetatik ikusgaitasun eta pedagogia handiagoa emanez. Hezkuntza zentroetako curriculum ildoetan arte eta kultur diziplinak sartuko dituen eredua, artean eta kulturan hezi ahal izateko, haiei ere beste diziplinek duten garrantzi akademiko berdina emanez.
  5. Komunikabide publikoak kultur hedapenerako tresna gisa. Esparru mediatikoan EITBren ereduaren eraldaketari ekin behar zaio behingoz, estandar europarrekiko baliokidea izan dadin eta herritarrek behar duten zerbitzu publikoa izan dadin: independentea, anitza eta bere produkzio edukiak izango dituena, kalitate, berrikuntza eta onura publikoaren irizpideak aintzat harturik betiere; gaur egun den gobernuaren eta denbora-pasako tresna izan beharrean. Esparru mediatiko horrek beste aukera batzuk ere hartu behar ditu aintzat erakunde publikoa izatetik harantzago, komunikazio sozialarekin eta medio independenteekin loturik.

Horrek guztiak kultura politiko berria eskatzen du gainera, irudimenarekin eta ausardiarekin bizitza politikoan aktiboki parte hartzeko gai izango dena, desilusioaren eta interes ezaren mataza dialektiko neoliberal hori askatzeko. Kultura politiko berria, entzungo duena eta entzuna izango dena, hitz berriak edo esanahi berria eman zaien hitzak erabiliz; beste imaginario eta subjektibitate batzuk sortuko dituena; eta guztiona denari balioa emanez komunikatuko duena, kultura demokrazia ulertzeko modu oso gisa berreskuratzeko poza erakutsiz. Azken batean, Elkarrekin Podemosek kultur eredu berri baten aldeko apustua egin nahi du –kultur ehunaren eta haren sektore desberdinen arazoei erantzungo dien kultur politiken garapenari arreta emanez- kultur demokratiko berri baten garapena bultzatuko duena, bizikidetza, berrikuntza, enplegu, hezkuntza, ekologia, gizarte, zientzia... kultura berria, hain zuzen ere. Eta, kulturarako kultura berria garatu nahi dugu halaber. Izan ere, kultur iraultzarik gabe ez dago gizarte iraultzarik.

NEURRI ESTRATEGIKOAK, ZEHARKAKOAK ETA ARLOKAKOAK

Kultur eredu berriaren aldeko apustu hori egin ahal izateko, ikuspegi estrategiko askoz ere antolatuago batetik begiratuta ekin behar zaio kultur politikari, ikuspegi askoz ere koordinatuagoa Eusko Jaurlaritzaren barneko eskumen arlo desberdinen artean, eta baita beste euskal administrazio eta instituzio batzuekin ere.

Egiazko parte hartze demokratikoan eta kudeaketa arduratsuan oinarritutako politika publikoa, gardentasun, ikuskatze, ebaluazio eta kontu emate printzipioak eta prozedurak arau izango dituena. Printzipio orokor horiez gainera, Elkarrekin Podemosek honako neurri nagusi hauek proposatzen ditu kultur eredu berri hori abian jartzeko:

69

Instituzio ereduaren aldaketa

Kultura bigarren mailan dagoen arloa da politika publikoetan, beti aurrekontu mailara baztertua eta garrantzi politiko instituzionala besterik izan gabe. Horri bigarren desoreka bat erantsi behar zaio gainera, hauxe da, gehiegizko kultura instituzional eta instituzionalizatuaren eta gizarte zibilak garatzen duen kulturari ematen zaion laguntza urri eta jarraitasunik gabearen artean dagoena. Egoera hori eraldatzeko eta orekatzeko, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. Kultura eta Komunikazio Saila sortzea, arreta kulturan jarriko duena, bigarren mailara baztertua egon baita azken legealdian. Kultur alorrak dituen berezitasunetara egokitutako organigrama izango duen saila, gainerako sailekin koordinatuta lan egingo duena, bereziki Hezkuntzakoarekin eta Ekonomia Sustapenekoarekin. Eta jakin badakigunez apustu estrategiko bat, babestuko duen eta neurri berriak hartzeko bide emango duen aurrekontua baldin badu bakarrik dela apustu, proposatzen dugu kulturako aurrekontua % 10 handitzea gaur egungoaren gainetik.
  2. Gainera, Elkarrekin Podemosek lehia askearen printzipioan oinarritzeko konpromisoa hartzen du, prozedura gardenak eramango ditugu aurrera, beharreko proiektuak aurkeztu eta ebaluatuta, eta gizonen eta emakumeen artean parekotasuna ziurtatuko dugu Sailaren mendeko erakundeetan eta parterik handiena Eusko Jaurlaritzak duenetan zuzendaritzako karguak izendatzeko orduan.
  3. Kulturaren Plan Nagusia/Zuzentzailea egitea​, agintaldiko lehen urtean egingo litzateke plan hori kultur ehunaren eta gizarte zibilaren laguntzarekin. Gobernuaren legealdirako lehentasunak finkatuko ditu Planak eta Erakunde arteko Kultur Koordinaziorako Plana ere barne izango du. Plan Nagusi horrek arloetan eta gai espezifikoetan Jarduteko Planak izango ditu halaber, EAE osoan modu orekatuan aplika dadin beharreko baliabideak jarrita, eta Berdintasunari, Euskararen Erabileraren Normalizazioari eta Irisgarritasun Unibertsalari buruzko legeak aintzat hartuta (izendapenetan, programazioetan, erosketetan...).
  4. Kulturaren Euskal Kontseiluaren irudiari garrantzia ematea, gaur egun duen ordezkaritza eginkizun erretorikotik haratago, tresna eragilea izan dadin, kultur politikak diseinatzeko orduan gizarte zibilak, arloen ordezkariek eta beste kultur eragile batzuek parte aktiboa hartzeko, herritarrek erakundeen kontrola berreskura dezaten lortuz. Osaera mistoa izango luke kontseilu horrek eta karguak txandaka hartuko lirateke, kontsulta erakunde hutsa izateari utzi eta funtzionamendu autonomia hartuko luke, izaera loteslearekin, jarduera ildoak ezartzeko orduan (plan eragileak eta programak) eta kultura eta komunikazio arloko urteko aurrekontuaren inguruko erabakiak hartzeko orduan.
  5. Kontseiluaz gain, politika publikoen garapenean parte hartzeko tresna bat finkatu behar da, organo, funtzio eta lan protokolo argiekin eta jarraituekin, tresna batzuek, Kulturaren Euskal Planak, ​Kulturen aldeko Herritar Kontratuak eta ​Kultura Auzolanean programak, esate baterako, izan duten norabiderik gabeko izaera eta funtzionamendu desberdina gainditu ahal izateko.
  6. Organo horien barnean ezinbestekoa da Kulturaren Euskal Behatokiaren funtzionamendua eta helburuak berraztertzea, duen zabaltasun eta aniztasun osoan, kultur ekosistemaren errealitatera hobeto egokitutako ikertzeko, monitorizatzeko eta informazioa aztertzeko gaitasuna izan dezan, finkatuen dagoen kulturari ez ezik, azaleratzen ari diren adierazpenei ere arreta emanez.
  7. Etxepare Euskal Institutuak sortu zenetik izan duen funtzionamenduaren eta bilakaeraren azterketa egitea, euskara eta euskal kultura mundu osoan barrena zabaltzeko tresna arin eta eraginkor gisa duen egitekoa betetzen ote duen ebaluatzeko. Bereziki honako hauei emango zaie arreta: 1) euskal kultura trukatu, mugitu eta nazioartekotzeko nazioarteko garrantzizko beste kultur institutu eta eragileekin duen harremanari; 2) Euskadi-Akitania artean (eta Frantziarekin, oro har) kultur harremanak estutzeko, kultura trukatzeko eta mugaz gaindiko proiektuak garatzeko egin duen lan bereziari, batik bat euskara elementu komun gisa hartuta; 3) kultur ehunari laguntzeko egiaz duen gaitasunari kultur adierazpen, diziplina eta garapen estadio guztietan, nazioartekotze eta esportazio alorretan eta abarretan; 4) kultur bidaien eta mezuen garapenean egin duen lanari, bestelako politika, enpresa eta beste ordezkaritza esparru batzuei lagunduz.
  8. Berdintasun eta Kultur Sailen artean koordinazio unitate bat sortzea kultur politiketan genero ikuspegia ziurtatzeko.
70

Kultura finantzatzeko plana

Kultura zerbitzu publiko gisa ulertzeari uzten ari zaio, publikoa dena pribatizatzeko eta zerbitzuak eta esperientziak merkaturatzeko esparru berritzat hartua izateko. Horrek eragina du neurri handi batean kultura finantzatzeko moduan, publikoa denetik egiten den inbertsioaren mailan eta ematen zaion ikuspegi instrumentalean. Egoera hori eraldatzeko eta kulturaren alorrean inbertsioa handitzeko eta dibertsifikatzeko, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. Arteen eta Kulturen Funtsa sortzea, kultur ehuna finantzatzeko, suspertzeko, babesteko eta garatzeko eta herritar guztiek kultur jarduerak bideratzeko bitartekoak eta baliabideak administratu eta birbanatuko dituen erakundea. Era horretako funts batek demokratizatu egiten du eta independentzia handiagoa ematen dio baliabide publikoen kudeaketari, kultura interes alderdikarietatik eta izan dezakeen instrumentazio politikotik babestuz. Sailak gaur egun kultur diru-laguntzetarako eta programetarako erabiltzen dituen aurrekontuak bilduko ditu Funts horrek eta baliabideak bilatzeko modu aktiboak planteatuko ditu (% 1,5 kulturala aplikatzea, Babesletza Legea eta zerga pizgarrien plan espezifikoa garatzea eta aplikatzea, aldundiekin behar bezala koordinatuta, administrazioaren eta gizarte zibilaren artean mikrofinantzaziorako formula mistoak inplementatzea, programa europarren bidez finantzatzea eta abar). Finantzazio tresna izateaz gainera, bitartekaritza publiko/pribatu funtzioak beteko ditu Funtsak, eragileei aholkuak eman eta proiektu onuradunen jarraipena eta dagokien justifikazioa egiteaz gainera. Funts horren funtzionamendurako sistema gardena proposatuko da, kultur ekosistemako eragileekin adostua; eta hasiera batean Eusko Jaurlaritzaren eskumen esparruan egongo bada ere, hasiera-hasieratik lan egingo da epe laburrean edo ertainean administrazio arteko izaera har dezan foru aldundiekin eta udalekin.
  2. Kulturari aplikatzen zaion BEZa jaitsi dadin bultzatzea. Hau berez finantzazio neurria ez bada ere, bai lagunduko luke merkatua gehiago dinamizatzen eta merkatu egingo luke kultur eskaintzarekiko sarbidea.
  3. % 1 kulturala egiaz eta arduraz aplikatzea, Elkarrekin Podemosek proposatzen du % 1,5era igotzea. Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 106. artikuluak xedaturikoaren arabera (abuztuaren 6ko EHAA), herri lanen aurrekontuetan gutxienez % 1 kultur ondare materiala eta immateriala kontserbatzeko eta aberasteko lanetarako erabili behar da, eta baita arte sorkuntza eta kultur ekintza bultzatzeko ere, inguru hurbilean eragin zuzena duten ekimenei lehentasuna emanez. Araudi hori bete dadin eta kultur irizpideak eta oreka geografikoa lortzeko irizpideak ezar daitezen arduratuko gara Arteen eta Kulturen Funtsetik gastu hori bideratzeko.
  4. Diru-laguntzak, hitzarmenak eta lizitazioak arautzeko sistema birdefinitzea, eta baita Eusko Jaurlaritzaren programen garapena ere; kasu guztietan ahaleginak egin behar dira arau esparruak eta administrazio prozedurak kultur ekosistemak gaur egun dituen beharretara eta kultur jarduera garaikideen errealitatera egokitzeko. Lehenengo, gaur egun dauden diru-laguntzak eta programak aztertzeko prozesuari ekingo diogu, haiek egokiak diren ebaluatzeko eta hobekuntzak egiteko, honako alderdi hauek aintzat harturik, besteak beste: diru-laguntzen helburua, hartzaileak, aurrekontua, balorazio irizpideak eta esleipen eta justifikazio prozedurak. Diru-laguntzak arautzeko sistemak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan: a. Balorazio esparru argi eta objektiboa ezarriko da, kalitate, aniztasun (esparruak eta tipologiak) eta gardentasun (esleipena, garapena eta kontu ematea) irizpideetan oinarrituta. b. Zuzenean esleitzen diren diru-laguntzak berrikusiko dira eta minimizatzeko ahaleginak egingo dira, beste harreman esparru batzuk ezarriz hitzarmenen, hainbat urtetarako diru-laguntzen eta abarren bidez. c. Modu orekatuan bultzatuko dira kultur estadio desberdinak, prestakuntza, ikerketa, sormena, ekoizpena, banaketa eta hedapena. d. Sormena, esperimentazioa, berrikuntza eta kultur aniztasuna bultzatuko dira. e. Diruz lagundutako jardueretan Berdintasunaren eta Irisgarritasun Unibertsalaren legeak, eta Jardunbide Egokien Kodea ere, bete daitezen arduratuko gara. f. Euskarazko kultur sormenari lagunduko diogu euskara normalizatzeko eta bultzatzeko hizkuntza politikako neurri gisa, baina horregatik ez dugu baztertuko, diru-laguntzen esparruan, kultura beste hizkuntza ofizialean, hauxe da, gaztelaniaz, sortzeko aukera, eta bere lekua izango du EAEn dauden beste hizkuntza batzuetan egin daitekeen kultur sormenak ere. g. Programazio espezializatuen edo/eta esperimentalen presentzia bultzatuko dugu, eta baita oinarrizko eta hurbileko herritar kulturarekin loturiko jarduerak ere. h. Kulturaren eta ezagutza librearen garapena sustatuko dugu, balorazio irizpideen artean teknologia eta lizentzia libreen erabilera aintzat harturik. i. Genero ikuspegia aintzat hartuko duen kultur sormena eta emakume artistena bultzatuko da, eta ahaleginak egingo dira emakumeek egindako artea balioetsi eta azaleratu dadin eta museoetan eta antzeko beste zentroetan eros dadin lortzeko. Bereziki aztertuko da Kultur Jaialdiak Antolatzeko diru-laguntzen kasua, aurten bertan Eusko Jaurlaritzak laguntza horiek kendu egin baititu aurretiko abisurik gabe, ibilbide luzea eta garrantzi handia duten jaialdi asko eta askoren biziraupena arriskuan jarriz. Neurri horrek garbi erakusten du, bultzatu beharko luketen kultur lanean eta ehun profesionalaren eta herritar ehunaren iraunkortasunean, inolako kezkarik eta interesik ez dutela orain arte gobernatu gaituztenek, horren guztiaren aurretik jartzen baitituzte beren interes eta konpromiso politiko eta alderdikariak. Era berean, arreta emango zaie garrantzi berezia izaten ari diren Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza ildoei eta programei, horiek indartu egin behar baitira (formatuari eta beste kultur esparru batzuekiko jardunbide egokiei dagokienean gardentasuna sortzeko aukerari erreparatuz), honako kasu hauetan, esate baterako:

Sorkuntza fabrikak, diru-laguntza multzo honek kultur berrikuntza, sortze azpiegituren dibertsifikazioa, diziplina artekoa eta kulturaren eta gizarteko beste esparru batzuen arteko bitartekotza bultzatzen ditu. Eremuak, programa ireki eta jarraitua da euskal eremuan artegintza garaikidearen testuingurua garatzeko, sorkuntza, interpretazio eta bitartekotza proposamenei lagunduz, eta baita beste hedapen eta eztabaida sortzeko ekintza batzuei ere. Kimuak, euskal film laburrak sustatzeko eta banatzeko programa da, eta horretarako, urtero katalogo bat prestatzen da epaimahai independente batek egindako aukerarekin eta nazioarteko jaialdi nagusietara bidaltzen da.

71

Baldintza profesionalak arautzea eta hobetzea

Kultura, aberastasuna sortzeko esparru berrietako bat izan arren (edo beharbada horrexegatik hain zuzen ere) maila profesionalean eta lan arloan guztiz prekarizatua eta arautu gabea dagoen jarduera esparrua da. Egoera hori eraldatu eta duindu ahal izateko, bidezko eta aldeko baldintzak ezarrita, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. Kulturaren Estatutu Profesionala garatzea​, Eusko Jaurlaritzaren mugak kontuan hartuta, kulturaren ekoizpen esparruarekin loturik dauden langile guztientzat, balio katean maila handienean eta txikienean daudenentzat, oso agerian daudenentzat eta agerian ez daudenentzat (artistak, aretoko laguntzaileak, orientatzaileak, kultur hezitzaileak, bitartekariak, interpreteak, argi-arduradunak, soinu-arduradunak, itzultzaileak, managerrak, …). Aldizkako lanekin, kanpo-efektuekin, azpikontratazioekin, aintzatespen profesional ezarekin... loturik dauden egoerak arautuko dituen estatutua. Kultur esparruaren berezitasunetara eta haren sektore desberdinetara egokituko den estatutua, honako hauek guztiak aintzat hartuko dituena: lansariak eta ordainsariak, salmentaren eta ekoizpenaren gaineko portzentajeak, erretiroaren eta sorkuntza jardueraren arteko legezko bateragarritasuna, egungo errealitatearen araberako ekonomia jardueren epigrafe berriak sortzea, edo lan eskubideei dagokienean, kultur arloko langileen ordezkaritza kolektibo artikulatua ziurtatuko duten irudi sindikalak sustatzea.
  2. Kontratu publikoak eta estatutu maila gehienbat publikoa duten erakundeak baloratzeko irizpideen artean, eta diru-laguntza deialdietan ere, kulturaren ekonomia soziala sustatuko duten gizarte klausulak sartzea, eta baita jardunbide egokien kodeak beteko direla ziurtatzeko klausulak ere. Era berean, gastuaren tokiko programazio edo/eta lurraldearen araberako kuotak bermatuko dituzten neurriak ezartzeko aukera aztertzea, euskal kulturaren ekoizpen ehunean eragin zuzena izan dezaten.
  3. Lanbiderekin hitzarmena, enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen alorretan dituen eskumenen barnean, kultur esparrua berariaz jaso ahal izateko; eta Enplegu Planetan ere, gaitasun profesionalak hobetzeko eta espezializatzeko planak nahiz kultur erakundeen kudeaketa indartzeko kontratazio planak jasota.
  4. Jardunbide Egokien Kodea idaztea, instituzioen eta arloko eragileen artean elkarlanean, kultur jardueraren arloko esparru desberdinen berezitasunak islatu ahal izateko. Kode hori nahitaez bete beharko dute Sailaren mendeko erakundeek eta parterik handiena Eusko Jaurlaritzak duen erakundeek.
  5. Eskubideen kudeaketarako izaera demokratiko eta gardeneko erakundeei eta ekimenei laguntzea eta bultzatzea, sortzaileei kudeaketa eredu eta lizentzia motak aukeratzeko askatasuna emango diena, herritarrek duten kulturaz gozatzeko eskubideari lehentasuna emanez, baina kalterik egin gabe sortzaileen eta, oro har, sektorearen iraunkortasunari. Horren harira, Sorkuntza defendatzeko Bulegoa sortzeko aukera aztertuko da, zeregin hori betetzeaz gainera, prestakuntza, aholkularitza eta bitartekotza lanak egingo dituena.
  6. Emakumeen presentzia bultzatzea kulturaren kudeaketak eta kulturgintzak dituen ageriko alderdian nahiz ezkutukoan. Gizonen eta emakumeen berdintasunezko ordezkaritza eskatuko dugu komunikabide publikoetan, eta emakumeen presentzia askotarikoa eta handiagoa izan dadin bultzatuko dugu, emakumezkoen estereotipo mediatikoetatik haratago.
  7. Emakume etorkinen, ijitoen, dibertsitate funtzionala dutenen parte hartzean eta ekimenean oinarritutako kultur jarduerak bultzatzea, bizitza publikoan parte hartzeko aukera izan dezaten.
72

Hezkuntzan kulturaren pisua berreskuratzea

Kultura, arteak eta humanitateak hezkuntzaren oinarrietako bat dira, pentsamendu abstrakturako, sorkuntzarako, adierazpenerako, komunikaziorako eta harremanetarako gaitasunak modu orekatuan garatzea nahi badugu. Hala ere, hezkuntza curriculum batean gero eta utziago dagoen oinarria da, gaitasun praktiko-teknikoak ematera eta ustezko enplegagarritasuna bultzatzera bideratua baitago gehiegi. Egoera hori eraldatzeko, hala lehen hezkuntzan nola bigarren hezkuntzan, eta baita goi mailako hezkuntzan ere, arte prestakuntzari berriro garrantzia emanez, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. Hezkuntzatik sarbidea ziurtatzea kulturara, arteetara eta humanitateetara, hezkuntza curriculumeko funtsezko alderdi gisa, eta arte hizkuntza eta kultur jarduera garaikideak euskal sare publikoko ikasgeletara hurbiltzea, Hezkuntza Sailarekin koordinaturiko plan eragile baten bidez, lehen eta bigarren hezkuntzetarako, gazteenen artean kulturarekiko interes afektiboa, ezagutza eta ekoizpena bultzatzeko eta sorkuntzaren garapena bultzatzeko beharreko langileak (tokiko profesionalak aintzat hartuz) eta baliabide materialak jarrita.
  2. Eskolaren eta izaera formaleko nahiz informaleko arte hezkuntzako beste esparru batzuen artean loturak sortzea lurralde osoan (kontserbatorioak, musika, antzerki, dantza, idazte, arte eskolak, kultur etxeetako, museoetako eta kultur erakunde eta abarretako eremu pedagogiko eta bitartekotasun eremuetako jarduerak) arte adierazpenaren eta kulturaren ikaskuntzan eta gozamenean jarraipena izateko eta sakontzeko balio izango dutenak, bizitzatik ezin berezizko atal gisa haurtzarotik hasita.
  3. Goi mailako Irakasle eta Pedagogia ikasketetako curriculumetan kulturarekin eta sorkuntzarekin eta Artearen Historiarekin loturiko irakasgaiak sartzea, modu praktikoan eta teorikoan.
  4. Hezkuntza sistema publikotik –hala Lanbide Hezkuntzan nola goi mailako unibertsitate hezkuntzan- kulturaren esparruko profesionalen prestakuntzari ekitea, arreta berezia eskainiz behar bezainbeste kontuan hartu ohi ez diren diziplinei (zirkua, esate baterako), nahiz azaleratzen ari diren eta aukera esparru berri gisa hartzen diren diziplinei (bideojokoak, esate baterako).
  5. Euskadin, hezkuntzaren alorrean, sormen hezkuntzaren, kultur bitartekaritzaren eta arte jardueren inguruan lan egiten duten eragileen eta ekimenen kartografia egitea, eta haren jarraipena Kulturaren Euskal Behatokiaren esku uztea.
73

