Ameskeriatik errealitatera: jendeak egiten du bidea

22 iraila, 2016

Beti entzun izan dugu Euskadi oasia izan dela krisialdi garai hauetan; hain justu, gutxi batzuek murgilarazi gintuzten eta gainerako guztiok haren pisua jasan behar izan dugun krisialdiaren garaian. Alabaina, ezinbestekoa da geure buruari galdetzea: Zenbateraino da egiazkoa euskal oasi hau? Ez al da ameskeria izango? Elite pribilegiatu bat gainazal likidoan nabigatzen ari den bitartean, ez al gabiltza euskal herritar gehienok egunero errealitate gordinari aurre egin nahian? Izan ere, euskal herritarrontzat ere urte gogorrak izan dira. Zerbitzu publiko ugari kendu dizkigute, eskubideak murriztu, eta gure aitona-amonek hainbeste kostata lortu zutena ere kolpe batez erauzi digute.
Herritarrei esandako gezur eta egindako gehiegikeria guztien eraginez, euskaldun belaunaldi berri batek “nahikoa da!” esan dugu. Itun soziala berritu nahi dugu, eta horretarako, duintasunean oinarritutako eta gizarte desorekarik gabeko etorkizuna marraztu nahi dugu. Itun sozial berri bat nahi dugu, osasuna eta doako hezkuntza unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubidea gotortuko duena. Etxebizitzarako, gizarteratzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako eta diru-sarreren bermerako eskubideak gotortuko dituen itun soziala. Euskadin Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta lortzeko borroka egingo duen itun soziala; izan ere, gaur egun, horixe da pobrezia desagerrarazteko eta izakin materialak herritar guztiei bermatzeko bideragarria den eredu bakarra, argi baitago diru-sarreren berme baldintzatuen errenta ereduak ez duela funtzionatu 27 urtean, eta orain ere ez duela funtzionatuko. Itun sozial horretan, ustelkeriak ez du tokirik izango, euskaldunoi berdin baitzaigu bonetarekin edo txapelarekin lapurtzen diguten; ez dugu lapurtzerik nahi, besterik gabe.
Bizi garen Euskadi honetan gizarte desoreka handiak ditugu, langabezia tasa itzela, eta zerbitzu publikoak txarretik okerrera doaz. Beraz, politika nazionalista tradizionalista eta immobilista honekin bat eginda jarraitzen dugun bitartean, euskal herritarrek etorkizunari begiratzeko eskatuko dute behin eta berriz. Ezinbestekoa baita familia ugarik aititaren edo amamaren pentsioari esker bizitzeari uztea, noiz eta 40 urte baino gehiago daramatzatenean makina artean lehertzen; ezinbestekoa lau pertsonatik batek arazorik ez izatea haginlariarenera joateko, baliabiderik ez duelako; eta ezinbestekoa 100.000 euskal gaztek atzerrira joan behar ez izatea, krisialdia hasi denez gero gertatu den bezala. Azken batean, aukerez betetako herrialde solidario bat eratu behar dugu, inor inoiz atzean utziko ez duena. Eta horretarako sortu da Elkarrekin Podemos. Era batekoak zein bestekoak batuz, herrialde oparoagoa sortzeko; etorkizunari aurrez aurre begiratu eta inortxo ere ahaztuko ez duen herrialdea sortzeko.

#PorEuskadi #Jendearekin

Julen Bollain, Gipuzkoako zerrendan bigarrena