Kultura berrikuntzaren funtsezko faktore gisa

Kultura eta sormena berrikuntzaren funtsezko faktoreak dira aurreratua izan nahi duen edozein gizartetan: gizarte kohesioa lortzeko eta komunitatea sortzeko baliabide gisa, nahiz sistema tekno-zientifikoak eta produktiboak berritzeko, eta batez ere, etorkizuna modu kolektiboan irudikatzeko subjektibitate eta espazio sinboliko berriak sortzeko baliabide moduan. Horregatik, kultura, berrikuntzarako faktore guztiz garrantzitsua den aldetik, bere osotasunean aintzatetsi eta tratatu dadin lortzeko, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. Kultura, Kultur eta Sormen Industriak deitutakoak eta haien eragileak (modu zuzenean eta ez agindupean), euskal ezagutza eta berrikuntza tekno-zientifikoa sortzeko esparruaren eta sistemaren barnean sartzea (Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana eta oinarri duen Sarea), kultur oinarriko I+G+B aitortuz. Europar Batzordeko herrialdeetako RIS3 Espezializazio Estrategia Adimendunaren ildotik egin behar da hori guztia (hartan “aukera esparru” gisa identifikatu da kultura), baina kultur ehunaren eta haren balio katearen funtzionamenduaren berezitasunak eta egiazko aukerak aintzat hartuta, eta egungo joera ekonomizistak, industrializatzaileak, ehuna pilatzekoak, beste sektore batzuetara instrumentalizatzekoak edo teknologiaren mende egotekoak arinduz.
  2. Eusko Jaurlaritzaren 2015-2020 urteetako kluster politikaren barnean, Eiken Ikus-entzunezko Klusterra Euskadiko Kultur eta Sormen Industrien Kluster batera birdefinitzeko prozesuari laguntzea, beste elkarte batzuekin elkartuz, Langune, Karraskan, EPE/APV Elkartea, esate baterako, eta sektoreko eta sektore arteko beste eragile batzuekin lotuz (diseinua, bideojokoak, moda, gastronomia, musika, arte eszenikoak, arkitektura, …), kulturaren ekoizpen ehunean, bere aniztasun osoan, kohesio eta integrazio handiagoa lortu ahal izateko.
  3. Kultur esparruan eta haren diziplinen barnean eta beste jarduera esparru batzuekin berrikuntza irekia bultzatzeko neurriak ezartzea, elkarrizketan eta diziplinaz gaindiko eta sektore arteko hibridazioan oinarritutako kolaborazioak eta prozesu esperimentalak bultzatuz.
  4. Kultur erakundeen eta enpresa sarearen antolakuntzan, kudeaketan, ekoizpenean, merkaturatzean eta nazioartekotzean berrikuntza, modernizazio eta finkatze prozesuei laguntza emateko neurriak ezartzea.
  5. Ikerbasqueren esparruan programa bat abian jartzea talentua sortzeko, erakartzeko eta berreskuratzeko, eta kultur ikerketaren esparruan mugikortasuna eta espezializazioa bultzatzea, hala maila praktikoan nola teorikoan.
  6. Kulturan oinarrituta, berrikuntza ekimenen errealitatearen eta tipologiaren araberako adierazle eta ebaluazio sistemak diseinatzea eta inplementatzea, balioaren eta itzuleraren ideia garatuz ekonomiko hutsa denetik haratago, balantze hirukoitzaren ikuspegitik begiratuta.
74

Ikus-entzule eta sortzaile berriak

Pertsona oro sortzailea da ahalmenez, kulturarekiko interesa landu dezan bultzatzen bazaio eta bere nahiak eta gaitasunak garatzeko beharreko baldintzak eskaintzen bazaizkio hala banaka nola modu kolektiboan, komunitatean kultura ko-produkzio gisa ulertuta, bizitza publikoko adierazpen nagusietako bat dela ulertuta. Herritarrak kulturaren protagonista aktibo bilakatzeko (ikus-entzule eta kontsumitzaile hutsak izatetik haratago) eta tokiko kultura publikoarekin birlotzeko, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. EAE osoan ikus-entzule eta sortzaile berriak sentsibilizatzeko eta prestatzeko Plan Integrala egitea, Kulturaren Euskal Behatokiarekin koordinatuta. Honako hauek bultzatuko dira bereziki: kultur sektore jakin batzuetan ikus-entzuleak sortzea, zaleen taldeak bultzatzea eta kultur bitartekotza programak abian jartzea. Ahaleginak egin behar dira Bizimodu Independentearen Foroaren “Guri dagokigun ezer ez gu gabe” erreklamazioa errealitatera eramateko, gehienetan mendeko lekuetan egokitzen diren kolektibo guztietara zabalduz, kulturarako sarbidea ez ezik, parte hartze inplikatua eta protagonista izateko aukera ere ziurtatuz.
  2. Deszentralizazio kulturalaren eta komunitatearen kultura biziaren plana egitea, aldundiekin, udalekin eta kultur eragileekin batera, betiere ziurtatuz kultur ekintza EAEko lurralde osoko herritarrek eskura dezaketela modu orekatuan eta testuinguruan kokatua; eta ziurtatuz halaber, kultur ekintzak ekipamendu handien mugak gainditzen dituela kultur etxeetara, liburutegietara, norberak kudeatutako zentroetara iristeko, eta batik bat, kalera eta plazetara ateratzen ari dela, espazio publikoa eguneroko bizitzarako berreskuratuz.
  3. Udalekin batera, espazio publikoa erabiltzeko eta espazio publikoan jarduteko araudia malguago egiteko plana aztertzea, eta hiriko espazioetan eta erabiltzen ez diren orubeetan jarduteko ere, haietan kultur jarduerak burutu ahal izateko.
  4. ​KulturTIK kultur kluba berreskuratzea eta ​kulturklik hedapen interaktiborako plataforma digitala sustatzea, erakunde artean heda dadin bultzatuz, haren iraunkortasuna eta jarraipena ziurtatzeko. Tresna horiek modu orekatuan erantzun beharko diote erakundeetatik sortutako kultur ekoizpenari eta eragile pribatuek eta gizarte zibilekoek bultzatutakoari, eta gainera beste web eta informazio plataforma batzuetan sartzeko atari gisa erabili ahal izango dira.
  5. Arteak eta kultura Euskadiko komunikabideetan zabaltzeko Plana, aniztasun irizpideak aintzat hartuta diziplina mailan nahiz eragileen tipologian; EITBn haien presentzia bultzatuz, albistegietan kuotak ezartzeaz gainera, kultur programazio ildo bat zabalduko baitu ikus-entzule gehien izaten diren ordutegietan.
  6. Euskal espazio mediatikoa askotarikotzen lagunduko duten neurriak ezartzea, gizarte komunikazioarekin eta komunikabide independenteekin loturiko proposamenak bultzatuz.
75

Kultura arlo publiko digitalean

Kulturak gero eta dimentsio transmediagoa du eta gero eta gehiago garatzen da inguru digitaletan eta baliabide digitalen bidez, baina oraindik ez gara horretaz jabetzen, ez instituzio mailan eta ez, oro har, herritarrok ere. Horrek guztiak nazioz gaindiko korporazio handien eskuetan uzten gaitu. Digitala alor publikoaren hedapen moduan hartzeko kontzientzia horretan aurrera egiteko, herritarrek interneten eta azpiegitura digitaletan, eta bere ekoizpen eta banaketarako edukietan eta baliabideetan ere, sarbide unibertsala izan dezaten lortu ahal izateko, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. Eusko Jaurlaritzaren mendeko edo hark parte duen kultur erakundeetan software askea ezartzeko eta wifi esparru publikoak egokitzeko azterketa egitea.
  2. Kultura digitala eta maker filosofia bultzatzeko espazioei eta programei laguntzeko programak bultzatzea.
  3. Kulturaren eta ezagutza librearen garapena bultzatzea, teknologia eta lizentzia libreak erabilita, erakunde publikoek babesturiko kultur ekoizpenarekiko sarbidea eta berrerabilera bideratu ahal izateko (edukiak, argitalpenak, ikus-entzunezko dokumentazioa...).
  4. Artxiboetan, liburutegietan eta mediateketan edukiak digitalizatzeko lanak indartzea, kultur erakundeek nazioarte mailan erabiltzen dituzten ezagutza estandar irekiei jarraiki.
76

Arlokako neurriak

Elkarrekin Podemosek begirada osotasunean jarriko duen kultur politikaren programa proposatzen du, eragileen eta ekintzen artean koordinazioa eta zeharkakotasuna bultzatuz, kultur ekosistema modu orekatuan garatu ahal izateko. Horren harira, programa honetan planteatzen ditugun neurrietako askok ez dute diziplina izaera, izaera orokorra baizik (parte hartzeko moduak, finantzazio eredua, lan baldintzak, hezkuntzarekiko, berrikuntzarekiko, mugikortasunarekiko, nazioartekotzearekiko... erlazioa), hori bai, sektore bakoitzaren errealitatera egokituta betiere. Baina gainera ondo asko dakigu arlokako behar espezifiko batzuk zaindu behar direla. Horregatik, arlokako neurri batzuk azalduko ditugu ondoren, legealdi osoan zehar sektore bakoitzeko eragileekin etengabeko elkarrizketaren bidez osatuko eta garatuko direnak, alderdi estrukturalei nahiz koiunturalei erantzun ahal izateko.

77

Ikus-entzunezkoak eta transmedia

EITBren irudiak gehiegi baldintzatzen du sektore hau eta eragileen gutxieneko autonomia batere ez bultzatzeko moduan kudeatu eta administratu dira laguntza publikoak. Gainera, arreta ekoizpenean jarrita egin da lan, gainerako prozesuetarako (sorkuntza, banaketa, erakusketa, prestakuntza, publikoak finkatzea eta ondarea babestea) pizgarriak mugatuz, eta balio kate ahul eta hauskorra osatu da horren ondorioz. Neurri zehatz batzuk:

  1. Transferentzia eskaera zinematografiaren alorrean, euskal zinearen garapena eta iraunkortasuna bermatzeko.
  2. Lurraldeko, erakunde arteko eta sektore arteko lankidetza plana egitea, ikus-entzunezkoekin eta transmediarekin loturiko ekoizpen ehuna modu orekatuan garatzeko, ulertuta, industria mailan ahalmen eta dimentsio handienetakoak dituzten esparruak direla horiek, eta gainerako sektoreetarako eragileak izan daitezkeela.
  3. EITBren aurrekontuan ikus-entzunezko eta transmedia inbertsioetarako hornidura handitzea, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko 7/2010 Lege Orokorrak behartzen duen % 6 baino handiagoa izan dadin.
  4. Ikus-entzunezko eta transmedia proiektuetan inbertitzeko funtsa sortzea, bereiziz euskarazko ekoizpenari ematen zaion laguntza espezifikoa, eta euskal enpresen ekoizpenari ematen zaion laguntza, edozein dela ere hizkuntza (produktuaren titularitatea gutxienez % 20 euskaraz ekoizten duten enpresena izango da).
  5. Finantzazio neurri espezifikoak ezartzea, honako aukera hauekin loturik: sarreretan, ikus-entzunezko produktu bikoiztuetan edo banaketan kopia kopuruan portzentaje bat edo tasa batzuk ezartzea; edo zerga pizgarri bat ematea atzerriko produkzioen “service” ekoizpen jardueretarako, filmaketak Euskadira erakartzeko.
  6. ​Kimuak programaren jarduera esparrua zabaltzea film laburretatik film luzeetara eta beste ikus-entzunezko eta transmedia produktu batzuetara.
78

Arte Eszenikoak

Jarduera multzo aberats eta askotarikoa (antzerkia, musika eta lirika, dantza, zirkua, txotxongiloak edo ilusionismoa, besteak beste) eta hainbat tipologia profesional (dramaturgiatik argiztapenera, antzezpenetik ekoizpenera, eszenografiatik sarreren salmentara) biltzen ditu sektore honek, eta azpiegitura ugari ditu, izaera askotakoak, lurralde osoan zehar, hala publikoak nola pribatuak eta baita areto alternatiboak ere. Aski ondo artikulaturiko sektorea da, eta birmoldatze prozesu garrantzitsuari ekin behar izan dio azken urte hauetan. Neurri zehatz batzuk:

  1. Arte eszenikoen Plan Integrala garatzea, eragileen arteko elkarlanean oinarrituta, balio kate osoko beharren eta interesen aniztasunari erantzuteko.
  2. SAREAN eratzea, izaera publikoarekin jarduten duten ekipamendu eszeniko guztiak bilduko dituen erakunde gisa​, elkarlanean eta modu positiboan jardunez, politika publiko gardenetatik bideratutako helburuak, eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituzten estrategien barnean.
  3. SAREAN dinamizatzea, arte eszenikoen banaketa modu deszentralizatuan bideratzeko EAEko lurralde osoan.
  4. Dantzerti indartzea eta duen prestakuntza programa zabaltzea, arte eszenikoen esparruan, dituen azpidiziplina guztietan, goi mailako hezkuntza publikoan sarbidea ziurtatzeko.
  5. Espazioen, konpainien eta egoitzako sortzaileen programa abian jartzea.
79

Liburua eta irakurketa

Irakurtzeko sarbidea ematen du sektore honek, eta horrenbestez, lehen ateetako bat zabaltzen die hizkuntzari eta kulturaren gozamenari. Gainera, bere hizkuntza izateak, euskarak, aberastasun handia ematen dio Euskadiri. Sektore honek ere, musikaren edo ikus-entzunezkoen sektoreen antzera, izan diren aldaketa teknologikoen ondorioz, azken urteetan erabat aldatu behar izan ditu bere banaketa bideak eta sarbideak, eta beharbada bere historiako aniztasun eta kontzentrazio handiena erakutsi du era berean, eta horrek guztiak berregokitzera behartu ditu egileak nahiz argitaratzaileak eta banatzaileak. Neurri zehatz batzuk:

  1. Liburuaren, Artxiboen eta Liburutegien Zuzendaritza Orokorra sortzea​, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN), Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearekin, hiru herrialdeetako ikastetxeetako liburutegiekin eta Euskadi osoko liburutegi eta artxibo pribatuekin elkartuko dutena, herritar guztiek kulturan sarbidea izan dezaten bultzatzeko.
  2. Liburutegien Sarea modernizatzeko eta dinamizatzeko plana abiaraztea, hurbileko gizarte ehunarekin koordinatuta, honako hauek barne hartuta: funtsak eguneratzea eta eduki digitalak zabaltzea, berrikuntza teknologikoa, liburutegietako langileen prestakuntza eta balioa ematea edo kultur eta bitartekotza jardueren programen askotarikotzea. Horrez gain, sareko koordinazioa sustatu eta sarbidea erraztuko duten neurriak bultzatuko dira, honako hauek, esate baterako: kode irekiko plataforma publikoa sortzea liburu elektronikoen maileguak kudeatzeko eta EAE osoko liburutegi publikoen sare osorako txartel bakarra sortzea.
  3. Argitaldari instituzionalak arrazionalizatzea eta egokitzea​, aurrekontu kontrolerako, eta tituluak eta argitaraldia nahiz banaketa egokiak izango direla ziurtatzeko mekanismoak sortuz. Argitaldari instituzional baten egitekoa izango litzateke merkatuan estaltzen ez diren beharrei erantzutea eta egile hasiberrien edizioak bultzatzea.
  4. Itzulpengintzari laguntzeko neurriak areagotzea obrak hainbat hizkuntzatara itzultzeko, euskal egileen obrak, hala euskaraz nola gaztelaniaz, eta baita beste hizkuntza batzuetan dauden lanak euskarara itzultzeko ere.
  5. Liburu dendei laguntzeko plana abiaraztea eta ​'Kultur Erreferentziako Liburu denda' zigilua sortzea, liburuaren balio kateko oinarrizko maila horrek bizirik iraun dezan laguntzeko, funtsezkoa baita irakurlearekiko traturako eta argitaratze aniztasunari eusteko, plataforma digital handien joera monopolistaren aurrean. Honako hauek hartuko lituzke plan horrek: liburu dendak irekitzeko eta berrezartzeko laguntzak, sektorearen modernizazioan inbertitzeko pizgarriak, lehentasuna erakunde publikoekiko salmentan, testu liburuak liburu dendetan erosteko eskola txekea inplementatzea edo liburu saltzaile lanbiderako prestakuntza arautuko programa bat garatzea Lanbideren bidez.
  6. Liburutegi publiko guztietan Irakurketa Errazerako esparruak sortzea, guztiok izan dezagun irakurtzeko aukera.
80

Arte Bisualak

Sektore hau funtsezko tresnetako bat izan bada ere Euskadiko eraldakuntza sinbolikoa eta ekonomikoa eraikitzeko orduan, instituzioen aldetik ez du egiazko laguntzarik jasotzen. Arte praktikek berekin daramaten esplorazio izaeragatik eta sailkatzeko zailtasunengatik gerta liteke hori; edo oso askotarikoa eta kolektiboki ondo antolatu gabea dagoen ehun horrekin solaskide izateko zailtasunagatik agian, baina harreman dinamika informal handiak dituena betiere. Zailtasun horiek, ondo bideratzen badira eta borondate politikoa baldin badago, sektore honen egiazko ahalmen bilaka daitezke. Neurri zehatz batzuk:

  1. ​Eremuak programa indartzea, haren aurrekontua handituta, azken urte honetan zabaldutako lurralde deszentralizaziorako ildoa sortzeko eta finkatzeko.
  2. Arte garaikidearen erosketa publikorako politika sortzea​, horretarako beharreko baliabideak jarrita, eta egungo artegintzaren ezaugarrien araberakoa, arte ondarearen sorrera ziurtatuz.
  3. Espazioen eta egoitzako sortzaileen programak berreskuratzea eta bultzatzea, unibertsitate ondoko prestakuntzarako eta goraka ari den artea ekoizteko eta sustatzeko.
  4. Euskal arte garaikidea hedatzeko eta nazioartekotzeko plana garatzea​, instituzioen ekintza eta tokiko eragileen sareei balioa ematea eta bultzatzea konbinatuz. Honelako neurriak jaso ditzake plan horrek: komisarioen bisitak testuingurura, artisten mugikortasuna, nazioarte mailako erreferentziazko erakusketetan eta programazioetan egoteko laguntza, argitalpenak nazioartean banatzeko eta erreferentziazko katalogoetan sartzeko laguntza.
  5. Komisariotza, arte hezitzaile eta arte kritikari irudiak bultzatzea​, artistaren irudiaren ezinbesteko osagarri gisa.
81

Musika

Sektore honen helburu nagusia da musikaren ezagutza, gozamena eta langintza bultzatzea. “Oinarrizko musika” sustatzea, gizartearen gehiengoak hartan aktiboki parte har dezan, lehenbiziko hezkuntza etapetatik hasi eta zuzeneko musikarekin buka, eguneroko bizitzako zati gisa, musika kultua deiturikoari nahiz herri musikari begira. Horrez gainera, tokiko ehun profesional aberats eta iraunkorra bultzatu eta indartu behar da (eskolak, orkestrak, abesbatzak, taldeak, zigiluak, aretoak, sustatzaileak, baliabide espezializatuak...). Neurri zehatz batzuk:

  1. Estatuko legeriak ezarritako mugetatik haratago, musika sartzea EAEko hezkuntza curriculumeko hezkuntza etapa guztietan, eta bereziki lehen hezkuntzan, funtsezko prestakuntza tresna gisa, ikasle guztiek izan dezaten hainbat gaitasun kognitibo (abstrakzioa, kalkulua, harremanak, dedukzioa) eta afektibo, modu sortzaile eta orekatuan, garatu ahal izateko adierazpen eta komunikazio tresna egoki bat. Gainera, musikaren esperientzia biziaren eskola ireki behar da, ohiko eskolaren eta musika eskolen eta kontserbatorioen artean dauden loturak sortu eta indartuz. Bi norabidetan landu behar da hori guztia, ikasgeletako talentua kalera aterata, ikasleak entsegu lokaletara, kultur etxeen zirkuituetara, herriko jaietara eramanez.
  2. Erakunde espezifiko bat sortzea musika akademikoaren prestakuntzaren eta hedapenaren garapena bideratzeko eta ebaluatzeko. ​Musikeneren garapena bultzatuko luke erakunde horrek, lehenbizi haren kokalekua adostuta hezkuntza komunitatearekin eta sektorearekin, eta musikologiako gradua sortzeko aukera aztertuz. Gainera, ​Euskal Fonoteka Nazionala​ sortzea proposatzen da, euskal musika ikertzeko eta hedatzeko zentro gisa, dauden lekuko ekimen desberdinak elkartuz, eta funtsen digitalizazioa eta hedapena bultzatuz fonoteka.eus atariaren bidez.
  3. Eusko Jaurlaritzatik beharreko baliabideak jartzea orkestren, abesbatzen eta musika erakundeen iraunkortasuna bermatzeko​, Kultur Ministerioaren murrizketek ez dezaten arriskuan jarri euskal kulturaren ondare immaterial garrantzitsua ordezkatzen duten erakundeen jarraipena. Gainera, Euskadin ikasitako musikarien kontratazioari lehentasuna ematea proposatzen da, baina horrek ez du esan nahi mugikortasunik egon behar ez duenik, nazioarteko erakundeekin egindako hitzarmenen bidez.
  4. Babestu eta bultzatu beharreko kultur ondare bizi gisa hartzea zuzeneko musika​, jarduera jarraitua izateagatik bereziki zaindu behar diren aretoen katalogoa sortuz; areto txikien eta ertainen zirkuitua suspertuz, musika mailan haietan hazten baitira tokiko harrobikoak, eta azken batean haietatik elikatzen baitira ekitaldi handiak. Honelako neurriak proposatzen dira horretarako: administrazioaren aldetik intsonorizazio eta programaziorako laguntzak edo bitartekotza ematea gatazkak daudenean. Gainera, musika eskaintza SAREAN​ zirkuituan sartzea proposatzen da.
  5. Ikuskizunei buruzko Lege berria berraztertzea, 16 urtetik gorakoen sarbideari dagokionean era guztietako anbiguotasunekin bukatzeko. Eta horrekin batean, gazteen artean aisialdi alternatibo gisa zuzeneko musika sustatzeko neurriak hartzea (entzule gisa eta musikari gisa).
  6. Eragile desberdinen arteko topaketak eta lankidetza bultzatzea eta bitarteko izatea ​(musikariak, managerrak, sustatzaileak), ​Musika Bulegoaren jarduera esparrua zabalduz.​
  7. Tokiko musika bere estilo guztietan babesteko, sustatzeko eta hedatzeko kuotak ezartzea (euskarazko musikari arreta berezia emanez, musika abestuaren kasuan); eta musika kateak eta programak indartzea formatu erakargarrian eta ikus-entzule gehien izaten diren orduetan, tokiko eszenaren dinamismoa erakusteko.
  8. Zigilu bat sortzea (labela) ​euskal musika ekoizpena identifikatuko eta sustatuko duena.
82

Beste sektore batzuk eta diziplina arteko elkarrizketa ikuspegia

Tradizionalki kulturarekin erlazionaturik dauden sektoreekin loturiko neurrietatik haratago, Elkarrekin Podemosek elkarrizketa eta diziplinaz gaindiko ikuspegia bultzatu nahi ditu. Uste dugu kulturak alor ongarritua izan behar duela, probetarako laborategia, kolaborazioen eta hibridazioen katalizatzailea, kultur sektoreen eta beste ezagutza eta jarduera esparru batzuen (hezkuntza, zientzia, gizarte, ekonomi edo politika esparruak) artean harremanak eta berrikuntzak garatu ahal izateko.

Neurri zehatz batzuk:

  1. ​Sorkuntza Fabrikak programa indartzea, kultur berrikuntzaren sustapenean oinarrituta, elkarrizketa eta diziplinen nahasketa eta bitartekotza eta elkarlana bultzatuta kulturaren eta gizarteko beste esparru batzuen artean. Lehenbizi planteatzen da programak hasieran zuen multzo ikuspegia eta zentzu orokorra berreskuratzea (diru-laguntza ildo bereizietan zatikatua baitago orain); eta harreman zuzena duen beste gobernu arlo batzuetatik, Hezkuntza eta Sustapen Ekonomikoa, esate baterako, etorritako baliabide osagarriekin hornitzea.
  2. Kulturalki aktiboak diren eragileak identifikatzeko mapaketa egitea honako sektore hauetan: hirigintza eta arkitektura, diseinua, gastronomia, kultur bitartekotza, pedagogia kritikoak, herritarren parte hartzea, zientzia eta teknologia…
  3. Eragile horien artean topaketa eta ezagutze esparruak sortzea eta lankidetza proiektu zehatzak abian jartzeko pizgarriak ematea, ahal den neurrian, mugaz gaindiko lankidetza landuz.
83

Ondarea

Arte adierazpen material eta immaterial ugari biltzen ditu ondareak, arte moduak, arkitektura, kultur paisaia, ohiturak, herri tradizioak, eta ezin konta ahala elementu, askotariko nortasuna osatzen joan direnak, eta gaur egun Euskal Kulturaren idiosinkrasia eratzen dutenak. Ondarea kontserbatzeak betebeharra eta eskubidea izan behar du eta kultur turismoaren industriaren barnean garrantzi handia duela onartu behar da, horrek berekin daraman balio ekonomiko guztiarekin. Ondarearekin loturiko politikak egitea eta behar bezala kudeatzea funtsezkoa da gizartea garatzeko eragile gisa, turismo arduratsua eta iraunkorra bultzatzeko eta hiri eta landa inguruak eraberritzeko, eta identitate balio handia sortzen du berez. Euskadiko ondare aberastasunak eta aniztasunak ez ditu behar bezalako politikak izan administrazioaren aldetik, zorrozki murriztu dira alor horretako inbertsioak eta duen ahalmen ekonomikoa ez da bistaratzen. Adibide gisa aipatuko dugu Praileaitz leizearen babesik eza edo industria ondarearen suntsiketa hiria birmoldatzeko planetan babestuta. Ondarearen kudeaketak ahalmen handia du enpleguaren sorreran eta lurraldeen biziegokitasuna finkatzen laguntzen du, bere identitatearen barnean dauden elementuei balioa emanez; horrexegatik, honako neurri hauek proposatzen ditu Elkarrekin Podemosek:

  1. Eusko Jaurlaritzatik ekintza plan bat koordinatzea Foru Aldundiekin, historia eta kultur ondarearen kontserbazioa bermatzeko, ondarearen aberastasuna bultzatzeko eta herritar guztiek hartan sarbidea izan dezaten sustatzeko.
  2. Landa ondarea babestea interes orokorreko gai gisa, duen egiazkotasunagatik, hauskortasunagatik eta mendeetan zehar gizakiak lurraldean izan duen elkarreraginaren isla garbiena izateagatik.
  3. % 1 kulturala egiaz eta arduraz aplikatzea, kultur ondasun guztiei aplikatu beharko zaie, ez bakarrik higiezinei. ​Kulturaren Funts Sozialera joango da eta handik gardentasun osoz erregulatuko dira esleipenak, hedapen kanpainak eginez, eska dezaketen erakundeak informatuta egon daitezen, Babesletza eta Ondare Lege berriak jasoko duen bezala. Oreka geografikoaren kodearen bidez esleituko dira proiektuak, ondarearen alderdi desberdinen (ikerketa, hedapena, esku hartzeak eta abar) eta ondare mota desberdinen artean orekari eutsiz, Konstituzioan jasotako elkartasun printzipioaren egiazko zabalpena gauzatuko baita era horretan.
  4. ​Neurriak hartuko ditugu eraikuntza obretan eta Kultur Ondarearen Legean jasotako kasuetan aldez aurretik nahitaez egin behar diren jarduera arkeologikoen finantzazioaren alorrean, higiezinen sustatzaileek jarduera horiek egin ditzaten. Neurri horrek lagundu egingo du gizarte zibilaren udal hirigune historikoetan bizitzeko nahia bultzatzen eta ikerketa eta esku hartze arkeologikoan gero eta aurrekontu txikiagoak onartzea saihestuko du, horren ondorioz galdu egin baita esku hartutako ondarearen ikerketaren kalitatea, ondarea hondatuz eta Administrazioak arduragabe jokatzen duelako pertzepzioa dute herritarrek.
  5. ​Desagertzeko arriskuan dauden Euskal Ondareko alderdien kontserbazioa bultzatzea. ​Euskal Industri Ondareari eta XX. mendeko ondareari merezi duen​ balioespena eta babesa ematea, beste ondare hauskor batzuk bazterrean utzi gabe.
  6. Ondarea hezkuntza maila guztietan ezagutu dadin bultzatzea eta bereziki sustatzea haren kontserbazioan zuzenean parte hartzen duten profesionalen prestakuntza.
  7. Euskal Ondarearen Legea aldatzea ondarearen kontserbazioan eta lehengoratzean diharduten profesionalen defentsan aitzindari izateko.
  8. Herritarrak sentsibilizatzea beren kultur ondarearen estimuaz eta duen balioaz, kultur turismoaren eragile eta memoria historiko kolektiboaren erreferente gisa.
84

Komunikazioa eta EITB eredu berria

Estandar europarrekin homologa daitekeen esparru mediatikoa eraiki nahi dugu. Medio publikoak (EITB) gobernutik kanpo egotea planteatzen dugu, haien independentzia, pluraltasuna eta edukien kalitatea bermatzeko. Jarritako helburu horiekin bat etorriko den gobernantza sistema proposatzen dugu.

IRRATI TELEBISTA PUBLIKO INDEPENDENTEA ETA GARDENA

85

Kanpo kontrol organoak

Komunikazioaren Euskal Kontseilua sortzea:

  1. urtean, Europar Kontseiluak jada egin zuen gomendio bat erakunde erregulatzaileak sor zitezen, komunikabide publikoen independentzia ziurtatu ahal izateko. Horregatik, Kontseilu bat sortu behar da, independentea eta Ikus-entzunezkoen Erregulatzaileen Europako Plataforman (EPRA) sartua, gure inguruko herrialde batzuetan daudenen antzekoa. Erakunde hori komunikabide publikoen independentzia zaintzeaz arduratuko da, besteak beste, agintearekin eta zigorrak jartzeko ahalmenarekin, eta bestalde, komunikabideei ematen zaizkien laguntza publikoak eta erakundeen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) publizitatearen banaketa gainbegiratuko ditu, banaketan pluraltasuna eta zuzentasuna bermatzeko modu gisa. Era berean, EITB nork zuzenduko duen eta Administrazio Kontseiluko kide nor izango diren aukeratzeaz arduratuko da.

Komunikazioaren Euskal Kontseiluko kideek ordainsari ekonomikoa izango dute, haien dedikazio osoa eta esklusiboa eta neutraltasuna bermatu ahal izateko. Gainera, Administrazio autonomikoko goi karguen bateraezintasun erregimenaren pean egongo dira. Era berean, kontseilukideek ez dute lotura zuzen edo zeharkakorik izango alderdi politikoekin edo sindikatuekin, eta ez dute ikus-entzunezkoen sektoreko jarduera profesionalekin ere inolako loturarik izango. Gutxienez bi legebiltzar taldek proposatuko dituzte kontseilukideak eta Eusko Legebiltzarraren bi herenaren gehiengoak aukeratuko ditu, gehienbat ikus-entzunezkoen sektorean ospe eta eskarmentu handia duten profesionalen artean. Curriculumen bidez egiaztatu beharko da baldintza hori Legebiltzar Batzorde baten aurrean, eta hark elkarrizketatu eta ebaluatuko ditu hautagaiak. Aukeratu beharreko kideen kopurua halako bi hautagai proposatuko ditu gutxienez ganbera autonomikoak. Gizonen eta emakumeen artean parekotasuna bultzatuko da kontseiluaren osaketan. Kontrolerako Legebiltzar Batzordea: ​Eusko Legebiltzarra arduratuko da, bere botoekin, Komunikazioaren Euskal Kontseiluak proposatuta zuzendari nagusiaren izendapena onartzeaz, Administrazio Kontseilurako hautagaien zerrenda aukeratzeaz, zuzendari nagusiak aurkeztutako Ekintza Plana entzun, galdetu eta eztabaidatzeaz eta Kontrolerako Legebiltzar Batzordearen kudeaketaren jarraipena egiteaz.

86

EITBren gobernu organoak

EITBko zuzendari nagusia: ​alde betetzailea izango da eta Komunikazioaren Euskal Kontseiluak aukeratuko du, eta ondoren Legebiltzarraren 2/3ak berretsi beharko du. Zuzendari nagusiak ezin izango du Administrazio Kontseiluan parte hartu. Haren egitekoa izango da eguneroko kudeaketaz arduratzea eta Administrazio Kontseiluaren bileretan marratu eta eztabaidatutako ildoak betearaztea, kontseiluaren eskumenak bestelakoak baitira (enpresa aztertzea, eztabaidatzea eta kontrolatzea). EITBren Administrazio Kontseilua: ​jarraitu beharreko programa ildoak gainbegiratu, aztertu, proposatu eta onartzeaz arduratuko da, eta baita Komunikazioaren Euskal Kontseiluak definitutako kontratu-programa gauzatzeaz ere. Administrazio Kontseiluko kideak Komunikazioaren Euskal Kontseiluak aukeratuko ditu Legebiltzarrak proposatuta eta aukeratutako pertsonen ibilbide profesionalak, merituek eta gaitasunak bermatutako irizpideei jarraiki. Gizonen eta emakumeen artean parekotasuna bultzatuko da kontseilu honen osaketan ere. Albistegien Kontseilua: ​kazetariek, kameralariek eta informazioaren prestakuntzan parte hartzen duten beste kategoria profesional batzuek osatzea proposatzen dugu. Gizarte kontseilua: ​haren bidez, gizarte zibilak parte hartu ahal izango du irrati-telebista publikoa kudeatzeko printzipio orokorrak finkatzen eta haiek betetzen direla zaintzeko. Euskal gizarteko sektore eta kolektibo garrantzitsuetako irabazi asmorik gabeko elkarteek proposatu eta bozkatuko dituzte kontseilu honetako kideak. Ikus-entzuleen defendatzailea: ​haren egitekoa izango da erabiltzaileen, entzuleen eta ikusleen kexak jasotzea eta profesionalei helaraztea, eta ahaleginak egitea sortzen diren zalantzak eta arazoak konpontzeko. Komunikaziorako sarbidea eta eskubidea: ​adierazpen askatasunaren defentsa irmotik haratago joan behar dute, eta gainera, irrati-telebista publikoaren bidez entzuleria handietara iristeko egiazko aukera eman behar zaie kolektibo sozialei. Horretarako, tarte batzuk gordeko dira ikus-entzuleekiko harremana bermatuko duten ordutegietan, eta interesa duten kolektiboen eskura jarriko dira erakunde publikoaren giza baliabideak eta baliabide teknikoak, haiek ere parte har dezaten Euskal Telebistako bigarren katean tartea izango duten edukien ekoizpenean.

87

EITB eredu berri baterantz

Telebista Bi ETB kate proposatzen ditugu, biak elebidunak, haietan, euskal gizartean bezalaxe, euskara eta gaztelania elkarrekin bizi daitezen naturaltasun osoz. Programak eta fikzioa euskaraz ekoiztea bultzatuko da, bi kateetan gutxienez % 60 bermatuz. Azpitituluak gaztelaniaz emango dira euskaraz egiten diren fikzioan eta programetan. VOS (jatorrizko bertsioa azpitituluekin) programazioa bultzatuko da, azpitituluak euskaraz emanda. Kontratu-programan jasotako zerbitzu publikoaren funtzioa betetzeko baldintzaren pean egongo da programazioa. Albistegiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Lehen kateak eduki orokorra izango du eta bigarren kateak, berriz, kultur edukia, kultur diziplina desberdinak sustatu ahal izateko; eszenikoak, plastikoak, bisualak, literatura, zinea, musika... Funtsezkoa da kultura lehentasunezko tokian egotea telebistako programazioan, eta horrexegatik, kate elebiduna proposatzen dugu, eta haren eduki nagusia kultura izango litzateke, hain zuzen ere, kultura bere hedapen eta aniztasun osoan. Kate digitala ere izango litzateke kartara.

Fikzioa ETBn Ikus-entzunezko fikzioak kontu estrategikoa izan behar du, balio handia baitu gizartearen imaginario kolektiborako. Kultur nortasunaren eta aniztasunaren elementu egituratzaileak izan daitezke kulturarekiko, politikarekiko, historiarekiko, geografiarekiko, ekonomiarekiko, hizkuntzarekiko, edo ohitura eta tradizioekiko hurbiltasun erreferentziak. Telesailen produkzioa bultzatu behar da gure ikus-entzunezkoen industria ehuna garatzeko eta dituen ahalmen guztiak ikertzeko, ko-produkzioa eta nazioartekotzea tinko bultzatuz. Formatu berrien ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatu behar dira, I+G+B bezala dituen zerga arintzeekin.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi Zuzendarien eta tarteko karguen (kudeatzaileak deituak) kopurua murriztea eta erredakzio plantilak indartzea, kalitate eta profesionaltasun irizpideetan oinarrituriko zerbitzu publikoa eskaini ahal izateko. Gardentasuna erakundeko kontratazio irizpideetan​, lan zerrendetan eta langileen sustapenean, eta baita eskaturiko euskara mailari begira ere, hori bermatu egin beharko baitu Komunikazioaren Euskal Kontseiluak. Funtsezkoa da euskaraz nahiz gaztelaniaz kalitatezko irrati publikoa izateko baldintzak ezartzea. Horregatik, bi erredakzio talde bereizi proposatzen ditugu, bat euskarazko irratirako eta bestea gaztelaniazkorako. Horrek irrati bakoitzaren idiosinkrasia sustatuko du eta beharreko kalitate helburuak bete ahal izango dira. Gardentasuna: ​EITBren nortasun ezaugarria izan behar du. Bere gardentasun atarian argitaratuko ditu, Kontseilu Sozialak gainbegiratua, bere kontuen informazio xehea eta eguneratua, bere aurrekontuak eta emaitza ekonomikoak, soldatak, kanpoko langileen kontratazioa, kanpora ateratako zerbitzuak eta egindako erosketak barne. Lankidetza esparrua: ​Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Ipar Euskal Herriarekin (Iparralde) lankidetza esparrua ezartzea proposatzen dugu EITBren kudeaketa, garapen eta finantzaziorako, Euskal Herriko irrati-telebista gisa, eta Europar Batasunaren barnean nazioz gaindiko lankidetzarako aukerak aprobetxatzea.

88

Kultura, Komunikazioa eta Euskara

Elkarrekin Podemosen iritziz, informazioak eta kulturak, eskuragarriak izateaz gainera, ulergarriak izan behar dute, eta horrexegatik elebitasun aktiboaren alde egiten dugu. Hori dela-eta, bi hizkuntza ofizialak, kultura babesteko eta hedatzeko esparruak eta tresnak, informazioaren trukea eta elkarrizketa produktiboa sortzea, sustatzea eta finkatzea proposatzen dugu.

ARLOKAKO POLITIKAK ADINAREN ARABERA

89

Gazteria

Gizartean, oro har, gazteak oso toki ahulean jartzen dituen gizarte prestakuntza prozesuak definitzen ditu egungo sistema ekonomikoak. Egungo sisteman neoliberalismoa da nagusi, eta truke ekonomikoen erregulazio eza eta Estatuak esku hartzeko gaitasuna galtzea ekarri ditu horrek, Ongizate Egoerak lurra jotzeaz gainera. Kontuan hartzen badugu gazteria alorreko politikak funtsezkoak direla Ongizate Egoera finkoa izateko, esaten ari gara halaber gazteriarekin loturiko politikek egin behar dutena dela emakume gazteek, desberdintasun handiak dituen testuinguruan beren bizitzak aurrera ateratzeko, dituzten zailtasunak arindu, helduen bizitzari ekin behar dioten gizarteko kide batzuk zigortu egiten baititu desberdintasun horrek. Gazteentzako politika publikoen helburuari buruzko eztabaida bitan banatua dago, alde batetik, trantsizio politikak izan behar dutela defendatzen dutenak daude, eta haien xedea da gazteen helduen bizitzara igarotze hori eramangarriago egitea, eta beste aldetik, politika emantzipatzaileak izatearen aldekoak direnak, gazte izaera berresteko politikak, ez etapa iragankor gisa, baizik eta klase sozialeko termino gisa. Bide iragankorretik joan diren politikak dira gehienbat gure herrialdean aplikatu direnak. “Itxarote pasiboa” kontzeptuarekin lotzen dira politika horiek, eta haien arabera gazteek itxaron egin behar dute heldu izateko unea iritsi eta bizitza publikoan parte hartu ahal izan arte, erabakitze publikoko prozesuetatik kanpo utziaz horrenbestez. Politika publiko barneratzaileak gizarte mailen berdintasuna bultzatu beharko luke, gizarte mailek desberdintasunak eragiten baitituzte gazte izateko moduan, desberdintasunak sortzeko joera duen sistema ekonomiko batean. Politika barneratzailea izateko prozesua bideratu beharko litzateke horrenbestez, Administrazioek aldaketak eragin ditzaten botere eta mendekotasun harreman desberdinak dauden gizarte sistema bateko dinamiketan, kontuan izanik betiere gazteak direla kateko maila ahulena. Perspektiban ikusita eta hiru hamarkadatan zehar, ia Europa osoan, eta oso bereziki Euskadin, iragankortasun izaera handiko politiketan oinarritu da ezarri den gazteriarentzako estrategia eredua, hauxe da, gazteak helduen bizitzara igaro daitezen bultzatzea, baina gazteriaren klase soziala kontzeptua kontuan hartu gabe. Hala ere, azpimarratu behar da, gazteentzako politiken ikuspuntuan ez badira bi ikuspegi horiek sartzen eta integratzen, baiezko politikak eta politika iragankorrak elkartuz, gazteentzako politika ez dela inoiz gazteentzako politika izango, gazteek gazte izateari utzi eta pertsona osoak, hauxe da, helduak izatera pasatzeko helburu bakarra izango duen politika baizik. Etorkizuna bestelakoa izan dadin, gazteria klase gisa bultzatzearen aldeko apustua egin behar da, bere egoeraren jakitun izan behar du, gazteria aktiboa, kolektibo gisa eragingo dieten politikak diseinatzeko orduan. Gazteen enpleguaren esparruan, esate baterako, eredu ekonomiko berri bat eraiki behar da aldaketa hori gertatzeko, hauxe da, gazteak ez dira eskulan merke gisa hartu behar lanean, baizik eta errentaren banaketa zuzena bermatu behar da bizitzako fase guztietan.

90

Gazteriaren legea

Garrantzi handia du gazteriaren legeak, legezko esparru horretan jasotzen delako lan prekarietatea, etxebizitza arazoak, hezkuntza formala eta ez formala, bakearen eta bizikidetzaren inguruan gazteek duten lekuaren artikulazioa, erabakitze prozesuetan duten parte hartzea eta abar bideratuko dituen sektore publikoko estrategia. Gazteriaren zein lege nahi dugu?. Lege bat aplikatzeak ez ditu, berez, gizartean aldaketak eragiten. Gazteriaren legeak euskal gazteen arazoei aurre egiteko gai diren tresnak sor ditzan, ahalik eta gizarte eragile gehien (Arartekoa, Aldundiak, Udalak, era guztietako gazte elkarteak) inplikatuko dituen parte hartze prozesu baten bidez idatzi behar da. Adostasunean oinarrituriko gazteriaren legea nahi dugu, euskal gazteak gaur egun jasaten ari diren prekarietate egoeratik aterako dituena.

Euskadiren etorkizunaren alde apustu egitea, gazteentzako enpleguaren alde apustu egitea:

  1. Gazteentzako enplegua bermatzeko plana: Euskadin gazteentzako enplegua bermatzeko Planaren inplementazioa berrikustea, horretan inbertsio handia egiten baita euskal gazteriarengan eragin txikia duen arren. Enplegua sortzeko estrategia birpentsatu behar dugu Euskadin, euskal gazteen etengabeko prekariotasunaren dinamika horiek errotik ateratzeko. Eusko Jaurlaritzaren sail arteko plana sortzearen aldeko apustua egiten dugu, euskal instituzioekin (udalak eta aldundiak) loturik betiere, Euskadin gazteentzako enplegua sustatzeko eta sortzeko.
  2. Gazte enpleguaren kalitate protokoloa: Euskadiren aldeko apustua egitea bertako gazteen aldeko apustua egitea da. Gazteek baldintza egokiak behar dituzte bizi proiektu duinak garatu ahal izateko. Euskal kontratuen behin-behinekotasun handia baztertzeko konpromisoa hartu behar dute instituzioek. Horretarako, gazte enpleguaren kalitate protokolo bat proposatzen dugu, eta haren arabera, gazte enplegua hobetzeko berariazko neurriak ezartzeko konpromisoa hartu behar dute enpresek. Protokolo horrek parte hartzailea izan behar du, eta gazteriak eta enplegu ereduan esku hartuko duten erakundeek hartu behar dute hartan parte. Neurri horrek berekin darama epe batzuk betetzeko beharra, eta zigor positiboak jarriko zaizkie betetzen ez duten enpresei.
  3. Praktiketako behatoki autonomikoa sortzea: Curriculumaren barneko eta curriculumetik kanpoko praktiken behatoki autonomikoa sortzea unibertsitateek sortzen dituzten bekek ez dituztela lanpostuak ordezkatzen egiaztatzeko. Lan merkatuko bekarizazio prozesua saihestu nahi du neurri honek.
  4. Kontrataziorako klausula sozialak. Gazteriaren aldeko apustua egiten: Kontrataziorako klausula sozialen bidez lantokietan langile gazteak har ditzaten bultzatzea. Kuota gazteek, gainera, aukera ematen dute belaunaldi ordezkatzea bultzatzeko, gazteen artean langabezia tasak murriztu ahal izateko eta adinekoen pentsioei eutsiko dien enplegu sistema sortu ahal izateko.
  5. Lanbide: Euskadik behar duen mailako enplegu zerbitzua: Euskadiko enplegu zerbitzua eraldatzea, enplegua, eta bereziki gazte enplegua, bilatzeko egiazko informazio, orientazio eta aholkularitza zentroa izan dadin. Lanpostuen jarraipena egiteaz eta haien kalitatea ikusteaz arduratu behar du Lanbidek.
91

Gazteria eta herritarren parte hartzea

Gazte elkarteen sarea sortzea instituzioarekin koordinatzeko, elkarteen eta instituzioaren artean solasteko esparrua sortzeko: Gazte elkarteen eta instituzioaren artean solasteko esparrua bermatzeko, gazteentzako politiken ardura duen Sailarekin zuzenean mintzatuko den elkarteen sarea sortzea proposatzen dugu. Horri esker lortuko dugu sail horrek gazteriaren alorrean aurrera eramaten dituen neurriak eztabaidatzeko esparru bat sortzea eta neurri horiek duten eragina baloratzea gazteen kolektiboen ikuspegitik begiratuta.

92

Osasuna

Osakidetzak atzerrira joaten diren 26 urtetik gorako gazteei osasun txartela eman dakiekeen bermatzea: Atzerrian dagoen edozein euskal herritarrek osasun estaldura izan dezan bermatzea, edozein dela ere haren aurretiazko lan egoera, eta Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak estalia izatea, dituen eskumenen arabera. Doaneko eta kalitatezko eskubide unibertsala izan behar du sanitateak. Hezkuntza emozional, sexual eta ugalketa osasun hezkuntza programak bultzatzea: sexuari eta ugalketari buruzko prestakuntza programak areagotzea euskal gazteriaren artean. Hezkuntza zentroetan esparru batzuk sortzea eraso matxistei eta eskola jazarpenari aurrea hartzeko eta norbere buruaren ezagutza bultzatzeko. Sexu bidez kutsatzen diren eritasunen prebentziorako eta nahi ez den haurdunaldirik ez gertatzeko dauden modu guztien erabilera bultzatzea.

93

Etxebizitza

Ulertzen dugu, Diru Sarrerak bermatzeko Euskal Sistema eraldatzearen inguruan planteaturiko neurriak, eta Etxebizitza programan planteaturikoak, hobekuntza egokiak direla gazteek duten etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko.

94

Hezkuntza

Bullying-aren aurkako plana: Irakasleek edo azken batean neskatoak edo mutikoak edo nerabeak egoera salatzeko baliabideak izatea eta babestua eta lagundua sentitzea lehen momentutik beretik. Horretarako, bullying-aren aurkako laguntza telefono batzuk sortzea proposatzen dugu gazteek hartara jotzeko aukera eta salaketa egiteko leku bat izan dezaten eskola esparrutik kanpo.

95

Garraioa

Gazteentzako garraio txartela sortzea Euskadi osoan: Euskadi osoan garraio txartel bakarra, tarifa sistema integratuarekin, eremu bakartuen eta hiri handien artean desberdintasunik egon ez dadin esparru beraren barnean. Gazte garraio txartel publiko autonomikoa. Abonu horrek murrizketak izango ditu 30 urte arteko gazteentzat. Unibertsitateetara doazen autobusen maiztasuna berrikustea: Unibertsitatera joateko autobusen maiztasuna areagotzea puntako orduetan. Udan gaueko autobus lineak sortzea herrietako jaietara joateko: Herrietako jaien garaietan gaueko garraio publikoa berrikustea, gazteek autoa har ez dezaten eta alkohol kontsumoarekin nahasi ez dezaten.

96

Migrazioak

Euskal ikertzaileak itzultzeko plana: Hoberen prestaturik dauden gure gazteak berreskuratu behar ditugu gure herrian aberastasuna sor dezaten. Emigratu duten gazteei laguntzeko plana: Informazio eta orientazio programak inplementatuko dira emigratzeko interesa duten pertsonentzat, eta baita atzerrian jarraipena egin eta laguntzeko ere. Europar Batasuneko eta hartatik kanpoko beste herrialdeetan enpleguaren alorrean eskumena duten agintariekin harremanak eta hitzarmenak egitea, emigranteen eskariei erantzuteko aukera emango duten enplegu eskaintzak lortzeko.

97

Aisialdia

Alternatibak lokalen ereduari: lurralde maila guztietan espazioak sortzea dauden alderdi guztietan gazteen baterako lana bultzatzeko. Proiektu honetan hainbat espazio jaso beharko lirateke: aldez aurretik erreserbatuta joateko ikasketa gelak, kafetegia-taberna gunea, coworkin-erako eta gazte ekintzailetzarako gunea, kontzertu txikiak edo beste edozein kultur ekitaldi egiteko gunea. Tokiko gazte kolektiboekin eztabaida prozesu bat zabaldu beharko litzateke udal eta eskualde instituzioen eta kolektibo horien artean kudeaketa eredua erabakitzeko. Udalekuak euskara sustatzeko: Udalekuak bezalako lekuak euskararen erabilera bultzatzeko dinamikak indartu ahal izateko. Leku horiek publikoak izan behar dute eta bertan giza eskubideak, berdintasuna, kirola eta kultura bultzatuko duten jarduerak gauzatu behar dira.

98

Adineko pertsonak

Hirugarren adinekoak biztanleria talde nagusietakoa da Euskadin, oraindik jaiotza tasa txikia izateagatik eta aldi berean bizi itxaropena luzatu izateagatik neurri handi batean. Gaur egun, 65 urtetik gora dituzte Euskadin bizi diren pertsonen ia % 20k. Gainera, errealitate bat da ehuneko horrek, itxura guztien arabera, gora egingo duela datozen urteetan, 2014. urtean guztizko erroldaren herena inguru 65 urtetik gorako biztanleek osatuko dutela aurreikusten baita. Orain arte, neurri batean familiaren eta komunitatearen elkartasunean oinarritzen zen babes sozialeko sistema, inolako ordainsaririk gabe zaintza lanak beren gain hartu dituzten emakumeengan, hain zuzen ere. Elkarrekin Podemosen eskubideak bermatuko dituen sistema egituratu nahi dugu adineko pertsonentzat ere. Egoera larriei arreta emateaz gain, prebentzio lanarekin egoera horiei aurrea hartuko dien elementu gisa eratu behar dira gizarte zerbitzuen sistemak, eta batik bat, giza baliabide eta baliabide tekniko nahiz ekonomiko egokiak behar dira pertsonak izan daitezen zentroan daudenak. Uste dugu ez duela inolako zentzurik Euskadiko biztanleriaren zati garrantzitsu baten espezifikotasuna kontuan hartuko ez duten neurriak inplementatzeak. Honekin, autonomiaren aldeko apustua egin nahi dugu, pertsonek askatasun osoz aukera dezaten beren ingurua utzi nahi duten ala ez duten, eta batik bat, euskal gizartean parte hartzeko espazioa izan dezaten, haren funtsezko zati bat direla ulertuta betiere. Horrexegatik, honako neurri hauek proposatzen ditugu:

  1. Politika publikoak egokituko ditugu, pertsona guztiek haietan sarbidea izan dezaten, kontuan hartu beharreko zeharkako faktore gisa hartuta adineko pertsonek baliabideetan eta zerbitzuetan, eta baita informazioan ere, sarbidea izateak eduki ditzakeen berezitasunak.
  2. Adineko pertsonen aldeko instituzio kanpainak egingo ditugu, haiek gizarteko esparru guztietan azaldu eta parte har dezaten bultzatzeko.
  3. Informazio kanpainak egingo ditugu adineko pertsonek, gainerako biztanleen baldintza berdinetan, sarbidea izan dezaten baliabideetan eta zerbitzuetan.
  4. Bizitza osasungarria izateko prebentzio eta sustapen kanpainak egingo ditugu hirugarren adineko pertsonei begira.
  5. Gizartearentzako erronka gisa hartuko dugu biztanleriaren zahartzea eta neurriak hartuko ditugu mendekotasunarekin loturiko zaintza lanak eta arreta birbideratzeko eta antolatzeko, pertsonen autonomiaren eta haiekiko arretaren duintasunaren aldeko apustua eginez.
  6. Diru Sarrerak Bermatzearekin loturiko atalean jasotako neurrien bidez, gutxieneko diru sarrerak jarriko dira beren beharren kudeaketa egokia egiten duten pertsonen eskura.
  7. Bideak eta tresnak sortzea, beren lan bizitza bukatzean, pertsonek jarrai dezaten bizi diren gizartean kide aktibo izaten, haien parte hartzea bultzatuz. Zahartze estrategia aktibo eta osasungarria bultzatzea proposatzen dugu, adineko pertsonek esparru guztietan (gizarte, kultur, ekonomia eta politika esparruetan) egiaz parte har dezaten arduratuko dena; pertsonen artean berdintasuna bermatuz bizitza ziklo guztietan.
  8. Hurbileko zaintza eredua garatuko dugu, adineko pertsonek, erakunde batean sartu beharrean, beren inguruan jarrai dezaten bultzatuko duena, eta horretarako honako hauek egingo ditugu: a. Sare komunitarioak eta garraio publiko eskuragarria eta neurriko prezioan bultzatu. b. Adineko pertsonentzako etxebizitza sarea sortu, Cohousing Senior, belaunaldi arteko etxebizitza partekatua, etxebizitza babestuak eta abar. c. Osasun zentroetako arreta ratioak berraztertu eta egokitu, hurbileko osasun eredua sustatzeko, egokitzat hartzen denean etxeko bisitak bultzatuz. d. Osasun zentroetan podologo zerbitzua jarri 65 urtetik gorakoentzat.
  9. Beharreko tresnak jarriko dira zaintzaileen lan eskubideak eta zaintza eta laguntza behar duten pertsonen eskubideak errespeta daitezen lortzeko, lanen banaketa eredu egokia eta haien prekarizazio eza bultzatuz.
  10. Konpainian hiltzeko eskubidea. Zainketa aringarriak eskaintzen dituzten ospitaleetan edo hilzorian dauden pertsonak zaintzen dituzten unitateetan, gaixo dagoen pertsonarekin batera behar den denbora guztian laguntzaile bat egoteko baliabideak izan behar dituzte.
  11. Mendekotasun Legea berrabiatuko dugu eta tramiteak arintzeko eta behar duten adineko pertsonentzat abian jartzeko beharreko baliabideak bideratzeko konpromisoa hartzen dugu.
  12. Tarteko zainketetan ohe kopurua areagotzea. Arazo kronikoak dituzten eta zaintza behar handiak dituzten herritarrei laguntza eman behar zaie, hainbat arrazoirengatik laguntza horiek etxean eman ezin direnean.
  13. Doaneko tratamenduak. Krisiaren aurreko egoerara bihurtuko dugu osasun alorreko ordainketa partekatua, hauxe da, pentsiodunen tratamenduak Osakidetzak finantzatuko ditu doan.

Gizarte erakunde ugarik sustatutako Adineko Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren eskaera bultzatuko dugu.

ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA

Sistemaren eta zibilizazioaren krisi sakonera eraman gaitu egungo sistema ekonomiko neoliberalak, eta behar-beharrezkoa da gizarte globalaren eredu hegemonikoa, indarkeriak, desorekak eta iraunkortasun ezak ezaugarritutako eredua, zalantzan jartzea eta beste eredu baterantz hurbiltzeko eta berdintasunean oinarritutako bizimodu iraunkorrago bati ateak irekitzeko aukera eskainiko diguten beste balio, dinamika eta eragile batzuk aintzat hartzea. Bizimodu berriak itxuratzen eta sustatzen dituzten agendentzako espazioak zabaltzeko duen gaitasunari buruzko analisi kritikoa eginda ere, guretzat eraldatzeko tresna da lankidetzan oinarritutako politika publikoa. Aintzat hartzen dugu gizarte erakundeek berek esparru honetan eragile gisa betetzen duten egitekoa, alde batetik, aldaketarako estrategia gisa nazioarteko lankidetza txertatzearen eta, bestetik, logika teknologiko eta administratiboaren inperioaren ondorioz gaitasun politikoak ezerezean uzteko arriskuaren arteko tentsio amaigabean. Nazio Batuek 2015. urtean onartutako Agenda 2030 delakoaren bidez nazioarteko testuinguruak doi-doi sartu ditu egoera berri baterantz egiteko halako aurrerabideak, esate baterako, garapenerako politiken koherentzia eta iraunkortasuna bezalako alderdiak kontuan hartu ditu, neurri horiek artean eskasak badira ere. Gure proposamenak nazioarteko lankidetzaren dimentsio politikoaren aldeko apustua planteatzen du, kontu teknikoetatik harago egiteko, kontzientzia kritikoa sortzeko, alternatibak proposatzeko, gizartea higiarazteko eta lehentasun gisa politika koherenteak egiteko, betiko Iparralde-Hegoalde banaketa gaindituz eta maila globalean desorekak ezerezean uzteko pertsonen eta eragileen nazioarteko topagunetik eraikiko den internazionalismoaren alde eginez. Emakumeek garapenaren sustatzaile gisa betetzen duten egitekoa ahantzi gabe eta herriek beren kultura, burujabetza eta erabakimen askea garatzeko eta baliabideak kontrolatzeko duten eskubidea errespetaturik. Garapenerako ekintza guztiek bilatu behar dute genero berdintasuna, eta kontuan eduki behar dute emakumeekiko eta gizonekiko eragin desberdina. Jakin badakigu gizonen eta emakumeen arteko harremanak desberdintasunez josiak direla, eta harreman horietan emakumeak beti izan direla boterearen esparrutik baztertuak, horrek gizarteari eragiten dizkion ondorio guztiekin. Horrez gain, berariaz erreparatu behar diogu egungo politikek eta garapenerako ereduek munduko ondare naturalari eragiten dioten inpaktuari. Zentzu horretan, ekonomiaren nazioartekotzearen edo globalizazioaren ondorioz, herrialde garatuek bere egin behar dute biodibertsitatearen kontserbazioaren aurreko konpromisoa baita maila globalean ere. Kanpoan bideratzen ditugun jarduera ekonomikoek gero eta inpaktu handiagoa dute munduko biodibertsitatean.
Hirugarren herrialdeenak diren baliabideen erabilerari esker eusten zaie herrialde garatuetako bizimoduari eta hazkunde ekonomikoaren ereduari. Ekonomiaren, ingurumenaren eta planetaren iraunkortasunaren esparruetan truke desberdina gertatzen da Iparraldeko herrialde aberastuen eta Hegoaldeko herrialde txirotuen artean: zor ekologiko bat sortzen da. Iparralde globalaren aldetik iritsi da ekoizpen industrialean, kontsumismoan, hondakinen etengabeko ekoizpenean eta berotegi efektuko gasen isurietan oinarritutako egungo ereduak Hegoaldeko herrialde txirotuetan eragiten dituen ondorio ezin kaltegarriagoak gainditzeko duen betekizun morala eta ekonomikoa gauzatzeko unea. Aurrez egindako proposamen askorekin bat eginda, Iparralde eta Hegoalde globalen arteko justiziaren eta elkartasunaren alde lan egin beharra dugu. Beste hitz batzuekin adierazita: Mugarik gabeko Euskadi. Eusko Legebiltzarrak munduko desoreka arazoak eta justiziarik eza zuzenean konpontzeko duen gaitasuna mugatua den arren, gai da lankidetza deszentralizatuaren bidez eta bere politika koherentearen bidez erronka globalei bere hondar alearekin erantzuteko eta lan ildoak finkatzeko bi ardatz estrategikoren inguruan: Beharrezkoa da Iparralde globaleko herrialdeen apaltze selektiboa eta bidezkoa (edo egiturazko doikuntza), ezinbestekoa da hori –ez ordea nahikoa– hegoalde globalari modu solidarioan eta iraunkorrean laguntzeko eta Iparraldean ekoizteko eta kontsumitzeko eredua oinarri iraunkorretan antolatzeko. Beharrezkoa da Hegoalde globaleko herrialde txirotuek gizartearen era ekologiaren ikuspegitik bilakaera eraginkorra izatea, eta horretarako hobetu egin behar dira hango herritarren bizi baldintzak. Euskadi ez dago eredu horretatik kanpora, eta gure aztarna ekologikoak adierazten du geure bizi mailari geure baliabideekin eutsi ahal izateko gurea baino 7,7 bider handiagoa litzatekeen lurraldea beharko genukeela; eta horrek hirugarren herrialdeetarantz proiektatzen dugun defizit ekologiko handia eragiten du. Horrenbestez, EAEko garapen ekonomikoak eraldaketak ahalbidetu ditu herrialde horietan, habitatak galtzea eta zatitzea, espezie jakin batzuk neurriz gain ustiatzea, kutsatzea, espezie exotikoak han-hemen barreiatzea eta klima aldaketa sustatzea. (Adibidea: Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, urtero 15 mila milioitik gora dolar galtzen dira garapen bidean dauden herrialdeetan zuraren legez kanpoko ustiapenaren ondorioz.). Horretarako, funtsezkoa da biodibertsitate globalean eragiten dugun inpaktua murriztea eta kanpo inbertsioetan eta garapenerako lankidetza programetan biodibertsitatea babesteko eta sustatzeko irizpideak aintzat hartzeko neurriak sustatzea. Azkenik, nazioarteko ikuspegiarekin eta giza eskubideekin zerikusia duten alderdiak zehazten ditugu. Alderdi horiek zuzeneko lotura dute Euskadi nazioarte mailan eta bereziki Giza Eskubideak Babesteko planoan kokatuko duen proposamen batekin. Horrenbestez, lankidetzan oinarritutako politika argi eta garbi politika publiko finkatu eta egonkor gisa geure egiteaz gain, honako neurri hauek aplikatzeko konpromisoa hartzen dugu: Nazioarteko elkartasunaren alorrean indarrean dagoen legeria beteko dugu (Lankidetzari buruzko Euskal Legea eta Herrialde Txirotuekiko Elkartasun eta Justizia Gutuna). Sendotuko ditugu lankidetzarako agenteak. Legeak berak GGKEak euskal lankidetzarako eragile nagusiak direla aitortzen duela ahaztu gabe, eragile estrategikoak sendotzea eta lotura berezia dagoen lurraldeekin aliantza egituratu bat ehuntzea proposatzen dugu, berriz ere prozesu eta ekimen garrantzitsuak eta eragin politikoa sustatzeko. Subjektu estrategiko horietako batzuk dira gizarte mugimendu jakin batzuk, eta horiek garapenerako eragiletzat harturik errazago bilduko da lankidetzarako euskal politiketara subjektuen eta lurraldeen ikuspegia, marra eta eremu geografikoetan oinarritutako egungo lehentasunak albo batera utzirik, garapenean eragingarritasuna eta eraginkortasuna bilatzeko aurrerabidea ahalbidetzeko eta agenda alternatiboetarako espazioak zabaltzeko eragile estrategikoak artikulatzeko. Gizartea Eraldatzeko Hezkuntzaren aldeko apustu irmoa egiten dugu, kontzientzia kritikoa sortzeko esparru estrategikoa baita eta izaera politiko garbia baitu. Apustu horren ondorioz, lankidetzarako politikak eta aurrekontu politikak pisu handiagoa izango dute, eta giza baliabideen berariazko hornidura ziurtatuko dugu politika horiek txertatzeko eta euskal hezkuntza curriculumean jasotzeko. Euskal lankidetzaren finantzazio tresnak berritu behar dira eraldatzeko prozesuak txertatzeko errealitateari hobe egokitzeko eta esku hartzen duten eragileen lana errazteko. Horretarako, lankidetzarako tresnak, jarraipen eta ebaluazio ereduak eta kontuak emateko moduak berrikustea planteatzen dugu. Parte hartzea, gardentasuna eta kontuak ematea. Lankidetzaren Euskal Kontseilua sendotzea, Legeak organo horri aitortzen dizkion egiteko guztiak garatu ahal izateko araudiarekin, euskal herritarrek lankidetzarako politikaren eraikuntza prozesuan modu aktiboan esku hartzeko modua izan dezaten. Horretarako ezinbestekoa da herritar guztiek sarrera edukitzea burura eramandako lankidetzarako politikari buruzko datuetan eta datu horiek behar bezala interpretatzeko moduan egotea. Erakundeen arteko Koordinazio Batzordearen edo beste egitura batzuen bidez udalerrien, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ahaleginak artikulatuko dira euskal lankidetza deszentralizatuaren berariazko izaera edo izaerak itxuratzeko, kronogramak zein irizpide administratiboak bateratzeko eta Larrialdietarako Euskal Funts bat sortzeko, giza larrialdiei modu bateratuan erantzun ahal izateko. Hori guzti hori administrazio bakoitzari zor zaizkion autonomiaren eta ikuspegi politikoaren aurreko begirunea gordeaz. Garapenerako Politiken Koherentziaren ikuspegia da lankidetzatik mundu bidezkoago eta iraunkorrago bat lortzeko bidean tresna nagusia. Irizpideak eskaintzen ditu, baita merkataritza, energia eta zerga politikek beste herrialdeetan dauzkaten inpaktu negatiboak saihestea ahalbidetzen duen erreferentziazko esparrua ere, herrialde horietako herritarrek beren eskubideak erabiltzeko baldintzak murriztu gabe edo baldintza horiek sortzea eragotzi gabe. Gainera, erabakiak hartzeko irizpideak eskaintzen ditu, eta Euskadin nahi dugun garapen motari erantzuten dion politika publikoen diseinua finkatzen du. Ikuspegi hori garatzeko ezinbestekoak izango dira honako hauek: paradisu fiskalak deuseztatzeko eta multinazionalen oinarri zergagarrien higaduraren aurreko benetako konpromisoa, nazioarteko elkartasunean oinarritutako merkataritza harremanen eta politiken sustapena, justizia soziala, ingurumen iraunkortasuna, ustelkeriaren desagerpena, emakumeen eskubideen eta oro har giza eskubideen babesa. Era berean, kontratazio eta erosketa publiko arduratsua sustatzeko plan instituzional bat, genero berdintasuna eta irizpide sozialak, etikoak eta ekologikoak aintzat hartuko dituen plana, lantzea proposatzen dugu. Biodibertsitateari, natur baliabideei eta tokian tokiko komunitateei dagokienez, garapenerako lankidetzarako proiektuen inpaktua kontrolatzeko eskumena ematea Lankidetzaren Euskal Agentziari. Emakumeen eskubideen babesa eta generoen arteko zuzentasuna eta berdintasuna bultzatzea Euskadik esku hartzen duen lankidetzarako esparru osoan. Lankidetzarako programen inpaktuaren ebaluazioa egitea genero ikuspegitik. Emakumeak lehenetsiko dituzten garapenerako lankidetza ekimenak bultzatzea, eta emakumeak aldaketa horietan protagonista eta sustatzaile izatea lortzea. Neurri zehatzak aplikatzea inportatutako produktuak modu iraunkorrean kudeatutako iturrietatik lortuak izan daitezen, edo munduko natur ondarearen eta ekosistemetako zerbitzuen kontserbazioa, bereziki garapen bidean diren herrialdeetan, arriskuan ez jartzeko moduan ekoitziak izan daitezen. Gure kanpo merkataritzak naturaren dibertsitate globalean duen inpaktuaren ebaluazioa egin behar da. Azterlan horrek ondorio negatiboak deuseztatzeko edo gutxienez nabarmen murrizteko eta ondorio positiboak emendatzeko gomendioak eman behar ditu, eta ondorio horien bilakaera ebaluatzeko moduko adierazleak finkatu behar ditu. Hiru urtean behin emaitzei buruzko txosten bat landuko da eta herritarrei aurkeztuko zaie. Txosten horretan lehengaiak dituzten herrialdeetako natur ondarearen gaineko inpaktuari buruzko informazioa emango da, baita inportatutako produktu landuei buruzkoa ere. Herri funtsekin finantzatutako lankidetzarako proiektuak garatzen diren herrialdeetako agintariekin prozedurak finkatzea, natur ondarearen gaineko eta bereziki dibertsitate biologikoaren gaineko ondorio negatiboei buruzko informazioa eta kontsulta trukatzeko. Zura eraldatzen eta inportatzen dutenekin autoerregulatzeko akordio bat sustatzea, legez kanpoko basogabetzeetan dabiltzan enpresetatik eta modu independente batean egiaztatutako ustiategietatik etorriak ez diren zurak, jatorrizko herrialdeetan gizarte eta ingurumen iraunkortasuna bermatzen ez duten moduan ustiatutako zurak, eskaintzen dituzten biltegietatik etorritako zuren eta eratorrien erosketak bertan behera uzteko. Nazioarteko lankidetza proiektuen kopurua eta natur ondarearen aurrean ondorio positiboak izango dituzten kanpo inbertsioen kopurua handitzea eta ondorio negatiboak dauzkaten guztiak bertan behera uztea. Laguntza publikoak eskatzen dituzten kanpo inbertsioen proiektuek biodibertsitate globalean eta tokiko komunitateetan duten inpaktua ebaluatzea eta txosten lotesleak lantzea, laguntzen azken esleipenean kontuan hartuak izan daitezen eta ingurumenarentzat aldeko ondorioak dituztela, ondorio neurgarriak dituztela, erakusten dutenak aintzat hartuak izan daitezen. Ebaluazio hori errazte aldera, natur ondarearen gaineko ondorioen ebaluazio bat aurkeztu beharko dute laguntza publikoak eskatzen dituzten proiektu guztiek. Bide orri bat zehaztuko da lankidetzarako politikak aurrera eraman dezan agenda hau gobernuaren ekimen orokorrean, dagokion aurrekontuarekin eta esku hartzen duten eragileek monitorizatzeko moduko adierazleak, helburuak, lorpen zehatzak eta emaitza nabariak zehazturik. Gutxienez honako hauek lirateke bide orri honetan jaso beharreko gaiak: Paradisu fiskalak deuseztatzeko eta multinazionalen oinarri zergagarrien higaduraren aurka egiteko benetako konpromisoa. Zeharka eta arloka feminismoa, giza eskubideen babesa, ingurumen krisia, aberastutako Iparraldeak txirotutako Hegoaldearen aurrean duen zor ekologikoa eta elikagaien burujabetza biltzen dituzten proiektuak eta programak sendotzea. Euskal Enpresen Plan bat lantzea, Nazioartekotzea eta Giza Eskubideak, zigor mekanismoak izango dituena plana ez betetzera hura aplikatzeko. Eusko Jaurlaritzak armak egiten eta/edo merkaturatzen dituzten enpresekin dauzkan loturak aztertzea, lotura horien amaiera planifikatu ahal izateko. Kontratazio eta erosketa publiko arduratsua txertatzeko plan instituzional bat onartzea, irizpide sozialak, etikoak zein ekologikoak aintzat hartuko dituena. Horretarako Lankidetzarako Politiken Koherentziarako Plan bat txertatuko dugu, plana neurtzeko adierazleak barne, ikuspegi hori Eusko Jaurlaritzaren sail guztietan sartu ahal izateko, eta txosten bat idatziko dugu urtero planaren betetze mailaren berri emateko. Bestalde, administrazio publikoek bidezko merkataritzaren etiketa duten produktuak sustatzeko moduak bideratzeko ahaleginak egingo ditugu. Zerga ordainketen ihesen aurka eta euskal administrazio publikoekin harremana duten nazioz gaindiko enpresen oinarri zergagarrien higaduraren aurka borroka egiteko benetako konpromisoa. Eta hori guzti hori ezin izango da txertatu politika hau bultzatzeko finantzazioaren aldeko apustu irmoa egin gabe. Guk geure egiten dugu Nazio Batuek eta Lankidetzarako Euskal Legeak 2017. urtean aurrekontuaren guztizkoaren % 0,7a lankidetzara bideratzeko hartu zuten konpromisoa, nazio produktu gordinaren gaineko % 0,7a lortzeko bidean gainerako administrazio publikoekin batean koordinatuta aurrera egiteko lehen urrats gisa. Mendebaldeko Sahararen erabakimen askearen aurreko konpromisoa: Herri sahararrak aske erabakitzeko eskubidea duela aldezten dugu. Horregatik, Euskadiren nazioarteko presentziak Mendebaldeko Sahararen eta saharar herritarren giza eskubideak gainbegiratzeko, errespetatzeko eta babesteko bidean bere ekarpena egitea bultzatuko dugu. Sahararren kanpamentuetarako giza laguntzen kontu sailak handituko ditugu, eta saharar herritarren mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko programak bultzatuko ditugu. Aldi berean, gainerako herritarrek dauzkaten baldintza berdinetan, baliabideetan eta zerbitzuetan sarbidea izateko konpromisoa egiten dugu geure. Konpromisoa herri palestinarrarekin. Palestina Estatu gisa ezagutzeko adierazpen instituzionala egingo dugu, giza eskubideen babesaren aurrean gure errespetua eta koherentzia erakusteko ekintza gisa. Euskadi merkataritza askea bultzatzeko hitzarmenik gabeko (TTIP, CETA, TISA... etab.) eremutzat hartzeko adierazpen instituzionala. Esplizituki arbuiatuko dira merkataritza pertsonen eskubideen gainetik jartzen duten proposamenak oro. Klima aldaketaren aurka borrokatzeko, euskal erakundeen partea hartzea sustatuko dugu klima aldaketaren aurkako borroka sareetan, "Klimaren aldeko Aliantza" moldeko Iparralde-Hegoalde globalak batera hartuta. % 0,7 tradizional horretatik kanpora, zor ekologikoa konpentsatzeko mekanismoak abiarazteko lan egingo dugu.

JUSTIZIA ESKUBIDEA

99

Doako justizia

Berriki konstituziotik kanpokotzat jotako tasa judizialei buruzko Legeaz gain, "doako justiziaren" eskubide konstituzionalaren aurkako neurriak abiarazi dira, gure herrialdean eskubide konstituzional horiek Ofiziozko Txanda deritzonari esleitutako abokatuen bidez emanak direla, herritarrek beren legezko babesa bermatzeko nahikoa baliabiderik ez duten kasuetan. Eusko Jaurlaritzak azken urteetan oso ordainsari txikiak ordaintzen dizkie ofiziozko txandan aritzen diren abokatu profesionalei, eta hori gutxi balitz, hilabete askotan atzeratzen du ordainsari ezin apalago horien ordainketa, zerbitzua baldintza eraginkorretan eta halako kalitatearekin eskaintzeko muga gaindiezina eraiki duelarik. Aurrekontu eskas horrek doako laguntza juridikoaren sistema hondatzeko joera duen estrategia politikoa salatzen du, eta profesional independenteek sistema hori bazterrera uztera eramaten du. Babestu beharreko funtsezko eskubidea da doako justizia. Ofiziozko Txanda bermatu beharra dago Administrazio Publikoak eskaini beharreko zerbitzu publiko gisa.

100

Konponbiderako bitartekaritza eta justizia

Justiziaren esparruko politika aurreratuenek oro har alde auzilarien arteko borondatezko bitartekaritzaren ereduak aurreikusten dituzte gatazkak gainditzeko alternatiba gisa. Eta zigor esparruaren kasuan, "konponbiderako justiziaren" esperientzia osagarriak edo "ordainpeko justiziaren" ohiko ereduen esperientzien ordezkatzaileak proposatzen dituzte. Ordainarazita zigortzen zaio gaizkileari egindako delitua ordain dezan gizarteak trukean ezertxo ere jasotzen ez duelarik, eta kasu gehienetan, biktimak ordainak modu eraginkor batez lortu gabe. Espetxe zigorra da eredu zabalduena. Aitzitik, eragindako kaltea konpontzen saiatzen den hura da Konponbiderako justizia: arau hausleari zigor bat jarrita ondorioak zuzenean eta modu positiboan eragiten dio biktimari edo oro har gizarteari biktimen taldeen bidez. Zigor horiek espetxearen edo zigor ekonomikoaren –gehienetan ezin kobratuzkoa izaten da zigortua kaudimengabea izaten delako– lekua hartzen dute lan komunitarioak, gizarte mailako lanak, egiteko obligazioa ezartzen zaielako, edo antzeko delituen ondorioz larriki kalteturik gertatutako biktimei laguntzeko obligazioa ezartzen zaielako. Adibide bat litzateke droga trafikatzaile txikiari ezarritako drogamenpekotasuna uzteko zentroetan lan egiteko obligazioa, edo bide segurtasunaren aurkako delituaren erantzuleari ezarritako obligazioa, trafiko istripuen ondorioz elbarrituta geratutako pertsonei laguntzeko obligazioa. Konponbiderako justiziaren mekanismo horiek biktimari eta gizarteari eragindako kaltearen konponketan finkatzen dute helburua, gizartearentzat emaitza positiborik sortzen ez duen eta zigortuaren jokabide arau hauslea birgizarteratzen ez duen zigor eredu abstraktu batetik urrunduz. Eusko Jaurlaritzak funtsezko betekizuna du aldeen artean bitartekaritza mekanismoak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez sustatzeko eta konponketaren aldeko justizia bultzatzeko.

101

Kirolak

Proposamenak: Jarduera fisikoa eta kirola egitea sustatuko dugu herritar guztien artean eta baldintza berdinetan, genero, adin, jatorri nahiz egoera ekonomiko desorekatuak izan ez daitezen. Behar diren baliabideak bermatuko dizkiegu herritarrei edozein jarduera fisiko edo kirol modu egokian eta arduratsuan erabaki eta egin dezaten eta kirola eginez ohitura autonomoak, iraunkorrak eta osasuntsuak beren egin ditzaten. Herritarrentzako jarduera fisikoa, kirola eta bizi kalitatea sustatzeko programa berriak sustatuko ditugu, eta dauden programak berrikusiko ditugu nazioarteko erakundeek adin talde bakoitzari eta herritarren tipologiari begira emandako gomendioetara egokitzeko xedean. Osasun egoera ona edukitzeko beharrezkoa den gutxieneko jarduera fisikoa edo kirola egitea izango dute xede programa horiek, betiere Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 2010. urtean finkatutakoari jarraiki; horren arabera, arreta berezia jarri behar da adingabeekin, eta zahartze aktiboa sustatu behar da. Hobetu egingo dugu indarrean dagoen legeria, eta hura zabalduko dugu kirolaren eta jarduera fisikoaren lanbideak arautzeko xedean, jarduera profesionala antolatzeko eta arautzeko eta, aldi berean, arlo horretan lan baldintza egokiak ziurtatzeko, araudiak beteko direla bermatzeko eta ezkutuko enplegua ezerezean uzteko. Ezinbestekoa da kirola eta jarduera fisikoa egitean segurtasuna bultzatzea eta kirolari lotutako zerbitzuetan kalitatea eta gardentasuna bermatzea. Osasun eta kirol arloen arteko lankidetza sustatuko dugu kirola prebentziozko tresna gisa eta osasun arazoak tratatzeko tresna gisa erabili ahal izateko. Zentzu horretan, behar diren bitartekoak prestatuko ditugu osasun arloko profesionalek aukera izan dezaten beren eriak jarduera fisiko eta kirol arloetako profesionalek zuzendutako jarduera fisiko osasungarriko programetara bideratzeko. Kirol zentroetan desfibriladoreak instalatzea proposatuko dugu, bihotz geldialdiak gertatzen diren kasuetan arreta goiztiarra bermatzeko eta kaltetua bere onera etortzeko aukerak emendatzeko. Zigor positiboen sistema bat sortuko dugu beren jarduera esparruetan genero berdintasuna bermatzeko planak lantzen eta txertatzen dituzten kirol federazioentzat eta/edo taldeentzat.

102

Herritarren parte hartzea

Atzerriratuari Laguntzeko Euskal Bulegoaren sorrera. Lehentasunezko arreta botoa eta legezko sostengua bermatzeko. Herritarren Eskaerak aztertzeko Batzordearen sorrera. 76. eserlekua. Horretarako modu sinbolikoan gaituko da aparteko eserleku bat, bertatik egin ahal izango dituzte herritarrek beren eskaerak. Kontua da Legebiltzarraren bidez herritarrek, banaka edo batera hartuta, egiten dituzten eskaerak zuzenean Eusko Legebiltzarrera bideratzea. Prozesu horrek Legebiltzarra behartzen du eskaera dagokion erakundeari edo entitateari egitera edo legegintza prozesu berri bat abiaraztera. Nola eskaerak aztertzeko batzordean hala legegintzako herri ekimenen kasuan, herritarrek aukera izan behar dute beren eskaerak zuzenean defendatzeko legebiltzarrean, aparteko eserlekua baliatuz. Herritarrek beren proposamenak defendatzeko bidea zabaltzen eta bermatzen duten parte hartzeko erak dira. Herri tresna arauemaileen legea. Zuzeneko demokraziarako tresnak, esate baterako legegintzako herri ekimenak (legebiltzarreko izapideak bermaturik), legegintzako herri ekintzak, herritarren oposizioa erakusteko ekimenak eta legegintzako herri eskaerak, legeen bidez antolatu nahi ditugu. Kulturarteko garapen komunitariorako euskal programa. Antolatutako gizarte zibilarekin eta herritarrekin estu lan eginda planifikatuko, txertatuko eta ebaluatuko da programa hau. Emaitzak baino prozesua bera lehenetsiko da, eta horretarako balioa emango zaie azken urteetan zehar herritarren eskubideak baliatzea ahalbidetu duten oinarriko lan komunitarioari eta auzolanari. Erakundeekin batean bideratu beharreko lankidetza izango da, eta herritarren eta auzoen sare trinkoak ehuntzea izango dute xede. Herritarrek parte hartzeko eta berrikuntza demokratikorako tresna digitalak. Garrantzi berezia izango du demokrazia digitala bermatzeko tresnak txertatzeak. Informazio eta komunikazio teknologia berrien erabilera tresna egokia da horretarako, baina sekula ere ez dira bazter utzi behar tresna horietan sarrera ez duten taldeak, horiek ere bildu behar dira erabilera mota horretara. Herritarren Batzordeen sorrera arloko eta zeharkako esparruetan. Honako ezaugarri hauek izango dituzte Herritarren Batzordeok: Gobernu autonomoarekin elkarrizketa ahalbidetuko duten eremuak eratzeko aukerak eta espazioak bilatuko dituzte. Aintzat hartuko dira batzordearen erabakiak. Gobernuarena ez den aldearen esku egongo da lehendakaritza. Era berean, garrantzitsua da bilera batzuetan autonomia erkidegoetako arloetako arduraduna (lehendakariordea izango da) soilik gonbidatua izatean agertzea. Herritarren Batzordeak ikusgarritasuna izan behar du herri mailan, eta funtsezko solaskidetzat hartu behar du autonomia erkidegoak. Batzordeak bideratuko du Eusko Legebiltzarraren eta mugimenduen eta elkarteen arteko elkarrizketa naturala eta eraginkorra, kide guztiak ahaldunduko dituzten parte hartzeko baldintzak ahalbidetzeko xedean. Herritarren Batzordeak izango du prentsaurrekoak, topaketak, tailerrak eta beste bere kabuz antolatzeko ahalmena. Eusko Legebiltzarrak errespetatu egingo du independentzia hori.

103

Gure iritziaren printzipioak

Elkarrekin Podemosek uste du bake positiboa –indarkeria eza hutsetik harago doana– eta bizikidetza inklusiboa dagoeneko badirela egungo euskal gizarteak bila dituen bi elementu bereizgarri eta erakusgarri; hortaz zaindu, aldarrikatu eta batez ere erakunde publikoek sustatu beharreko balioak dira, horrenbestez eraiki ahal izango da Euskadin bizikidetza demokratikoan oinarritutako bake sozial iraunkorra. Hala bada, aintzat hartzen ditugu nola antolatutako euskal gizarte zibilak hala erakunde publiko batzuek bakearen eraikuntzaren eta giza eskubideen babesaren alorrean azken urteetan garatutako esperientziak, eta balioesten ditugu esperientzia haietatik jaso ahal izan ditugun ikasketak. Elkarrekin Podemosek publikoki onartzen du burura eramandako lana, eta lan hori berreskuratu egin du Euskadin urte hauetan guztietan bakearen eta bizikidetzaren alde antolatutako lan horietatik ikasitakoak praktika politikora eramateko. Elkarrekin Podemosek uste du etorkizun hobea eta demokratikoagoa lortzeko modu bakarra dela giza eskubideen defentsa integralean oinarritutako herritar kultura eredu berri bat modu transbertsalean antolatzea. Horrenbestez, komunitate zibikoko kide sentitzea sustatzen duen herritartasun irekiaren ulermenean oinarritzen da bakean oinarritutako kultura berri hau, bere sentitzen ditu gizarte horretan gertatzen diren gatazkak, eta esku hartzeko eta parte hartzeko gaitasuna ahalbidetzen du. Zentzu horretan, gure ustez behar-beharrezkoa da bakea eta bizikidetza sustatzeko politika publikoen esparruan herritartasuna ekintzaren bidez eraikitzeko ideia aldarrikatzea, hau da, teoria eta kontzeptu mailan herritarren parte hartzea deritzona sustatzea. Horrenbestez, esparru horretan ekintza instituzionalaren oinarri izan beharko luketen funtsezko ardatzetatik bat da herritarren parte hartzea nola gizarte hala politika mailan. Eskubide bat eta betebehar zibiko bat izateaz harago, ezin saihestuzko baldintza da bake positiboa eta bizikidetza demokratikoa lortzeko eta, azken buruan, bakean oinarritutako kulturak gure gizarte osoa blaitzeko eta lehengo egoera ez errepikatzeko benetako bermea egoteko.

104

Gatazken kudeaketa

Gure gizarteak modu naturalegian bizi izan du hamarraldietan zehar indarkeria baliatu izana ustezko helburu politikoak lortzeko bitarteko gisa. ETAren eta beste talde terrorista batzuen (GAL, BVA...) indarkeriak ez du inolako justifikaziorik izan, erabat arbuiatzen eta gaitzesten dugu. Etikoki ezin onartuzkoak diren erabakietan eta okerreko estrategietan baizik ez dago haren jatorria. Indarkeriaren lorpen bakarrak bezain tragikoak izan dira biktimen sufrimendu eta min gaitzak –bihoakie hemendik gure elkartasun osoa–, gizarte mailako bizikidetza urratua eta gizarte zati zabal batzuen askatasun mugatua.

  1. urtetik aurrera, Estatuaren jarduera batzuek, terrorismoari aurre egiteko legezko eginkizunean, giza eskubideen mugak gainditu dituzte ez gutxitan. Segurtasun indarrak osatzen zituzten kide batzuek torturak egin dituzte eta legez kanpo jardun dute beren funtzioak burura eramatean, eta halakoak gaitzesgarriak dira erabat, areago gisa horretako jarduerak desagerrarazi behar dituen estatuaren egiturek berek ahalbidetzen dituztenean. Delitu horien biktimek ere geure elkartasun osoa merezi dute, eta egia jasotzeko, justizia betetzeko eta ordaina izateko duten eskubidea baliatzeko aukera izan behar dute gure ustez. 1978. urtea baino lehen ere larriki urratu zituen giza eskubideak diktadura frankistak, eta urratze horiek berezko trataera behar dute inolaz ere. Oso gizarte bizia, plurala eta anitza da euskal gizartea. Ikuspegi horretatik, naturaltzat eta berezkotzat hartu behar dugu gatazkak gertatzea. Kontu jakin batzuen aurrean gertatzen diren izaera desberdineko ikuspegiak edo estrategiak irudikatzen dituzte. Gatazka horiek ez dira ukatu ez ezkutatu behar; aitzitik, estrategia parte hartzaileetatik eta sortzaileetatik heldu behar zaie une oro ahalik eta adostasun maila handienera iristeko xedean. Batzuetan konpondu egiten dira, bestetzuetan kudeatu baino ez, baina, bi kasuetan, beti, bitarteko baketsuen eta demokratikoen bidez baizik ez. Identitatearekin eta lurraldetasunarekin lotuta dago gatazketako bat. Euskal gizartea aberatsa da gai horien aurreko iritzietan, eta pluraltasun hori geure idiosinkrasiaren zatia da. Inork ere ez die bere ideiei uko egin behar giza eskubideak errespetatzen baditu eta bide baketsu eta demokratikoen bidez aldezten baditu. Edozein proiektu politiko testuinguru demokratikoaren baitan planteatu eta garatu ahal izatea defendatzen du Elkarrekin Podemosek. Proiektu horiek herritarren aldetik dena delako unean lortzen duten atxikimenduak izan behar du muga eta bideragarritasun bakarra. Tamalez, artean itxi gabe dago indarkeriaren erabilera justifikatzetik eta, kasu batzuetan, esplizituki laguntzeagatik eratorritako gatazka etikoa. ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera zerumuga itxaropentsu eta berri bat eskaini zuen oso albiste ona eta desiratua izan zen. Behin betikoz desagertzea baizik ez zaio falta ETAri. ETAri lagundu edo ETA justifikatu zutenek amaitu behar dute giza eskubideak erabat onartzeko bidea, eta printzipio demokratikoak erabili behar dituzte iraganaren irakurketa kritikoa eginez. Une honetan, herritarren segurtasun kontuak tarteko, ETAren armagabetze ezinbestekoa ezin bihur daiteke hain zuzen ere baztertu nahi dugun horren jendaurreko erakusketa, armetan eta indarkerian oinarritutako inposizioaren, biktimak eragiten dituen inposizioaren erakusketa. Garrantzitsuagoa da iraganeko estrategien eta jarreren armagabetze global bati aurre egitea, estrategia eta jarrera horiexek izan baitira politika egiteko eta gizartearen eskabideak egiteko modua baldintzatu dutenak.
106

Konponbiderako justizia eta zuzenbidean oinarritutako estatu demokratikoa

Elkarrekin Podemosen defendatu egiten dugu biktimen beharrizanei erantzuten dien eta iraganaren berrikusketa kritikoa beren egiten duten eta eragindako kaltearen bidegabekeria aitortzen duten biktima eragileen banakako bilakaera prozesuei erantzuten dien konponbiderako justiziaren eredua. Espetxe eredua terrorismoari aurre egiteko politikaren tresna izan da hamarraldietan zehar eta orain arte. Mendekotasun ez egoki horri ezin eutsi dakioke ETAren jarduera kriminala amaitu zenetik bost urte joan direnean. Areago, ezin ahantzi dezakegu espetxe politika horrek giza eskubideekin bateraezinak diren praktikak babestu dituela, edo inolako justifikaziorik gabe handitu duela terrorismo delituengatik zigortutako pertsonen familien sufrimendua. Inolako zalantzarik gabe, iritsi da espetxe politikak mendekuan oinarritutako bere egungo jarduna bazterrera uzteko eta bizikidetzan oinarritutako politikaren beste tresna bat bihurtzeko; eta konponbiderako justiziaren paradigma da helburu hori lortzeko bide egokia. Espetxe politikaren aldaketa sakona defendatzen dugu, biktimei dagokien Justiziaren aurrean errespetuz jardungo duen aldaketa babesten dugu, euskal gizarteak bizi duen unearekin eta testuinguruarekin bat datozen zigorrak beterazteko. Espetxe politikaren aldaketa horrek bere ekarpena egin behar du Euskadin bake soziala sendotzeko bidean, bake soziala gizarte ehuna berreraikitzeko prozesua dela ulerturik. Horretarako, helduen zigorrak betetzeko alorrean dauden eskumenak eskualdatzea eskatzen dugu Autonomia Estatutuan bertan xedatutakoa betetzeko eta ziur gaudelako badagoela zigorrak betearazteko geure eredu bat sortzea, espetxeratutako guztientzat gizatiarragoak eta progresistagoak diren beste printzipio batzuei erantzungo dien eredua sortzea, delituak bereizi gabe. Salbuespen neurrien aurka gaude, eta atxilotuak eta espetxeratuak gizalegez tratatzearen aldekoak gara. Atxilotu orok izan behar du bere zigorra sorterritik ahalik eta gertuen betetzeko aukera, eta birgizarteratzea bultzatzen dugu askatasuna murrizten duten zigorren lehen helburu gisa. Erabat desagerrarazi behar da atxilotze zentroetan eta espetxeetan tortura eta tratu txarrak babesten dituen inpunitatea. Behar-beharrezkoa da prebentziozko neurriak hartzea eta praktika horren aurkako protokolo eraginkorrak aplikatzea edozein salaketaren aurrean ikerketa azkarra, independentea eta zorrotza bermatzeko.

107

Bizikidetza demokratikoa

Azken urteetan Euskadin bizikidetzaren alde egin diren ekimen aipagarrienetako batzuetan biktimak izan dira protagonista, eragile aktibo bihurtu dira gizarte ehuna berreraikitzeko prozesuan. Alde desberdinetako biktimak gai izan dira aurrez esleitutako roletik harago egiteko, elkar ezagutzeko, aintzat hartu beharreko errebindikazioak planteatzeko eta guztien artean partekatutako etorkizun baten aldeko mezuak lau haizetara zabaltzeko. Ez zuten horrelakorik egiteko obligaziorik biktima horiek, ezin diegu deus ere exijitu. Gizarteak bere egin behar du egiteko hori, eta eskerrak eman behar die biktimei erakutsi duten eredu eraldatzaileagatik. Biktima eragile batzuek, beren aldetik, iraganaren autokritika egin dute eta beste ekarpen esanguratsua egin diote bizikidetzari. Era berean, garrantzitsua da haietako batzuek eragindako kaltearen bidegabekeria biktimei aurrez aurre aitortzeko eta biktimen sufrimenduaren aurreko erantzukizuna beren gain hartzeko xedean egindako urratsa. Gizarte zibilean ere izan dira mugimendu sozialak, indarkeriaren urte latzenetan ere jarrera irmoa erakutsi zutenak pertsona guztien giza eskubideak babesteko eta pluraltasunean oinarritutako bizikidetza sustatzeko. Ikusgaitz bihurtuta ere, gaur egun oraindik bada gizarte ehunaren berreraikuntzan eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa den oinarria ordezkatzen duten elkarte eta gizarte mugimenduek osatutako sare bat. Proposatzen ditugun neurri zehatzak: Bakearen eta Bizikidetzaren Lege bat sustatuko dugu, memoria, aitorpena, bizikidetza eta bakean oinarritutako kultura sustatzeko politiketan eragiten duten elementuak jasoko eta bilduko dituen lege inklusiboa. "Euskadin bizikidetzaren, pluraltasunaren eta Giza Eskubideen aldeko plan (2017-2020)" berri eta transbertsal bat, Gogora Institutuak landua, diseinatuko eta txertatuko da Eusko Jaurlaritzaren jarduera guztietan, erakundeen artean elkarlanean jarduteko bokazioarekin. Plan hori lantzeko, burura eramateko eta ebaluatzeko garaian antolatutako gizarte zibilak ere parte hartuko du zuzenean. Era berean, honako hauek hartuko ditu erreferentziatzat Plan berriak; egungo Bakearen eta Bizikidetzaren Planaren (2013-2016) ebaluazioa, aurreko Planak eta esparru honetako talde eta elkarte sozialek gaur egun eta iraganean bideratutako ekimenak eta jardunbide egokiak. Behin-behinean jarraituko dugu aurreko Bakearen eta Bizikidetzaren Planaren araberako ekimenak burura eramaten, segur asko ezinezkoa izango baitzaio egungo Gobernuari aurreikusitako epean burutzea. Bereziki jarraipena emango diegu giza eskubideen bortxaketa desberdinen inguruan abiarazitako ikerketekin zerikusia dutenen ekimenei. Gobernu zentralarekin elkarrekiko lankidetza esparru bat sustatuko dugu ETAren armagabetzea eta disoluzioa erraztuko dituzten ekintzak bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak hain zuzen ere emaitza positibo hori lortzen lagunduz gero. Gauzak errazteko eta elkarrizketa sustatzeko printzipioetan oinarrituko da lankidetza hori.

Memoria inklusiboa, arduratsua eta kritikoa: Biktima guztiak, inor diskriminatu gabe, gizarte eta erakunde mailan aitortzeko prozesuan jarraituko eta sakonduko dugu, baita terrorismoaren biktimak eta giza eskubideen urraketak jasan dituztenak laguntzeko eta aintzatesteko programetan ere, beste erakunde publikoekin eta gizarte elkarteekin elkarlanean jardunda. Aldatu egingo ditugu azaroaren 27ko 4/2014 Legea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora) sortzekoa eta Institutuaren beraren Estatutuak, benetako gizarte kontseilu zabalago eta parekideago batez hornitzeko eta modu aktiboan parte har dezaten euskal erakunde publikoetako eta unibertsitateetako ordezkariek, gizarte eragileek eta bereziki antolatutako gizarte zibilak. Ahaleginak egingo ditugu Gogora Institutuaren eta Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroaren artean ulermen eta lankidetza maila handiena izateko.

  1. urtetik gaur egun arteko epean gertatutako giza eskubideen ikerketa ildoetan sakonduko dugu, alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak nabarmenduz. Ikerkuntza esparru bat bultzatuko dugu 1960. urtetik gaur egun arteko epean gertatutako giza eskubideen ezin konta ahala urraketen esparruan emakumeek sorrarazi eta nozitu duten indarkeria espezifikoa identifikatzeko genero ikuspegitik. Era berean, bakea eraikitzeko prozesuan emakumeek bete duten rolaren inguruan gertatutako estrategiak, sareak eta egoerak ikusaraziko ditugu. Ikerkuntza esparru horrek metodologia eta zientzia mailako kontu orokor batzuk proposatuko ditu, eta horiek aintzat hartuko dituzte iragana argitzeko etorkizuneko azterlanek. Bestalde, eskubideak urratzeko modu bakoitzari eta guztiei buruzko berariazko txostenak egitea ahalbidetuko du. Memoriaren banku sendo bat eraikitzeko lana bultzatzen jarraituko dugu, giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimen eta beren familien testigantzak hainbat formatutan biltzeko. Biktima hezitzaileen proiektua zabalduko eta sendotuko dugu ahalik eta ikastetxe mota gehienetara iristeko xedean. Aintzat hartuko dugu programa hau edo antzeko ekimenak beste esparru batzuetara zabaltzeko aukera, esate baterako, hezkuntza ez formalera. Era berean, balioetsiko dugu beste agente hezitzaile mota batzuekin (mehatxuen biktimak, estortsio ekonomikoen biktimak, biktima eragile damutuak, etab.) lan egiteko aukera. EAEko udalerri guztietan Memoriaren Egunaren ospakizuna sustatuko eta bultzatuko dugu, baita giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten biktimen omenezko ekitaldiak ere, betiere ekimen horietan herritarren parte hartzea lehenesten bada eta indarkeriaren zilegitasun eza sustatzen bada. Konponbiderako justizia eta zuzenbidean oinarritutako estatu demokratikoa: Indarrean dagoen Gernikako Estatutuaren 10. artikuluan xedaturikoari jarraiki, premiazko izaera batez eskatuko dugu espetxeak eta espetxe Erakundeen antolakuntza, erregimen eta funtzionamenduaren eskumenaren eta gizarteratzeko eskumenaren transferentzia. Eusko Legebiltzarraren bake eta bizikidetza Ponentziaren baitan alderdi politiko desberdinen artean adostutako ekimen bat sustatuko dugu Gobernu Zentralari egungo espetxe politika aldatu dezala eskatzeko, askatasunaz gabetutako pertsonak beren sorterrietara hurbiltzeko, pertsona horiei gizalegezko tratua emateko eta, iraganaren azterketa kritikoaren eta eragindako kaltearen bidegabekeriaren aurreko aitorpenaren bidez, pertsona horiek gizarteratzeko apustu garbia egiteko. Konponbiderako justiziaren alorrean burura emandako ekimenen (Nanclares Bidea eta biktima eragileen eta biktimen arteko konponbiderako topaketak) antzekoak sustatuko eta zabalduko ditugu, eta bereziki ezagutaraziko ditugu hezkuntza formalean eta ez formalean bezalako esparruetan izandako esperientziak eta bildutako lekukotasunak. Egungo espetxe politika aldatzen ez den bitartean, askatasunaz gabetutako pertsonen familiei lagunduko diegu presoak beren sorterritik urrutira egoteagatik familiei eragiten zaien sufrimendua gutxienera eramateko. Betiere printzipio humanitarioak aintzat harturik eta askatasunaz gabetutako pertsona modu batean edo bestean goraipatzearekin bateraezina den giza eskubideen ikuspegitik. Legez aurreikusitako prozesuetan parte hartzen duten pertsonak gizarteratzeko mekanismoak ezarriko ditugu. Neurri horiek aintzat hartuko dituzte etxebizitza, prestakuntza eta laneratzea, laguntza psikologikoa eta familientzako laguntzak bezalako esparruak. Ararteko bezalako beste erakunde batzuekin eta gizarte taldeekin elkarlanean, atxilotutako eta askatasunaz gabetutako pertsonei tratu txarrak ez emateko eta torturari aurrea hartzeko mekanismoetan sakonduko dugu. Eusko Legebiltzarraren baitan alderdi politiko desberdinen arteko ebazpen adostu bat sustatuko dugu, gobernu zentralari eskatzeko alor horretako legeria nazioarteko estandarretara moldatu edo egokitu dezala, giza eskubideak babesten dituzten nazioarteko erakundeek eta Nazio Batuek eskatzen duten bezala. Eusko Legebiltzarraren bakearen eta bizikidetzaren Ponentziaren baitan alderdi politiko desberdinen artean adostutako ekimen bat sustatuko dugu gobernu zentralari eskatzeko alda ditzala nazioarteko estandar zorrotzenen eta bermatzaileenen aurkako salbuespenezko lege guztiak herritarren askatasuna eta segurtasuna, eskubide zibilak eta politikoak eta justiziaren independentzia eta gardentasuna bezalako esparruetan. ETA, GAL, BVE eta beste talde batzuek egindako atentatu guztien zirkunstantziak eta egileak argitzeko aukera eman dezaketen mekanismo guztiak sustatuko ditugu, betiere aintzat harturik biktimen borondatea eta duintasuna eta Justiziaren aurrean dagokien eskubidea, baita azken hori ezin gauzatu daitekeenean ere preskripzioa aplikatu delako. Bizikidetza demokratikoa: Mundu mailan sustatuko eta ezagutaraziko ditugu biktimek beren artean izandako esperientziak, esate baterako Glencreeren kasua eta antzekoak, baita Eraikiz bezalako taldeen proposamenak ere, eta izandako esperientziak eta lekukotasunak biltzen dituzten tresna pedagogikoei zabalkunde berezia emango diegu hezkuntza formala eta ez formala bezalako esparruetan. Gizarte taldeek eta erakundeek bakearen eta bizikidetzaren aldeko hezkuntzaren alorrean bideratzen dituzten ekimenak lagunduko, ezagutaraziko eta bultzatuko ditugu. Programak, esate baterako "hiri hezitzaileak" programa eta, esparru horretan, "bakearen aldeko astea" bezalako herri ekimenak, zabalduko ditugu EAEko udalerri guztietara. Erakundeen eta gizarte ehunaren artean elkarlanean jarduteko ekimen bat sustatuko dugu iragan hurbilaren berraztertze kritikoa egiteko kanpaina sozial eta hezitzaile bat bultzatzeko, betiere pluraltasunaren, aniztasunaren, bizikidetzaren eta pluralismoaren balioetan oinarrituta. Bakearen eta bizikidetzaren alorreko politika publikoen diseinuan, txertaketan eta ebaluazioan gizartearen eta herritarren parte hartzea bultzatuko eta garatuko dugu, funtsezkoa iruditzen zaigu hori. Gainera, etorkizuneko "Euskadin bizikidetzaren, pluraltasunaren eta Giza Eskubideen aldeko plana (2017-2020)" planean modu transbertsalean jasota geratuko da kontu hori, eta legez nahitaez bete beharreko izaera emango zaio beste euskal erakunde batzuek garatzen dituzten ekimenetan. Hedabideekin (publikoak, pribatuak eta izaera sozialekoak) elkarlanean jarduteko programak sendotuko ditugu, adierazpen eta prentsa askatasuna aintzat harturik gai horiek egokiro tratatuak izan daitezen eta bakearen kultura zabaldu dadin. Bakearen aldeko konpromiso internazionalista: Nazioarteko komunitateari gizakiak bakean bizitzeko duen eskubidea garatzeko eta eskubide hori aitortzeko eskaera egiten dion ekimenarekin aurrera jarraituko dugu eta bultzatuko dugu. Nazioarteko esparruan eta indarkeria bizi izan den beste testuinguruetan Euskadin izandako esperientziak eta jardunbide egokiak bultzatuko eta ezagutaraziko ditugu, esate baterako, Glencree, Eraikiz eta konponbiderako justizia eta herritarren mobilizazioak ezagutaraziko ditugu gatazkak eraldatzeko ekarpen berritzaileen adibide gisa. Bakean oinarritutako kulturaren eta giza eskubideen politika integralaren esparruan euskal gizartearen sentiberatasun eta enpatia berezia sustatuko dugu beste testuinguru batzuetan gertatzen diren giza eskubideen urraketen aurrean, betiere biktimekiko elkartasuna sustaturik.
108

Memoria Historikoa Euskadin; Guerra Zibilaren eta Diktadura Frankistaren biktimen eta euskal gizartearen eskubidea. Erakundeen betebeharra

Elkarrekin Podemosek defendatzen eta ulertzen du memoria historikoa berreskuratzea eskubide bat dela Gerra Zibilaren, errepresioaren eta giza eskubideen urraketaren ondorioak nola gerra garaian hala erregimen frankistak ezarririko isiltasun, izu, errepresio, askatasun eza eta heriotza garaian jasan zituztenentzat. Gerra Zibilaren eta Diktaduraren memoria aitortzea eta berreskuratzea estu lotuta daude Elkarrekin Podemosek aldezten duen bizikidetzaren eraikuntzaren ereduarekin, memoria aintzat hartuko duen bizikidetza ereduarekin, printzipio erabat demokratikoetan, giza eskubideen kulturan eta biktimak aitortzeko eta biktimei ordainak emateko kulturan oinarriturik. Biktimek, beren familiek eta euskal gizarteak partekatzen duten eskubidea da, izan ere, geure historiaren ezagutza, aitortza eta frankismoaren biktimekiko ordain integrala, justizia eta egia jasotzeko eskubidea gure iraganarekin eta gure orainarekin dugun konpromiso sozialaren zati dira, eta geure etorkizunean proiektatzen dira. Halaber, euskal erakundeen eta geure gizartearen betebeharra da memoria historikoa osatzea eta arlo honetako politika publikoak eta gizarte ekimenak bideratzea. Eta eginkizun hori nahitaez aintzat hartu behar dute erakunde publikoek. Aintzat hartu dira gatazken eta giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta biktimei ordainak emateko gaian nazioarteko lege esparruan txertatzen diren planak, neurriak eta ekimenak; Estatu espainiarrean, abenduaren 26ko 52/2007 Legearekin, lege horrek Gerra Zibilean eta diktaduran zehar jazarpena edo indarkeria jasan zutenak aitortu eta horien aldeko eskubideak emendatzen baititu; eta autonomia erkidegoan, hainbat Dekreturekin (Dekretuak: 280/2002, 22/2006). Euskadin urrats asko egin dira memoria historikoa berreskuratzeko. Hemendik eskerrak ematen dizkiegu biktimak eta desagertuak aitortzen eta dagozkien ordainak ematen eta beren bizi esperientziak berreskuratzen lagundu duten taldeei, profesionalei eta elkarteei. Ugari dira erakunde publikoen esparrutik bideratutako ekimenak, ezinbestekoa den berreskuratze horren alde hainbeste lagunek eta taldek egindako borrokan lagundu duten ekimenak. Aurrerapausoak egin dira legeen eta administrazioen esparruetan, eta Legea onartu zenetik iritsi da zein alderdi hobetu daitezkeen zorrotz ebaluatzeko unea, eta batik bat euskal gizartea inplikatzeko eta parte hartzeko erronkari heltzeko unea. Elkarrekin Podemosek bere egiten du memoria historiko bizi baten alde lan egiteko konpromisoa, Euskadiko iraganaren inguruko topagune bihurtzeko, bakean oinarritu eta memoria eta eskubideak izango dituen gure bizikidetzaren eraikuntza sozialaren gida izateko. Guk uste dugu Gerra Zibilaren eta frankismoaren eta beren ondorio suntsitzaileen memoria historikoaren berreskuratzea ez dela iraganaren erabileraren eta gehiegizko erabileraren gainean eraiki behar jaurtitzeko arma gisa, ez eta historiaren kontakizunaren manipulazio interesatuaren gainean ere. Guk uste dugu ez duela interes alderdikoien zerbitzura egon behar, ez eta atzo nahiz gaur giza eskubideen eta bizikidetzaren aurka egin zuten eta egiten duten jokabideak eta portaerak justifikatzen dituztenen zerbitzura ere. Guk inolako zalantzarik gabe egiten dugu memoria bizi hori prozesu kolektibo baten zati gisa eraikitzearen alde, zeinetan eragileek eta euskal gizarteak berak zuzenean parte hartzeko espazioak izango dituzten, hain zuzen ere memoria hori inklusiboa izateko xedearekin. Azken urteetan ugaritu egin dira memoria historikoa berreskuratzeko ekimen publikoak zein elkarteek eta taldeek bultzatutakoak, oso proiektu garrantzitsuak eraman dira burura, esatera baterako, desagertuen eta eraildako pertsonen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko, berreskuratzeko eta beren familiei itzultzeko xedean bideratutakoak. Zentzu horretan, guk uste dugu Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimek berezko espazioa merezi dutela, bereizirik baina bizikidetzaren, bakearen eta giza eskubideen aldeko lan transbertsal horri loturik. Iritsi da memoriaren eta aitorpenaren inguruko ekimenek beren alderdi parte hartzailean sakontzeko unea. Politika publikoen erronka da memoria historiko hori gizarteratzea, memoria hori parte hartzeko eta elkartzeko espazio bihurtzeko, memoriari erabilera zibikoa emateko eta Euskadin bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntza tresna boteretsu gisa erabiltzeko. Memoria historikoaren inguruko lanek badute soilik erakunde publikoei, memoria berreskuratzeko eginkizunetan eta ezagutzaren diziplinetan nekaezin lan egiten duten erakunde nahiz elkarteei ez dagokien alderdi sozial, partekatu eta zibiko bat, eta horretan modu aktiboan inplikatu beharra dago euskal gizartea.

Neurriak: Lan ildoak hobetzeko, berrikusteko, biziagotzeko eta parte hartzaileagoak izateko xedearekin Arindu egingo ditugu Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimak lurperatu zituzten lekuetatik eta hobietatik gorpuzkiak ateratzeko izapide administratiboak, eta horretarako baliabide ekonomikoak bermatuko ditugu; Euskal Herriko Hobien Plana sendotuko dugu. Zuzentasuna Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimak eta giza eskubideen urraketen beste biktimak aitortzeko eta ordainak emateko unean, Euskadin bizikidetza eta memoria eraikitzeko esparru orokor horretan beren espazioa izatea ahalbidetuz eta dagokien testuinguruan bilduz. Genero ikuspegia txertatuko da ekimen eta azterlan guztietan eta parte hartzeko eta ezagutarazteko espazio guztietan, eta ikusgarritasun handiagoa emango zaie gerra Zibilaren eta diktaduraren ondorioak bizi eta jasan zituzten emakumeen rolari eta esperientziei, memoria inklusibo hori osatzeko zeharkako elementu gisa. Zorrotz ebaluatuko ditugu Euskadin Gerra Zibilaren eta Frankismoaren memoria historikoa berreskuratzeko politika publikoak, eta berrikusi egingo dugu Euskadin memoria historikoa berreskuratzeko gaian indarrean dagoen lege esparrua; gainera, gizarte eragileak bilduko ditugu prozesu horretara, eta gizarteratu egingo ditugu beren ondorioak, eztabaida herritarrei zabaltzeko. Toki esparruan parte hartzeko espazio berriak eratuko ditugu, gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren memoria historikoa berreskuratzeko lanetan gizartearen inplikazioa sustatzeko. Bertan egongo dira ordezkatuta memoria osatzeko lanetan esku hartzen duten elkarteak eta profesionalak, gizarte eragileak eta biktimekiko ordainak, baina batik bat herritarrek parte hartzeko mekanismoak eta ezagutza hedatzeko eta gizarteratzeko mekanismoak finkatuko dira. Frankismoaren biktimen eta hezkuntzaren esparruan memoria historikoa berreskuratzeko lanean jarduten duten pertsonen parte hartzea biziagotuko dugu, Hezkuntza Sailarekin koordinaturik, aipatutakoek Gerra Zibilaren eta Frankismoaren testuinguruan bizitako esperientzia modu berezian bilduko eta partekatuko den espazio pedagogikoetan. Aldi berean, giza eskubideen aldeko esperientzia hezitzaileen zatia osatuko dute Euskadin. Aitorpen eta memoria gune berriak sortuko ditugu eta berrikusiko ditugu lehendik daudenak, berrikusiko dugu eskaintzen duten informazio historikoa eta berrikusiko ditugu giza eskubideen aurkako ekintzak edo biktima eragileak irudikatzen dituzten pertsonak zein taldeak gogoratzeko edo omentzeko elementuak. Diziplinarteko proiektuak sustatuko eta zabalduko ditugu memoria historikoari lotutako diziplinetatik (Historia, Arkeologia, Antropologia Forentsea, Soziologia,,,) abiaturik eta metodologia zientifiko eta zorrotzen bidez gure iragana dagokion testuinguruan kokatzeko, azaltzeko, aztertzeko eta berraurkitzeko; kontuan izanik gaur egungo kezkak, baina politikaren premietara eta eskaeretara makurtu gabe, Euskadin bizikidetza eraikitzeko erronka soziala baita lehenetsi beharrekoa. Arartekoren gomendioei jarraiki ("Egia, justizia eta ordaina Diktadura Frankistaren biktimentzat: esanahia eta politika publikoak Euskal Autonomia Erkidegoan", 2012ko urtarrila), aurrerapausoak egingo ditugu erakundeen arteko lankidetzan, politika publikoen koordinazioa, koherentzia eta ahalik eta eragin maila handiena ahalbidetzeko.

109

Itun sozial berri bat

Gizarte demokratiko modernoek bizikidetzaren oinarrizko baldintzak arautzen dituzten funtsezko akordio batzuetan oinarritzen dute beren funtzionamendu kolektiboa. Politikaren esparruan lege testuetan gauzatu ohi dira akordio horietako asko eta asko, esate baterako konstituzioetan, baina badira beste aukera batzuk, beste arau mota batzuk, baita lege testu bihurtzen ez direnak ere. Gure kasuan, 1979. urtean, urtebete lehenago onartutako konstituzioaren esparruan, besteak beste Gernikako Estatutuan gauzatu zen akordio batera iritsi ginen. Akordio horri esker, autogobernu maila aipagarria garatu ahal izan da. Bestalde, une hartan nazio mailako identitate nagusietako batzuk ordezkatzen zituzten sentsibilitate politiko desberdinen (ez ordea guztiena batzuek kanpoan geratzeko erabakia hartu baitzuten) arteko ituna (testuinguru historikoa kontuan izanik ez zen erabateko askatasun egoeran itundu) ekarriko zuen. Autonomia estatutu soil bat baino gehiago izan zen itun hura, Estatutu haren inguruko akordioa bultzatu zuten indar garrantzitsuenek bideratutako gobernu eta bake itunak (Ajuria-Enea) nagusi ziren garaiko erakusgarri aipagarriena izan zen. Hala eta guztiz ere, akordio horrek ekarritako gauza positibo guztiak aintzat hartuta ere, ezin ahantzi dezakegu Estatutuaren ondorengo garapenean Estatutuari berari sostengua eman zioten alderdi guztien ez betetzeak, interpretazioak eta berrinterpretazioak gertatu direla, eta akordioaren espiritua bera urratu dela kasu askotan. Ezinezkoa da atzera ez begiratzea, esate baterako, LOAPA legeari edo gehiegikerietan oinarritzen diren legeei, eta ezinezkoa da, bestalde, behar baino lehenago hiltzat emandako estatutuari eta eskumenen alorrean izandako gehiegikeriei ez erreparatzea. Izan ere, bi aldeek erabili dute estatutua truke txanpon gisa beste esparru batzuetan beste akordio batzuetara heltzeko. Bestalde, ezin aipa gabe utz dezakegu motibazio politikoko indarkeriak akordio horretan izandako eragina. Horrenbestez, adierazitakoak adierazita, gaur egun, oinarrizko arauaren maila iritsi zuen akordioa onartu zenetik 37 urte joan direnean, oraindik amaitu gabe jarraitzen du Estatutuaren garapenak. Denboran irauteko borondatez sortzen dira itun sozial horiek, baina mugatua dute bizitza erabilgarria. Faktore askoren arabera biziraungo dute, baina Estatutua berritzeko edo beste batez hornitzeko herritarren borondateak beharko luke izan faktore nagusia. Bereizgarri hori berezko zerbait bezala bizi behar da, salbuespen edo drama bat izatetik urrutira. Gure kasuan, akordio haiek sinatu zirenetik 37 urte joan direnean, euskal herritarren belaunaldi berriak aurrekoa baino inklusiboagoa izango den beste itun bat lortu nahi du, nazio mailako identitate desberdinen artean zeharkakoagoa izango dena eta iraganean ongi eta oker egindakoei balio handiagoa emango diena. Datozen lau urteetan aintzat hartuko dugu herritarrek eta politikak gure bizikidetza akordioak berritzeko agertu duten premia. Beharrizan hori ez du soilik belaunaldi berriak planteatzen, azken urteetan gizarte, ekonomia eta erakunde mailan izandako eraldaketek ere bultzatzen dute horretara. 1979. urtekoa ez bezalako garai politikoa zabaldu da, eta erronka berriei erantzungo dien akordioa behar dugu. Hona garai berriaren ezaugarri batzuk: 1979. urtean bazter geratu zen sentsibilitate politikoa akordioetara biltzeko eskaera; motibazio politikoko indarkeria zikloaren amaiera; erakundeak berritzeko premiaren testuingurua; eta herritar gehienen oinarri materialak urritu dituen krisialdi ekonomikoa. Hortaz, eztabaida horri ateak zabaltzeko, kontu hau ez da lurraldearen estatusera mugatu behar, askoz ere akordio zabalagoak lortu behar dira nola gizarte hala erakunde mailan. Batez ere beste dimentsio horiek ukatuta, agintzen duten alderdi batzuek bila duten bezala, ez direlako haiek bazter uzten; besterik gabe, dimentsio horien aurreko erabaki inplizitoa berentzat gorde nahi dutela esan nahi du, arkitektura instituzional jakin bat eta gizartea eraikitzeko eredu jakin bat inposatzeko. Lurralde ereduari eta pluraltasunaren kudeaketari buruzko eztabaidan erabilitako hitz klasikoenetara itzulita, guk uste dugu argitu egin behar direla bertan gertatzen diren egoera batzuk. Motibazio politikoko indarkeriaren ondorioetako bat izan zen askatasunik gabeko testuinguru frentista baten ezarpena, eta ondorioz lerrokatze estuak gertatu ziren –interesatuak izan ez zirenean– identitatearen eta sentimendu nazionalaren artean, lurralde estatusaren alde eta botoetan oinarritutako politikaren alde. Luzaroan identifikatu zen indar jakin batzuek baizik ez zituztela estatus mailako lehentasun jakin batzuk ordezkatzen, edo estatus jakin baten alde agertzeak ezinbestean adierazten zuela identitate nazional jakin bat, edo nazio mailan identifikatuta ezinbestean eman behar zitzaiela bozka aukera politiko jakin batzuei. Berriki, Podemos Euskadi –indar plurala eta anitza bere osaeran– Euskadi bezalako agertoki politikoan agertuta, agertoki horretan ez baita aldaketa esanguratsurik gertatu aspaldi honetan, argiago geratu da indarkeriaren zikloaren amaierak zaharkituta utzi dituela aipatutako planteamenduak. Elementuen ezkutatze horrek halako nahasmendua eragin du, kontu desberdinak biltzen dira, eta kontu horiei banan-banan erantzun behar diegu, hori bai euren artean dauden loturak kontuan harturik: bestela pentsatzen eta sentitzen dugun pertsonen arteko bizikidetza; mekanismo demokratikoak proiektu guztiek bide legalak izan ditzaten burura eraman ahal izateko; eta lurralde estatusaren aurreko proposamen zehatzak, gehiengo handi baten atxikimendua sorrarazteko gai direnak. Jarraian Elkarrekin Podemosek euskal herritarren arteko bizikidetza eta itun sozial berri hori pentsatzeko eta adosteko xedean proposatzen dituen ardatz garrantzitsuenetako batzuk azalduko ditugu.

110

I. ardatza. Elkarrekin bizitzeko borondate argi eta garbia eta giza eskubideekiko errespetua

Aspaldi honetan euskal gizarteari buruz egin diren azterlan soziologiko guztietan bada konstante bat: bertan diren identitate nazionalen aniztasun aparta eta bertan diren aukera politikoen aniztasun zabala. Badira soilik espainiar identitatea sentitzen dutenak, soilik euskal identitatea sentitzen dutenak eta maila batean edo bestean bi identitateak sentitzen dituztenak. Areago, identitateek ezaugarri likidoak berenganatzen dituzten testuinguru historikoan, pluraltasun hori bizia da eta mugikorra, berezko eta bat-bateko nahasketa gertatzen da identitate desberdinen artean, eta segur asko gero eta handiagoa. Eta hori, kudeatzen zaila den errealitate konplexuari erantsitako arazoa izatetik urrun, segur asko aukera handiak eskaintzen dituen ezaugarria da, berez eraldatzailea. Hain zuzen ere kultur aldaketaren eta indarkeriaren zikloaren amaieraren testuinguru honetan identitateek edo nazio sentimenduek ez dute zertan aurretik juzgatu lurralde politika mailako soluziorik. Gure gizartea hainbat hamarralditan astindu duen motibazio politikoko indarkeriaren esparruan bazen gatazka etiko bat azpian, indarkeriaren erabileraren zilegitasunaren inguruan, baina baita identitate mailako gatazka latz bat ere. Edo, hobe esanda, gizarte plural hori ez ezagutzeak eta gizarte plural batek eskatzen duen kudeaketa zaindu bat ez bideratzeak eragindako gatazka zegoen. Une honetan, indarkeriaren zikoa ixten ari garen honetan, ezinbestekoa da itun sozial berriek sakoneko elementu bat berenganatzea, hau da, proiektu politiko guztiek agerian uztea borondate argi eta garbia dutela desberdinen eta berdinen artean elkarrekin bizitzeko. Zentzu horretan, hemen sobera inor ez dagoelako baieztapen zintzoak itxura batean eramaten gaitu Euskadiko lurralde estatusaren inguruan erabakiko diren soluzioak hasiera batean muturrekoenak izango ez direla ezinbestean onartzera. Hala eta guztiz ere, proiektu politiko horiek, bereziki independentzia aldarrikatzen dutenak, zilegiak dira giza eskubideen aurreko erabateko errespetuan oinarritzen badira. Horrenbestez, beste puntu batera iristen gara, gure bizikidetza itunak giza eskubideekiko errespetu maila zorrotzenen eta altuenen pareko izateko premiara, hain zuzen. Ardatz honek, gainerakoek bezala baina bereziki honek, itun eta akordio prozesu hau gure iraganean egindako urrats positiboen eta negatiboen ebaluazioa aintzat hartuta bideratzeko beharrizanari erantzuten dio. Areago une honetan, helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabileraren porrotak funtsezko egitekoa jokatzen duenean kontu hauei egoera demokratiko normal batean heltzeko. Nolanahi ere den, giza eskubideei egindako erreferentziak eskubide zibil eta politikoei –esaterako, pertsona guztien integritate fisiko zein moralaren aurreko errespetua– lotuta egiten direla esan behar dugu, baita eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei lotuta ere, edo elkartasunarekin zerikusia duten hirugarren belaunaldiarenei lotuta. Izan ere, azken horiek ardatz espezifikoetan garatzen dira, esate baterako, eskubide sozialak blindatzeari edo, euskarari dagokionez, gure kultur ondarearen aurreko konpromisoari emandako ardatzetan.

111

II. ardatza: Erabakimena. Argitzeko akordio bat

1998ko abuztuan, Gobernuak egindako galdera batzuei erantzunez, Kanadako Auzitegi Gorenak erabaki zuen, besteak beste, Estatu demokratiko batek ezin duela ezaxolati egon lurralde batek bere estatusa aldatzeko borondatea agertzen badu, borondate hori demokratikoki adierazi bada eta gehiengo handi baten babesean. Horrenbestez onartzen zuen herritarrei zentzu horretan kontsulta bat egiteko aukera, baina kontsulta hori egiteko berme batzuk ezartzen zituen, eta aipatu estatusa aldatzeko emaitza aldekoa izatera emaitza hori izatea Kanadako Gobernuarekin prozesu negoziatu bat martxan jartzeko abiapuntua. Auzitegi Gorenaren erantzun hura izan zen Argitasun Lege bat lantzeko oinarria, lege horrek zehaztuko zituen kontsultak bete beharreko baldintzak eta bermeak. Era berean, akordio bat izan zen, kasu honetan Erresuma Batuko eta Eskoziako Gobernuen artean sinatutakoa, Eskozian erreferendum bat egitea ahalbidetu zuena. Hala eta guztiz ere, prozesu horiek ezinbestean euskal erako soluzioetan pentsatzeko iturri badira ere, ez dira, bistan denez, gure errealitate sozial eta juridikora besterik gabe egokitzeko modukoak. Nolanahi ere den, ezin gezurtatuzkoa adierazten dute: Estatu demokratiko batean bide legalak egon behar dute proiektu politiko guztiak burura eraman ahal izateko. Bestela adieraztearren, ez dago herritarrek demokratikoki adierazitako borondateari sabaia jarriko dion legerik. Elkarrekin Podemosek uste du esakune horixe bera izan litekeela itun sozial berriko ardatz baten abiapuntua. Kontua da erabakitzeko ahalmena eduki nahi duen gehiengo sozialaren nahientzat aurrerapauso demokratiko esanguratsuak izango diren horiei bide ematea, kontsulta hipotetiko batean egingo lukeen hautua zein den kontuan hartu gabe. Areago, ikuspegi horrek alde biko esparru batean kokatzen du erabakimena, eta esparru hori, berriz ere akordioaren bidez, gai da herritarren borondateari erantzuteko alde guztiei bermeak emanda. Eskumenen ikuspegi hertsi batetik azterturik Eusko Legebiltzarra halako ezaugarriak dituen Lege bat onartzerik ez duen arren, euskal alderdiok aurrerapausoak egin ditzakegu bide horretan, eta akordio garbi bat lortu dezakegu gure gizartean dauden proiektu politiko demokratiko guztiei halako bermea eskaintzeko eta hasieran adierazitako premisei erantzuteko. Nolanahi ere den, argitzeko akordio horren zehaztapen legalak hamaika alternatiba konstituzional izan litzake, eta guk ez dugu uste beharrezkoa denik horretan hastea, ez bederen hasiera batean. Betiere herritarren borondateak eta borondate politikoak euskarri juridikoa topatu behar dutelako ideiatik abiaturik, eta ez alderantziz. Izan ere, konstituzioan adituak diren batzuek, esate baterako Javier Pérez-Royok, dagoeneko aukera batzuk planteatu dituzte kontsulta bat bideragarri egiteko, konstituzioa aldatuta edo aldatu gabe. Eta bestelako planteamendu batzuk egin dituzte beste aditu batzuek, esaterako Alberto López Basagurenek, edo José María Ruiz Soroa legelariak.

112

III. ardatza: Lurralde estatus berri bat

Aurreko ardatzetan jada argudiatutako ildoetatik abiaturik, hau da, euskal gizartearen berezko politikaren eta identitateen pluraltasun apartaren aintzatespenetik abiaturik, eta era berean desberdinen eta berdinen artean elkarrekin bizitzeko borondate argi eta garbitik abiaturik, hurrengo urrats naturala da adostuko dugun lurralde estatus berriak gehiengo sozial handi baten atxikimendua eduki behar duela ulertzea, eta gainera identitatearen esparruan ere gehiengo transbertsala eduki behar duela ulertzea. Guk uste dugu beste eredu hori onargarria dela aukera politiko guztientzat, batez ere kontuan badugu, lehen ere azaldu dugun bezala, eredu hori euskal herritarren erabakitzeko ahalmenean aurrerapauso esanguratsuen eskutik hartuta doala. Faktore horiek guztiek ahalbidetzen dute desberdinen artean partekatutako estatus berri baten aldeko proposamen batek berekin batean ez ekartzea uko egite bat edo lurralde izaerako asmo zilegiak eta anbiziotsuagoak dituztenentzako ezin gaindituzko sabai bat, guztion artean elkarrekin bizitzeko eta topatzeko espazio eroso bat ezpada. Zentzu horretan Elkarrekin Podemosek ulertzen du gako horietan eta une jakin honetan badagoela eta gomendagarria dela lurralde estatusaren inguruko eztabaidari heltzeko desestatunazionalizazioaren ikuspegitik, hau da, estatua eta nazioa egoerak elkartzen dituzten hitz klasikoetan planteatu gabe. Espazio hau, lurralde estatus bat, itun sozialen izaera bera kontuan harturik aldaezina ez dena, betiko ez dena, euskal belaunaldi batek, geure iragan hurbilean ongi egindakoak eta oker egindakoak kontuan harturik, hemen eta orain lortu duen akordioaren emaitza izango da. Dagoenetik abiaturik, une honetan bizi dugun pluraltasunetik abiaturik, traumarik gabe, eta argi eta garbi denak elkarrekin bizitzeko xedearekin. Zentzu horretan, Elkarrekin Podemosen proposamena gure eginez, argi eta garbi adieraziko ditugu gure ustez guztiok bilduko gintuzkeen lurralde estatusa marraztea ahalbidetzen duten gako batzuk. Gure ustez elementu horiek oso ongi argitzen dute, oraindik ezer argitu behar bada, Elkarrekin Podemosek defendatzen duen posizioa, elementu horiek, lehen ere adierazi dugun bezala, indar politiko desberdinen artean akordioak adostea ahalbidetzen baitute: Gernikako Estatutua behin betiko osatu behar da, denbora gutxian osatu ere. Egungo Estatutua osatzeko ahaleginak ez du aitzakia izan behar estatus berriaren inguruko eztabaida atzeratzeko. Beraz, abiapuntua da Gernikako Estatutua, eta ez helmuga. Loiolako negoziazioetan PSE, PNV eta ezker abertzalearen arteko negoziazio mahai zapuztu hartan adostutako edukiak geure egin gabe, guk uste dugu eduki horietako batzuk izan daitezkeela, beste batzuen artean, eztabaidarako abiapuntu. Euskadi naziotzat hartzearen aldeko gara, eta hori ez zaio kontrajartzen Espainia estatu nazioaniztun eta eleaniztun gisa konfiguratzearen aldeko gure apustuari. Era berean, administrazio nahiz estatu jurisdikzioetatik kanpora, gure ustez badira gizarte eta kultur izaerako loturak Euskal Herria izenaz ezagutzen den lurraldean. VIII. eta IX. ardatzetan azaltzen dugu kontu horren aurreko gure ikuspegia. Kontsulta bat egitearen aldeko gara, herritarrek adostutako itun sozial berria berretsi ahal izan dezaten, baita gehiengo sozial argi batek hainbat aukeraren artean –horien artean estatuaren gainerakotik banantzeko aukera– hautatu ahal izateko eskaera egiten badu ere. Kontsulta horrek ez dio amaiera ematen prozesuari, prozesuaren abiapuntua da elkarrizketan, negoziazioetan eta alde askoren arteko akordioan oinarrituta. Estatu osoarentzako gure erreferentziazko eredua lurralde eredu federala eta/edo konfederala da, bertan asimetriei ere leku egin dakiekeelarik. Azkenik, foraltasunaren eta eskubide historikoen inguruan mugitzen diren beste alderdi batzuek egindako proposamenei dagokienez, Elkarrekin Podemosek ez du inolako eragozpenik oinarri juridikoa haietan ainguratzeko, nahiz eta beste aukera batzuk balioesteko prest dagoen. Hala eta guztiz ere, gure ustez badira elementu egokiago batzuk komunitate sentimendua gako eguneratuago eta hurbilago batzuen arabera eraikitzeko. Gako horietako batzuk dira, herritartasunaren kontzeptua, giza eskubideak (banakoenak eta kolektiboarenak) eta euskara bezalako kultur ondare partekatua. Hurrengo ardatzetan garatuko ditugu elementu horiek.

113

IV. ardatza: Eskubide sozialak blindatzea

Azken garaiotan ugari izan dira desoreka sozialaren eta demokraziaren arteko bateraezintasuna adierazi duten mugimendu sozialak eta intelektualak. Herritarren kontzientzian dagoeneko sendo sustraituta dagoen ideia horren formulazio positiboaren helburua da bizikidetza akordioetan, konstituzioa izan nahiz, Euskadiko kasuan, estatus berri bat izan, eskubide sozialak blindatzea. Adiera zabalean ulertutako berdintasuna, desoreka sozioekonomikoaren esparrua eta mota eta egoera guztietako emakumeen eta gizonen artean gertatzen diren desberdintasunen esparrua bere baitan hartuko dituen berdintasuna. Azken legegintzaldian aurrerapauso batzuk egin dira etxebizitzarako eskubidea eskubide subjektibotzat hartzeko. Lehendik ere oso aurrerapauso esanguratsuak egin ziren, esate baterako, beharrizan kasuetan gutxieneko sarrera bat exijitzeko xedean 1996. urtean milaka eta milaka euskal herritarrek sustatutako Legegintzako Herri Ekimena. Gaur, atzo bezala, eztabaida bat egin beharrean gaude Euskadin dagoeneko badagoen Diru sarrerak Bermatzeko Errentatik abiatuta oinarrizko errenta bat finkatzeko egokitasunaren eta bideragarritasunaren inguruan, eta akordio horietan jaso beharko da eztabaida horren emaitza. Baita kalitatezko hezkuntza publiko, laiko eta inklusibo bat bermatzeko edo osasun publiko unibertsal, oso eta doako bat bermatzeko beste kontu batzuk ere. Lehen ere adierazi dugu, baina aipamen berezia egin behar diogu emakumeen eta gizonen arteko berdintasun sozialari, berdintasun hori oraindik lortzeke baitago. Printzipio politiko hori itun sozialean ezarri behar da geure erakundeen ekintzaren helburu nagusi gisa. Laurogeita hamargarren urteetan lortu genuen gizarte politika berritzaileetan erreferentzia izatea. Eta gaur ere berriro izan behar dugu erreferentzia; eta horretarako konkista haietako asko eta asko blindatu behar ditugu maila goreneko gure lege testuetan. Areago argi eta garbi ikusi dugunean krisialdi testuinguru batzuk baliaturik gobernu batzuek –eta ez soilik Madrilen– gutxieneko duintasun horiek ebasteko ahaleginak egin dituztela. Lehen aurrerabide demokratikoa izan dugu aztergai, eta ardatz honetan aurrerabide soziala dugu hizpide. Krisia bidegabe kudeatu denez, ongi asko ikasi dugu, ez gutxi sufrituta gainera, demokrazia bat kalitate handikoa dela bere herritarrei zerbitzu publiko eta eskubide sozial jakin batzuk bermatzen dizkienean. Gure ustez printzipio hori geure burua hornituko dugun itun sozial berriaren erdi-erdian dago. Sekula ere ez bere herritarrik gabeko Euskadi bat. Izan ere, beste indar politiko batzuek estatus berri baten alde egindako proposamen zehaztugabeen aurrean, besterik gabe eskumenen esku aldatze huts batzuk baizik ezkutatzen ez dituzten proposamenen aurrean –printzipioz ez gara horien aurkakoak–, guk beste proposamen bat egiten dugu, betiere gehiengo sozialaren interesei eta beharrizanei erantzuteko asmoz.

114

V. ardatza: Arkitektura instituzional berri bat

Euskadirentzako arkitektura instituzional berri batean pentsatzen dugunean, dimentsio asko eta, nolakotasunaren ikuspuntutik, baldintzatzaile asko dituen kontu bati heltzen diogu. Orainean eragiten duten eta etorkizunari begira ziurgabetasun handiaren forman proiektatzen diren gabezia material handiko eta gizartearen arlo askotako bizi baldintzen okertze azkarreko une honetan, sorgorra, arduragabea, eraginkortasun gabea eta etsigarria litzateke zirkunstantzia horiek gizarte gisa eduki beharreko arkitektura instituzionalari buruzko eztabaidatik kanpora uztea. Areago kontuan badugu horri buruz hartzen dugun erabakiak erabat baldintzatuko duela iraganeko gizarte ongizatea berreskuratzeko aukera, edo erabat baldintzatuko dituela lehengoratze hori gertatzeko baldintzak, erritmoak eta moduak. Izan ere, gure inguruko gizarteetan, bereziki geurean, oso errotuta dago erakunde publikoak oinarrizko eskubide horiek nola banakoek hala kolektiboak erabiltzeko bermea direlako ustea. Areago, zaila da gizarte ongizatearen berreskuratze hori oparotasun ekonomikoaren berreskuratzearekin ez lotzea, betiere planetak eta zehazki gure lurraldeak belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegitik onartzen eta gomendatzen dituzten muga biofisikoen barruan. Gainera, ongi asko jakin behar dugu arkitektura instituzionalari buruzko eztabaida honek gainditu egiten dituela arlo publikoaren tamainaren edo antolamenduaren neurriei eta ezaugarriei buruzko ekonomia publikoari begira egindako proposamen klasikoak. Eta beraz, proposamen horiei erantsi egin behar zaizkie ezagutzaren beste esparru batzuetatik etortzen diren proposamenak, eta horiek oso testuinguru berezi batean egokitu eta kokatu beharko dira, historia (iragana eta oraina), gizarte, kultur eta lurralde errealitate oso bereziak dituen testuinguru batean, euskal testuinguruan alegia. Ildo horretatik, arkitektura instituzionalaren aurrean egiten ditugun kontsiderazioetatik lehena da Euskadik bere arlo publikoa, sendoa, behar duela prosperitatea, berdintasuna, gizarte eta lurralde kohesioa eta herritarren eskubideen erabilera bermatzeko. Betiere argi eta garbi edukita desoreka soziala eta demokrazia bateraezinak direla, eta arlo publiko batez hornitzeko erabakia ezin bereiz daitekeela globalizazioa eta nazioz gaindiko erakundeetan biltzeko joera nagusitu diren testuingurutik, eta testuinguru horretan halako arriskua duten garrantzi handiko kontu gaindiezin batzuk topatzen ditugula. Horrenbestez, modu pedagogiko batez azaldu behar zaizkie herritarrei hartu beharreko erabakiaren nondik norakoak. Izan ere, soilik azken unean ez baizik eta hasiera hasieratik izan behar du gizarteak gai honen eta gai guztien aurrean eztabaidatuko duena, gidatuko duena eta erabakiak hartuko dituena. Globalizazioaren kontu horrek eragiten duen gogoetaren baitan legoke Rodrikek bere trilemarekin proposatutakoa: globalizazioa bera, demokrazia politikoa eta soziala eta burujabetza estatunazionala bateragarri egingo dituen erabaki bat adosteko ezintasuna. Segur asko ez da aldaezina izango bidegurutze horri eman beharreko irtenbidea, aliantza federalak edo lurraldez gaindiko aliantzak eskatuko dituzten erronkei erantzun beharko baitzaie, eta segur asko ez da gogobetetzeko modukoa izango, unean uneko kontuei erantzuteko moduak gogogabetasun sozial batzuk eragin baititzake. Nolanahi ere den, Elkarrekin Podemosek argi eta garbi egiten du geure gizarte, ekoizpen eta eskumenen esparruko aukera guztiak aztertzeko apustuaren alde, une honetan gizarte mailan, maila materialean eta demokrazia mailan lor daitezkeen kota gorenak iristeko, betiere etorkizunean gizartearen eta demokraziaren esparruetan beste aurrerapauso batzuk egin behar direla kontuan izanik. Geure arkitektura instituzionalaren antolamenduaren inguruko beste kontu konbentzionalago batzuei dagokienez, erantzun bat eman behar zaie betiko eztabaida batzuei, esate baterako eraginkortasunari eta eragingarritasunari buruzkoari. Guretzat eraginkortasuna eta eragingarritasuna ez dira bikaintasunera eta kalitatera mugatzen den zirkunstantzia administratibo huts bat; gure ustez, erabakigarria da geure erakunde publikoei begira funtzionatzeko egitura bat diseinatzea, egitura horrek erakundeen jardueren eraginkortasuna baldintzatuko baitu, eta beraz, lehendik identifikatutako helburuak –prosperitatea, berdintasuna, gizarte eta lurralde kohesioa eta herritarren eskubideen erabileraren bermea– lortzeko duen benetako gaitasuna. Baina egungo testuinguru ekonomikoan ez da nahikoa eraginkortasun maila jakin bat iristea eragingarritasunaz kezkatu gabe, hau da, eraginkortasun maila jakin bat giza baliabideen eta baliabide materialen eta finantzarioen kopuru justuarekin, ez gehiagorekin ez gutxiagorekin, lortzeko gaitasunaz kezkatu gabe. Zentzu horretan, dagoeneko erabat pentsaezinak dira koordinaziorik ezak eta bikoizketak, eta pentsaezinak dira gardentasunik eza kontuak ematean eta herritarren parte hartze eza erabakiak hartzean. Horregatik guztiagatik, erabakitzen dugun diseinu instituzionala gurean aplikatzeko berezitasunak zehatz-mehatz neurtu behar du berezitasun horrek eragindako kostu erantsia gehiengo sozial berri baten aukera materiali eta zentzu politikoari egokitzen zaien. Gure lurralde eta gizarte aniztasunak deszentralizazio-hurbiltasun-berezitasun/koordinazio-koherentzia-berdintasun ardatzeko puntu desiragarri eta posible batean aurkitu behar du bere lekua. Izan ere, berezitasun hori, hein batean eskubide historikoen aurreko bidezko errespetuan gorpuzten dena, euskal gizartearen gehiengoak partekatzen du, eta Konstituzioaren xedapen gehigarrietan eta egungo Estatutuan dago jasota. Eskubide historiko horiek, foraltasuna, bide bat izan daiteke estatus berri bati, arkitektura instituzional berri bati edo bizikidetzaren aldeko itun berri bati bideragarritasun juridikoa emateko, baina inolaz ere ez ditu aipatutakoak mugatuko edo baldintzatuko, gure aburuz ez duelako horiek politikoki egituratzeko oinarria izan behar. Gure ustez, herritartasuna eta giza eskubideak bezalako kontzeptuek eta euskara bezalako kultur elementuek izan behar dute oinarria. Eta guk uste dugu hain zuzen ere labur-zehatz itxuratutako esparru horretan heldu behar zaiola euskal arkitektura instituzionala birplanteatzeko kontuari, betiere gauzen egungo egoeraren aurreko ebaluazio kritikoa eginez eta jakinik estatus berri baten aurrean (estatuan eta Europan hala erabakiz gero) hartzen dugun edozein erabakirekin batera Lurralde Historikoen Lege berri baten, Udal Lege berri baten eta Ekarpenen Lege berri baten premia planteatu beharko dela lurralde administrazio desberdinen arteko harremanak arautzeko. Autogobernuaren aurreneko urteetan (laurogeigarren urteen hasieran) onartu ziren lege horietako batzuk, berriki bestetzuk (Udal Legea), eta gure ustez berriro ere formulatu behar dira planteamendu integral batek hala eskatzen duelako. Azaldutako guztiarekin bat etorrita, segur asko gobernantzaren kontzeptua izango da eztabaida horretako gai lehenena. Azkenik, eta hau ere garrantzitsua da, ongi ulertu behar da kontua ez dela soilik egitura instituzionala doitzea, kontua da publikoa denaren antolamendua, guztiona denaren antolamendua, ulertzeko modu berri bat partekatu eta adostu beharra dagoela, zertan konbentzionalak izan behar ez duten eragile sozial eta ekonomiko berriak sortu direla eta erakunde publikoek horiekin elkarlanean jardun behar dutela, herritarrek protagonista izan nahi dutela ... Azken buruan, euskal gizarteak testuinguru konplexuan, likidoan eta aurreikusezinean planteatzen dituen erronka handiei aurre egiteko gai izango den arkitektura instituzional berri bat gauzatzea da kontua. Eta erronka horiei begira, lerro orientagarri batzuk adieraziko ditugu: Udalak sendotzeko apustua. Guk herritarrengandik hurbilen dagoen maila sendotu nahi dugu eskumen eta baliabide gehiago emanda. Herritarren parte hartzea egingarriagoa da erakunde horietan, eta beraz, udalak dira gizartearen eragin handiena bizi duten erakundeak. Azken batean, esparru nagusia da gizartea aldatzeko prozesuentzat, eta lehentasuna da gurea bezalako indar politiko batentzat. Lurralde barneko berdintasuna eta eskubide historikoekiko errespetua. Foru Aldundiek eta Batzar Nagusiek eginkizun nabarmena izan behar dute arautzeko gaitasunaren zati bati eutsirik. Aurrerabide sozial, material eta demokratikoko prozesuak lurralde bakoitzaren baitan modu homogeneoan bideratzea ziurtatu behar dute. Zentzu horretan, ezinbestekoa da kontuan hartzea lurraldeetako dinamikak, eskualdeen arteko oreka eta hiriguneen eta landa eremuen edo hirikoak ez diren eremuen arteko oreka. Zentzu horretan, udal administrazio maila bultzatu eta lagundu behar dute aipatu erakundeek. Eskubide historikoak errespetaturik, foru erakundeen balio sinbolikoari eustea proposatzen dugu, eta foru ogasunak kontserbatzearen aldekoak bagara ere, horiek zerga ordainarazteko funtzioa baizik ez lukete beharko gure aburuz. Lurraldeen arteko berdintasuna, gobernantza eta lurraldez gaindiko harremanak. Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari legokiekeen rola litzateke. Lurralde Historikoen arteko oreka ziurtatu behar dute, politikak koordinatu eta bateratu behar dituzte herritarren arteko benetako berdintasuna ziurtatuz, herritar horiek zein lurraldetan bizi diren kontuan hartu gabe. Eskubide sozialak, bizikidetza, herritarren eskubideak, politika ekonomikoa, azpiegitura estrategikoak eta fiskalitatea bezalako kontuei lotutako oinarrizko arauak esklusiboki landu behar dituzte. Beren egitekoa estu lotuta dago eredu instituzionalaren eragingarritasunarekin. Azkenik, solaskidearena egin behar dute lurraldez gaindiko esparruekin, eta beraz, baita kontzertu ekonomikoari eta kupoari dagokien gaietan ere. Lurraldeen arteko elkartasuna. Behar-beharrezkoa da lurralde historikoen artean adostutako tresnak egotea euren arteko elkartasun elementu esanguratsuak bideratzeko. Askitasun eta autonomia finantzarioa. Arkitektura instituzionalaren eredu berri honetan ziurtatu egin behar da administrazio maila bakoitzaren askitasun eta autonomia finantzarioa (eta politikoa), eta beraz, berezkoak dituen zergei buruzko araudia lantzeko aukera eman behar zaio administrazio bakoitzari; hori beste indar politiko batzuekin eduki beharreko solasaldian planteatu beharko litzateke berriz ere. Kontuak ematea, gardentasuna eta herritarren parte hartzea. Erakundeen eguneroko funtzionamenduaren ardatz izan behar dute, Europan, estatuan eta Euskadin nagusitzen ari den garai politiko eta sozial berriak eskatzen duen bezala. Indar politikoren bat boterean ia eten gabe egonda bizio eta bezero sare batzuk sortu dira euskal erakunde batzuetan, eta adarretatik heldu behar zaio kontu horri.

115

VI. ardatza: Herritartasunaren kontzeptu berri bat gobernantzarako

Euskal erakunde nagusiak eta beren diseinua 35 urte luzez eta hein handi batean egon dira soilik alderdi baten esku. Izan ere, koalizioan osatutako gobernuak izan arren, edo txandakatze uneren bat gertatu arren –ez ordea alternatiba politikoko unerik– PNVren borondatea izan da uneoro inposatu dena. Alderdi batek erakundeak bere eginda aitortu beharreko lorpen batzuk ekarri baditu ere, alderdiaren eta gobernuaren arteko nahasmendua ekarri du, alde baten interesen eta interes orokorren arteko nahasketa ekarri du, bezero sare jakin batzuei eustea eta kudeaketa alorreko praktika okerrak eragin ditu. Egoera horren aurrean ikuspegi instituzionalista mota bat planteatu nahi dugu, erakundeek aberastasuna sortzeko, bizikidetza hobetzeko eta, haietan jarritako konfiantzaren bidez (gehiengo sozialaren beharrizanei erantzun behar dietelako eta beren funtzionamenduak eredugarria, gardena, eraginkorra, parte hartzailea eta beste behar duelako), demokrazia sendotzeko bidean bete dezaketen eginkizun garrantzitsuari balio handiagoa emateko. Kontu hori are garrantzitsua da kontuan badugu oro har eta hein handiagoan edo txikiagoan nozitzen duten sinesgarritasun eza. Euskal arkitektura instituzional berri batek herritartasun kontzeptu berri batean behar du abiapuntua, herritarrekin harremanetan jartzeko modu berri bat planteatu behar du gobernua-gobernatuak ikuspegi klasikoak gainditzeko. XXI. mendeko euskal erakundeak herritarren eskaeretara moldatu behar dira, eta beraz, birkokatu behar dira erabaki esparruak, gardentasun handiagoa izan behar du gobernantzak bai erabakiak hartzeko prozesuetan, bai hautatutako ordezkarien jardueren aurrean, bai baliabide publikoen kudeaketan. Elkarrekin Podemosek uste du zuzentasuna, parte hartzea, gardentasuna, kontu emateak, erantzukizuna eta zuzenbidean oinarritutako estatuarekiko errespetua sustatu behar dituela gobernantza on batek. Premisa horiek kontuan izanik, kontsultan, elkarrizketan, negoziazioan, akordioan, kudeaketaren eragingarritasunean eta legea betetzean oinarritutako lan metodoa aplikatu behar dute nola erakundeek hala herri ordezkariek. Izan ere, herritarrak inolaz ere ez dira gobernantza on bat edukitzeko aukerarik gabe utzi behar, ez dira beren ordezkariak aukeratzera mugatu behar. Aitzitik, erabaki politikoak hartzeko unean zuzenean parte hartzeko aukera eta erantzukizuna izan behar dute herritarrek. Horretarako, administrazioaren eta administratuen artean egiazko informazioaren trukea ahalbidetuko duen sistema bat behar da, eta gizarte zibila biziberritzeko eta sendotzeko neurriekin osatu behar da sistema hori. Gobernantza on baten printzipioek politikagintzaren esparru guztietara iritsi behar dutelako, herritarren parte hartzera, alderdi politikoen egitekoetara, hauteskunde erregimenera eta erakundeen gobernatzeko praktikara. Gaur egungo testuinguru sozial eta politikoan ezin dugu demokrazia soilik ordezkaritza politikoa ziurtatzeko sistema formaltzat hartzen jarraitu, eta ez dugu halakotzat hartzen jarraitu behar. Ohartu behar dugu botereen arteko oreka dela demokrazia, zeinetan, gogoetak eginda, adostasuna bilatuta eta erabakiak hartuta, antolatutako eta antolatu gabeko herritarrak diren beren etorkizunaren protagonista. Herritartasuna eta, hedaduraz, erakundeen eta herritarren arteko harremana ulertzeko modu berri horren zehaztapena hainbat esparrutan egin behar da: Printzipio horiek geure ordenamendu juridikoaren oinarrizko arauetan txertatu behar dira. Printzipio horiekin bat datorren euskal arkitektura instituzionala diseinatu behar da, iraganeko inertziak, bikoizketak eta ereduak gaindituz. Gardentasunari eta Gobernu Onari buruzko Lege bat sustatu behar da euskal administrazio publiko guztientzat, gobernatzeko kultura berri bat praktikan jarri ahal izateko eta herritarrak kudeaketa publikoaren erdian jartzeko. Apustu irmoa egin behar da informazio instituzional guztia kudeatzeko Open Data (Datu Irekiak) estandarren erabileraren alde, herritarrek ere datu horiek askatasun osoz erabili ahal izan ditzaten. Herritarrek Parte Hartzeko eta Kontsultak egiteko euskal esparruko Lege Integral bat sustatu behar da honako helburu hauek lortzeko: Herritarren parte hartzeari zabaldutako organo eta batzorde irekiak, nola arlo hala lurralde mailakoak, sustatzeko eta bultzatzeko. Eta landa eremuetan betiko tokiko erakundeak, esate baterako kontzejuak eta auzo batzordeak, aintzatesteko eta garatzeko. Zuzenean parte hartzeko mekanismoak eta tresnak arautzeko, eta interes orokorreko kontuetan, une honetan herritarrei gutxiegitan proposatzen zaizkien kontsulten erabilera sustatzeko. Kontsulta horiek udal ekimenen edo herri ekimenen bidez planteatu ahal izango dira, aurrez gutxieneko sostengua dutela erakutsiz gero. Era berean, kontsulta horiek gogoetetan oinarritutako kalitate handiko prozesu demokratikoen emaitza izatea bultzatuko da.
Arauak onartzeko, herritarren lehentasunak islatuko dituzten aurrekontu parte hartzaileen lanketa ahalbidetuko duten arauak onartzeko. Lobbien jardueraren, administrazioko goi karguekin dauzkaten erlazioaren eta eragiteko duten gaitasunaren erregulazioa sustatu behar da. Legegintzako herri ekimenak ahalbidetu behar dira, bereziki gobernu programan aurreikusi ez diren ekintzen kasuan. Behar diren lege eta aurrekontu mekanismoak antolatu behar dira Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren erabakiak hurrengo urte naturalaren barruan gauzatzeko eta ikuskatutako administrazioentzat eta alderdi politikoentzat juridikoki lotesleak izateko. Azken buruan, behar-beharrezkoa da Gobernu Irekiaren kultura bat finkatzea erakunde bakoitzak komunikazio arina izan dezan herritarrekin, eztabaida errazteko, eta kolektiboa denaren kudeaketa herritar guztien artean partekatua izan dadin, gizarte zibilaren, erakundeen eta hautetsien arteko lankidetza ahalbidetuz, eskaintzen duten zerbitzuen garapenari dagokionez eta gobernuaren ekintzari eta lege aldaketei bagagozkie.

116

VII. ardatza: Aukerak eskainita iraunkorra izango den eredu ekonomiko berria

Euskadik badu bereizgarri bat, bertako pertsonen ahaleginen emaitza, kooperatibak altxa zituztenen emaitza, Estatuko beste leku batzuetatik gurera etorri zirenena industrian oso baldintza gogorretan lan egitera, lorpen sozialak oso kostata erdietsi zituzten langileen borroken emaitza, egunero-egunero beren saltoki edo enpresa txikiko pertsiana igotzen duten pertsona guzti horien ahaleginaren emaitza. Autonomoen eta ekintzaileen emaitza. Hain zuzen ere gizartearen eta ekoizpenaren ehun aberats horri esker beste lurralde batzuek baino hobe eraman du krisialdia euskal gizarteak. Hala eta guztiz ere, iragan urteetan eta une honetan ere, gure herriaren iruditeriaren zati ziren proiektuak bertan behera geratu direla ikusi dugu. Eta sortu dira beste oinarri batzuk dituzten proiektu batzuk, esate baterako, ekonomia sozial eta solidarioaren esparruan eta enplegu berdea eta zaintzak bezalakoetan. Horiek bai dira benetako kimu berriak, eta ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik iraunkorra izango den ekoizpen eredu berri baten premiaz ohartarazten digute, pertsonen beharrizanek eta guztientzako ona denak leku nagusia izango duten ereduaren premiaz. Ekoizpen eredu berri horrek gai izan behar du gero eta handiagoak diren txirotasun eta desoreka sozialei, langabeziari, prekarietateari, behin-behinekotasunari eta bila gabeko lanaldi partzialei aurre egiteko, egoera horiek inolaz ere ezin baitira berezkotzat hartu. Nolanahi ere den, elementu negatiboak dira horiek, eta jarduera publikoak horiei aurre egiteko ezer egiten ez badu, bertan gelditzeko eta finkatzeko asmoa dute. Horregatik, gure ustez behar-beharrezkoa da geure gizartearen aurrerabidea ahalbidetuko duen eredu ekonomikoaren eta produktiboaren inguruko akordio bat jasotzea lortu asmo dugun itun sozialean. Zentzu horretan, gure ekonomiaren transformazioak gizarte eta ingurumen mailetan eragiten ari diren ondorio desberdinek behartzen gaituzte etorkizuna iraunkortasunaren ikuspegitik pentsatzera. Nola egin garapen ekonomikoa eta gizarte ongizatea bateragarriak izatea, nola lortu lan baldintza duinak, nola zaindu ingurumena, nola arindu klima aldaketa, guztiak batera hartuta. Ekoizpen eredu berriak jarduera ekonomikoen mix bat sortzearen aldeko apustua egin behar du aukerak sorrarazi ahal izateko, eta horretarako balio erantsi handiko arloen alde egin behar du, ezagutzaren alde, inbertsioaren eta berrikuntzaren alde, industriaren eta energia berriztagarrien alde, eta lagundu egin behar dio autonomoen, ekintzaileen eta merkataritza xehearen ehun ekonomikoari, horiek guzti horiek funtsezkoak baitira geure auzo, herri eta hirietako gizarte eta hiri funtzionaltasunari eusteko eta biziberritzeko. Era berean, azken urteetan, indar handia hartu du Ekonomia Sozial eta Solidarioa deritzonak gizarte eta irakaskuntza arloetan eta geureak ez diren beste erakunde batzuetan. Erabakiak eta irabazien banaketa kapital eta lan faktoreak erabat bereizi gabe hartzen eta erabakitzen dituzten merkatuetan edo merkatu horietatik kanpora ondasunak ekoizten eta zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateei egiten die erreferentzia. Definizio horretara biltzen dira, gutxi batzuk aipatzearren, hirugarren sektoreko entitateak eta kooperatibak. Gainera, sarri askotan erakutsi dute egiazko erreferentzia direla teknologiaren esparruko berrikuntzan eta garapenean. Askok egiten dute ingurumenaren iraunkortasunaren alde, eta, oinarrizko beharrizanei erantzunez eta tokiko enplegua sorraraziz, enplegu eskubideduna eta kalitatezkoa ahalbidetuz, ahaleginak egiten dituzte geure gizartearen kohesioa hobetzeko. Eredu ekonomikoaren beste funtsezko elementuetako bat da finantza sistemari dagokiona; azken urteetan kontzentrazio prozesuak bizi izan ditu oso eztabaidagarria den eredu juridiko eta komertzial bat inposatuta, Aurrezki Kutxen kasua erakusgarri. Eredu horren aurrean, pribatizazio eta interes alderdikoi deitoragarriak nagusitu diren eredu horren aurrean, beste banku eredu bat sustatu behar dugu guk, zehazki banku publikoa eta etikoa. Arlo estrategikoa da ekonomiarentzat eta oro har gizartearentzat. Arlo hori gaizki kudeatuz gero, hau da, soilik irabaziei emana den eta interes orokorra edo guztiontzako ona bazter uzten duen eredua nagusituz gero, oso larriak izan daitezke ondorioak. Beraz, eskura dauzkaten aukera guztiak aintzat hartu behar dituzte euskal erakundeek euskal finantza arloa sustatzeko arestian adierazitako irizpideei jarraiki. Dokumentu honetan behin eta berriz izan ditugu hizpide belaunaldi kontuak itun sozial berri baten premia azaltzeko. Ildo horretatik, eta belaunaldien arteko ikuspuntu batetik, geure lurraldea partekatzeko dauden euskal herritarren hurrengo belaunaldiekiko elkartasunaren ikuspegitik, ezinbestekoa da Parisen klimari buruz izandako Konferentzian egiaztatutako klima aldaketaren errealitateari aurre egitea, eta beraz, euskal ekoizpen ereduak aurre egin behar dio kontu horri honako hauek dakartzan trantsizio energetikoaren bidez: energia iturri garbien eta berriztagarrien aldeko apustua eta inbertsioa berrikuntzan, eragingarritasunean eta energia aurrezteko mekanismoetan. Egungo krisialdi ekonomikoaren irtenbidean oztopo bat izatetik urrun, prozesu hori aukera aparta izan daiteke alde batetik egiturazko arazoak gainditzeko, esate baterako, kanpoko energiarekiko mendekotasuna gainditzeko, edo lehiakortasuna hobetzeko, eta bestetik, kalitatezko enplegua sortzeko. Trantsizio energetiko hori, ekonomiaren ikatzgabetzea tartean, elementu garrantzitsuenetako bat da klima aldaketaren aurkako borrokan, ez ordea bakarra. Funtsezkoa da nola pertsonen hala salgaien mugikortasun iraunkorrean egiazki eragingo duten politika publikoak diseinatzeko premia nabarmentzea. Azkenik, belaunaldien artean eduki beharreko elkartasun horri jarraiki, argi esan behar da jarduera ekonomikoa baliabide natural mugatuei erantzun beharrean egokituko dela, eta beraz, herritarren beharrizanak eta guztion ona jarri beharko dituela bere jardueraren erdian. Biodibertsitatearekiko errespetuarekin estu lotuta dago iritzi hori. Ez da iraunkorra geure natur ondarea suntsitzen duen, baliabideak agortzen dituen eta etorkizuneko belaunaldiak arriskuan jartzen dituen ekoizpen eredua.

117

VIII. ardatza: Euskara euskal herritar guztiek partekatutako kultur ondarea

Lehen ere esan dugu euskal gizarteak aurreko hamarraldietan borroka identitario bat bizi izan duela, kultur eta politika dimentsio desberdinen halako lerrokatze bat bizi izan dela, eta horrek euskal gizartean gertatzen diren sentimendu eta jazoera nazional desberdinen aurreko interpretazio baztertzaileak eragin dituela. Biktimetako batzuk izan ziren hainbat kultur elementu, bereziki euskara, jaurtitzeko arma gisa erabili izan baitzen. Hala eta guztiz ere, aitortu beharra dago testuinguru horretan euskal gizartea eta bertako indar politikoak gai izan zirela hezkuntza ereduak edo euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea bezalako akordioetara iristeko. Gatazka identitario hori euskal kultura edo "euskal" zer den ulertzeko modu baztertzailean islatzen zen. Kategoria horretatik kanpora utzi da, ez gutxitan, Euskadin gazteleraz egindako kultura. Bestela ere, sarri askotan mespretxatu da euskara, baztertua izan da edo tratu txarrak jaso ditu zuzenean. Elkar elikatzen zuten dinamikak ziren, eta euskal herritar askok beren hizkuntzetako batekin lotura emozional negatibo bat edukitzeko oinarria eskaintzen zuten. Hala eta guztiz ere, politikaren eta erakundeen dinamiketan finkatuago egon arren gizartearen zati bat ere blaitu bazuen ere, dinamika horiek ez ziren erabat nagusitu, eta behar-beharrezkoa da balio handiagoa ematea gizarte zibileko sektore batzuek bizikidetza normalizatuaren esparruan bideratutako esperientzia positibo ugariei. Amaiera emanez "euskal" aurreko ikuspegi baztertzaileak hein handi batean elikatzen zuen indarkeria politikoaren zikloari. Orain arte ez bezala sentitzeko eta bizitzeko askatasuna berreskuratzen ari garen garai berriotan bidezkoa eta beharrezkoa da euskararen kontua elkarrekin bizitzeko akordioak eta bizikidetza bera egituratuko dituzten elementuetako bat izatea, komunitatean zentzua eraikitzen duen faktore garrantzitsutzat hartzea. Gizarte jakin bat osatzen dugun aldetik, ezin onartu dezakegu geure kultur ondare garrantzitsuenetako bat itun sozial berritik kanpora gelditzea. Elkarrekin Podemosek uste du ezinbestean utzi behar zaiola euskara gatazka elementu izateari, eta partekatutako ondare baliotsutzat hartu beharra dagoela. Beraz, euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko elementuak txertatzearen alde egiteaz gain, euskararekiko hizkuntz eskubide horiek pertsona erdaldunen eskubidetzat ere hartzea sustatuko dugu, eta ondorioz, euskararen erabilera soziala ikuspegi atsegin eta inklusibo batetik bultzatzeko politiketako bat izango da euskararen irakaskuntza doakoa ziurtatzea helduen artean. Euskal herritar guztiek dutelako beren bi hizkuntzak jakiteko eskubidea. Beste urrats bat eginez, eta Nafarroako kontuari emandako hurrengo ardatzean jasota dagoen bezala, argi eta garbi esan beharra dago badirela gure lurraldearen ondoko beste lurralde batzuetako herritarrekin partekatzen ditugun elementu kulturalak eta sozialak. Zehazki Nafarroa eta Iparraldea hartzen ditugu gogoan, eskuarki Euskal Herria deritzon osotasun baten baitan. Zentzugabea da errealitate hori zalantzan jartzea, erabat zentzugabea kultur esparruari bagagozkio. Horrexegatik, hain zuzen ere, jurisdikzio administratibo eta nazional desberdinek esku hartzen dutela ulertuta ere, Elkarrekin Podemosek uste du badagoela aipatu lurraldeetako tokiko erakundeen artean elkarlanean jarduteko espazioak planteatzea, partekatutako elementu kultural zein sozial horiek kudeatzeko, zaintzeko eta babesteko. Izan ere, dagoeneko badira halako batzuk, esate baterako Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza. Zentzu horretan eta adibide gisa, EITBren euskarazko irrati eta telebista kateak izan litezke Euskadik, Nafarroak eta Iparraldek partekatu lezaketen kudeaketa esparru bat. Legearen ikuspuntutik, areago Europa bezalako espazio bateratzaile batean, gure ustez ez dago inolako eragozpenik instituzio mailan normaltzeko lurralde horietako herritar askoren artean dagoeneko guztiz normala dena.

118

IX. ardatza: Nafarroako auzia

Euskal nazionalismoaren sektore batzuetan behin eta berriz aldarrikatu da Nafarroako herritarren beren borondatea eta identitatea sarri askotan aintzat hartzen ez zituen lurraldetasuna. Lehen euskal gizartea berezko aukera politikoekin eta identitate nazionalekin plurala dela berresten bagenuen ere, beste horrenbeste esan behar dugu Nafarroako gizartearen kasuan. Aldi berean, Nafarroako beste aukera politiko batzuek, ukatu egin izan dituzte Nafarroaren eta Euskadiren artean dauden harreman sozial, kultural eta ekonomikoak eta arestian adierazitako pluraltasuna; eta euskara areago apaltzen zuten esparru arauemaileak sortzera ere iritsi ziren batzuk. Gernikako Estatutuaren 2. artikuluak, Nafarroako Foru Erregimena Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 2. xedapen gehigarriak eta Espainiako Konstituzioaren 4. Xedapen iragankorrak mekanismo batzuk finkatzen dituzte, eta Nafarroako Legebiltzarraren ekimenari jarraiki Euskal Autonomia Erkidegoarekin bat egiteko bideak esploratzea ahalbidetzen dute mekanismo horiek. Orain arte ez bada bat egite hori gauzatu ez da hori burura eramateko legezko mekanismorik ez dagoelako, Nafarroako herritarrek horrelakorik nahi izan ez dutelako baizik. Argi dago haiek markatu behar dituztela erritmoak. Elkarrekin Podemos prest dago bide horiek esploratzeko nafarrek egoki irizten diotenean, inoiz egoki irizten badiote. Hori esanda, Nafarroako herritarrek orain arte Euskadirekin bat egiteko borondaterik izan ez dutela ezin gezurtatuzkoa bada ere, harreman sozial, ekonomiko eta kultural estuak daude bi komunitateen artean, eta lotura horiek berez justifikatzen dute bi komunitateetako erakundeen artean elkarlanean jarduteko organoak eta espazioak egotea. Zentzu horretan, Elkarrekin Podemosek eta Nafarroako erreferenteek jendaurrean adierazi eta agertu dute elkarlanean jarduteko organo eta espazio horiek sortzeko eta sustatzeko borondate garbia. Izan ere, guretzat positiboa litzateke organo eta espazio horiei izaera iraunkorra ematea.

119

X. ardatza: Lurralde barneko eta lurralde arteko elkartasuna

Lurralde esparru berriak zehazteko prozesu orok ezinbestean dakartza berekin batean lurralde arteko elkartasun politikak zehazteko beste prozesu batzuk. Guri dagokigun kasuan, Euskadi eratzen duten lurralde historikoen artean, baina baita estatuko gainerako gizarteekin, herriekin eta komunitateekin ere. Zentzu horretan, defendatzen ditugun tresna batzuek, esate baterako kontzertu ekonomikoak eta kupoak, elkartasun mekanismoei eutsi eta horiek sustatu ditzatela planteatzen dugu. Aldi berean, Euskadiri begira, ezinbestekoa da geure herri, eskualde eta lurraldeetako pertsonak garatzeko aukerak berdinak izatea leku guztietan, eta behar-beharrezkoa da lurraldeen arteko desorekak konpentsatzeko eta berdintzeko elementuak sustatuko dituzten mekanismoak adostea eta erabakitzea.